Euskara okupatu, marisolasteko

  • Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta euskaraz birjabetzeaz mintzatu dira Maiana Etxeberri Keufterian, Amaia Alvarez-Uria eta
    Kepa Yecora Jimenez militante sexu-genero disidenteak.

Bizkarrez Amaia Alvarez-Uria eta Olaia L. Garaialde. Haien aurrean Kepa Yecora eta Maiana Etxeberri.Argazkia: Zoe Martikorena.
Bizkarrez Amaia Alvarez-Uria eta Olaia L. Garaialde. Haien aurrean Kepa Yecora eta Maiana Etxeberri.Argazkia: Zoe Martikorena.

Nola uztartzen dira euskara eta sexu-genero disidentziak? Euskarak pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzen ez baditu zein baliabide daude hizkuntzaz birjabetzeko? Zer nolako eragina daukate akademiak eta zuzentasunak? Horretaz mintzatzeko elkartu dira Maiana Etxeberri Altxalili kolektiboko kidea (Behaskane-Laphizketa, Nafarroa Beherea, 1993), Amaia Alvarez euskal filologoa (Bilbo, 1978) eta Kepa Yecora EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kidea eta euskara irakaslea (Iruñea, 1964). Euskarak gizartearen beharrak asetzen ez dituenean, euskara okupatu eta bere egiteko hiru bide nabarmendu dituzte: jada existitzen diren hitzak, baina ezagutzen ez direnak; euskara ez den beste hizkuntzetatik etortzen direnak; eta pertsona sexu-genero disidenteek asmatutakoak. “Hirurak garrantzitsuak dira, baina aztertu behar dugu ea orain arte dauden hitzek gure beharrak asetzen dituzten”, azaldu du Yecorak.

Euskal Herriko LGTBIAQ+ mugimenduan erabiltzen diren hitz asko gaztelaniatik, frantsesetik edota ingelesetik hartutako maileguak dira. Alvarezek, esate baterako, gaztetan, gay eta lesbiana erabiltzen zituen bereziki, baina belaunaldi berrien eraginez bollera guiene frantsesez–, marika, bibollo, eta beste hasi da erabiltzen. June Fernández kazetariarekin batera Nola esan/izan bollera euskaraz? proiektuaren bidez euren burua eta praktikak euskaraz izendatzeko hitzak bilatu, sortu eta jaso dituzte. Bizipenak jasotzeaz gain, hiztegi bat sortu dute kolektiboetan sortzen diren hitzekin: “Maileguak erabiltzen ditugu hitzak falta zaizkigunean edo ez ditugunean hitzak ezagutzen. Maileguak hartu beharrean, zergatik ez ditugu sortzen?”. Hori da euren buruei galdetzen ziotena proiektuarekin hasi zirenean.

Asko dira hiztegian jaso dituzten hitzak. Marioker Alvarezen proposamena da kuir pertsonak izendatzeko. Soropila, berriz, Katalinak bizikletan taldearen ekarpena da bolleraren euskarazko alternatiba gisa erabiltzeko–. Alvarezek azaldu digu: “Katalinak bizikletan sortu genuen emakumeentzat eta bibolloentzat espazio seguru bat sortzeko. Bertan, hala nola mekanika tailerrak egiten genituen. Sororitatea eta opila hitzekin jolastuz sortu genuen. Ibilbide laburra izan zuen, baina Iruñera iritsi zen”. 2010. urtean sortu zuten hitza, baina gaur egun ez dute erabiltzen. Lesbisitaria harreman lesbiko baten esperientzia izateko gogoa edo irrika duen emakume heterosexuala izendatzeko Alvarezen proposamena. Gaztelaniazko heterocuriosa-ren baliokidea da. Beste hitz bat da bekatorosak: bekatariak esan nahi du, eta Dom Campistron marrazkilariaren liburu grafikoaren izenburua da. LGTBIAQ+ pertsonak izendatzeko erabiltzea proposatzen du erlijio katoliko hegemonikoak sustatzen duen bazterkeriaren aurreko erantzun kuir gisa.

 Maiana Etxeberri: “Galdeketak partekatzen ditugu, eta hitz jokoak egiten ditugu euskara gureganatzeko eta hitzekin jolasteko”


Hautu politiko bat
Yecorak azaldu duenez, 60ko hamarkadan, batez ere homosexual hitza erabiltzen zuten, eta poliki-poliki gay eta marikoi hitzak bereganatzen hasi ziren: “Urteekin ikusi dugu hitzek zer-nolako balio politikoa duten, eta irainak birjabetzen hasi gara”. Orain, modu askotara adierazten dute nor diren, eta hala nola marikoi, maritxu, marimutil, eta marioker erabiltzen hasi dira: “Orain eroso sentitzen naiz neure burua maritxu izendatzen, hautu politikoa delako”.

Baserri mundu “klasikokoa” da Etxeberri, eta horren ondorioz urte asko eman ditu bere burua izendatzen: “Euskal Herrian ez nuen goxotasunik aurkitzen neure burua deskubritzeko. Hori dena deskubritzen joan naiz sexilioan”. Duela gutxi itzuli da Euskal Herrira, eta lesbiana zein bollera hitzak baliatzen ditu. Ipar Euskal Herrian lesbiana hitzak Hego Euskal Herrian daukan adina indar duela nabarmendu du: “Ipar Euskal Herrian eta Frantzian lesbiana izatea oraindik tabu handia da eta oso negatiboa da”.

Izan ere, kuir mugimendua urratsez urrats heltzen ari da Ipar Euskal Herrira: “Gazteria tokia eta askatasuna hartzen ari da”. Etxeberriren ustez, azkeneko hamabost urtetan leku batzuk asko aldatu ez diren arren, “txikinaka” kolektiboak eta espazioak sortzen ari dira: “Oso manera politean eta maitasunez beteta heldu dira, eta oso eragin polita daukate”.  Horren adibide dira, besteak beste, Bekat’uros besta eta Altxalili eta Bitxi-bitxi kolektiboak.

Bekat’uros eguna da iaz Atharratzen (Zuberoa) lehenengo aldiz egin zuten LGTBIAQ+ besta, eta bertan aurkeztu zuten Altxalili show ikuskizuna. Altxalili landa eremuan sortu den LGTBIAQ+ kolektiboa da, eta identitateak zalantzan jartzeko espazio bat eta helduleku bat da Etxeberrirentzat: “Galdeketak partekatzen ditugu, eta hitz jokoak egiten ditugu euskara gureganatzeko eta hitzekin jolasteko; hala nola mileskuir, milesker esateko eta onegouine gouine da bollera frantsesez– on egin esateko”. Horrez gain, ez-binarismoan “lasaiago” kokatzeko lekua ere bada Altxalili: “Mugekin jolasten dugu eta kabaretak errepresentazioak sortzen laguntzen digu. Batzuetan niregana hurbildu dira ez dakitelako emakumea edo gizona naizen, eta hori altxor bat da niretzat”.

Argazkia: Zoe Martikorena.


Xoka: hitano ez-binarioa
Euskarak genero binarismoari ihes egiteko tresnak dituen arren, nabarmendu dute beste hizkuntzek bezala generoa markatzen duela. Izan ere, euskaraz ere badira zenbait hitz genero markak dituztenak; hala nola ahizpa, neba, arreba edo anaia. “Euskaraz senide eta haurride ditugu”, esan du Alvarezek. Yecorak aldiz, arrahizpa erabiltzen du batzuetan: “Ez arreba eta ez ahizpa”. Genero markarik gabeko euskararen bila ari zirelarik, xoka asmatu dute EHGAMeko kideek. Hitano ez-binarioa sortzeko proposamena da, eta helburua da tokaren k edo nokaren n beharrean, x erabiltzea. Hau da: “Gustatu zaidak” edo “gustatu zaidan” erabili ordez, “gustatu zaidax” erabiltzea pertsona ez-binarioekin.

“Geroz eta jende gehiagok izendatzen du bere burua ez-binario, eta gure kezketako bat izan da hizkuntza gaur egungo moldeetara egokitu behar dela. Espainolez, italieraz eta katalanez formulak bilatzen ari dira, eta geu ere bai”, azaldu du Yecorak. Hala ere, bidea oraindik “luzea” dela uste du. Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak egin zituzten Iruñeko Laba espazioan, sexu-genero disidentziak eta euskara uztartzeko, eta bertan xoka aurkeztu zuten: “Bazterrak mugitu ditugu eta erresistentziak daude, baina besteek zer esaten dutena ikusita ere, beste batzuetan bezala, ez dugu amorerik emango”.

Amaia Alvarez Uria: “Euskara zikindu behar dugu, eta gero ikusiko dugu zerk duen indarra”


Gaztelaniaz e hizkiaren bidez erabiltzen da genero neutroa, frantsesez iel eta katalanez i. “Oso testuinguru politiko eta disidenteetan erabiltzen da iel”, azaldu du Etxeberrik. Horregatik, ez da ausartzen zenbait eremutan erabiltzen: “Nire burua bollera eta lodi izendatzea zaila da, eta horrek jendearekiko lanketa handia dakar. Ez-bitartasuna gehituko banu, pisu ainitz izanen zen”. Neutroa erabili beharrean, esaldien ordena aldatzen ere saiatzen da, genero markarik gabeko formulak aurkitu arte.

Hitz jokoetatik praktikara
Proposamen asko daude mahai gainean, eta Amaia Alvarezen arabera, “gutxinaka” ikusiko da zeinek egiten duen bidea: “Orain da momentua ikusteko zein proposamenek pizten digun arreta, zein probatu nahi dugun eta zeinek egiten duen bidea. Buru eta bihotz oso politak ari dira pentsatzen”. Marioker hitza sortu du Alvarezek kuir pertsonak definitzeko, eta dagoeneko hitza bere bidea egiten ari da: “Oso polita izan da mariokerrak erabiltzen dela ikustea”. Kalean erabiltzeaz gain, liburu forma ere eman diote Mariokerra: Nola esan/izan bollera euskaraz? liburuaren bidez.

Hitz batzuek liburu forma hartzen dute, eta beste batzuek, aldiz, kanta itxura. Horren adibide da, Yogurinha Borovak eta Albina Stardustek elkarrekin egin duten Tuli-tuli kanta. Yecorak kantaren lehen zirriborroan parte hartu du. Maritxuek ligatzeari erreferentzia egiteko tuli-tuli esaten zuten 1980ko hamarkadan.

EHGAMen mari aurrizkia askotan erabiltzen dutela esan du Yecorak: “Maritopaketak, marimenua, maribazkaria eta beste”. Horrekin aniztasuna erakutsi nahi dute: “Ez da soilik marikoia izatea; mariokerrak, maritransak eta abar izan gaitezke”. Altxalilin, aldiz, kuir atzizkia erabiltzen dute; hala nola, mileskuir eta korrikuir.

Kepa Yecora xokaren erabileraz: “Bazterrak mugitu ditugu eta erresistentziak daude, baina besteek zer esaten dutena ikusita ere, ez dugu amorerik emango”


Euskaltzaina hiltzeko beharra
Hitz batzuek bidea egiten dute, eta beste batzuek ez, baina, horretarako, “esperimentatu” eta “jolastu” behar dela uste du Alvarezek: “Euskara zikindu behar dugu, eta gero ikusiko dugu zerk duen indarra”. Horretarako, euskaldun orok duen euskaltzainari erreparatu beharra dago: “Asisko Urmenetak esaten duen bezala, euskaltzain bat dugu barruan beti gogorarazten diguna arauak bete behar ditugula”. Horrek, maila indibidualean zein kolektiboan “tentsio handia” eragiten duela uste du: “Barruko euskaltzaina hil behar dugu”.
Bat egin du horrekin Yecorak, eta nabarmendu du “benetan freskoa” den hizkuntza lortzeko zer-nolako hitzak eta moldeak erabili aztertu beharra dagoela: “Ez diezaiogun men egin beti Euskaltzaindiari; hizkuntzek ez badituzte gure beharrak asetzen okupatu beharko ditugu”. Horrekin batera, espazioei ere erreparatu behar zaiela uste du: “Toki hurbilak ere okupatu behar ditugu. Sexilioa normalean gune handietara egiten dugu, eta gune horietako hizkuntza nagusia ez da euskara”.

