“Gauzak aldatu dira, baina geure eginkizunetan zalantza bertsuak ikusten ditut”

  • Binilo berria besapean, harat eta honat ibili da Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956) ostiral goizean, Durangoko Azokako Landakogunean, ikasle artean hor zeharretan, kazetariei elkarrizketak ematen. Goiz bakar batez egon da Durangon, musikari taldea elkartu eta entsegu eguna dutelako larunbat hau. Igandean Larzabaleko oholtzara igoko da, hilaren 13an Donostiako Victoria Eugenian egongo da, eta, besteren artean, hilaren 20an Bilbon, ospakizunetan izango den Kafe Antzokian

Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko abenduaren 6an - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lan berriari Lurra ikutu barik (Elkar, 2025) ipini diozu izena. Kontzeptu gisa, interpretazio asko izan ditzakeela uste dut. Norantz jo duzu? Zein da “lurra ukitu barik” aritzeaz egiten duzun interpretazioa?

Diskoak bezainbat interpretazio izan ditzake, bai. [Hamar segundoko isilunea egin du, pentsatzeko]. Sentitu nuen “lurra ikutu barik”-ek adierazten zuela nik disko honetan esan nahi nuena. Hau da, nonbaitetik heldu zaidana transmititzen ari naizela. Batzuetan musikariak sentitzen du bera dela iturria, eta beste batzuetan, aldiz, erreka baino ez da, beste nonbaitetik datorrena bideratzen duena. Hauxe da kasua. Zenbait kantu etorri egin zaizkit. Eta musikalki ere bai. Disko honetan, nire ahalegina izan da ahal bezain libre uztea nire burua. Eta kantuak asko landu ditut bakarka, musikariei erakutsi baino lehen.

Letretan, pisu handia dute nostalgiak, minak eta doluak. Esplizitua izan zara.

Bai, ohi ez dudan bezala.

Nabarmen, beste diskoetako letrekin alderatuta.

Gainera etorri zaizkit. Halako batez pentsatu nuen: “Hau da datorkidana”. Saiatzen nintzen beste bide batzuk hartzen, eta horra itzultzen nintzen. Nostalgia aipatu duzu... Askotan esaten da nostalgia dela iraganera joateko, baina ene ustez gehiago da beste norabait bidaiatzeko. 

"Batzuetan musikariak sentitzen du bera dela iturria, eta beste batzuetan, aldiz, erreka baino ez da, beste nonbaitetik datorrena bideratzen duena"

Garai batean kantuarekin abiatu duzu diskoa, eta hauexek dira lehen hitzak: “Garai batean / bazirudien / maite nuen dena / betiko izango zela”. Atzera begira ari zara. Zertaz?

Gauza askotaz... Hor, esaten dudanean “egongelan / otoitzean”, ari naiz nire amari buruz. Kantuek badute egia puska bat. Denek.

Diskoko bigarren kantua, Erdi bana. Alaiagoa da...

... oro har diskoa orekaturik ikusten dut, ez triste eta ez alai. Harago joaten dira. Ez dut termino horietan pentsatzen disko bat egiten ari naizenean. Orekan edo balantzan pentsatu gabe; etorri bezala.

Zazpigarrena: Gauzak noiz hobetuko zain. Halaxe al gaude, esperoan?

Bai, dudarik gabe. Abiatzen naiz despiste handi batetik: ez dut deus ulertzen oraingo munduaz. Diskoak badu horrekin zerikusirik. Saiatzen naiz neure gauzak atontzen, eta gero, halako errealitatearen aurrean, ez dezakezu beste leku bat bilatzea baizik. Zeren eta, hor, kantu horretan, aipatzen dena da errealitate benetan jasangaitza. Irungo (Gipuzkoa) muga itxi zutenean, hasi ginen ikusten mutiko afrikarrak mendiz ailegatzen zirela beraien Parisko ametsarekin, harako bidean. Euskaldunek hainbeste mendetan egin duten bezala, esan behar da. Ikaragarria da egoera. Gure bizitzako paradoxa handiak: ikusten baduzu oihanean bide ertzetik pertsona bat oinez, zuria bada, mendizalea da, eta gipuzkoarra bada, onddoak lapurtzera datorren bat. Aldiz, mutiko beltz bat ikusiz gero... jo, bera ihesi dator. Eta galdua da. Baina ezin lagundu, zigortua baita laguntzea.

Kantu horren bigarren partean pozik ageri da mutiko beltz hori, jendarmerik ez zelako igarobidean. Baina tira: mutiko hori ez dago gauzak noiz hobetuko zain, esperoan.

Ez du beste modurik! Hori ere esaten dut kantuan. Hark ezin dezake pentsatu eta zain egon. Eta badaki ere Baionara ailegatuz gero ziurrenik atzera botako dutela. Jasangaitza da egoera.

Diskoa ixteko, Denak du bere sasoia kantua, kantu biblikoa. Zein sasoitan bizi gara?

Itun zaharra zehatz mintzo da. Ez du berriketarik, diogun bezala. Hori kantatu behar nuela sentitu nuen, eta egokitzapenak egin ditut Marcel Etxandi monje lapurtarraren bertsioarekin. Beraren oso zalea naiz.

"CD bat entzuteko tramankulua dugunak gero eta gutxiago gara, eta horregatik, orduan eta beharrezkoagoa da Durangoko Azokara etortzea"

45 urte bete dira Hautsi da anphora diskoa argitaratu zenuenetik. Euri asko egin du ordutik. Zuretzat ere gauzak aldatuko ziren.

Bai... Eta Durangon gaude. Uste dut duela 60 urte ere hemen nintzela, lehen azoka egin zenean, elizako atarian. Autostop eginda heldu nintzen Gasteiztik. Hemen erosi ditut liburu aski garrantzitsuak niretzako. Garai hartan ezin zen beste inon topatu Hauspoa, edo Nafarroako Diputazioko etnografia liburuak Luzaideko (Nafarroa) dantzekin-eta... Eta esandakoa, orain ere hemen nago. Esaten didate iraganari begira jartzeko eta gogoetatzeko, baina ezin dezaket aztertu, ez naiz gai sentitzen, ez naiz abila horretarako. Baditut lagunak ari direnak iragana aztertzen, baina nik ez dut behar adina distantzia hartzen. Gauzak aldatuko ziren, baina geure eginkizunean zalantza bertsuak ikusten ditut zoritxarrez. Baina banaiz, agian, gauzak hobekixeago aztertzeko gai.

Azokaren zalea zara?

Uste dut diskoa ateratzen hasi nintzenerako gauzak konplikatzen hasi zirela. Zaletuaren paperetik mahaiaren beste aldera aldatu beharra izan nuen, eta hori ez da nik bereziki ondo daramadan gauza. Baina, esan gabe doa, uste dut hau guztia oso beharrezkoa dela. CD bat entzuteko tramankulua dugunak gero eta gutxiago gara, eta horregatik, orduan eta beharrezkoagoa da hona etortzea. Eta neure aldetik, onartzen dut aurpegia eman beharra nire langintzaren parte dela. Uste dut Gerediaga Elkarteak asmatu zuela datarekin, jendea Eguberrietara begira jartzen baita, eta plaza ezinbestekoa bilakatu da artez edo moldez, onerako edo txarrerako. Eta gero, gertatzen dira gauza anitz aldi berean: disko aurkezpenak alde batean, liburuak bestean, gune ugari ikusi ditut...

Ez duzu normalean diskoa aurkezteko kontzerturik eskaintzen Durangoko Azokan, baina negu buelta honetan badituzu kontzertu zenbait. Larzabalen (Nafarroa Beherea) arituko zara igande honetan, datorren larunbatean Donostian, eta emanaldi gehiago ere bai, baina nabarmendu nahi dizut bat: abenduaren 20an Bilboko Kafe Antzokian. Berezia izango da, 30. negua zabalduko duzu-eta.

Bereziak beti dira... jendeak eramaten gaitu, olatuak bezalaxe! Ez daukagu kontrol handirik.

Berezia izango dela diot, Zenbat Gara elkarteak 30 urte betetzen dituelako, eta urtero-urtero, Eguberrien aurretik, kontzertua eskaini ohi duzulako taldearekin.

Oso eskerturik nago. Niretzat etxean jokatzea da. Orain beste era batera ikusten da, baina haien nahia izan zen hasieratik nik jotzea hor. Plazera da. Ikaragarrizko eragina eduki dute Bilboko munduan, eta ez bakarrik Bilbon.

Bilbon, Euskararen Egunean manifestazioa egin zuten Guka mugimenduak deituta, euskararen alde eta erdalduntze makinaren kontra. Eta Bilboko panoraman, euskararen eta euskaltzaleen erresistentzia handia da Zenbat Gara.

Gogoeta asko egiteko dauzkagu gizarte moduan. Euskal herritar asko lasai bizi dira erdaraz, eta horrek ez du esan nahi euskararen aurkakoak direnik, inolaz ere, baina bai jende horrek kontsideratzen du euskarak baduela bere lekua, nola Kafe Antzokia. Niri horrek gogorarazten dizkit euskarazko irratiak hasi zirenezko garaiak. Lehenbiziko diskoa atera nuenean, Ser irrati kateko Los 40 Principales-etan bazen kontu bat “kantu gorria” esaten zitzaiona, eta horrek esan nahi zuen orduero edo bi ordutik behin jarri behar zela nire kantu hori, edo Itoiz, edo euskarazko ez dakit zein kantu. Bigarren diskoa atera nuenerako ja euskarazko irratiak bazeuden, eta mugimendua izan zen erdarazko kateek esatea: “Tira, ja euskarazkoek badute haien irratia, eta guk egingo dugu gurea”. Hala, euskarazko gauza guztiak pasa zizkieten euskarazko irratiei. Eta ordutik aurrera, euskarazkook utzi genien erdarazkoen irratietako musikaren karpetan egoteari. Desagertu ginen haien panoraman.

Horrekin esan nahi dudana da euskal herritar pilo bat hazten dela gaur egun euskal erreferentziarik gabe. Eta horrek ez du esan nahi euskararen aurka daudenik. Dakizun moduan urte luzez jo izan dut Gasteizko musikari batzuekin, orain ere bai, eta esan behar dizut, esate baterako, nire musikari lagunei nik erakutsi niela nor zen Mikel Laboa. Musikari profesionalak, gasteiztarrak, eta esango nuke, kontzeptu global batean, euskaltzaleak zirela. Baina sekula informazio hori jaso gabeak. Batzuetan, gure indarra seinalatu beharrean, gure ahuleziak seinalatzen ditugu. Ez gara gauza batzuetan gehiengo horri ailegatzeko gai. Gu gutxiengoa gara gure herrian bertan.

Bilboko kasua, horretan paradigmatikoa da. Ziurrenik inoiz baino euskaldun gehiago egongo da Bilbon, baina erabili... eta kontsumitu... Jendeari oso ongi iruditzen zaio Kafe Antzokia egotea, euskarazko gauzak egotea, baina ez dira partaide sentitzen. Uste dut horretan beste era batera behar dugula jokatu.


Eguneraketa berriak daude