Kontzertu estelarrean (fikzio espekulatibo bat)

Aurtengo jazzaldiaren kontzertu estelarrean zaude, zuk gehien maite duzun pertsona (multzo) batekin. Pradales dagoeneko lehendakaria da eta, beraz, Osakidetzaren arazo larria onbideratzen ari dira. Espiritu autonomikoa nagusi da jendearen aldartean; hori dela medio, berdin egon zaitezke Gasteizen, Getxon edo Donostian –fikzio espekulatiboaren abantailak ere badira, irakurle: zeuk aukera dezakezu festibala–.

Emakumezko kantari ospetsuak txalo handi bat eskatu du bigarrenez aita izan berri den piano jolearentzat. Eta denok jo dituzue esku-zarta beroak –zuk, egia esan, zalantza pixka bat izan duzu; ausart zaitez, baina, hotzepel jokatzera jazzaldiaren klimaxean!–.

Pertsonalki une magikoa bizitzen ari dela aitortu du pianistak, eta, horren erakusgarri, bakarkako bat egin du. Hitzez baino hobeki adierazten omen daki musikaren bidez. Aitatasunari dedikatutako solo zoragarria eskertu duzue, zutik eta txaloaldi luzean. Minbera sumatu dituzu eskuak zuk ere.

Eszena bukatutakoan, bakardade isilean uxatu duzu –itxuraz– zuri bakarrik bisita egindako ezbaia: ez ote lukeen hobe musikariak aitatasunaren magia etxean ospatzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude