Agortu behar duen artefaktua

  • Kontrakultura zenaren espirituarekin sortu ziren makrofestibalak, horixe zuen ardatz Woodstock-en fenomenoak, eta zorionez oraindik ere badira antitesiak, baina gehienak kapitalismoaren adierazpen gorena bihurtu dira: kontsumo masiboa sustatzen dute, merkatua maneiatu, espekulatu, langileak prekarizatu, esplotatu eta zaletuei iruzur egiten diete, baita haien osasuna kaltetu ere, erreportajean ikusiko dugunez. Enpresek antolatzen dituzte, eta kasu askotan inbertsio funtsak daude atzean. Hori guztia eta gehiago, erakunde publikoek finantzatuta. BBK Live-ri buruz hitz egingo dugu, etxean dugun artefaktu handiena delako.

BBK Live.

Jasangarritasuna izan da aurtengo kartel burua BBK Live jaialdian, hala adierazi dute antolatzaileek hiru eguneko festibala amaitu berritan. Argudio gisa, honela diote titular ostean: “Ingurumenaren aldeko konpromisoan erreferentziazko jaialdia da geurea, musika ingurunearekiko kontzientziarekin uztartuta”. Bide batez, datorren urteko datak jarrita daudela adierazi dute, eta sarrerak erosgai. Detaile adierazgarria, ezin uka.

Jasangarritasunaren bandera berdea jantzi dute makrofestibalek, bereziki, pandemia oste gisa definituriko garaian. Ondo baino hobeto aztertu dute alor hori, besteren artean, Nando Cruz kazetariak eta Jon Urzelai soziologoak. Ez da kasualitatea 2023ko lehen lauhilekoan bi saiakera liburu kaleratu izana makrojaialdi musikalen eta artefaktu horiek beraiekin dakarten dinamiken inguruan: lehenak, Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) atera du Península argitaletxearekin, eta bigarrenak Su festak. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean, Susarekin.

Erregai fosilen aroarekin lotu du Urzelaik makrojaialdien fenomeno garaikidea: “Garai fosilen kultur adierazpena da; erregai fosilen aroa atzean uzten dugun heinean utzi beharko da jaialdi eredu masibo hau ere, tentsio nabarmenak sortuko direlako”. Makrojaialdien antolatzaileak –gero eta gehiago daude inbertsio funtsen esku– bandera berdearen azpian babesten hasi izanak badu zergatia, ikuspegi berde horrek gero eta garrantzi gehiago izango baitu etorkizuneko gizartean, eta hobe da azpimarratzea “berdea” zarela ezer ez esatea baino. Edo bada beste hipotesi bat: kontzientzia txarra duzula egiten duzunarekiko eta azpimarratu beharra sentitzen duzula.

Zertan oinarritzen da BBK Live jaialdia aurtengo kartel burua edo titularra “jasangarritasuna” izan dela azpimarratzeko? Ez dago ikerketa sakonik egin beharrik, haiek ematen baitituzte argudioak. Bat: 3.000 pertsona oinez igo dira Kobetamendira. Bi: margolan edo antzerako koadro bat jarri dute jaialdian, "kontzientziazioa" egiteko. Hiru: oholtzaren inguruan hostoak diruditen –edo diren– lona berdeak jarri dituzte. Eta lau: sarrera bakoitzeko hiru euro Balmasedan eta inguruetan izandako suteen kalteen erreparaziora bideratuko dituztela –ideia bat egiteko: hiru eguneko abonuak 200 euro balio zituen–.

BBK Live

“Oso ondo daude gauza horiek, zintzoki esanda, ondo dago. Baina uste dut aurrean daukagun erronka kolosal horri horrelako txikikeriekin erantzutea ez dela serioa”, adierazi dio Urzelaik ARGIAri. Areago, neurri horiek ez dira aintzat hartzekoak bere iritziz. Bide beretik hitz egiten du Cruzek aipaturiko liburuan, bereziki azken kapituluan, “zaborra” deiturikoan, eta lotura zuzena egiten dio turismoari, jaialdian sortzen diren zabor tona horiek aipatzeaz gain.

