‘Los lunes la sol’ edo lana autoerrealizazio gisa


2025eko urriaren 21ean - 12:47
Azken eguneraketa: 2025-10-22 18:42
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Los lunes al sol  (Astelehenak eguzkitan)

Fernando León de Aranoa (2002)

Zer: Filma

Herrialdea: Espainia

Iraupena: 114 minutu

Non ikusi: Prime Video, HBO Max, Movistar eta Filmin

------------------------------------------------

Le Lundi Au Soleil, Claude François artista frantsesaren 1972ko kanta arrakastatsua, herrialde hartako langileek kontsignatzat hartu zuten 1970-80. hamarkadetan emandako greben harira. Kanta, langilearen ametsa den denbora libreaz mintzo den bitartean, modu ironikotzat erabili zuten mezu hori, langabeziaren ondorioz denbora libre behartu batean bizi zirenak deskribatzeko.

Ideia hori Espainiak urte batzuk geroago izango zuen egoerara ekarriz sortzen du filma Fernando León de Aranoak. Penintsularen iparraldeko ia edozein leku izan zitekeen protagonista. “Industria birmoldaketa” delako eufemismoa erabilita ehundaka langileren kaleratzea ekarri zuen fenomeno horren garaian kokatzen baita pelikula.
Hasiera ia disonantea duela esan daiteke. Godoyren musikak, armonika eta gitarra soinuez, lasaitasuna, patxada eta udako arratsalde epeletako nagikeria dakartza gogora. Ostera, León de Aranoak musika hori Xixoneko (Asturias) NAGISA ontziolako beharginek egindako protesten irudiekin lotzen du. Eta, beharbada, horretaz doa kontua: ezer gertatzen ez dela ematen duenean ere zeozer gertatzen dela konturatzeaz.

Filmak industria-birmoldaketa horren biktima izan diren lankide-ohi talde bat aurkezten digu. Hiru urte pasa dira lana egiten zuten ontziola itxi zutenetik produkzioa Koreara eramateko, eta paradigma horretan protagonistek bizitzeari utzi diote bizirauten hasteko. Batzuk oraindik langabezian daude, beste batzuk lan berri bat dute, eta badaude beraien negozioa zabaldu dutenak ere. Dekadentzia da nagusi. Eta miseria.

Ez da pelikula polita; ez da pelikula erraza; ez da pelikula erosoa; ez da pelikula alaia; eta amaitutakoan deseroso laga ninduen. Orduan, zergatik ikusi?

Beharbada, protagonistek duten karismagatik; agian, elkarrizketen sakontasun sinpleagatik; akaso, gizarte eta erlazio rolak lantzeko duen sentsibilitateagatik; apika, lanak duen garrantzia aztertzen duelako, hura gabe, zoritxarrez, zer garen eta nora goazen jakin ezta garatzen garelako, gizartetik kanpo; edo soinu-banda ezin egokiago bat entzuteko.

Nik obra hau gomendatzeko hautua egin badut, deserosotasun horrexengatik da. Bizitza osoa derrigorrean egiten dugun hori kentzea, derrigortasun hori izatea baino kondena handiagoa dela aurpegiratu didalako. 


Eguneraketa berriak daude