Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik ederrenetan barna irakurleari lagunduz. Arnasa luzeko lana, bide luzea egiteko zentzuz asmatua.
Zein duzu liburuari izena ematen dion zuzi hori?
Irudi bat nahi nuen izenburuan, sinbolo bat. Liburuaren amaiera arte ibili nintzen bueltaka eta, azkeneko txanpa iritsi zenean, lehen kapitulura jo nuen, baladetara. Euskal baladak irudi aberatsez betetako testuak dira, iradokorrak, eta, halako batean, Ozaetako Santxa Otsoa andreak kantatzen duen baladarekin egin nuen topo: Oñetako lurrau jabilt ikara / lau haragiok bere han berala, Martin Bañez ibarretan hil dala. Hartuko dot esku batean gezia, / bestean zuzi iraxegia, / erreko dot Aramayo guztia. Hortxe ageri dira alargundu berriaren lurrikara eta dardara, haren mendekua nola hartuko duen: zuziaz gezia piztu eta Aramaio osoa erreko du… Indar handiko emakumea zen, eta iruditu zitzaidan euskal emakume idazleek ere ezaugarri horixe partekatzen dutela, adierazteko gogoa, bizitasuna, indarra… Zuzia horrexen sinbolo ederra iruditu zitzaidan.
Zuzia iraxegirik dago, edo iraxegirik beharko luke?
Uste dut beti iraxegia egon dela, baina, askotan, ezkutatua egon dela, ez dela ikusi. Izenburuak, berriz, horrixe egiten dio erreferentzia: “Manten dezagun iraxegia, isiotuta, erakutsi dezagun piztuta dagoela zuzi hori!”.
Zergatik egon da ezkutatuta zuzi delako hori?
Patriarkatua aspaldikoa delako, baita gurean ere, eta oso indartsua izan delako, eta delako, eta emakumeek eta zapaldutako beste zenbait kolektibok oztopo asko izan dituztelako sorkuntzarako, publikatzeko eta plazaratzeko, oro har. Horixe izan da arrazoietako bat: arazo handiak izan dituzte bere burua erakusteko, baina, aldi berean, beti egon izan dira plazan, era batera edo bestera. Nik, beraz, erakutsi nahi izan dut badirela, izan direla euskal emakume idazleak. Horrekin batera, berriz, erakutsi nahi izan dut zeintzuk heldu diren ezagunak izatera, zeintzuk galdu diren bidean, zeintzuek izan dituzten aukerak —baldintza materialak— idatzi ahal izateko, ezer sortu ahal izateko, edo sozializatu ahal izateko. Hori ere inportantea da.
Zenbaterainoko garrantzia izan du Elizak emakumea bazterrean geratzeko orduan?
Ez da Eliza bakarrik, baita garaian garaiko gobernu, estatu, elite, burgesia, jauntxo, handiki eta gainerakoak ere. Sistema osoa da. Elizak hainbat jarduera debekatu dizkio emakumeari —Inkisizioa ere hortxe izan da, jakina—, baina badauka beste alde bat argiagoa. Elizak baditu aurkia eta ifrentzua, zeren emakumeek aukera izan dute —erlijio bideari jarraituta, alegia—, irakurtzeko, idazteko… Komentu eta monasterioak garai bateko unibertsitateak ziren eta, beraz, hori ere hor dago. Bestalde, emakumeei elkarrekin egoteko aukera ere eman die eremu erlijiosoak, beren bizimodua partekatzeko. Hortaz, Elizak baditu bi aldeak, iluna eta argia, hura beti egon da handikien ondoan, baina ez da bakarra izan.
"Inportantea iruditzen zait klasikoak baloratzea, haiei bestelako begirada batetik begiratzea eta, are, klasikoak gaur eguneko mundura ekartzea"
Literatura klasikoaz ari zara zure lanean. Nola definitu klasikotasun hori?
Hainbat modutara defini daiteke literatura klasikoa. Niri, adibidez, Orpustanek erabiltzen duena gustatzen zait: “Klasikoa izateko, idazleak hilda egon behar du”. Kar-kar! Irudi polita iruditzen zait, horrek distantzia kritikoa eskaintzen digulako, erakusten digulako delako idazleak eta delako obrak ez duela balioa galdu. Eta obra bat klasiko bihurtzeko garaian horixe da ezaugarrietako bat, denboran irautea. Gainerakoan, lan klasiko batek hainbat geruza ditu, lan konplexuak ohi dira, aberatsak, kalitatezkoak, nahiz eta zer den kalitatezko eta zer ez garaiak berak markatzen duen. Uste dut klasikoak abandonatu egin ditugula, zahar izatearekin identifikatu ditugulako, eta gaur egun, zaharra txarra da, eta berria behar dugu etengabe.