Izan ere, makrojaialdiak jasangarri nola egin aztertu duten ikerketa guztiek diote arazoa jendearen garraioa dela, ereduak berak eskatzen duelako atzerriko jendea erakartzea, kulturaren kontsumo garaikidea hertsiki loturik baitago turismoarekin. Antolatzaileek, gainera, hauspoa ematen diote atzerritarren presentziari, galdetu bestela BBK Live-ri: lautik bat zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa pasa berri den edizioan –“ere” esan beharko genuke, kurioski, urtero portzentaia bera baita–.

Bide batez, kopuruez hitz eginda, antolatzaileek esan dute 120.000 parte hartzaile egon direla Kobetamendin. Baina urterokoa da eta eredu bera duten jaialdi guztietan gertatzen da: bertan hiru egunak pasatzen dituen bisitaria hiru aldiz zenbatzen da. Suminduta hitz egiten du horren inguruan Urzelaik: “Ez da hain zaila kontatzea, gezurra esaten dute, jakin badakite, eta ulergaitza dena da hedabideek horri eustea; ez dakit nola permititu daitekeen halakorik”.

Guggenheim osteko aroa
Hiri eredua eta musika jaialdien esplotazioa bat eginda datoz mendearen parte honetan, eta asko dira gaiaz urtetan hitz egin dutenak. Xabier Gantzarainek bazioen Zuloa (Elkar, 2018) liburuko pasarte batean, salgaia besterik bihurtu ez den herri baten parte dela Euskal Herria, eta nazioarteko erakusleihoan Basque delako marka kokatzea beste asmorik ez dutela euskal instituzioek. Aspalditik datorren joera da, Guggenheimek markatu zuena nolabait, eta marko berean ulertu behar da Donostiaren 2016ko Europako Kultur hiriburutza ere. Ez da, jakina, gurean gertatzen den kontua soilik; nazioarteko hiriak lehian ari dira haien izenak mapan kokatzeko.

Kultura ulertzeko “modu jakin bat” dela dio Urzelaik, bereziki etxera begira hitz eginda: “Dena da jendea erakartzea, turismoaren eta ostalaritzaren menpe dagoen eredua”. Eta hori pentsatzea ez da oinarririk gabeko burutazioa: Bilboko alkate Juan Mari Aburtok azken hauteskunde kanpainan makina bider esana du ekitaldi erraldoiak nahi dituela jendea erakartzeko, turismoa sustatzeko.

Frantziako Tourra ekartzeak ere logika bera jarraitzen du, baita EiTBren eta Kutxabanken logoak dituzten ikurrinak atera eta aurkezpen ekitaldian harri-jasotzaileen eta aizkolarien emanaldia antolatzea ere, basque identitatearen kontua hauspotzea delako erakunde handien helburua. Urzelaik uste du modu oso akritikoan landu dela Tourraren gaia, eta iritzi kritiko oso gutxi entzun direla: “Paradigma horren sustatzaile direnek ikurrina horiek banatzen badizkizute, igual ja ez da hain ekintza transgresorea hori egitea”.

Aizkolari batek auto bat erditik hautsi zuen; ikuskizun horrekin eman zioten hasiera BBK Live jaialdiari. (BBK Live)

Festibalen kasuan, atzerabegiratua egin du Urzelaik bere liburuan, eta jatorrira jo du, hasieretako festibalen garaietara, izan ere, jatorriz aura bat badute halako jaialdiek. Baina orduko eta egungo aldarri eta afixak alderatzea besterik ez dago paradigma aldaketaz ohartzeko. AEBetako Woodstock izan zen mito horretan bazeuden, esaterako, ikasle mugimendu, sindikatu eta gizarte eragileen stand modukoak, panfleto iraultzaileak; Mairuelegorretako jaialdia ere, Zigoitian egiten zena, halako aldarrikapenen plaza bihurtu zen duela 50-60 urte.

