Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

  • Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko aukera, arriskatzeko askatasuna eta gaitasuna frogatzeko balizko erakusleiho bat. Baina nola eramaten da kanta bat irudietara? Zenbat du lan horrek militantziatik? Egin daitezke bideoklipak marketinaren joko-arauetara makurtu gabe?

Arriguri (Copyright)
Arriguri (Copyright)

Badira gutxienez lau hamarkada musika eta bideoa estuki lotuta aurkezten zaizkigula. 1981ean sortu zen MTV katea eta hamarkada horren amaieran iritsi ziren formatuaren oihartzunak euskal eszenara. Baina urte guztiotako bideoklipei begiratuta, bada uzta garaikidea zaharragoengandik bereizteko motiborik. Kopuruaren gorakada da bat: 2023ko irailetik hona, euskal abesti bat oinarri duten 62 ikus-entzunezko berri jaso ditu Badok atariak. Ez da aitzakia bakarra. Nabarmendu diren musikari gazteen lana errepasatu besterik ez dago: agerikoa da, bideokliparen bidez, euren proposamen artistikoari geruza gehiago eransteko egin duten ahalegina. Talde edo bakarlari askoren ibilbidea adinkide eta lagun dituzten ikus-entzunezko sortzaileen belaunaldi berri(ago) batekin paraleloan garatu da. Musikariak entsegu lokaletan utzita, kamera eta argi arteko lanean dabiltzan horiengan jarri dugu fokua.

Beharrizanetik beharrera
Asko dira zenbaitek “euskal bideoklipgintza berri bat” ahotan hartzearen erantzuleak. Baina zerrenda horretan azpimarratu beharreko izenik bada, Arrigurirena da. Xabi Ojinagak, Asier Renteriak eta Ander Mateosek osatu zuten ekoiztetxea, eta bideoklip bat izan zen, hain justu ere, hirurak batu zituena. Urgatz taldeko kide ziren Renteria eta Ojinaga, eta haien bideokliparekin laguntza eskatuz jo zuten Mateosengana. Esperientzia ona izan zen, antza. Geroztik, eta 2016an Arriguri sortu zutenetik, lan-taldeko aldaketak gora-behera, dozenaka bideoklip egin dituzte: mimo handiz, nazioarteko bideoklip puntakoenetako joerak begirada pertsonalarekin uztartuta. Bestelako ikus-entzunezkoak ere egiten dituzten arren, musikariekin –edo haientzat– egin dituztenak dira arreta gehien bereganatu duten lanak, eta eraman dituenak, gerora, bestelako eskaerak jasotzera. Ez da plan baten ondorioa izan, Ojinagaren arabera: “Normalean ez dugu ezer asko planifikatu edo pentsatzen. Bideoklipak egiteko beharrizanagatik ezagutu ginen, eta gaur arte”.

Mario Lezaun / Badator (Copyright)

Geroago abiatu baziren ere, ez da oso bestelakoa Badator estudioak egin duen bidea. Ander Merinok eta Thomas Ibarrolak zuzentzen duten ekoiztetxearen lan askotan musika da abiapuntua. Izaroren Limoiari eztia dokumentala eta Cerodenero diskoa osatzen duen bideoklip-sorta ondu dituzte, besteak beste. Bideoklipen garrantzia auzitan jartzen den garaiotan, duten balioa aldarrikatzen du Merinok. “Badira batzuk esaten dutenak gaurko musikan gitarra distorsionatu edo autotune gehiegi dagoela. Bideoklipekin ere berdin. Hori artista bakoitzaren erabakietako bat besterik ez da”. Irudia gehituko dioten elementuak erabiltzeak musikariaren proposamenari beste dimentsio bat ematen diola dio, eta berari, musikaria ere baden neurrian, ezinbestekoa iruditzen zaiola hori baliatzea.

Aberastu egiten du…
Merina Gris, Hofe, Zea Mays, Huntza, Izaro, Amorante… Badatorrek zein Arrigurik egindakoak azken urteetako bideoklip txalotuenen artean daude. Formatu analogikoen erabilera edo argazki-zuzendaritzan egindako lan fina dira bereizgarri egiten dituen ezaugarrietako batzuk. Hori bai: haiek hasitako bide hori beste askok urratu eta zabaldu dute gero. Ojinagak dioenez, asko zoriontzen dituzte, haienak direlakoan, beste batzuek egin dituzten bideoklipengatik. “Hasi ginenean baino jende gehiago dago orain honetan, eta tartean talentudun gazte asko daude. Artistikoki asko aldatu da, hobera”.

