Euskaraldiaren atarian, beste behin, Pantailaldia egingo da. Maiatzaren 6tik 15era iraungo du, eta euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea izango da helburua.
Baina non gaude, non dago euskara ikus-entzunezkoen mundu zabalean, nora goaz? Zein hutsune, zein erronka identifikatzen ditugu? Eta batez ere: gauzak hobetu nahi baditugu, nondik has gaitezke? Hainbat kezkaren bueltan solasean ipini ditugu Pantailak Euskaraz, Zer Non Ikusi eta Azpitituluak.eus-eko kide bana.
Mota guztietako pantailetan eta formatuetan, euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edota sortzeko erronka da Pantailak Euskaraz mugimenduak herritarrei planteatuko diena Pantailaldian. Haiek dira egitasmoaren bultzatzaileak, eta honela aletu ditu Alex Aginagaldek Pantailaldiak izango dituen erronkak: “Alde batetik, jakina, euskarazko ikus-entzunezkoen eta eduki digitalen kontsumoa sustatu nahi dugu, herritarrak animatu nahi ditugu horretara; baina beste alde batetik dei egin nahi diegu erakundeei, agerian utzita euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia txiki eta mugatua, eta eskatu nahi diegu har ditzatela hori hobetzeko neurriak, garatu dezatela estrategia sendo bat. Iruditzen zaigu, euskarak etorkizunean aurrera egingo badu, ezinbestekoa dela horretan ere indarrak ipintzea”.
Duela bi urte eta erdi, 2022ko azaroko Euskaraldiaren atarian antolatu zen estreinakoz Pantailaldia. Positiboki baloratu zen, bai komunikabideetan izandako oihartzunagatik, baita jendearen parte hartzeagatik ere. Azken hori argi ikusi zuten Zer Non Ikusi atari digitalean, hala kontatu digu Mikel Eizagirrek: “Orduko hartan orain baino dezente jende gutxiagok ezagutzen gintuen, sortu berri-berriak ginelako, baina Pantailaldiaren egunetan bisitak biderkatu zitzaizkigun”. Zernonikusi.eus web orriak katalogo gisa funtzionatzen du. Izenak esaten duen moduan, zer eduki zein streaming plataforman dagoen ikusgai adierazten du, izan jatorrizko bertsioa euskaraz delako edo izan euskarara bikoiztuta edo euskarazko azpidatziak dituelako. Era berean, azpi-atal batean, Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz ikus daitezkeen pelikulak zeintzuk diren ere adierazten dituzte, herria eta egun eta orduak jakinarazita. “Ez nekien euskaraz ikus zitekeela” eta gisako aitzakiei ez die tarterik utzi nahi Zer Non Ikusik.
Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz: "Agerian utzi nahi dugu euskaraz ikus-entzunezkoetan duen presentzia txikia"
Azpitituluak.eus web orria, bestalde, euskarazko azpidatzien artxibategi handia da, oro har nazioarteko filmen azpidatzi testuak kode irekian eskuratu daitezkeena. Gehien-gehienak pelikulak badira ere, telesailak batuta ia 2.000 eduki daude eskuragarri. Jarioa, ordea, ez da duela bost-bat urte artekoa bezalakoxea. Dena dela, atari digital horren atzean dagoen Luistxo Fernandezek uste du film sorta dotorea aurki daitekeela: “Ez nizuke esango zinemaren historiako ehuneko handi bat hor dagoenik, baina lagin on bat badago; artxibo gisa du balio gehiago, ez baita aktualitateari atxikitako tresna bat, baina material interesgarria dago”.
Eskaintza: mundu masiboan, euskara non?
Ez da askotan gertatzen, eta gertatzen denetan esan egin behar izaten da. Aurreko Pantailalditik hona, bi urte eta erdian, egoerak hobera egin du: euskararen presentzia igo egin da ikus-entzunezko plataformetan. Kantitatez bai, eta proportzioan ere bai. “Ez nahi eta behar beste, ordea”, esan dute elkarrizketatuek. Hobetzea ere, aitortzen dute, ez zela hain zaila; kaskarra zen duela bi urteko egoera.
Lehenik eta behin, Aginagaldek nabarmendu duenez, azpimarratzekoa da EiTBk Primeran sortu duela, baita haurrentzako edukiak biltzen dituen Makusi ere. "Aktibazioa" egon da erakundeen partetik, bere arabera, herritarrek eginiko eskaerak argiak izan direlako. Baina euskarazko plataforma horietatik harago begiratuko dugu erreportaje honetan.