Erreparatu orain pasa berri den BBK Live jaialdiari: Idealista-k, etxebizitzen merkatu espekulatzailean eragile nagusienetakoa denak, bere postutxoa jarri du Kobetamendin, baita Vueling hegazkin konpainiak ere. Hegaldiak aipatuta, SkyScanner-ek ere ageriko publizitatea egiten dio bere foroetan, bereziki ingelesez. Hegazkin konpainiak atzean egote hutsak argi erakusten du atzerriko turismoa sustatu nahi dela, eta horri lotuta, bistakoa den anekdota bat: Urzelaik liburuaren azaltzen duenez, festibalaren iraganeko edizioren batean merkeagoa zen abonua Londresen erostea Euskal Herrian erostea baino. Abonu horiek pack delakoa ere bazekarten, eta horrek funtzionatzen jarraitzen du oraindik: hiru eguneko musika jaialdia Kobetamendin, surf ikastaroa Zarautzen eta joan-etorria Iruñera, Sanferminetara. Sanferminen bueltako egunetan antolatzea ez da kasualitate hutsa, aitortua da Bilboko Udaleko ordezkarien partetik.

Idealista-k postutxoa jarri zuen BBK Live-n.

“Atzerritarrak erakartzeko artefaktu bihurtu dira”, dio Urzelaik. Transformazioa oso agerikoa izan da: “Jatorrian asmo eraldatzaile eta kasu askotan iraultzaileak zituen artefaktua, bilakatu da asmo horien kontra datorren zerbait, asmo horiek zapuztera datorrena, oztopatzera”.

BBK Live-n atzean dagoen enpresa aski ezaguna da Hego Euskal Herrian, eredu bereko hainbat makroekintza antolatzen baititu. Kontuan hartu beharreko agentea da Last Tour, ezbairik gabe. Besteak beste, Donostia Festibala antolatu dute orain arte, Azkena Rock jaialdia –hor hasi zen dena, hor egin zuten jauzia–, Santaspascuas kudeatzen dute Iruñean, BIME, Bilboko La Merced eta BilboRock-en sustatzaile ere badira, Bilbon areto bat irekitzekotan dira jatetxe zerbitzuarekin, eta horrez gain, editorial eta disko zigilu bana daukate.

Euskal Herriko instituzioekin duten harremana "esanguratsua" dela dio Urzelaik, enpresa pribatuak "beste inork ez dituen erraztasun guztiak" jasotzen dituelako: "Last Tour-ekoek antolatzen duten Herrian eta Hirian jaialdi txikiagoekin gertatu dena oso agerikoa da: edozein herriko auzotan antolatu dezakete haien egitasmoa erraztasun guztiekin. Kolektiboei eta bertako eragileei ez zaie uzten halako ezer antolatzen –itsaso alboan, ondare naturalean edota baldintza jakin batzuetan–, eta etortzen da enpresa pribatu bat, montatzen du berea, instituzioek finantzatuta, eta hemen ez da ezer gertatzen".

BBK Live-ren edizioren batean merkeagoa zen Londresen erostea abonua Euskal Herrian baino

Doan eskaintzen dira sarri, gainera, halako ekitaldiak. BIMEren kasua agerikoa da, debaldekoak baitira kontzertuak, eta horren atzean dagoen antolakuntza –gastua edo inbertsioa– ez da nolanahikoa. Urzelai: "Nork ordaintzen du? BIMEren kasuan, Etxepare Institutuak, Nafarroako Gobernuaren Turismo Sailak... Eta musika taldeei bakoitzak ordaintzen dio. Hau da, Etxeparek ordain diezaioke bati, eta beste bati Nafarroako Gobernuak. Zenbat? Erakunde bakoitzaren arabera. Ez dagoela irizpide bateraturik, alegia".

Jendeari kezka eragin beharko liokeen auzia dela uste du Urzelaik: "Erakundeak eta Last Tour, bistako engranajea da, elkar ongi eutsita daude eta, haien irizpideetan, ongi funtzionatzen dute. Ez dakigu oso ondo non amaitzen den bi horien arteko harremana". Ezagun da Last Tour-eko arduradunak 2019ko hauteskundeetan botoa eskatu zuela EAJrentzat.

Instituzioen parte hartzea
Erakunde publikoen laguntzarik gabe, makrojaialdiek ez dute sostengurik. Zer esanik ez Euskal Herrian antolatzen direnek, Espainiako Estatuko jaialdi “handien” aldean gehiago jasotzen dute-eta.

BBK Live-k milioi t’erdiko laguntzak jasotzen ditu urtero, gutxi gorabehera, aurrekontu guztiaren %15-20 inguru; Azkena Rock jaialdian ere, bost eurotik bat erakunde publikoek jartzen dute. Zuzeneko dirua da hori, asko baita zeharka jartzen dena: autobus zerbitzu bereziak, munizipalen lanaldi gehigarriak, garbitzaileen ezohiko lana... Horiek denak, BBK Liven kasuan, Bilboko Udalak jartzen ditu.

Aipatu dugu lehen: inbertsio funtsek muturra sartu dute musika jaialdi handietan. Esaterako, halako putre batek erosi berri du Galizian egiten den Resurrection Fest jaialdi ezagunaren enpresa, zeina Viña Rock eta Tsunami Xixón festibalaren jabe ere baden. Galiziakoak eta Asturiaskoak metala, punka, post-punka eta hardcorea dute oinarri; aintzat hartzekoak dira genero horiek historikoki izan duten lotura politikoa, askotan anarkismotik ere gertu kokatuta.

Adierazgarria da Xixóneko jaialdiarekin gertatu dena: Vox sartu da udal gobernuan –festa gaien ardura du– eta harekin bildu dira antolatzaileak, beharrezko dituzten diruak eskuratzeko. Alegia, Vox-ek kudeatzen duen sailak finantzatuko duela funts putre baten menpe dagoen punk festibala. Bi musika taldek esan dute ez dutela bertan joko, eta polemika apaltzen eta atzeko atetik bideratzen ahalegindu dira zalaparta sortzea komeni ez zaien eragileak.

Tsunami Xixón enpresaren jabeak, Resurrection Fest eta ViñaRock-en jabe ere badirenak, ezkerrean, Xixóneko Vox-en egoitzan, zinegotziarekin batzartuta.

Zaleen osasuna: antsietatea
Esperientzia ahaztezina izango da guztia, oso cool dena, baina komeni da oinak lurrean jartzea. Izan ere, zaleen osasunarekin negozioa egiten da, zaleak eurak jabetu gabe sarri. Dena esaten du muturreko adibide honek: iaz, Bartzelonako Primavera Sound jaialdi entzutetsuan egon zen bisitari batek bere mugikorreko osasun aplikazioko kaptura bat igo zuen sareetara, "ordubete eta hamazazpi minutu deskantsatu dituzu ohean, eta 36.000 pausu egin egun hauetan".

Frogatuta dago gehiegizko neke fisikoak kalteak eragiten dizkiola osasun mentalari, zentzuzko erabakiak hartzeko edota emozioak garatzeko gaitasunari. Horretan jarri du azpimarra Nando Cruz kazetariak. “Musikarik eta zaratarik gabeko minutuak oxigenoa dira norbere buruarentzat zein musikarentzat berarentzat”. Jakina, antsietatea eragiten du horrek, eta osasun arazoak sor daitezke bereziki maratoiaren hurrengo egunetan. Eredu masiboaren beraren ezaugarrietako bat da, ordea: kasurik onenetan, arratsaldeko lauretan hasi eta goizeko seiak arte irauten duten egun luzetako musika emanaldiak dira, kontzertu bat amaitu eta segundo eskasera bestea hasi ohi da, atsedenik gabe.

Antsietateaz eta emozioez hitz eginda, doktore tesi bat aipatu behar da, Jordi Oliva kultur kudeatzailearena, 2021ekoa. BBK Live eta Donostiako Musika Hamabostaldia alderatu zituen, hirurehun bat bisitariri inkesta pasatuta, karga emozionalari buruzkoa. Emaitzarik positiboenak Musika Hamabostaldian jaso zituen, eragin positiboa denboran luzeagoa zelako, eta egun batean kontzertu bat, ganoraz, eserita eta deskantsaturik ikustea dezente hobea delako ordubete irauten ere ez duten zortzi emanaldi bata bestearen atzetik, zutik, eguzkitan eta gutxi deskantsaturik ikustea baino. BBK Liveko bisitariek argi zioten tentsioa, ilara luzeak, nekea, aglomerazioa eta masifikazioa etsigarriak zirela, baina horien gainetik itzul zitezkeela.

Horrez gain, musika eta arte diziplina bere horretan “bizitzeko”, gozatzeko, tokirik okerrenak ere badira festibal handiak Cruz eta Urzelai adituen iritziz. Batik bat, asko, ordu erdi eskaseko kontzertu direlako. "Agian denborarekin ikusten zoazen kontu bat da, baina behin argi ikusita, nazka hartzen zaio", dio Cruzek liburuan. Agian, noizbait, lehertuko du burbuilak.

[Irakurri hemen Directa-ko lagunek Nando Cruz kazetariari eginiko elkarrizketa, CC BY SA lizentzia bidez ARGIAk euskaratua)

*****************

Mad Cool

Madril kanpoaldean, Espainiako auzorik txiroenetakoa den Villaverde barrutian egiten da, etxebizitzetatik 300 metro eskasera. "Kultur Hiria" eraiki du bertan Madrilgo Udalak, egonkorra izango den zerbait, Mad Cool-etik harago, 100.000 lagun inguru elkartzeko moduko espazioa. Hilabete bakarrean zazpi emanaldi handi dituzte programaturik.

Garraio publikoaren eskaintza murritza da, eta egun konkretuetan soilik handitzen dute. Taxi eta Uber moduko autoez josi ohi zaizkie kaleak halako egunetan. Eta zarata: 100.000 pertsona, asko turistak, halako auzo batean eta festa giro betean edukitzea, bizikideratzarako eta auzokideen deskantsurako oso kaltegarria dela salatu dute.pun

Antzerako kexak plazaratu dituzte Bilboko Kobetamendi inguruko bizilagunek: garraioa, irisgarritasun eskasa eta zarata.

***************************

Lan baldintzak: prekarioa behar zuen izan

Kapitalismoaren adierazpen gorena. Helburu horiek betetzeko funtsezko elementua falta da: lan indarraren esplotazioa.
Datuak ez dira argiak eta bistakoa da zergatia. Iaz, hainbat hedabidek publiko egindako zifren arabera, BBK Live-ren bueltan lau mila langile inguru aritu ziren lanean.

Eszenatokiak: Presaka muntatu ohi dira, behar baino langile gutxiagorekin eta eguzkipean. Oholtza erori zen iaz Espainiako Estatuko bi lekutan: Valentzian, Medusa festibalean, pertsona bat hil eta hogei ikusle zauritu ziren; eta Compostelan, O Son Do Camiño jaialdiaren muntaketan, hogei langile harrapatu zituen azpian.

Ostalaritza: Zortzi orduko lanaldia sinatzen dute kontratuan, baina hamasei ordu egitera ere iristen dira. Eragin Bilbo mugimenduak eta LAB sindikatuak jakinarazi zutenez, ordua lau euro inguru ordaindu zieten, batzuei gutxiago, azpikontratatutako enpresaren arabera.

Stand-ak: Festibalaren babesle ziren stand komertzialetan egin zuen lan Xabierrek, El Diario-k jaso zituen bere hitzak. Egunean zortzi orduko lanaldia sinatu zuen; hiru egunetan 45 ordu egin zituen lan. Bost euro ordaindu zioten ordua.

Sarrera-irteerak: Eguzkipean, itzalkin baten azpian ahal bazen, hamabi orduko lanaldiak egiten zituzten. Jende trafiko txikia bazegoen, garbiketan edo segurtasunean lagundu behar izaten zuten.

Segurtasuna: El Diario-k jaso zuenez, pertsona batek 49 ordu egin zituen lan hiru egunetan. Alegia, egunean hamasei ordu baino gehiago. Behin jaialdia amaitutakoan sinatu zuen kontratua: dokumentuaren arabera, lau ordu egin zituen lan; gainontzeko 45ak gutun azal batean jaso zituen beltzean. Ordua bost euro.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude