“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

  • Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia, une edo harremanen bat.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamaika urte pasa dira Euli-giro-tik —zure bigarren ipuin-liburutik—. Koska igarri dut, nabarmen.
Azkenengo urteetan ahalegin kontzientea egin dut hobeto irakurtzen eta idazten ikasteko. Lehenengo liburua, Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), 20 urterekin idatzi nuen; pasio handia neukan irakurketarekiko eta idazketarekiko, baina oso haztamuka idazten nuen. Gogo handia neukan, baina ez nekien zer idatzi nahi nuen. Sormen-prozesuetan beti dago haztamukako fase bat, beharrezkoa, bide ezezagunetatik ibili behar baitugu. Baina, gehiago eta hobeto irakurri ahala, tresna eta intentzioa zorrozten ahalegindu naiz. Euli-giro-n ideia edo sentsazio gutxi batzuetatik abiatu nintzen, eta ez nekien nora nindoan.

Hetero-n, idatzi aurretik hurbilketa-lan handia egin dut oharrak hartzen, memoria-ariketak egiten, egitura narratiboak bilatzen, materiala biltzen. Baneuzkan istorio batzuk deika —pertsonaien arteko dinamikak, paisaiak, hizkerak, eszenak— eta horiek kontatzeko modurik niretzat zintzoenaren bila aritu naiz. Eta gozamena izan da. Zortzi ipuin idatzi ditut hiru urtetan, baina igual 500 irakurri. Zaila da norbere eboluzioari atzera begiratu bat egitea, baina uste dut kontzienteago idatzitako ipuinak direla, eta irakurle-ibilbide askoz ere handiagoarekin.

Euli-giro-z geroztik argitaratutako liburuetan entzumena oso presente dago.
Entzumenarena diozu, eta, ez dakit nola lotzen diren, baina uste dut baduela zerikusirik: Euli-giro-tik aurrerako liburuak ausartagoak direla uste dut. Ordura arteko lanetan gehiago ezkutatzen nintzen hitzen atzean. Idazketa izan daiteke gortina, edo izan daiteke leiho. Benetan iruditzen zait zerbait ondo kontatzeko lehenengo baldintza kontatu nahi izatea dela, kontatzera ausartzea. Edozein arte diziplinatan erakusteko edo ezkutatzeko erabil daitezke baliabide tekniko-artistikoak. Erakusteak beldurra ematen du, baina nik beldurren gainetik beraien nahaspila erakustera ausartzen diren idazleak miresten ditut. Denok gara kaos bat, inor ez dago ezertaz erabat ziur; denok dauzkagu kontraesanak, denok gara kutreak eta ederrak. Horregatik, laprast egiteko, jendea gurekin desados egoteko, gustatzeko eta ez gustatzeko arriskuarekin ere esatera ausartzea inportantea iruditzen zait fundamentuzko zerbait egiteko. Uste dut Jenisjoplin-en hasi nintzela ausartago izaten, eta Kontrako eztarritik-en, Dendaostekoak-en eta Hetero-n badagoela esateko atrebimendu hori. Zer da kontatu nahi dudana? Zer da ni zirraratzen nauena? Entzumenera nolabait ekarrita, bada: hasteko, nire barruari entzun diot.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Hetero jarri diozu izenburua. Irakurketa teorikoek zer-nolako eragina izan dute zure lanean?
Hasteko, esan behar dut ez nintzatekeela ausartuko liburu honi Hetero izenburua jartzen zugatik izan ez balitz. Hori horrela da. Leireri [Lopez Ziluaga, Susako editorea] ipuinak entregatu ahala, erdi lotsatuta esaten nion: “Oso heteroa da”. Bazen esateko modu bat: “Hau da niri atera zaidana, baina konturatzen naiz”. Eta halako batean pentsatu nuen: “Eta hau baldin bada ipuin hauek niri esaten ari zaizkidana?”. Orduan, beste toki batetik begiratu nien. Barruak eskatu ahala joan nintzen ipuin horiek sortzen, eta, tituluarekin topo egin nuenean, aldi berean sortu zitzaizkidan beldurra eta ardura. Izenburu potentea da, bastante enpotratzailea. Paretaren kontra jartzen zaitu. Ez da gauza bera liburu bati Ukitzen gaituen ura, Gizakiaren adin guztiak edo Hetero jartzea. Besteak ederrak izan zitezkeen, sinbolikoak, baina ez zuten asko esaten, ez zuten bildumaren gainean argi espezifiko bat isurtzen. Hetero-k bai. Hetero irakurtzean, nik uste, denok jartzen garela pixka bat alerta. Zer esan nahi digu izenburu honekin? Beldurra ere ematen zidan, banekielako izenburuari buruz hitz egin beharko nuela. Baina barruak baietz esaten zidan, ulertzen ez dudan guztiarekin ere. Izenburu hau ez da zerbait oso kontrolatua. Badaude ikusten ditudan gauza batzuk, eta badaude puntu itsuak, oraindik gorputzetik erabat pasatu ez ditudanak. Idazketa, niretzat, erabat etxekotu gabe dauzkadan emozioak, oraindik guztiz ulertzen ez ditudan kontuak mugimenduan jartzeko modu bat da.