Arriguri (Copyright)

Arrigurikoen lana inspirazio zaion bideogileetako bat da Ane Berriotxoa zornotzarra. Dioenez, bideokliparen sektorea indartsu egotearen arrazoi nagusia musika eszena ere indartsu egotea da. “Askotarikoa eta aberatsa da panorama musikala, eta hori inspirazio handia da ikus-entzunezko egileentzat”. Zinema gehiago interesatzen bazaio ere, gustua hartu dio bideoklipak egiteari. Eire taldearen, Olatz Salvadorren edo Olaia Inziarteren abestien ikus-entzunezkoak zuzendu ditu, besteak beste. Merinoren bide beretik, uste du musikaren bueltan dauden ilustratzaile, argazkilari eta abarren sare oso interesgarria dagoela, izugarrizko lan ona egiten ari dena. “Inguruan dauden artista horiek guztiek euskal musika aberasten dute”.

… baina ez du dirurik ematen
Irudiz aberastu daiteke abesti edo disko bat, hortaz. Lan hori eginez bizibidea atera ote daitekeen, beste kontu bat da hori. Merinoren arabera oso zaila da, musikari gehienen egoera prekarioa dela jakinda, bideoklipak eginez bizi daitekeenik pentsatzea. Badator estudioan behintzat, beste lan batzuk uztartuta soilik egin ahal izan dute aurrera. “Exijenteak gara gure buruarekin, eta gaur egun egiten diren mailako lanak egin ahal izateko, beti sartu behar dira kobratuko direnak baino ordu gehiago”. Antzera gertatzen zaie Arrigurin ere, Ojinagak aitortu duenez. Duela gutxi arte, bi edo hiru lagunen artean egiten zuten dena, baina gero eta jende espezializatu gehiagorekin batu dira azken boladan. “Horrek eraman gaitu artistikoki lan potoloagoak egitera, baina lanak konplexuago ere egin ditu, eta, normala denez, talde gehienek ez dute lan hori ordaintzeko behar beste diru”.

Ane Berriotxoa: "Askotarikoa eta aberatsa da panorama musikala, eta hori inspirazio handia da ikus-entzunezko egileentzat"

Mattin Saldias argazki zuzendaria eta musikaria da. Barru-barrutik ezagutu ditu azken urteetan egin diren bideoklip askoren lan prozesuak. Dioenez, gauzak ahalik eta ondoen egin nahi izateko joera dute askotan, baina horretarako asko jarri behar izaten dute euren partetik: gehiegizko ardurak hartu, material propioa jarri, elkarri mesedeak eskatu… Argi du belaunaldikide dituen egileen artean sortu duten bideoklipen maila hori ez dela erabat jasangarria. Ez behintzat alokairua eta autonomoen kuota ordaindu behar dituenarentzat. Bat dator Ojinaga: behar material gutxienekoak kubritzeko ingurukoen laguntza dutenak dira, askotan, halako proiektuetan mantentzeko gaitasuna dutenak. “Bestela oso zaila da”.

Zer da, orduan, bideoklipen maila altu hori sostengatzen duena? Saldiasen ustez, gauzak egiteko grina: “Bideoklipak egin ditzakezu teknika berriak edo materiala probatzeko, edo ideia asko gustatu zaizulako, edo uste duzulako talde jakin batek merezi duela bideoklip on bat. Batzuetan nahikoa zaizu lan hori egitea, doan izanik ere. Baina zaila da motibazio horri denbora luzez eustea”.

Arriguri (Copyright)

Askatasun eremua
Motibazio hori ez itzaltzeak lotura du askatasunarekin, Ander Merinoren arabera. Musika taldeak proposamenak jasotzeko prest egon ohi dira, eta bideogileek telebistan edo publizitatean ez duten askatasuna dute haien lanaren nondik norakoak erabakitzeko. “Askatasun hori gabe zentzua galduko luke gure lanak. Horrek mantentzen gaitu honetan”.

Ander Merino: "Gaur egun egiten diren mailako lanak egin ahal izateko, beti sartu behar dira kobratuko direnak baino ordu gehiago"

Ane Berriotxoak askatasuna bezainbeste estimatzen du musikariekin elkarlanean ideia bat garatzeko prozesu hori. “Egon behar da entzute oso aktibo bat bi aldetatik. Nik errespetatu behar dut musikariak transmititu nahi duen hori, eta hortik, niretik edo nik ditudan gaitasunetatik, ekarpena egin gero. Orduan sortzen dira gauzarik berezienak, bi aldeek ulertzen dugunean zer ari garen egiten eta zergatik”. Hasierako ideiari gehiago erreparatzeko premia sumatzen du Saldiasek: “Argazki zuzendariaren lana gero dator, baina lehenengo pausoa zerbait transmitituko duen ideia lantzea da. Hori ondo egiteak lan eta diru asko aurrez dezake, eta ez dugu beti kontuan hartzen”.

Hurrengo pausoa: fikzioa?
Bistan da: euskal musikariek gertu dituzte talentu eta pasio handiz lan egiten duten ikus-entzunezko egileak. Egindako bideoklip horiei esker sortu dira harreman sareak; eta gazte asko trebatu dira haien gaitasunak eta begirada zorroztuta. Besterik da, epe luzera, bideoklipekin estuki lotuta hasitako bideek zein norabide hartuko duten. Berriotxoari zinema egitea gustatuko litzaioke, adibidez; besteak beste, bideoklipen dinamikak askotan behartzen duelako erritmo azkarregietan lan egitera. Fikzioa edo dokumentalak egin ahal izateko baliabideak lortzeko saiakera (ustel) bat baino gehiago egin dituzte Arrigurin eta Badatorren ere; baina sos horiek lortzeko ez da nahikoa bideoklip curriculum oparoa erakustea. Aitortzen dutenez, hala ere, ahalegintzen jarraitzeko indarrez daude oraindik. Nork daki: agian, hemendik gutxira, haiek izango dira musikarien atea joko dutenak: “Aizue, konposatuko zenukete soinu-banda bat gure filmerako?”.

MTV-tik Instagramera

Aktualitatearen distirak ez itsutzeko, komeni da “kalte-bideoklipen” artxiboan arakatzea.

Adituak ere ez datoz bat lehen aitzindariak bilatzen dituztenean. Zenbaitek –eta hala jasotzen du, adibidez, Wikipediak– Elvis Presleyren 1957ko Jailhouse rock abestiarentzat egindako ikus-entzunezkoa aipatzen du mugarri gisa. Bideoklipa egonkortu eta estandarizatu zuen gertakaria argiagoa da: 1981ean sortu zen MTV katea, 24 orduz bideoklipak eskaintzen zituena, eta bilakatu zituena, orduan bai, marketin tresna definitibo. Eta euskal eszenan zer? Hau idazten ari den honek Fermin Muguruzaren Big Beñat abestiarentzat Korrikak egindako bideoa du gogoan. Gerora zinegile gisa ibilbide oparoa izan duten Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendu zuten 2001an, hautsak harrotu zituen lan hura. Baina sei urte lehenago ere, 1995eko Korrikak dagoeneko izan bazituen kantua eta bideoklipa. Ordurako antzeko lanak egiten hasia zen Iker Treviño bideogile eibartarra. 1989an hasi zen horretan, gertukoak zituen Su Ta Gar edo Cancer Moon gisako taldeentzat, hain justu. Hori bai, orduan ere, sos gutxirekin. Gogoratzen du garai hartan euskal musikak ez zuela ia ikus-entzunezko adierazpenik, eta hutsune hori betetzea zela motibazio nagusia. “Bideokliparen hizkuntzarekin jolasten eta taldeen estetika lantzen hasi ginen”.

Gerora bai, Sony eta Warner gisako zigilu erraldoiekin kontratuak zituzten taldeentzat lan egin zuenean, lortu zuen Treviñok bideoklipei esker bere bizibidea ateratzea, beti ere beste lan batzuekin uztartuta. Ezagutu zuen bideoklipak marka komertzialen publizitatea egiteko erakusleihoa bilakatu zireneko garaia ere: errealizadore gisa, marka jakin bat modu ahalik eta naturalenean nabarmentzeko moduen bila aritu behar izaten zuen. “Gastu bat izatetik, etekina ateratzeko tresna izatera igaro zen bideoklipa batzuentzat”. Ez zion utzi, haatik, euskal musikarientzat lanak egiteari. Ruper Ordorika, Fermin Muguruza edo Benito Lertxundiren abestiei irudiak jarri dizkie, besteak beste.

Gaur egun bideoklip gutxiago egiten ditu  –azken lanetako bat Vinu, cantares i amor kantaren Anariren bertsioarentzat egindakoa izan da–, baina arretaz jarraitzen du besteek egiten dutena. Aitortzen du Arriguriren agerpenak sorpresaz harrapatu zuela, eta berehala izan zuela, aspaldiko partez, “zerbait berria” gertatzen ari zenaren sentipena. Zentzu horretan, uste du haiek eta atzetik etorri direnek jakin dutela bideoklipari heltzeko bide berriak lantzen, eta egokitzen, bere arriskuekin, sare sozialek hainbesteko pisua duten garai globalizatuago hauetara. Hori bai, sumatzen du, orain ere, euskal musikarien bideoklipak egitea ez dela patxadaz bizitzeko helduleku egokia izango. Beste kezka bat ere badu: ondo dago sarean erreferentzia garaikideak bilatzea, baina inspirazioa beste leku batzuetan ere bilatu behar da. “Bestela, dena kopiaren kopia izateko arriskua dago”.


ASTEKARIA
2024ko martxoaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikus-entzunezkoak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-02 | Sustatu
Wikiflex: Wikipediaren filmoteka, streaming modura

Wikiflex da Wikipediako Netflix moduko bat. Entziklopedia libre globalaren multimedia atalean, Wikimedia Commons-en, hainbat ikus-entzunezko material daude, eskubidez libre izatera pasatu diren film asko barne. Programatzaile batek, Magnus Manke alemanak, horien... [+]


2024-01-23 | Leire Artola Arin
Zine emanaldien %1 baino gutxiago izan da euskaraz 2023an

Jatorriz euskaraz diren soilik lau film estreinatu dituzte Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan; gaztelerazkoak 564 izan dira. Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak neurriak hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude