Guk geuk, geure erara

  • Kolektiboki antolatzeko grina aspalditxotik gorpuztu da, besteak beste, kulturaren esparruan. Jendea batzeko abaguneak dira kontzertuak, eta horregatik, musika kolektiboei egingo diegu txokoa erreportaje honetan. Gaia hain zabalean hartu ordez, Araban ipiniko dugu fokua, baduelako bere idiosinkrasia propioa.

Gasteiz Hardcore Crew (GHC) kolektiboaren jaialdi bateko argazkia. (Argazkia: Juan Iradi)
Gasteiz Hardcore Crew (GHC) kolektiboaren jaialdi bateko argazkia. (Argazkia: Juan Iradi)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Musikaren industria hazten eta irabaziak pilatzen ari da azken urteetan, eta zuzeneko emanaldiak eta jaialdi handiak dira gehien esplotatzen ari diren diru iturrietakoa. Maiz salatu den bezala –besteak beste, makrofestibalek piztutako eztabaidarekin–, arpilaketa dago irabazi handien atzean: batik bat langileena, musikariena eta espazioena –gentrifikazioarekin eta turistifikazioarekin duen lotura zuzenagatik–.

Merkatu bortitza da: mundu mailan zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen enpresarik handienari monopolio ilegala egotzi diote, eta Euskal Herrian ere kapitala kontzentratzea da joera. Oro har, kapitalismo garaikideak eta, zehazki, entretenimenduaren eta musikaren industriaren joerek aldaketa kulturalak eragin dituzte aisialdia eta zuzeneko musika bizitzeko moduetan. Fomo-a dagoela esaten da, sold out fenomenoa, musika eta kontzertuak salerosketarako produktu direla, azkar kontsumitu eta ahazteko eginak, sarreren prezioak altuak, influencer, jarraitzaile eta fanen dinamikak, modak… Oro har, esperientzia eta harreman oro komertzializatzen da, kontzertuak batzuentzako arrotz eta desatsegin bihurtzeraino. Industriak gero eta estuago kontrolatzen du musikaren ekoizpen eta banaketa, baina baita kontsumoa edo entzuteko eta bizitzeko modua ere. Gero eta nabarmenagoak dirudite azken horren ondorioek, erreportajeko mahaikideak azalduko dutenez.

 Muinoko Hotsakek antolatutako kontzertu bat, Moon Shakers taldearena. (Argazkia: DosPorDos / ARGIA CC BY SA)

Testuinguru horretan, autogestioaren aldeko hautua egiten dute musikari eta zale askok, zuzeneko kontzertu eta ekitaldiak antolatzeko: baliabide propioekin jardun, kanal komertzialetatik kanpo eta enpresen eta instituzioen esku hartzerik gabe, askatasun artistiko eta ideologikoaren izenean. Printzipio eta lanabesa da autogestioa, komertzializazio basatiari aurre egiteko ez bada, gutxienez bizirauteko modu bat, beste era batera egiteko, beste balio batzuen arabera.

Araban eta zuzeneko musika printzipio horien arabera antolatzen dituzten kolektibo batzuetako kideekin mintzatu gara, panoramari buruzko zertzelada batzuk jasotzeko. Ez da jaso Gasteizko underground errealitate guztia, zorionez askotarikoa eta oso zabala delako, ezta taberna eta areto guztien programazioa ere. Askoz lerro gehiago beharko lituzke horrek guztiak.

Erreportajeko hizlariak: Gorka Intxausti, Jorge González, Ion Etxebarria 'Okantza' eta Aitor Garcia de Vicuña

Azken hamarkadan ernaldutakoa
2016ko irailean antolatu zuen lehen kontzertua Muinoko Hotsak ekimenak, Hala Bedi irratiak eta Gasteizko Gaztetxeak sustatuta, gaztetxean bertan. Han ibili ziren Ion Etxebarria Okantza (Arrasate, 1983) disko-jartzailea eta Aitor Garcia de Vicuña (Gasteiz, 1992) musikaria.

Ekimena modu espontaneoan eta helburu xumeekin sortu zela azaldu du Okantzak: “Historiako beste ideia asko bezala, poteo batean bururatu zitzaigun, gustuko taldeak gure hirira ekartzeko eta gaztetxea eta irratia sustatzeko”. Izen eta estetika propioa izan zituen, eta gerora hirian sortuko ziren kolektiboentzako erreferente izan zen. Hilean behin egiten zituzten kontzertuak, sarrera merke ipinita, edonor etorri ahal izateko; musikariei baldintza eta tratu onak ematen ahaleginduta; eta euskararen eta emakumeen presentzia bultzatuta. Aldiro hiriko talde bat gonbidatzen zuten gutxienez, bertako eszena bultzatzeko, eta batzuetan talde handiagoak ere bai, kontzertu askorekin dirua galtzen zutelako. “Batez ere, dena den, gure lagunak ekarri nahi genituen”, azaldu du Garcia de Vicuñak.