Tituluarekiko nire puntu itsuak badu zerikusirik heteroarauarekin: sistema batean botere-lekuan zaudenean, ez duzu hari buruz hainbeste pentsatu behar izaten. Pentsatzeko asko lagundu zidan McKenzie Warkek zuk itzulitako Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburuan, hetero izateaz baino, hetero jarduteaz pentsatzeko egiten duen gonbitak. Izan ere, heteroaraua desirarekin lotzen dugu lehenengo, baina hori baino askoz gehiago da. Eta nik uste dut pertsona berarekin edo antzekoekin oheratzen jarraitu arren, aritu gaitezkeela heteroago edo ez-hain hetero, eta mugimenduak egon daitezkeela oheaz beste ere.

"Ez gustatzeko arriskuaren ere esatera ausartzea inportantea iruditzen zait fundamentuzko zerbait egiteko"

Erregimen politiko bat da.
Bai, eta simulakro bat, teatro bat, estruktura ekonomiko eta psikologiko bat… Ni saiatzen naiz gero eta kontzienteago izaten noiz eta zertan ari naizen hetero jokatzen. Zain nago, oraindik ez dit inork galdetu: heteroa al zara? Asko pentsatu dut horretan, zertan naizen oso heteroa, eta zertan uste dudan ez naizela hain heteroa. Zertan des-heterotu naizen eta zertan ez.

Liburura etorrita, heteroarauaren barruan kokatzen dira pertsonaietako asko, bai harreman sexu-afektiboetan baina baita, adibidez, aitekiko eta, aita biologiko, kultural eta politikoekiko harremanetan ere. Autoritatearekiko harremanean heteroak dira. Transfeminismoari esker kulturalki des-heterotzeko mugimendu batzuk egiten ahalegindu naiz: ez dizkiet nire lanak kontrasterako aita kulturalei pasatzen, ez dut autoritatea hor bilatzen, baizik eta nire tresnak eta kapital kultural pilatua ahizpekin konpartitzen saiatzen naiz, eta nire kide emakumezkoak, bollerak, marikak entzun, irakurri, ulertu nahi ditut, nire burua haiekiko konbertsazioan kokatzeko.

