"Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun"

  • 2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion mendiak:  “Askatasuna, haizea, eta poztasuna”.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Oihana Azkorbebeitia. Abadiño, 1981

Mendi-korrikalaria da, eta albaitaria lanbidez. Kulturaren munduarekin ere badu loturarik: besteak beste, Gerediaga elkarteko kidea da, eta zutabeak idatzi ditu Anboto astekarian. Korrikalari gisa, Euskal Selekzioan eta Merrell taldean parte hartu du, baina 2024tik aurrera Euskalmushing taldean ibiliko da –talde sortu berria–. 2018an Mendiaren altzoan liburua argitaratu zuen: irakurketa aproposa haren ibilbidea eta bizipenak ezagutzeko.

Elkarrizketa honetara etorri aurretik fisioterapeutarenera joan zara. Ohitura duzu?
Ez naiz batere errutinak jarraitzekoa, batez ere fisioterapia-kontuetan eta, baina ahalegintzen naiz noizean behin joaten. Gaur behar nuen. Lagun bat daukat Ozaetan, fisioa da, baina horretaz aparte orratzak-eta sartzen ditu, eta horregatik joan naiz apropos, gerria oso kargatuta eduki dut eta. Baina ez naiz oso errutina zalea. Entrenamenduetan ere, ahalegintzen naiz errutina bat edukitzen, baina nire egunerokotasunak ez du laguntzen. Arratsaldez beharra egiten dut, beste enbaxada askotan sartuta nago, eta inprobisazio-maila handia dago nire bizimoduan.

Urkiolan jarri diguzu hitzordua. Leku berezia da zuretzat, ezta?
Leku berezia da hemen hazi naizelako, gure aita zena hemengoa zen, Txabolakoa. Aparkatu dugun lekutik bide bat hartuta, orain behatoki bat dago, interpretazio-zentro bat, eta beste etxe bat ere badago, Bizkaiko Diputazioak dauka hartuta umeentzako gauzak egiteko, baina hori lehen zen Txabolakoa, baserri zahar bat, eta gure aita hor jaiotakoa da. Gaur egun aita dago hor lurperatuta, pagoa jarri genuen han.

Txikitatik hemen bizi izan naiz, kakotx artean. Udan karabana jar zitekeen, eta hor etortzen ginen aitaren aldeko bederatzi lehengusuak, gurasoekin, uda pasatzera, eta asteburutan ere etortzen ginen. Gero aita behera jaitsi zen bizitzera, Mendiola auzora, eta handik hona oinezean etortzen da. Leku hau berezia da zentzu guztietan.

Beraz, txikitatik izan duzu mendiarekiko lotura eta zaletasuna, baina noiz hasi zinen mendi-lasterketen munduan?
18 urtera arte atletismoan ibili nintzen, gero Zaragozara joan nintzen ikasketak egitera, albaitaria naizelako, eta utzi egin nuen. Gainera amaitu nuen atletismoarekin apur bat gogaituta. Diziplina handia zen, eta 18 urterekin beste zerbait nahi duzu. Orduan joan nintzen Zaragozara eta utzi nuen arineketa, baina mendia… Beti esan dut ni mendizalea naizela, eta Zaragozatik hamabostean behin etortzen nintzen etxera, mendira joateko, txakurrekin ibiltzeko. Ikasketak bukatu nituenean, 2005-2006 inguruan, oraindik mendi-lasterketak ziren gauza berri-berri bat, eta egiten zen lasterketa bat Izarraitzen. Nire koinatua bertakoa da, Azpeitiakoa, eta elkarrekin egitea proposatu zidan. Eta nire lehenengo lasterketa hori izan zen. Anbulantzian amaitu nuen [barreak].

Zer gertatu zitzaizun?
Gaur egun badakigu mendi-lasterketak zer diren, baina, orduan, hasi arineketan eta gora: ez jan ez ezer. 21 kilometro ziren. Flakiak eman zidan. Heldu nintzen, baina anbulantziara zuzenean. Hala eta guztiz, gustatu zitzaidan asuntoa, eta Euskal Selekziotik deitu zidaten, Rosa [Lasagabaster] eta Asier [Lasa] egon ziren selekzionatzaile, eta ea animatuko nintzen, ez zegoela neskarik. 2007an hasi nintzen selekzioan; gaur egun laguna dudan Arkaitz Zamakona, Otxandiokoa, bere bitartez ere sartu nintzen mundu horretan. Eta gaur egun arte.

Atletismoarekin alderatuta, zerk erakarri zintuen?
Mendizalea izatera, mendian arineketan ibiltzeak engantxatu ninduen, giro sano horrek; atletismoan ez zegoen halakorik, atletismoa oso konpetitiboa da, gaur egun askoz gehiago, baina gure sasoian ere bai: beti erlojuari begira, markak, konpetizioa, astebururo aritu beharra… Amaitu nuen konpetizio-maila horrekin apur bat nekatuta. Mendian, aldiz, arineketan nenbilen, lasterketa bat zen, baina gustura nengoen.

"Nik ikusten dut jendea arineketan behera begira, entzungailuekin, erlojuari adi… Ez dakite non dauden. Berdin zaie egon hemen, egon atletismo-pista batean, edo asfaltoan arineketan"

Mendi-lasterketak asko zabaldu dira zu hasi zinenetik. Nolakoa izan da garapena?
Estratosferikoa. Ni hasi nintzenean, zapatilak adibidez, Salomon markakoak bakarrik zeuden, eta modelo bakarra. Edo elikadura: lehen gelik eta halakorik ez zegoen ezer, janarien postuan jaten zenituen gominola batzuk, kakahuete batzuk, eta aurrera.

Nola aldatu da hori dena?
Nik igarri nuen batez ere lehen umea jaio eta gero. 2013an jaio zen nire lehenengo semea, orduan nik geldialdi bat egin nuen haurdunaldian eta jaiotzaren ostean, eta bueltatu nintzenean, urte eta pikora, zapatila desberdin pila bat zeuden, flaskak —botila bigunak—, motxilak… Urtebetean asko aldatu zen. Eta gaur egun jarraitzen baduzu lasterketaren bat, heldu gara puntu batera non ez dakizun mendian zauden, atletismo-pista batean, mendia bera bihurtu den atletismo pista bat… Heldu gara puntu batera ez dakigula zertarako gauden, ez dugula baloratzen mendia zer den.

Lehiaren logika nagusitu da.
Larregi. Ni mendira txakurrekin joaten naiz beti, sekula ez entzungailuekin, okurritu ere ez zait egiten. Mendira zertan joaten zara bestela? Mendiko zaratak entzuten, txoriak entzuten, harri-zarata bat… erne egoten. Nik ikusten dut jendea arineketan behera begira, entzungailuekin, erlojuari adi… Ez dakite non dauden. Berdin zaie egon hemen, egon atletismo-pista batean, edo asfaltoan arineketan. Zentzu horretan eboluzioa niri ez zait gustatu, jendeak egin dezala nahi duena, baina profesionalizaziora bideratuta dago, eta ni ez naiz horrekin identifikatzen inolaz ere, ni guztiz kontrakoa, begira zelako erlojua daramadan [Casio beltz arrunt bat], pentsatu ere ez dut egiten zer desnibel egin dudan. Igo naiz horra gora eta jaitsi naiz. “Baina zenbat egin duzu?”, galdetzen didate. Ba ez dakit. Mendia niretzat ez da horretarako, eta entrenamenduak egin daitezke berdin-berdin: nik ez daukat entrenamendurik, baina egin dezaket, adibidez, aldats batean erritmoa estutu. Egiten duzu, baina zaude armonia baten inguruarekin. Eta hori galdu egin da eta galtzen dabil.

Argazkia: Dani Blanco

Zuk topatu duzu zure ulerkera horretan mendi-lasterketetan jarraitzeko modu bat?
Bai. Nire filosofia honi eusten diot, eta hala ere hor nabil. Eta ikusten dut gainera jende bat dagoena buru-belarri sartuta entrenamendutan eta pultsometroari jarraituz, eta gero ikusten duzu nik bezala edo atzetik egin duela, orduan zertarako balio du? Askotan ez da entrenamendua, burua baizik; zure buruari jartzen diozun presioa. Ni inongo presio barik ibiltzen naiz; niri mendira joateak 3-4 orduz, nire kasa egoteak txakurragaz, entrenamendu moduan balio dit, eta egiten dut karrera batean honaino. Egin nezakeela gehiago entrenamendu espezifiko batekin? Bai, baina ez dut gura, ez dit konpentsatzen nire eguneroko bizimoduan sakrifizio hori egiteak edo ez gozatzeak honegaz. Gurago dut lortu dena delakoa, eta pozik bizi.

Erreferenterik izan duzu bide honetan?
Gaur egun niri galdetzen didate ea zer erreferente daukadan, ba ez daukat… Gure sasoian ez zegoen. Gure aurretik, begira, selekzionatzaile moduan egon zen Rosa Lasagabaster, Zegama irabazi zuen bere egunean, hasierako Zegamak irabazi zituen, ba bera izan daiteke bat, baina gure sasoian ez zegoen erreferente neskarik, eta mutilik ere ez. Gaur egun bai, sare sozialekin, nik uste dut horrela bihurtzen dela jendea erreferente, eta gaur egun nik jende asko ikusten dut erreferentea dena kiroletan, baina igual ez dira egokienak niretzat. Kirolariak dira, baina igual ez daukate mendiarekin lotura askorik. Mendiari eduki behar zaion errespetua nire ustez galdu egin da gaur egun. Errespetua edo balorea. Lehengoan ikusi nuen bat Aitz Txikin —hemen inguruko mendi bat da, harria, harri hutsa—, han serieak egiten. Ez dakit, egin serieak beste leku batean, ez? Baloratu non zauden, eta igo abiada bizian mendia nahi baduzu, baina ikusi non zauden, baloratu…

