“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea”

  • 19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez. “Jaioko dira berriak”? Bertan ditugu aspaldi!

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005)

Azkoitiarra du ama, Olaberrikoa aita. Musika ikasketak egina, Matematika ikasle da orain, eta bertsolari. Ziztuan ari da matematikari ofizioa lantzen, gogotik ikasten, eta su txikian pol-pol-pol egosten, berriz, bertsolari ofizioa. Arabako Eskolarteko Txapelduna izana dugu 2021, 2022 eta 2023an. Aurten, Arabako Txapelketan kantatu du, ez zuen finala iritsi, baina larri ibili. 19 urte ditu, eta gaia duela erakutsi du. Gogoan hartu.

Ez dugu hitzordua berehalakoan zehaztu. EHUn ari zara, Leioan, Matematika bigarren urtea ikasten, eta nahiko estu, denak emanda...
Bai, karrera exijentea egiten ari naiz, eta lan pila egin behar izaten dut. Denbora asko kentzen du unibertsitatean ikasteak. Nire kasuan, uste dut denbora gehiago kentzen didala etxean ikasteak, klaseetara joateak baino. Eskola-orduak egunean lau dira, gehiago ez, baina etxera etorri eta ikasi beharra dago, jai eta aste, eta asteburuetan. Batzuetan, astean zehar, Leioan bertan elkartzen gara zenbait lagun, eta unibertsitateko liburutegian ikasten dugu, zalantzak-eta elkarri galdetuz.

Zerk jarri zintuen Matematika ikasten?
Unibertsitatean hasi baino lehen ez nekien nondik joko nuen. Betiko zalantza: musika bidetik jo [Zeharkako xirula karrera du], edo zientzietatik. Azkenean, zientzia aldetik ekitea erabaki nuen, pentsatuz geroko batean beste arloren bat esploratu nahi badut, errazago izango zaidala literatura, musika edo antzekoren bat berriz hartzea, eta ez zientzia edo teknologia, ze zientzia behin utziz gero, neke da berriz ere arlo horri lotzea. Horixe pentsatu nuen.

Matematika gustatzea ere!”, pentsatuko du baten batek...

Niri, esate baterako, asko gustatzen zait irakurtzea, eta Matematika ikasten hasi baino lehen, gaiari buruzko dibulgazio artikuluak-eta irakurri izan nituen, asko. Orain, matematikarien biografiak irakurri ohi ditut, batzuek eta besteek elkarri bidaltzen zizkioten gutunak-eta. Udan, [G.H.] Hardyren A Mathematician’s Apology irakurri dut, matematikariaren barkamen eskea-edo, non egileak bere bizitza kontatzen duen, eta nola matematika arte modura kontzebitzen duen. Asko gustatu zait.

Oso hizkuntza exijentea omen da Matematikarena...
Bai, oso. Niri oso gauza harrigarria iruditu zait txikitatik. Matematikariek egiten zituzten lanak eta frogapenak ikusten nituen, eta zeharo bereziak iruditzen zitzaizkidan. “Nik hau ikasi egin behar dut!”. Horrelaxe. Batzuek pentsatuko dute erraztasun kontua ere badela, eta egia da batxi-n [batxilergoa] oso ondo moldatzen nintzela matematikan –ez dizut gezurrik esango, kar, kar!–, baina karrera egiten hasi eta lehenengo egunean bertan konturatu nintzen gauza ez zela horrela.

"Laster jabetzen zara Matematikaren mundua oso ederra dela, institutu garaian ikasitakoa baino askoz ederragoa"

Zer esan nahi duzu?
Batxi-n Matematikan nota onak atera eta super-ona zarela pentsatzen duzu, munduko onena, dena ikasia duzula, eta unibertsitatera sartu eta garbi esaten dizute: “Ikasi duzuna ikasi duzula ere, Matematikaz ez dakizu ezer, oraintxe hasiko gara, zerotik, hau zer den ikasten!”. Lehen kolpe horrek izutu egiten zaitu, baina laster jabetzen zara Matematikaren mundua oso ederra dela, institutu garaian ikasitakoa baino askoz ederragoa.

Kolpea esan duzu...
Bai. Gogoratzen naiz, klase batean, ezer ez nuen ulertu! Inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu! Ikasturte hasieran izan zen, irakaslea zertan ari zen ez nekien. Gero, asteak igaro, eta lana gogotik eginez, ulertzen hasi nintzen! Baina, bitartean, auskalo zenbat audio bidali genizkion elkarri gelakideok, eta, nire kasuan, Filosofia ikasten ari ziren lagunei-eta! Kexuka ginen, inork ez zuelako ezer ulertzen. Denok egoera berean geunden, eta horrek konplizitatea ere sortu zuen gure artean. Horrek asko laguntzen du, eta gurasoen laguntzak ere bai: “Frenatu, Maddi, deskantsatu. Segituko duzu hurrena!”, esaten zidaten. Eskertzekoa da.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Lau urteko ikasketak egin, eta laneko plana izango duzu gero.

Lau urte dira, baina erraza da ikasgairen bat edo beste hor zintzilik geratzea. Ikasle gehienek bost urte, edo gehiago, behar izaten dituzte Matematika ikasketak bukatzeko. Gero, masterra, karrera gehienetan bezala. Lan mundura sartzeko masterra egin behar izaten da. Beharbada, ez da derrigorra, baina horixe egiten dute denek. Eta, gero, edo irakasle, edo enpresa mundura jotzen du matematikariak. Doktoregoa egitea ere ikerketarako bidea izan liteke, baina hori bide luzea da, neketsua. Nik oraindik ez dut ezer erabaki.

Zenbakien gainean hitz egin behar dugu?
Nirekin ez, behintzat! Ez dut zenbakirik ikusi, karrera hasi dudanetik. Alfabeto grekoko hizkiak bai, ikusi ditut makina bat! Jendeak uste du gure karrera kalkulu etengabe bat egitea izango dela, gero eta kalkulu zail eta konplexuagoak egitea. Baina ez da hala. Matematikan, bizitzan ikasi ditugun teoremak nondik datozen ikasten dugu, nola iritsi den gure arrazonamendua halako ondorio jakin batzuetara... Matematikak gehiago du logikatik, arrazonamendutik, pentsaera filosofikotik, kalkulatzeko abilidadetik baino.

Matematika eta kalkulua nahasteko gure tirria gaiztoa beti!

Ni, esate baterako, kalkuluak egiten oso txarra naiz. Bazkariak-eta egiten ditugunean, lagunek: “Maddi, kalkulatu zenbana ordaindu behar dugun!”. Kalkulagailuarekin, hainbestean, baina kontuak buruz ateratzen oso txarra naiz. Gainera, matematikariok ez dugu kalkulagailuaren beharrik. Batxilergo garaiko kalkulagailua motxilan sartu nuen, karreran beharko nuelakoan, eta oraindik ez dut atera. Eta azterketa garaian ere, dena da logika eta arrazonamendua, ez kalkulua. Jendeak uste okerra du matematikaz, eta oso zaila da kontzepzio hori aldatzea.

Zenbakiak egiten txarra zu, bertso neurri guztiak kalkulatzen oso ona, kantatzen ikusi zaitugunez.
Kar, kar... Neurria kalkulatzen doinuak laguntzen du, ez silabak kontatzeak, adibidez. Gainera, puntuka kantatzen da! Txikitan, lau urte-edo nituela, gogoratzen dut etxeko sukaldean ginela, Azkoitian, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zela telebistan. Ez nuen interesik, jakina, baina jolas egiten nuen, behintzat: doinua hartu, eta neuk asmatutako hitzak kantatzen nituen. Behin, aitarekin jolas horretan, errimak-eta jartzen, esan zuen: “Hau bertsolaria aterako zaigu!”. Lau urte-edo izango nituen, baina buruan iltzatu zitzaidan: “Brometan esan duzu, baina ikusiko duzue!”, esan nion neure buruari.

Bai ikusi ere! Hainbat plazatan ikusi zaitugu kantari, dotore. Nola hasi zinen bide honetan, umetako pasadizo harrezkero?
Lehen Hezkuntzako 5. mailan, hezkuntza arautuaren barruan, bertsolaritza eskolak ematen hasi zitzaizkigun Armentia Ikastolan. Aldi berean, bertsolaritza tailerrean eman nuen izena, bazkalondoko tartean. Hortxe hasi nintzen. Hezkuntza arautuko bertsolaritza bukatuta, ikastolako bertso-eskolan eman nuen izena. Oier Arbina izan genuen irakaslea. Eta aurrera. Zortziko txikia eta zortziko handia zer diren azaldu ziguten, errima familiak... Gogoratzen dut errima jolas asko egin genituela, eta gero bertsoak idazten hasi ginela. Handik bi urtera-edo hasi ginen bat-batean kantatzen...