 Hil Da Laboa kolektiboak antolatutako emanaldi bat

Zortzi urte geroago, 2024ko irailean, motibo bertsuarekin jaio da Hil Da Laboa (HDL) kolektiboa. Ez Gasteizen, baizik eta Murgian, Zuian. Herriko gaztetxean hilean behin kontzertuak antolatzen ari dira. Gorka Intxausti (Ondarroa, 1995) bultzatzaileetako batek azaldu duenez, haiek ere musikazaletasunak bultzatu ditu funtsean. Beldur ziren, hasieran, Murgia bezalako herri txiki batera jendea gerturatzea lortuko ote zuten, baina oso pozik daude orain arte izandako erantzunarekin. Azken urteetan testuingurua aldatu dela uste dute, eta enpresari eta erakundeen boterea eta horiek hauspotutako makrofestibalen eredua gailentzen ari dela. Horren aurrean “artearen merkantilizazioaren eta produkzio komertzialen aurkako mezua zabaldu” nahi dute, eta tokiko eszena autogestionatua bultzatu.

Ondarroako Betepaeta proiektua izan da HDL kolektiboaren erreferentzia zuzena; Intxaustik gertutik ezagutzen du, sortzez ondarrutarra delako. Betepaeta Ondarroako gaztetxean jaio zen 2022an, kontzertu zikloa izateko asmoz hasieran, baina antolakuntza lanetara jendea batu ahala, kolektibo izaera eman diote taldeari, eta zigilu bezala aurkeztu dira berriki.

Hil Da Laboa kolektiboa bezalatsu, aipatzekoa da pandemiaren ostean, 2022 eta 2024 artean, talde ugari sortu direla Euskal Herrian barna. Soinu Basatiak, Lege Berria, Egun Motelak edo Oztoporik Ez kolektiboak, batzuk esatearren, denak ere Zuk Zeuk Egin etika oinarri. Estiloz askotarikoak dira, eta musikariak zein musikazaleak batzen dituzte. Askoz kolektibo gehiago daude Euskal Herri osoan zehar, zaharrak eta berriak.

Estilo jakinei loturikoak
Badira musika estilo zehatz bati lotzen zaizkion kolektiboak ere. Adibidez, Okantzak beste lagun batzuekin iaz hasitako Gasteiz Soul Club-ek pintxadak antolatzen ditu. Klask! fanzinea argitaratzen dute lehenagotik, eta soulari, tradizio kontrakulturalari eta politikoari buruz idazten dute bertan, baina klubak eta zuzeneko musikak komunitatea batzeko gehiago balio dezakeela uste dute.

Jorge González: “Gasteizen iraun dute espazio okupatu, taberna eta aretoek, ziurrenik erakundeek eta enpresa handiek ez dutelako aisialdian eta turismoan Donostian eta Bilbon bezainbesteko apusturik egin”

Erabat diferentea da Gasteiz Hardocore Crew-ren (GHC) ibilbidea. GHC sortu zenean, orain dela zortzi urte, bazen dagoeneko estilo horren bueltako musika talde eta zale komunitate nahikoa handia, eta Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan ere horrelako taldeak zeuden lehenagotik. GHCk hardcorea sustatu nahi zuen, elkartasuna eta parte-hartzearen baloreak zabaldu, eta eszena politizatu. Sorreratik aritu zen bertan Jorge González musikaria (Gasteiz, 1996), eta crew-aren lekukoa hartu duen La Bola Loca irratsaioa gidatzen dutenetako bat da gaur egun.

“Mahai-inguruak eta tailerrak egin genituen, baita jolasak ere kontzertuen artean, elkar ezagutzeko eta giro ona sortzeko, jendea partaide sentitzeko”, du Gonzálezek gogoan. Azpimarratu du taldea sortu zutenetako askok Gasteizko txosnetako Gazte Karparen abestia egiten ezagutu zutela elkar, MusikGerrilla kolektiboaren ekimenez.

Eraso! taldearen kontzertu bat, Muinoko Hotsakek antolatuta. (Dospordos / ARGIA CC BY SA)

MusikGerrillak “musika kolektibo iraultzaile” gisa definitu zuen bere burua eta Arabako dozenaka musikari gazte batu zituen. 2012an sortu zen, handik gutxira ibilbidea amaitutzat emango zuen MusikHerriaren eredua jarraituta. Aurreko urteetako errepresio eta sarekada handien ostean, testuingurua nolabait aldatuta, hainbat ekimen atera zituen aurrera Arabako gazte mugimenduak, aipatutako Gazte Karpa eta MusikGerrilla, esaterako.

Araban une horretan zeuden gazte talde asko elkartu eta elkarri laguntzeko sortu zen kolektiboa, baina baita panorama kulturala astintzeko ere. “Ez zen zigilua zehazki, baina talde txiki eta alternatiboen promozio lana egiten genuen, autoedizioa bultzatzen zen, musika maratoia antolatzen genuen eta taldeen abestiekin bilduma bat ere atera zen, auzoetako jaietan jotzen genuen…”, oroitzen du García de Vicuñak. Ez zen izan zehazki kontzertuak egiteko sortutako taldea, zuzenean eragin bazuen ere esparru horretan.

Atzera begiratuta, iruditzen zaio MusikGerrillan ikasi zutela biltzeko eta antolatzeko ohitura, hausnarketaren eta eztabaidaren garrantzia, auzi politikoak lantzearena, baita komunitatea sortzearena ere. MusikGerrillan ezagutu zuen Gonzalezek Garcia de Vicuña ere. “Eskola” izan zen bientzako, eta gerora Arabako eszena alternatiboan eragile izan diren beste batzuentzako ere bai.

Okantza pintxatzen, Ttipia tabernan

Non gauden eta nora goazen
Gizonak izan dira gehiengoa kolektibo hauetan. Autokritikaren eta kontraesanen jakitun izatearen garrantzia azaleratu da solasaldian. “Espazio seguruak eraikitzea lehentasuna da guretzako eta horretarako antolakuntzan emakumeak egoteak eragina du”, Intxaustiren iritziz.

Aitor Garcia de Vicuña: “Orain ez da hain ohikoa astearte batean, adibidez, ordu txikiak arte egotea kalean kontzertu batera joan zarelako. Gehiago egoten gara etxean, bakarrik, serieak ikusten”

Gasteizi dagokionean, underground eszena osasuntsu dagoela uste du Gonzálezek, eta ez soilik musikan, baita beste diziplina artistiko askotan ere, antzerkian edo zinema zaleen artean, adibidez. “Gasteizen iraun dute espazio okupatuek, taberna eta areto txiki eta ertainek, ziurrenik erakundeek eta enpresa handiek ez dutelako aisialdian eta turismoan Donostian edo Bilbon bezainbesteko apusturik egin”.

Okantzak gogoan du orain dela urte batzuk egunero zegoela Gasteizen aukera emanaldiak egiteko: “[Tabernetan] astearteetan Parral, asteazkenetan Ibu, ostegunetan Gora, eta asteburuetan hamaika aukera. Orain ere badaude, espazio pribatuak izan arren, kontzertuak helburu komertzialik gabe antolatzen dituzten tabernak, askotan galerekin”.

Aisialdian eta jendearen ohituretan ere kultura aldaketa ematen ari dela kontuan izan beharra dago, Garcia de Vicuñaren ustez. “Orain ez da horren ohikoa astearte batean, adibidez, ordu txikiak arte egotea kalean kontzertu batera joan zarelako. Gehiago egoten gara etxean bakarrik serieak ikusten, eta espontaneitaterako tartea ere txikiagoa da: ezin zara joan planifikatu gabe aste barruan hitzaldi, kontzertu edo antzerki batera, berandu egiten zaizula sentitzen duzu, planak aldatzen zaizkizula”.

Aisialdia gero eta indibidualizatuagoa da, bizitzaren erritmoa azkarregia, inora ez iristearen sentsazioa, nekea eta ondoeza orokortuak diren garaian, ez da harritzekoa entretenimendura bideratutako produktu kulturalak kontsumitu nahi izatea, errazak eta atseginak. Okantzak uste du, hala ere, badagoela jendearen ohituretan eragiteko aukera, batez ere maila lokaletik hasita. Musika eta giro ona eskaintzen bada, jendeak hartzen du joateko ohitura, eta musika estilo partikularrekin ere gertatzen da: zaletasuna zabaltzen da eszena sustatzen bada eta baliabideak badaude. Autopromozioaren eta lehiaren kulturaren kontra, “elkar ezagutzea eta elkar laguntza bultzatzen badira, fruitua ematen du” gehitu du Garcia de Vicuñak.

Musika entzuteko modua ere aldatu da eta eragina du zuzenekoak bizitzeko moduan, dio Intxaustik. Izan ere, streaming plataformen bidez zuzenean ikusi aurretik entzun dezakezu musika, eta erabaki gustatzen zaizun edo ez. Baditu alde onak, noski, baina arriskuak ere bai. Joera egon daiteke soilik instantaneoki gustatzen zaizun musika entzuteko, erraz harrapatzen zaituena, edo algoritmoak ematen dizuna. Herrian dauden kontzertuetara joanez sustatu daiteke kultura musikal zabalago bat, jendea ohitzeko ahalegina egin, gauza berriak baloratzeko, mezu konplexuagoak dituzten gauzak entzuteko. Gainera, zuzeneko saioak, beste ezeren gainetik, esperientzia kolektiboa direla azpimarratu du Intxaustik, eta logika merkantilik ez duten harremanetan oinarritzea nahi dutela HDLn. Berari, hain zuzen ere, “komunitate” horrek eragin zion interesa musikan.