Bat egin du horrekin Etxeberrik, eta gehitu du euskara elikatu behar dela iraganeko, oraingo eta etorkizuneko hitzekin. Gaineratu du barruko euskaltzainak “zinez” hil egin zuela txikitan: “Etxean frantsesez aritzen ziren, eta ikastolan ez nuen ongi pasa. Pentsatzen nuen ez nintzela ongi moldatzen euskaraz eta ez zela garbia”. Oso zapaldua sentitu da kolegiora arte, eta zapalkuntza “sobera bortitza” zenez, eskola utzi behar izan zuen denboraldi batez: “Zinez gorrotatu ditut euskara eta Euskal Herria, eta aldi berean, euskaraz bizitzeko gogotsu nintzen”. Beti izan du gatazka: “Euskal Herria maite dut eta euskaldun gisa bizi nahi dut, baina aldi berean hain zapaldua izan naizenez ezin naiz goxo eta errespetatua sentitu”.

EHGAMeko kide batzuek xoka asmatu dute, hitano ez-binarioa sortzeko proposamena da.


Horregatik, baserri munduan Altxalili sortu izanak “on handia” egin dio eta hizkuntzarekin eta Euskal Herriarekin duen harremana lasaitzen lagundu dio: “Euskaraz bizitzen eta arnasten laguntzen dit. Ikaragarria da Altxalilik baserri munduko jendartean duen eragina”. Horrez gain, hitz berriak sortu, eta identifikatzeko formula berriak bilatzeko lekua ere bada kolektiboa.

EHUko irakaslea da Alvarez, eta esan du ikasleek euskara eskolara lotzen dutenez, hortik kanpo erdaraz egiten dutela: “Ez dira euskararekin identifikatuta sentitzen, eskolarekin lotzen dutelako”. Horregatik, uste du eskolaren eta euskararen arteko lotura apurtu eta beste espazioetara zabaldu behar dela: “Mariokerrak liburuarekin ikusi dugu militantzian geroz eta gehiago erabiltzen dela euskara”. Gaineratu du hizkuntzaz jabetzeko zenbait fase errespetatu behar direla: “Hitzak falta bazaizkit, asmatu edo beste hizkuntza batetik hartuko ditut, eta ez banaiz gai dena euskaraz egiteko, erdaraz busti eta zikinduko dut, pixkanaka erdara behar ez izan arte”.

Hitzekin jolasteko prozesua “natural” eta “oso plazeretik” ateratzen dela esan du Etxeberrik. Bat egin du Yecorak: “Profitatzen dugu ongi pasatzeko eta irri egiteko. "Dantzatzen ez bada ez da nire iraultza" esaten da, ba guk ez badugu irritan egiten, ezta ere”. Gaineratu du pertsona sexu-genero disidenteak “probokatzaileak” izan direla beti: “Borroka da bidea ez, probokazioa da bidea. Norbanakoek egiten dutenean arrisku handiagoa dago, baina taldean gaudelarik indartuta eta ahaldunduta gaude. Asko miresten eta eskertzen dut Altxalilin egiten duzuena”. Horrekin batera, “maitasunez” egiten dutela esan du Etxeberrik. “Eta umoretik”, gehitu du Alvarezek. Irribarre artean eta mileskuir esanez agurtu dute elkar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Hizkuntza politika "sendoak" eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


2024-05-16 | Euskal Irratiak
Mattin Irigoien
"Berrikuntzak frantsesaren eskutik heldu badira, zaila izanen da geroan euskaraz bizitzea"

Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.


2024-05-15 | Cira Crespo
Hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen begiradatik
Euskararen konplizeak Gasteizen

Erreportaje honetako protagonistak Gasteizen bizi dira eta hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten dute: amazigeraz, galegoz, mirpuriz eta guaranieraz, hurrenez hurren. Soumia Berkani Ben Yahia, Toni Cid Armanda, Altaf Hussain, eta Sonia eta Delcy Godoy Bizzozzero dira. Euskal... [+]


2024-05-15 | Aingeru Epaltza
Enpatia ardatz

“Gero eta aldeko gehiago”. Euskaltzaleen Topaguneak halako izenburua duen dokumentua aurkeztu zuen lehengo apirilean Iruñean.

Nafarroan euskararen inguruan ari den jende aunitzen artean aspaldi handitik dabil kezka herrialdeko gizartearen zati handi bat... [+]


Eguneraketa berriak daude