"Idazteko hizkuntza ezagutu behar dugu, bere potentzia eta posibilitateak ezagutu, ikusteko nondik zikindu edo hautsi dezakegun"

Ipuinetako korapilo asko ere heteroarauari loturikoak dira.
Bai. Pertsonaia asko bi indar kontrajarriren artean tenkatuta daude: nahi dute aita hil eta aitari bizirik iraunarazi, deseroso daude baina ez dute jokoa uzten, aldi berean nahi dute hor egon eta hor ez egon. “Gizakiaren adin guztiak” ipuinean aitari bizirik eta indartsu eutsi nahi dion familia bat ageri da. Igeriketa erronka bat antolatzen dute aitak eta bere bi seme-alabek parte har dezaten, eta familiak dena prestatzen du aitak irabaz dezan. Alabak izugarrizko lasaitua hartzen du aitak oraindik irabaz diezaiokeela ikusten duenean, zerbait askatzen zaio paparrean. Aitaren zahartzaroak sortzen didan inpresiotik idatzi nuen ipuin hori; baina gizartera zabaltzen badugu, ez al da jokoa beti aitak irabaz dezan antolatzen?

Irakurketa teorikoago horiek nabaritu arren, ez da batere liburu panfletarioa.
Lagun idazle batek idatzi zidan “Literatur lezioak” amaitu bezain pronto, esanez birrintzailea iruditu zitzaiola: “Gorrotatu dut editorea, gorrotatu dut idazlea eta gorrotatu dut nire burua idazlearekin identifikatuta sentitu naizelako, eta horrelako harremanetan korapilatu izan naizelako”. Ipuin horri dagokionez, editorea zer esanik ez, baina idazlea ere ez da harrotzeko moduko leku batetik harremantzen editorearekin. Hor kontatzen den antzeko lokatza bizitzen ari nintzenean Kontrako eztarritik idazten ari nintzen, burua teoria feministaz beteta neukan; teoria banekien, baina berdin erori nintzen. Gure kutrekerietan kateatzen gara, gure zuloetan. Saiatu naiz ipuinetan boterekeriaz funtzionatzen duten gizonezko pertsonaiez gain, emakumezko pertsonaiek harreman horietan jartzen dutena ere erakusten, haiek ekuaziotik atera ordez.

Zaila da desboteretuaren alderdi kutrea erakustea.
Familia nuklearra apurtzeari edo gainditzeari buruz hitz egiten dugunean, heteroaraua kritikatzen dugunean, beste borroka askotan bezalaxe, gauza bat gertatzen da: gainditu edo puskatu edo aldatu nahi dugun horrek eraiki gaitu, horren gainean bizi gara, batzuk bestetzuk baino gehiago. Politika behar dugu, behar ditugu teoria eta esloganak, pentsamendu zorrotza, baina literaturak ez du zertan izan gauzak nolakoak izan behar luketen esateko lekua, ezpada konplejizatzekoa eta erakustekoa. Nola mugitzen gara? Zer gertatzen da gure barruko uretan? Nola maitatzen dute pertsonaiek? Nola desiratzen dute? Zer nahi lukete, baina zer egiten dute? Iruditzen zait konplexuak izateko lekua dela literatura, ez lezioak ematekoa.

Adibidez, Annie Ernauxen Pasio hutsa irakurtzen dut, eta, hasteko, haserretu egiten naiz tituluarekin, ze niretzat ez da pasioa, obsesio bat da, kateatze bat eta toki gaixo bat; eta, aldi berean, izugarrizko liburua iruditzen zait. Irakurtzean sufritu egiten dut, nire burua denbora guztian oihuka ari zaio narratzaileari, alde hortik!; baina zergatik idatzi zuen Ernauxek? Hain zuzen, ez zelako joan. Eta inportantea da esatea feministak ere kateatzen garela harreman itogarrietan, boterekeriazkoetan, gure maitasuna ez dela garbia, denok dauzkagula zuloak. Inor ez da beregaina, denok gara mendekoak, eta inportantea da literatura feminista hori guztia eskura edukitzea. Baina, inportanteagoak dira lagun onak, esango dizutenak: irten hortik. Eta emango dizutenak denbora horretarako.

Ipuinetako pertsonaiek jokatzen duten modua ez da eredugarria, baina, aldi berean, ez daude eroso egoteko bezain itsu. Bestalde, badira marko hetero horren barruan samur eta ondo maite duten pertsonaiak ere, zailtasunak zailtasun, elkar zaintzeko ariketa egiten dutenak.

Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Ez nuke elkarrizketa amaitu nahi hizkuntzaren lanketa aipatu gabe. Etxeko marka da zorroztasuna eta aberastasuna zure kasuan, baina oraingoan beste urrats bat egin duzula iruditu zait, bereziki “Ukitzen gaituen ura”-n.
“Ukitzen gaituen ura” Jenisjoplin-en prekuela da, nolabait. Gozamena izan da idaztea. Gure nerabezaroko paisaia sonoroa harrapatu nahi nuen: hitz egiteko moduak pertsonaiez eta garaiaz esaten duena. Ipuinak euskara batuan idatzita daude, baina zipriztinduta daude euskañolez, mendebaldeko berbakeraz, sukalkiz. Niretzat oso inportantea da hizkuntza ondo ardaztuta egotea —sintaxia, azpiko erreka—, euskarak nola funtzionatzen duen jakitea. Hizkuntza animalia bizi bat da.

Idazteko hizkuntza ezagutu behar dugu, jakin behar dugu nondik hartzen duen arnasa, bere potentzia eta posibilitateak ezagutu, ikusteko nondik zikindu edo hautsi dezakegun. Ustez erdarakadarik batere gabeko liburu pilo bat dago euskaraz, nire ustez, gaizki idatzita. Gaizki idatzita diot hizkuntzak ez duelako dantza egiten, ez ezer esaten, kartoizkoa delako. Aldiz, orain aterako den Mirenen [Amuriza] Pleibak nobela euskal literatura hurrengo fasera eramateko behar genuena delakoan nago. Uste dut bera dela euskarari ondoen entzuten dakien idazleetako bat, izugarrizko belarria dauka eta, hain justu horregatik, sartu ditzake “pollalapiz bat etorri zait” edo “hauek notas batzuk izan dira beti” moduko esaldiak, aldi berean esango baitizu “tipo narrutari batek”. Badaki narrutari eraikitzen, eta jarri egiten dizu, baina zorra esan behar duenean esango du zorra, zergatik ezin dugu esan zorra euskaraz liburu batean?

Beste edozein arlotan bezala, zure tresna ondo ezagutzen baldin baduzu askoz ere aukera handiagoa daukazu askatasunera jotzeko. Hizkuntza arduratik edo arduragabekeriatik hautsi daiteke. Uste dut bereizi behar ditugula euskaraz sendo idatzita dauden liburuak, zikinduta, zipriztinduta edo behartuta egon arren badutenak mugimendua, erritmoa, kolorea, bizia, belarria… eta, ustez, euskaraz idatzita egon arren, gaztelaniaz idatzita dauden testuak. Honi buruz oso gutxi hitz egin da, baina urgentea iruditzen zait. Euskaraz ondo egiteak ez du esan nahi kartoizko eta denok berdin. Ardaztu dezagun tresna sakon eta gero apurtu dezala bakoitzak nahi duen modura, jolas dezagun hizkuntzarekin jende gehiago kabitzeko, eta irudimena zabaltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


2025-06-04 | Lander Arretxea
“Galdera da lan batek noiz balio digun, ez geuk distira egiteko, baizik eta kolektibo gisa”

Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Haur irakurzaleek ere beren topaketa eguna izango dute

Dantza, xake edo kirol topaketak egiten diren bezalaxe, literatura gustuko duten haur eta gazteek ere zaletasuna partekatu, elkar ezagutu eta egunpasa ludikoa egiteko aukera izango dute, datorren igandean. Ikasturtean zehar elkarri gutunak idazten aritu diren 130 gaztetxo... [+]


Miren Amurizaren ‘Pleibak’, 111 Akademiako irabazle

Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan I
Nor zen Jon Mirande?

Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]


Arnaut Oihernart
‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan II
Zer egin Jon Miranderekin?

Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Eguneraketa berriak daude