Azken batean, bada zerbait irauten duena: oinarri-oinarrian komunitatea eta harremanak sortzea bilatzen dugu denok, eta gehiago konektatzen dugu “benetakoak eta zintzoak” diren adierazpen artistikoekin, Garcia de Vicuñaren hitzetan. Helburu ekonomikoek baldintzatzen ez dituztenak eta sozialki esanguratsuak direnak, azken batean. Industria kulturala modernizatu eta sofistikatu bada ere, autogestioak eta Zuk Zeuk Egin filosofiak duten gaurkotasuna erabatekoa dela uste dute mahaikideek, komertziala ez den musikak eta mezu antikomertzialek tokia izan dezaten, eta kontzertuak eta abarrak beste logika batzuen araberako harremanak eraikitzeko espazio izan daitezen. Musikarien zein zaletuen inplikazioa eskatu dute, eszenan eragiten jarraitzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Amaiera ederra Otellorekin

VERDIREN OTELLO OPERA

  • OLBEk antolatutako emanaldia.
  • Musikariak: Kieveko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatza.
  • Bakarlariak: J. de León, E. Jaho, C. Sgura, M. Atxalandabaso, A. Tobella, V. Esteve, F. Latorre, J.M. Díaz.
  • Non: Bilboko... [+]

Hernaniko San Juan Preludioa
“Haziak erein nahi izan ditut, gerora emaitza artistikoak jasotzeko”

Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

2025-06-06 | Iker Barandiaran
Mugarik ez!

Dirudienez
Karma
Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------------

Mugatzat ez badugu ere, muga da askotan Bidasoa; kulturala, informazioarena… Eta beste aldekoa urrun gelditzen zaigu. Bada, gogoa eta laguntasuna dira muga apurtzaile... [+]


2025-05-29 | Xalba Ramirez
Xak: unibertso propio batera atea

XAK
Xak
Mukuru, 2025

---------------------------------------------------------------

Entzun baduzu eta ez bazaizu sobera sartu, esango nizuke: entzun berriro. Nire urteko disko kutunena izango dena egin berri du Paxkal Irigoyen baxenabartarrak, oraingo honetan, XAK... [+]


Hitzik gabe

AZETangana! eta Mark Duti
Non: Tira IV jaialdia, Gasteizko Korda espazioan eta Gaztetxean.
Noiz: maiatzaren 10ean.

-----------------------------------------------------------
 
Etxebizitza eta elikadura egituren aldeko Tira jaialdiaren laugarren edizioa dugu gaur... [+]

Gorputz hotsak
“Musika da mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat”

Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]


2025-05-22
‘Queer’ klasikoa

Samuel Mariño + Gabetta Consort

Zuzendaria eta biolin bakarlaria: Stefano Barneschi.
Zer: Purcell, Händel, Geminiani, Vivaldi eta Graunen lanak.
Noiz: maiatzaren 9an.
Non: Iruñeko Baluarte Jauregian.

[+]


2025-05-15 | ARGIA
Azokaroa
Maddi Sarasuaren “Biharraren egietan” liburua kari, poesia errezitaldia Urruñako Berttolin ostiralean

Ziburuko Azokaren karietara abiatu zen Azokaroak aurrera jarraitzen du Ipar Euskal Herrian eta ostiral honetan poema errezitaldi musikatuaz gozatu ahal izango dute Euskal Urruñako Berttoli kultur elkartean, 19:00etan: Maddi Sarasua itsasuarrak idatzitako Biharraren hegietan... [+]


2025-05-15 | Gedar
Israelgo Estatuaren aldeko funts batek Espainiako Estatuko musika-jaialdi gehienak bereganatu ditu

KKRk urtarrilean erosi zuen Superstruct sustatzailea, Sónar, Viña Rock edo Resurrection Fest jaialdiak sustatzen dituena besteren artean. Palestinaren kolonizazioari lotutako higiezin-jardueretan eta Israelgo sektore teknologikoan parte hartzeagatik seinalatu dute... [+]


2025-05-14 | Iker Barandiaran
Jolasean? Hauek serio dabiltza!

It's on
JOHN DEALER & COCONUTS
Ghost Highway, 2025

------------------------------------------------------

Adin batetik aurrera kontzertuak, diskoak eta kantuak bizkarrean eta burmuinean pilatuta, eta musika entzuteko denbora murritzagoa bilakatuta, taldeak bilatu... [+]


Eguneraketa berriak daude