"Uste dut bertsolariak ere baduela ardura –aktualitatearen jakinaren gainean egoteko, besteak beste–, eta aukera ere bai, bere ideiak plazaratzeko, horretarakoxe du-eta mikrofonoa"

Nola izan zen pauso handi hori?
Egun batean, nire lagun Eukenek [de los Aires] eta biok, halaxe eskatu genion Oierri [Arbina]: “Inprobisatzen hasi nahi dugu!”. Eta lehenengo koplak egiten hasi ginen, laguntza askorekin, eta denbora asko hartuta!

Txikitako hura bete da: “Ni bertsolari izango naiz!”.
Nik oraindik ere ez dut esaten bertsolaria naizenik. Kar, kar... Sekulako errespetua ematen dit “bertsolari” hitzak. “Plazandrea”-k bezala. Ibili zintezke hamaika plazatan kantatzen, baina, ibilita ere, jende askori asko kostatzen zaio bere buruari “bertsolari” esatea. Niri, behintzat, asko kostatzen zait... Behin honakoa gertatu zitzaidan. Eskolarteko txapelketan hasi ostean, Euskal Herriko finala eta gero, saio pila bat sortu zitzaizkidan. Eta neure burua beti plazan ikusita, “bertsolariago-edo” sentitzen hasi nintzen. Hurrena, Arabako eskolarteko lehen txapela irabazi eta gero, pentsatzen hasi nintzen: “Beharbada... igual... zer edo zer egiten ari naiz!”. Kar, kar... Baina, esate baterako, inoiz ez dut neure burua aurkezten esanez: “Kaixo, Maddi Agirre naiz, bertsolaria”. Inoiz ez!

Matematikaria, bai. Bertsolaria, ez?
Matematikariaren kasuan, unibertsitateak emandako titulua izango dut, eta horrek matematikaria naizela erakutsiko du. Bertsolaritzan ez dago halakorik, eta zailago da halako jardunetan zein puntutan zauden neurtzea. Jendeak ni bertsolaria naizela esaten badu, ez dut ezetzik esango, baina ni neu ez noa halakorik inon esatera.

“Maddi, etorri mikrofonora, faborez... Zuretzako gaia, nahi duzun doinu eta neurrian hiru bertso kantatzeko...”. Eta jarri dizu gaia –zitala, ez gutxitan–, gai-jartzaileak.
Beti dago beldurra, gai-jartzailea nondik aterako den, zer gai jarriko ote dizun. Bestalde, uste dut bertsolariak ere baduela ardura –aktualitatearen jakinaren gainean egoteko, besteak beste–, eta aukera ere bai, bere ideiak plazaratzeko, horretarakoxe du-eta mikrofonoa. Horrekin batera, badaude zenbait gai, konfliktiboak, kantatzeko garaian beldurra ematen dutenak. Baina kezka hori ere kendu egin behar da: zentzua duten gauzak, eta ondo argudiatuta, esanez gero, aurrera!, ez genuke beldurrik eduki behar.

Hamar urteko musika karrera egina duzu, horrek ere laguntzen dizu kantatzeko garaian...
Bai, jakina. Abesbatza batean kantatzen ibili nintzen hainbat urtez, eta asko estimatzen dut egindako lan hori, kantatzerakoan ez ezik, doinuak erraz ikasterakoan ere ikaragarri laguntzen didalako. Uste dut kantuan bastante ondo moldatzen naizela, afinazioz eta tinbrez, eta horixe esan dit entzule askok. Garrantzia ematen diot alderdi horri, eta ni neu bertsolariak aditzen egoten naizenean, horri ere begiratzen diot.

Kantarietan kantariena, Xabier Amuriza...
Bera da ezagutu dudan bertsolaririk zaharrena. Joan den urtean izan zen, Mairuelegorretako haitzuloan. Miren [Amuriza] eta biok ginen kantuan, eta han zen Xabier, entzuten. Jende artean zegoela ikusi nuenean, errespetu ikaragarria eman zidan, ondo kantatu beharko nuela pentsatu nuen! Kar, kar... Baina ondo egin genuen gure lana, eta, gero, saioa bukatu eta zoriontzera etorri zitzaidan Xabier. Ondo kantatzen nuela esan zidan, eta ni pozik.

"Sekulako ilusioa egiten dizu, irakurtzean: 'Andoni Egaña... Sebastian Lizaso...'. Hasierako garaian, bereziki. Lehenengo, egundoko ilusioa izaten da, haiekin kantatzeko irrika bizia"

Zer diozu bertso-lagunen gainean?
Deitzen dizutenean, horixe izaten da gauza, norekin kantatu beharko duzun. Eta, esate baterako, sekulako ilusioa egiten dizu, irakurtzean: “Andoni Egaña... Sebastian Lizaso...”. Hasierako garaian, bereziki. Lehenengo, egundoko ilusioa izaten da, haiekin kantatzeko irrika bizia. Gero, kantatzeko eguna arrimatzen ari dela, errespetua nagusitzen da berriz: “Ai, ama! Auskalo zer pentsatuko duten... Bertso onik kantatzen ez dakidala-edo!”. Baina oso pertsona sinpatikoak dira, ez zaituzte epaitzen, gaztea zarela kontuan hartzen dute eta asko laguntzen dizute. Esate baterako, udan Zaballan kantatu nuen Sebastian Lizasorekin, eta oso ondo. Oso berezia izan zen.

Zaballan, kartzelan, esan nahi duzu?
Bai. Sebastian eta biok, eta preso zeuden bik ere kantatu zuten. Izan ere, bertso-eskola antolatu dute Zaballan, eta astean behin edo bitan biltzen dira. Oihane Perea-eta dituzte irakasle, eta izugarrizko erritmoa daramate. Oso onak dira bertsotan, benetan, eta tartean saioak ere antolatzen dituzte, bertsolari famaturen batekin, eta halaxe izan ginen Sebastian eta biok, haietako batean. Sekulako saioa izan zen. Guk, berriz, kartzelako bizimodua ezagutu ahal izan genuen, presoen esperientziak, beren bizimodua... eta zenbat eskertzen duten kanpoko jendea joan, eta bertan kantatzea! Eskuzabal hartu gintuzten, eta nik zeharo mundu ezezagun bat deskubritu nuen. Oroitzapen horixe, betiko.

Argazkia: Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Gasteizko jaietako bertso-saioan ikusi zintugun, ondoan zenituela Maialen Lujanbio, Gorka Pagonabarraga eta Iñaki Viñaspre. Irati Martinez izan zenuten gai-jartzaile fin. Saio ederra egin zenuten, eta egin zenuen zeuk ere.
Beti ez da horrela izaten baina! Kar, kar... Banuen kezka, Aihotz plazako saioak beti festetan harrapatzen zaitu, eta askotan beste nonbait duzu burua. “Festarik festa nabilela, saioa jarri didate Gasteizen, norekin eta Maialen Lujanbiorekin!, abuztuak 7 dituen batean!”. Aurten, aurreko urteetako eskarmentua nuen, eta mentalizatuta joan nintzen: saio ona egiten saiatu behar nuela, bertsolari lagunak kontuan hartuta, ahotsa zainduta, burua ere bere puntuan... Konfiatuta joan nintzen: “Maialen Lujanbiorekin kantatzera zoaz, Maddi! Aprobetxatu! Saio ona egin, gero damurik ez izateko!”. Horrelaxe joan nintzen, eta ondo atera zen! Kar, kar... Baina esan dut, beti ez da horrela izaten, hala ere!

Bertsolariren bat? Zure kuttuna, esateko moduan.
Bertsolari askotatik edaten dut, baina azkenaldian Sustrairen [Colina] bertsokerarekin nago gustatuta: nola lotzen duen bertsoa, puntu bakoitza hurrengoarekin... Bere ironia, bere umore berezi hori, batzuetan iluna... Ez dakit ondo azaltzen, baina asko gustatzen zait bere bertsokera hori.

"Eskolartekoan bai, esan nuen: “Txapela lortuko dut!”. Kar, kar... Eskura ikusten nuen, edo atrebentzia horixe izan nuen. Baina gaur egun ez naiz ausartzen esatera nora iritsiko naizen"

Txikitan esan zenuen: “Ni bertsolaria izango naiz!”. Inoiz esan duzu “Ni bertsolari txapelduna izango naiz!”?
Pentsatu bai, askotan. Txapelduna izan nahiko nukeela, pentsatu bai. Esan, ez. Eta txapela, zein mailatan? Eskolarteko bertso txapelketa da bat, eta Txapelketa Nagusia da beste bat. Eskolartekoan bai, esan nuen: “Txapela lortuko dut!”. Kar, kar... Eskura ikusten nuen, edo atrebentzia horixe izan nuen. Baina gaur egun ez naiz ausartzen esatera nora iritsiko naizen, ondoko urteetan zer gertatuko den. Txapelduna izan nahi bai, baina...

Hemeretzi urte dituzu... Duela bi urte, 2022an egin zen Txapelketa Nagusia... Matematikari abila zaitugu, baina kalkulatzaile baldarra, eta ezin jarriko zaitugu kontuak ateratzen, urteen kalkulua egiten. 2026ko txapelketan ez, 2030ean zailtzen zu oraindik... Ea zer dakarren 2034ko Txapelketa Nagusiak Maddi Agirre Epelderentzat.
Kar, kar...

                                                                               *          *           *

Tradizioa
“Azkenaldian, bertsolari zaharretatik tiraka ari naiz, deskubritu dudalako tradizioa, edo tradiziozko bertsogintza, ez dela joandako gauza bat, hortik etengabe edaten ari garen iturri bat baizik. Lehengo bertsolarien liburuak hartzen ari naiz, bertso sortak entzuten, lehengo doinu zaharrez jabetzen... Gure lanaren zimentarria iruditzen zait”.


Euskalkia (i)  
“Gasteizen bizi gara baina Azkoitian [amaren herria] ematen ditugu asteburuak. Gurasoek, ordea, batuan hazi gaituzte ahizpa eta biok. Pena hori badugu, Azkoitiko hizkera sehaskatik ez jaso izana, nahiz eta hein batean jaso dugun, Azkoitian ematen ditugulako asteburuak. Baina uste dut ez dela nahikoa izan euskalkia ondo barneratzeko”.


Euskalkia (ii)
"Uste dut gauza izango nintzatekeela konbertsazio bat azkoitiarrez izateko, ez bertakoak bezain elegante, baina Azkoitiko era xamarrean. Baina hara joan, eta pentsatzen dut: ‘Ni ez naiz hemengoa. Hemengo modura hasten banaiz, laster hasiko zaizkit kristorenak eta bi esaten!’. Eta gutxitan atrebitzen naiz azkoitiarrez hasten. Asko hitz egiten dugu horri buruz ahizpak eta biok. Esan izan diogu amari: ‘Zertan ez gintuzun azkoitiarrez hazi?!”.

AZKEN HITZA

Xenpelarren fana
“Nire ametsa izango litzateke Xenpelarrekin kantatzea. Bere liburua irakurri dut, eta asko gustatzen zait bere bertsokera. Bere fana egin naiz”.

       

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2025-07-22 | Bertsozale.eus
Bertsolaritzaren dokumentazio bilketa sendotzeko aurrerapausoetan

 Xenpelar Dokumentazio Zentroak dokumentazio bilketan sakontzeko aurrerapausoak eman ditu: Bertsozale Elkarteko egitasmoen bilketa prozesuak berrikusi dira eta tokian tokiko eragileekin harremanetan jarrita, eremu horretako jarduna aztertu eta hobekuntzak bideratu... [+]


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


Nafarroa Arenan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, azaroaren 29an

“Urrats kuantitatibo eta kualitatiboa” eman du antolakuntzak, finala lekuz aldatuko du, inoizko finalik “handiena” egiteko. Zortzi saiok osatuko dute txapelketa. Sarrerak udazkenean jarriko dituzte salgai.


2025-06-25 | Onintza Enbeita
Oihana Bartra. Bertsolaria
“Bertsolaritzan ere badago aurrerapenaren kontra dagoen korronte erreakzionarioa”

Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.


2025-06-16 | Bertsozale.eus
Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Arantzan izan da saioa eta herrialde guztietako 13 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsozale asko gerturatu dira eta giro ona gailendu da.

Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetan izandako Mixel Itzaina zendu da, 92 urte zituela

Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.


2025-06-11 | Paula Amilburu
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak

Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 


Urdulizen hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, irailaren 28an; eta Bilboko Casillan amaitu

Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.


2025-05-19 | Bertsozale.eus
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Unax Aizpurua eta Aroa Arrizubieta izan dira Gaztetxeak Bertsotan finaleko txapeldunak

Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]


2025-04-30 | Bertsozale.eus
Babes Kutxa: urrats txiki bat sortzaileen baldintzak duintzeko bidean
Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edota behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi dio Bertsozale Elkarteak.

2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

Eguneraketa berriak daude