Zuzena iruditzen zaizu ikuspegi hori?
Ez gara apez bihurtuko, ez dugu erabakiko zer den zuzen eta zer oker, baina garaian garaikoak agintzen du eta, gaur egun, tokatzen da berrikuntza, tokatzen da teknologia, etorkizunera begiratzea, adimen artifiziala, sare sozialak, garapena… hurrengoa zer izango den pentsatzea, imajinatzea eta ez atzera begiratzea. Erritmo frenetiko honek ez du atzera begiratzeko tarterik uzten, iragana ez da baloratzen, ez dauka baliorik, ez dauka prestigiorik. Eta, iraganarekin, iraganean kokatzen diren ideia, uste, kultura eta beste guztiak balio gutxikoak dira.
XIV. mendekoak ditugu zure liburuko testu zaharrenak. Egun, zaharra da hiru urte dituen obra.
Gure lankide Xabier Etxanizek [Erle] —eta ARGIAko kolaboratzaile denak—, esaten du gaur egun liburu baten bizitza ez dela jogurt batena baino luzeagoa; berdintsu irauten dutela biek. Eta egia da. Liburuei buruz hitz egiten dugunean, berriei buruz baizik ez gara ari. Eta kritikan ere atera berriari buruz ari gara. Horregatik gustatzen zait Aritz Galarragak egiten duena Berria-n. Klasikoak hautatzen ditu, eta gaur egunetik komentatzen eta kritikatzen. Ariketa polita iruditzen zait.
Adimen artifizialaren garaian garenez, adimen hori ere lehen egindakotik elikatzen da, berria egin ahal izateko.
Berririk egitekotan, aurretik heldu zaiguna ezagutu behar dugu, tradizioak, sustraiak. Aurretik zer egina den jakin beharra dago, hurrena guk zer egin nahi dugun imajinatzeko. Baina orain ez da tradizioa berritzeko ariketa egiten, salbuespenak salbuespen. Musika munduan bai, bada zenbait kantu zahar eraberritzeko gogoa, baina, bestela, tradizioaren eta modernitatearen arteko betiko tentsiorik ez dago.
Literaturaren historiaz ari zara zure liburuaren hitzaurrean, eta historiaren literaturaz ere ohar egin diozu irakurleari.
Galdera ona… Biak behar ditugu, literaturan behar ditugu historia, teoria eta kritika. Buelta bat eman behar diogu literaturari. Gure inguruan tradizio linguistiko, kultural eta literario diferenteak ditugu, eta bitxia da zein leku ezberdina duen literaturak bateko eta besteko kulturan, Espainiakoan, Frantziakoan, Ingalaterrakoan edo Euskal Herrikoan, adibidez. Elkarren ondoan daude kultura horiek, baina diferente funtzionatzen dute. Literaturaren funtzioa diferentea dute, prestigioa ere bai. Esaterako, Ipar eta Hego Euskal Herrian harrigarria da zer formazio literario diferente dagoen derrigorrezko hezkuntzan. Bitxia da. Estatu-nazioaren historia, geografia eta kultura ikasteko ardatza literatura da Ipar Euskal Herrian, baina ez Hegoan.
Literaturaren historiaz ari garela, garai batean Koldo Mitxelenaren eta Villasanteren lanak genituen eskuliburu, lan kanonikoak. Ibon Sarasola ere eskura genuen...
Gaur egun, Euskal Filologia ikasten denean, Mitxelena eta Villasante dira zutabeak. Baina 2000. urteaz gero, bestelako Historia batzuk ere idatzi dira, XXI. mendearenak. [Jon] Casenavek aipatzen ditu batzuk. Hor dira, adibidez, Patri Urkizuk eta Mari Jose Olaziregik egindako lanak… Eta horiekin batera, baditugu berrikusketa eta egokitzapenak, garaian garaikoa behar dugulako. Uste dut garrantzitsua dela ikuspegi diferenteetatik egindako historiak sortzea denon artean, Historia egunero berridazten delako. Ahaleginak egin dira, nire ustez, baina eginkizun dagoena ere ez da gutxi. Bereziki klasikoei dagokienean.
Beste eskuliburu bat behar da, ala hamaika iturritatik edan beharko dugu?
Uste dut hamaika eskuliburu erabili beharko ditugula. Baditugu oinarriak eta abiapuntuak, badugu enborra; adarrak behar ditugu orain. Nire sentsazioa da, ordea, akademian, gaur egun, mundu garaikidea aztertzen dela, eta literatura klasikoa hizkuntzalariek aztertzen dutela nagusiki. Eta horietan azterketa literario osatua, anitza eta eguneratua falta da, Mitxelena, Villasante eta gainerakoak errepikatzera jotzen delako, besterik gabe. Denek onartzen dute haien erreferentzialtasuna, eta denok dakigu, buruz, zein diren autore bi horien araberako autore eta lan klasikoak. Buruz dakizkigu haien izenak —Etxepare, Oihenart, Leizarraga, Axular… —, baina jendeak ez ditu irakurri. Nik uste kanon hori berrikusi beharko genukeela, dudatan jarri, elkarrizketara ekarri.
Zuk idatzi duzunez, literaturaren historia hizkuntzaren egoera diglosikoari lotuta dago.
Edo gure hizkuntzaren historiarekin lotuta. Batera doaz, batera ari dira bidea egiten. Cira Crespo historialariak esaten du, adibidez, minorizatutako edo zapaldutako hizkuntza baten literatura ezin dela izan hizkuntza hegemoniko baten literaturaren parekoa. Gu, berriz, mendeetan zehar kultura hegemonikoaren pare ibiltzen saiatu gara. Gure literaturan bada hitz bat askotan erabiltzen dena, eta da “homologatu”. Txikitasun konplexuaren ondorio da. Saiatu gara handia imitatzen, baina hori hormaren kontra kolpeka ibiltzea da. Ez gara inoiz ideal horretara helduko. Ukatutako, erasotako eta gutxietsitako hizkuntza batean adieraztea eta sortzea hautu politikoa da, eta hainbatetan ez da samurra.
Gure idazleak beste ezein hizkuntzatakoak bezain on dira, haatik.
Idazle handiak ditugu, baita obrak ere, bai gaur egun eta bai iraganean ere. Hala ere, zapaldutako hizkuntza, kultura eta literatura denez, ez dugu jakin hori ikusten, ez gara duten balioaz ohartu, ez diogu behar besteko balio eta errekonozimendurik eman. Ni, adibidez, testu askoren balioa erakusten eta azpimarratzen saiatu naiz liburuko hainbat testuren bidez.
Euskal emakume idazleak dituzu zeure liburu honetako xede. Euskaraz jardun dute liburuko guztiek, salbuespenak badiren arren. Zer dela-eta ekarri dituzu euskarara horietako batzuk?
Erakutsi nahi izan dut zein izen —autore eta obra— heldu zaizkigun, zer lan ezagutzen ditugun eta zein ez. Emakumeek idatziak, betiere. Inportantea da konturatzea ez dela bakarrik genero gorabehera, hortxe dagoela beti klasea, arraza eta beste hainbat gauza, auzi honetan gurutzatuak. Izan ere, emakume langileek, herri xeheko emazteek, erreprodukzio lanari eman diote bere denbora, eta zailagoa izan dute sorkuntza. Hori ere kontuan hartu behar da, ez da bakarrik emakume izatea, baizik baldintza sozial eta politiko jakinak izan dituela ezer sortzeko garaian.
Bada egile afroamerikar bat, Tilie Olsen, isiltasunari buruz mintzo dena. Bere arabera, emakume sortzaile ugari daude, sortzeko aukerarik izan ez dutenak, edo 40 urte bete eta gero publikatzen hasi direnak, edo erretiratu eta gero hasi direnak poemak idazten edo koadroak margotzen. Hori ez da kasualitatea. Jenialtasunari buruz ere hitz egiten du Olsenek, eta zein dira jenioak?
Gizonezkoak, gutiz gehienak.
Zaintza sare zabala izan dutenak, baldintza ekonomiko egokiak. Horiek bai, sorkuntzari emanak bizi ahal izan dira, aukera izan dutelako. Virginia Woolfek esaten zuena da. Gela bat eta errenta behar dira idatzi ahal izateko. Nik esaten dudana da gelari buruz hitz egiten dugula, errenta ahaztuta. Horregatik ekarri ditut liburura salbuespen horiek, erakusteko erreginek idazten zutela, denak beti zuriak, goi mailakoak, eta kontaktuak zituztenak. Ez da kasualitatea Bizenta Mogel harako Joan Antonio Mogel apaiz eta idazlearen iloba izatea. Ez da kasualitatea Bizenta Mogelek Eleuterio Basozabal izatea senarra, hau da, editorial baten jabea. Hortaz, nortzuk heldu zaizkigu, zein egile eta zein obra?
"Uste dut klasikoak abandonatu egin ditugula, zahar izatearekin identifikatu ditugulako, eta gaur egun, zaharra txarra da, eta berria behar dugu etengabe"
Hautatuak…
Horregatik ekarri dut euskarara frantsesez idatzi zuen erreginaren kasua, ekarri dut familia ezagun izen handiko alaba Katalina Erauso, eta euskal ilustratuen zirkuluaren inguruko Rita Barrenetxea, Goyak erretratua eginez margotu zuena. Erakutsi nahi nuen nortzuek ahal zuten idatzi, eta, bestetik, zergatik aukeratu zuten euskaraz ez idaztea. Hain justu, garaian horixe zelako zegokien adierazpen hizkuntza, bai [Margarita] Nafarroako erreginari —frantsesez idatzi baitzituen ipuinak—, Xabier Munibe ilustratuak El borracho burlado gaztelaniaz idatzi zuen bezala.
Ahozko literatura ere ez da gutxi gurean, eta hortik ere bildu duzu.
Literaturaren kontzeptua zabaldu nahi izan dut, gainerakoan oso murriztailea delako. Eta, esate baterako, gaur egun literatura ez da nobela besterik.
Egia!
Nobela maite dut, baina bada besterik: ipuin bilduma, poesia, antzerkia, bertsolaritza… Liburu honetan, adibidez, antzerkia eta bertsolaritza azpimarratzera jo dut eta, nire irudiko, harribitxi ederrik topatu ahal dugu batean zein bestean. Askotan bada tentsio hori, literaturaren eta bertsolaritzaren artean, eta “inbidia” txiki bat ere bada literaturatik bertsolaritzara, ikusirik zenbat jende mugitzen duen bertsoaren munduak. Baina adibidez, Kuban, bi errepentista edo inprobisatzaile mota bereizten dituzte. Batetik, inprobisatzeko gai direnak; bestetik, berriz, poesia inprobisatzeko gai direnak. Biak inprobisatzen ari dira, baina bigarrena, inprobisatzaile ez ezik, literaturgilea ere bada. Iruditzen zait hori gurean ere aplika daitekeela. Bertsolari batzuk literatura publikatzen hasita daude. Bitxia ere bada, bi erregistro ezberdin direlako, baina bego horretan. Literaturan, ahozkoaren eta idatzizkoaren artean beti izan da harremanik. Hori ere esplikatu nahi nuen lan honetan.
Nori zuzendua da liburua, norentzat egina da?
Galdera ona da hori ere! Kar-kar! Lehenengo, neure buruarentzat egin dut. Aspaldi nerabilen gogoan kontu hau. Zer idatzi izan duten emakumeek historian zehar, literatura ikuspegi feministatik aztertzeko nahia, eta, bestalde, historian eta antologietan neure ekarpena egiteko nahia. Lehenengo, niretako, beraz. Hurrena, irakaslea naiz, Bigarren Hezkuntzako irakasleak prestatzen dihardut literaturaren arloan. Inportantea iruditzen zait klasikoak baloratzea, haiei bestelako begirada batetik begiratzea eta, are, klasikoak gaur eguneko mundura ekartzea. Liburu hau horretarako moduetako bat da.
Bestalde, euskal literaturaren sisteman gabiltzan guztiontzat, eztabaidarako proposamena da nire liburua, elkarrizketa pizteko nahia du. Oso bakarrik gabiltza denok euskal literaturaren sisteman, eta inportantea iruditzen zait begiradak partekatzea eta elkarrizketa piztea. Uste dut oso gutxi hitz egiten dugula literaturaz, oro har.
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez, Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]
Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]
Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.
Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]
Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]
Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]
Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]