Pantailak Euskarazeko eta Zer Non Ikusiko kideek adierazi dutenez, duela bi urte eta erdi oso gutxi ziren streaming plataformetan euskaraz ikus zitezkeen edukiak [jatorriz euskaraz direnak edo bikoiztuta edo azpidatzita euskaraz ikus daitezkeenak; horiei buruz ari gara “euskaraz ikusgai” diogunean]: plataforma ezagunen katalogoak batuta, dozena bat film baino ez zeuden euskaraz ikusgai 2022an. Gaur egun ehunka dira: erreportaje hau idazten ari garen unean, Netflix-en 266 eduki daude euskaraz eskuragarri, Amazon Prime Video-n 251, HBO Max-en 50 pasatxo eta Movistar Plus-en beste hainbeste. Horiek dira plataformarik ezagunenak edota erabilienak Euskal Herrian. Dena dela, plataformen artean euskara gehien eskaintzen duena Filmin da, 315 edukirekin. Ez kasualitatez. Izan ere, harekin lankidetzan aritzen dira Pantailak Euskarazekoak; azpitituluak.eus-eko azpitituluak pasatzen dizkiete.
“Panorama aldatu da”, dio Aginagaldek. Netflixen eta Prime Videon, gutxi gorabehera, katalogoaren %2-3 dago euskaraz, eta duela bi urte %0,1 zen: “Igoera nabarmena da, baina ehunekoak segitzen du oso txikia izaten”.
Dagoen gehien-gehiena azpidazketa da. Esaterako, Netflixek eskaintzen dituen 266 edukien artean, 227k dute euskarazko azpidazketa eta 39k audioa; eta Prime Videon, 251tik 189k azpidazketa eta 62k audioa. Dena dela, bai Pantailak Euskarazeko Aginagaldek eta bai Zer Non Ikusiko Eizagirrek zera azpimarratu dute: bi multinazional horietan, film eta telesail "onenak" –edo garestienak, bederen– euskarara bikoiztuta eman direla estreinatu ziren unetik bertatik. Netflixen kasuan The Electric State edo Estatu elektrikoa, bere historiako filmik garestiena izan dena; eta Prime Videon The Rings of Power edo Boterearen Eraztuna, sekula Amazonek egin duen telesailik garestiena.
Mikel Eizagirre, Zer Non Ikusi: "Azken bi urteotako igoera nabarmena da, baina gutxi dira oraindik euskarazko edukiak plataformetan"
Ez pentsa, baina, plataformen politika denik film edota telesailik onenak euskarara ekartzea: erabaki zentzugabeak edo bestelako interesik duen erabakiak hartu izan ditu esaterako Amazonek. Aurten, gizonezkoen Real Madril futbol taldearen telesail dokumental bat azpidatzi du Prime Videok. Concha Velascori buruzkoa ere duela gutxikoa da. Eta, Luistxo Fernandezek oroitu duenez, Amazonek euskarara ekarritako lehenbiziko lanetako bat izan zen Don Omar reggaeton abeslari espainiarraren dokumentala.
“Zenbat ikustaldi edukiko dituzte euskarazko azpidatzi horiek?”, galdegin du Fernandezek. “Metrikari kasurik egingo ez balio bezala dabil bereziki Prime Video”. Helduei zuzendutako gaztelaniazko ekoizpen bati euskarazko azpidatziak ipintzeko inbertsioa egitea, beste aukera batzuk baztertuta, egiari zor, zentzugabea da; euskaraz dakien gehiengo zabalak ulertzen du gaztelania, eta, hortaz, ez lituzke azpidatziak ipiniko.
Legea betetzeko ari al dira?
Erreportaje honetako hiru elkarrizketatuei horixe galdetuta, zera erantzun dute: “Zein lege? Espainiako Ikus-Entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra fikzioa da”.
2022ko maiatzean onartu zuen legea Espainiako Kongresuak. Euskalgintzaren alorretik, katalanaren eta galegoaren bultzatzaileekin elkarlanean, xedapenak sartu nahian ibili ziren azken uneraino. Eskatzen zuten streaming plataformetako katalogoen %6a gutxienez hizkuntza koofizialetan ere egotea. Baina ez zen halakorik jasota geratu: soilik estatuan egoitza duten enpresei aplikatzen zaie xedapen hori, eta zerrendatik kanpo daude Netflix, Prime Video, Max eta Disney.
Hala ere, beste xedapen hau jaso zuen legeak: streaming plataformek estatuan dituzten etekinen zati bat bideratu behar dute, derrigorrez, hizkuntza koofizialetako edukiak sortu, bikoiztu edo azpidaztera. Zenbakietara ekarrita, Aginagalderen esanetan hauxe da Netflixen panorama: multinazionalak Espainian deklaratu dituen 2024ko irabazien arabera, milioi bat euro bideratu beharko lituzke horretara; hau da, hogei ordu bikoiztu eta beste 50 ordu azpidatzi.
Legea betetzen ari direla dio Aginagaldek, baina ordu kopuru abstraktu horiei falta zaie zehaztasun apurra: nork eta nola erabakitzen du zer bikoiztu, zer azpidatzi? Ez dago estrategia argirik.
Kontsumoa: euskaraz ikusi nahi dugu?
Sentsazioez baino ezin digute hitz egin erreportajeko hiru hizlariek. Izan ere, ez Netflixek, ez Prime Videok eta ez inork ez du esaten zenbat jendek aktibatu dituen euskarazko azpidatziak halako telesaila ikusteko, edo zenbatek ikusi duten besteko filma euskarara bikoiztuta. Enpresa pribatuak diren aldetik ez daude behartuta haien audientziaren berri ematera, baina bada detaile bat hiru elkarrizketatuek aipatu dutena: Eusko Jaurlaritzak eta Movistarrek akordio bat sinatu zuten duela zenbait urte. Diru publikoaren truke, Movistarrek euskaraz ipintzen ditu bere ekoizpenak. Hortaz, elkarrizketatuen arabera, Jaurlaritzak eduki beharko lituzke –edo eskatu beharko lizkioke– datu horiek. Baina zalantza egin du Fernandezek. Eta zera gehitu du: “Susmoa dut datua oso txikia izango dela, jende gehienak ez dituela erabiliko”.
Horra bere ustea: “Garen bezalakoak gara. Hegoaldeko euskaldunoi gustatzen zaigu ikus-entzunezkoak espainolera bikoiztuta ikustea; salbu eta euskarazko produkzioa, jakina, baina hori oso gutxi da eta beste maila batean dago”. Eta gehitu du: “Frikismoaren ertzean kokatzen gara, uste dut, bertsio originalarekin eta euskarazko azpidatziekin ibiltzen garenok”.
“Ohitura kontua” dela uste du Eizagirrek, baita Aginagaldek ere, eta hizkuntza eta kultura zapaldu bat izateak zerikusia du horretan: “Espainiako supremazismo linguistikoa eta Frantziako jakobinismoaren ondorioz, ohitura horren barnean gaude gu ere”. Hor bada, gainera, bikoiztaileek duela urte batzuk eginiko ikerketa: EAEko herritarren %80ak nahiago ditu bikoiztutako edukiak azpidatziak baino. Dena dela, Aginagalderen arabera, sentsazioa du gizarteak gero eta tendentzia gehiago duela bertsio originala azpidatziekin ikusteko, bereziki gazteenen artean.
Auzolanean egiten dute lan Pantailak Euskarazek, Zer Non Ikusik eta Azpitituluak.eus-ek, elkarrekintzan, batak bildutako datu eta estatistikak besteak erabiltzen ditu, hitzaldiak elkarrekin ematen dituzte...
Azpitituluak.eus ataria da hiruretan zaharrena. 2008an sortu zen, pirateriaren garaian, eta elkarlaneko lanak egin izan badira ere, ekimen pertsonalez egin dira azpidatzirik gehienak, boluntarioki, film kuttun baten beste hizkuntza bateko azpidatzi testua eskuratu eta plazerez eta asmo onez itzuli euskarara, eta webean eskuragarri ipini. Zer Non Ikusi, berriz, duela hiru urte sortu zuten. Hiruzpalau pertsona ari dira boluntarioki lanean. Tresna bat garatu dute, egunero plataformak automatikoki eskaneatzeko, eta abisua heltzen zaie bezperatik nobedaderik badago. Halakorik gertatzean, eta boluntarioren batek denbora har dezakeenean, eduki berriaren fitxa osatu eta argitaratzen dute. Zinema atala, berriz, eskuz sartzen dute.
Nondik indartu euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan?
“Ohitura” aipatu dute elkarrizketatuek. Ohiturak ez dira besterik gabe sortzen; egin egiten dira. Eta ikus-entzunezkoen kontsumo garaikide honek afizio errotuagorik baldin badauka, hori zinema-aretoen jira da. Proiekzioen karteldegi edo afixategiari erreparatu besterik ez dago: gutxi dira bertsio originala eskaintzen duten aretoak, gutxi urteko proiekzio kopuruak.
