Esaten dena...

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Beharbada gizakion ahultasunetariko bat gehiengoari entzuteko eta kasu egiteko dugun joera da. Ziur gure espeziearen garapenaren ezaugarri garrantzitsua izan dela, eta beharrezkoa biziraupenerako. Baina digitalizazioarekin, dugun ezaugarri horrek zaurgarriagoak bilakatu gaitu.

Egun hauetan Errumaniako hauteskundeen emaitzak ezeztatu egin dira. Errusiari leporatu diote TikTok bitartez herri oso baten norabidea eragiteko gai izan dela, desinformazio kanpaina sustatuta plataforma horretan. Demokrazien boterea, plataformetan eragiteko boterea dutenen menpe jartzen dela.

Gizakiak hain bideragarri garen errealitate baten baitan bizitzeak bestelako hausnarketa batzuk dakartza: gehiengoa jarraitzeko dugun berezko joera honetatik gure buru eta herriak babesteko zein neurri hartu beharko genituzke? Beharbada pentsamendu kritikoan heztea da bide onena, dugun errealitatea zelan funtzionatzen duen ulertu eta eragiteko beharrezkoa baita. Baina, aldi berean, gure gizarte bilakaeratan hainbesteko eragina duten teknologiak etengabe berrikusteko grina barneratu beharko genuke gizakiok.

Errumaniarentzat suposatzen dut egoera hau oso etsigarria dela, euren subiranotasuna bi potentzia ezberdinen arteko gatazkaren erdian baitago. Bitartean, hirugarren batek, Txinako TikTok plataformak kasu honetan, boterearekin jolasteko aukerak sortzen jarraituko du, gehiago aberasteko eta indartzeko bidean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude