GOMENDIOAK | Ikus-entzuteko sei aukera on


2025eko abuztuaren 01ean - 00:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lurraren ahotsak
Zer: Telesail-dokumentala
Non: Euskal Herria
Ikusi: Primeran
A. Etxebarria, P. Vidal, 2023 
6 kapitulu X 40 min.

Hego Sudanetik Brasilgo Amazoniara bidaia. Hamabi pertsonaia ezagutuko ditugu bidean; hamabi kultura, hamabi eredu jasangarri. Kultura eta geografia diferenteetan bizi arren, naturarekiko duten harremanak batuko ditu protagonistak. Telesail-dokumental honen atal bakoitzean antzinako tradizioak mantentzen diharduten bi pertsonaia erakutsiko dizkigute. Erritmo lasaian, presarik gabe. Zibilizazio modernoa iritsi ez den planetako txokoetako bizipenak bertatik bertara bizitzeko aukera paregabea da. Azkenekoa, agian.
Manex Moreno Uharte

Desagertuta
Zer: Telesaila
Non: Euskal Herria
Ikusi: Primeran
Jabi Elortegi, 2025 
8 atal X 60 min.

Harrera polita izan du eta badu motiborik. Thrillerra Aiako Harrietan kokatu dute; hona ekartzea lortu dute urtetan majo kosta izan dena, sarri AEBetako misterio lekuak hobekiago ezagutzen baititugu, edo gehiago lotzen gaituzte pantailara. Funtzionatu du hainbat konturengatik: besteak beste, istorioaren denborak bereizteko moduengatik. Aktore belaunaldi gazte oparo batek gorpuztu du telesaila, esperientzia gehiago dutenak aldean izanda. Aro berri baten hastapena izan daiteke, baldin eta bidea urratzen segitzen bada. 
Gorka Peñagarikano Goikoetxea

Entre quatre parets (“Lau hormen artean”)
Zer: Telebista programa
Non: Herrialde Katalanak
Ikusi: 3cat.cat (katalanez)
Núria Moliner, 2025  
10 atal X 30 min.

Núria Moliner arkitektoak aurkeztuta, Kataluniako kultur munduko hainbat pertsonaiaren etxeak bisitatuko ditugu: besteak beste, Carol Rovira aktorearen arroz-soroetako txabola, Peyu umoregilearen etxea eta ahuntzak, Bojan Krkić futbolariaren wabi-sabi apartamentua edo La Pedrerako azken bizilagunaren etxea. Alokairuaz, etxebizitza kooperatiboaz, arteaz, etxe-aldaketez, okupazioaz eta irisgarritasunaz mintzatuko dira. Etxeen bidez kontatutako testigantza intimo eta errealitate anitzak erakusten dizkigu.
Maitane Gartziandia Agirrezabala

Portrait de la jeune fille en feu 
(“Sutan dagoen neska baten erretratua”)
Zer: Filma
Non: Frantzia
Ikusi: Filmin (euskaraz azp.)
Céline Sciamma, 2019
120 min.

Tamaina honetako safismo zinematografikoak merezi du sei urte atzera egitea. XVIII. mendeko kondesa baten alaba, komentuko askatasunetik atera eta ezkontzako esklabotasunera pasatzear da Héloïse, eta zubi lana egin behar dio Mariannek: bere erretratua pintatzeko enkargua jaso du, ezkongaiak ezagutu dezan. Musaren eta margolariaren arteko harreman kanoniko bat sortzen da, suzkoa. Askatasuna, jabetza eta bestelako sentimenduak sartzen dira jokoan.
Maria Ortega Zubiate

Triangle of Sadness (“Tristuraren triangelua”)
Zer: Filma
Non: Suedia
Ikusi: Filmin (euskaraz azp.)
Ruben Östlund, 2022
147 min.

Komedia, satira eta umore beltza, denak kabitzen dira Mediterraneoan barrena doan luxuzko itsasontzi batean. Gomendio hau aberatsen bizitzei buruzko pelikula eta serieak gustatzen zaizkizuenontzat da. Absurdoa eta munduaren krudelkeria gurutzatzen diren leku horietan elkartzen da ergela bezain maltzurra den jende mota hori, euren aberastasun eta miseriarekin. The White Lotus telesailarekin aldera daiteke film hau, baina koska bat gorago doa: gordina da, bai diskurtsoan, bai iruditan. 
Eneritz Arzallus Alustiza

Olgetan Benetan
Zer: Podcasta
Entzun: Arrosa / Ivoox / Spotify
Astero-edo, ordubete inguruz

Zerbait definitzeko ez da egokiena izaten esatea zer ez den, baina kasu honetan justifikatuta dago: hau ez da Hankak Lurrin podcastaren jarraipena. Orduko ahotsetako bat, Segurolarena, gure artean ez dagoelako. Baina haren ordez, zazpi zortzi lagun batu dira, Mielekin batera. Helburua? Hitz egitea. Jardutea. Jolasean, baina benetan. Ganbara, jatetxe ala sauna batean lagun artean egingo genukeen bezala.
Axier Lopez Rodriguez

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Eguneraketa berriak daude