Hortik hasi al daiteke tiraka, bertsio originala bultzatzen eta euskarazko azpidatziekin eskaintzen? “Pauso txiki bat” litzateke Aginagalderen, Eizagirreren eta Fernandezen arabera. Posible ikusten dute Belgikako ereduari jarraitzea, han bi hizkuntza ofizialetan azpidazten baitituzte. Gurean ere ikusi da horrelakorik, betiere zine jaialdietan, esaterako Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean, baina hor gaztelaniak eta euskaraz ez dute presentzia bera izan; pantailaren luzera osoa hartzen zuten gaztelaniazko testuek, eta erdia euskarazkoek, beste erdia ingelesak izan zezan. Egingarria eta erraza litzateke berez, baita ekonomikoki ere, areto guztietan bertsio originaleko pelikulei euskarazko azpidatziak ipintzea.
Bikoizketa indartzea garestiagoa da, baina egin beharrekoa, motz geratzen dira-eta Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programaren diru partidak. Urtean hamar-hamabi film bikoizten dira programa horren bitartez. Normalean haurrentzako proiekzioak izaten dira. “Ez dugu lortzen takillazo bat euskaraz eskaintzea”, dio Aginagaldek. Oraintsukoa da Minecraft pelikula, AEBetatik etorri den produkzio handia, eta hura bai, eman da euskaraz.
Bikoizketarako diru laguntzak sortzea premiazkotzat jo dute Aginagaldek eta Eizagirrek, eta Katalunia ipini dute adibidetzat, oro har bikoizketaz harago. Izan ere, 35 milioi euro bideratzen dituzte katalanezko ekoizpenetara, ekoizpen propio zein bikoizketa edo azpidazketara, baita sustapenera ere. Jaurlaritzak, berriz, 7,5 milioi euro. Aldea nabaria da. Baina duela bi urte okerrago zegoen panorama: gaurko aurrekontu herena.
Hirukoiztu dira partidak, eta horrek isla izango du aurten zine afixategietan. Iazkoak hobetuko direla espero da, eta premia dago, zeren datuak ez dira batere onak. Iaz, Euskal Herriko zinema komertzialetako estreinaldi guztien artean, %1,6 izan zen euskaraz –Hegoaldean %2,6 eta Iparraldean %0,4–. Eta kontuan hartu behar dira beste datu hauek: film bakoitzaren emanaldi kopuruak, ohi moduan zenbait "lan handik" asteak ematen baitituzte karteldegian. Bada, film guztien artean %1,6 baziren euskaraz, euskarazkoen emanaldi kopurua guztien %0,9 izan zen.
Aurrekontuak indartu eta zifrak hobetu ez ezik, urte askotarako planifikazioa beharrezkoa dela nabarmendu dute elkarrizketatuek, besteak beste, aurrez aipaturiko “ohitura kontuak” aldatzeko. Diru partidek lagun dezakete martxa igotzen, eskaintza hobetzen, eta apustuak hein batean hortik joan behar badu ere, jendea kontzientziatzen segitu behar da. Horretan egin dute azpimarra; horretara dator Pantailaldia.
Maiatzaren 6an hasi da Pantailaldia, gaelikozko Kneecap filmaren proiekzioarekin, euskarazko azpidatziekin, Bilboko Kafe Antzokian. Hurrengo egunetan, maiatzaren 15era bitartean, hainbat ekintza proposatuko dituzte egunez egun: mugikorra euskaraz ipini, Zer Non Ikusi aplikazioa deskargatu, ARGIAren Multimendia kanala kontsultatu, Berria-ren Ikasgelako bideo bat ikusi, bideo-jokoei buruzko Game Erauntsia-ren saio bat jarraitu, euskal-encondigs.eus arakatu, Urak eginen du bide dokumentala ikusi...
Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.
Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]
2025eko martxoaren 10etik 30era Loraldia Festibalaren 11. edizioa ospatuko du Loraldiak, Trikua esnatu da lemapean. Programazio artistikoak proposamen anitzak eskainiko ditu Bilbon, diziplina ezberdinak uztartuko dira eta 100 sortzailetik gora bilduko ditu. Loraldiak jada... [+]
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
Ikusgela proiektuak, hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala lantzeko wikiekimenak, hirugarren ikasturteari ekin dio gaur. Orain arte 92 bideo argitaratu baditu ere, ikasturte honetan maiztasuna handituko du, astearte eta ostegunero bideo bat aterako du eta irailetik maiatzera... [+]
ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.
Euskarazko ikus-entzunezkoen egoera kaskarrak kezkatuta dauka Katixa Agirre, hizkuntzaren normalizazioan ezinbesteko tresna direla uste baitu. Ahul ikusten du euskal literatura sistema ere, irakurlego txikia duela eta. Hizkuntza gutxituen arazoak denak.
Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.
Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]