Emakume izateagatik arazorik izan duzu?
Kirol honetan ez dut uste egon denik diskriminazio-puntu hori. Egia esatera ez zait suertatu halako egoerarik. Inoiz esan du baten batek suertatu zaiola karrera batean hau eta hau, baina niri zorionez ez. Karrera batean, orain dela pila bat, atletismoko karrera bat zen baina mendira sartzen ginena, orduan bai akordatzen naiz sari ekonomikoa gutxiago zela neskentzat. Bidali nien email bat, baina ez zuten erantzun. Mendiko lasterketan ez da ikusten halakorik. Uste dut kirola bera gerora etorri delako izan dela.

Espainiako selekzioan parte hartzeari uko egin izan diozu.
Argi eta garbi. Ni ez naiz profesionala honetan, eta beti dago uko egiteko aukera. Jendeak askotan esaten du uko eginez gero ate batzuk ixten direla. Baina zer ate? Edo zer gura duzu lortu? Edo zeintzuk dira zure baloreak? Bi aldiz deitu didate. Batean, Europako txapelketa batera joateko deitu zidaten. Selekzionatzailea gainera laguna da, korrikalaria, Palentziakoa, eta esan zidan bazekiela ezetz esango niola, baina emaitzengatik-eta deitu egin behar zidala. “Eskerrik asko”, erantzun nion, “baina badakizu ez naizela joango”. Ados. Eta ez da ezer gertatzen.

 ‘Ez zara joango? Mundial bat galduko duzu?’. Ba bai. Ez dit konpentsatzen bularrean Espainiako bandera eraman behar badut”

Eta beste batean izan zen bertikaleko Espainiako txapelketa irabazi nuelako, eta hori irabaztearren aukera zen mundialera joatea. Esan nienean ez nintzela joango, erantzun zidaten, “Ez zara joango? Mundial bat galduko duzu?”. Ba bai. Ez dit konpentsatzen bularrean Espainiako bandera eraman behar badut. Zentzu horretan argi daukat. Eta nik argi daukadan moduan, uste dut beste batzuek ere argi eduki beharko luketela, eta ez daukate; galdu egin da hori. Esaten dute: “Nik ez dut horrela pentsatzen, baina ezin dut uko egin ze gero, edo gura dut hona joatea…”. Bizitza honetan erabaki egin behar da, hemen bazaude hemen zaude, eta dena ezin daiteke eduki. Erabakitzen baduzu, guztiz zilegi, eta zure erabakia da, baina gero jakin hori eroaten, gero ez du balio haserretzea. Erabaki duzu Espainiako selekzioarekin joatea, gero norbaitek esaten badizu espainola zarela, ba onartu.

Lanbidez, albaitaria zara. Zertan aritzen zara zehazki?
Karrera amaitu nuenean, hasi nintzen lehenengo beharrean behien kanpainan, baina kanpaina hori oso laburra da, otsailetik irailera, ez daukazu urte guztiko lana. Eta gero hasi nintzen beharrean Durangoko klinika batean, eta orain nago beste batean. Daroat 2007tik, hamasei urte jada.

Artzain-txakurren txapelketekin ere baduzu loturarik.
EHATE, Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa Antolatzaileen Elkartea, sortu zen orain dela 30 urte baino gehiago, eta sortu zen Durangon, Gerediaga elkartearen eskutik. Gure aita beti izan da Gerediagako parte, eta EHATEko sortzaileetako bat izan zen. Niri animalien mundua asko gustatu zait beti, eta ez naiz baserrian bizi izan baina asko egoten ginen baserrian amama bizi zenean. Orduan ni txapelketen kontu honetan sartu nintzen gure aitaren bitartez, eta epaimahai moduan. Gaur egun ere horretan segitzen dut. Hasi nintzen tontoka, beste barik, eta gure aita hil zenean apur bat gehiago inplikatu gura nuen, eta zelan egon den junta-aldaketa aurten, erabaki dut ni ipintzea hor, mundu hori gustatzen zaidalako. Hiru artzain-txakur dauzkat, ganaduaren mundua asko gustatzen zait, eta aukerarik banu baserri batean biziko nintzateke. Gaur egun gure zuztarrak apur bat galtzen ari garela iruditzen zait, eta ni neu hobeto sentitzen naiz horrelako gauzak egiten. Pisu batean bizi gara, internet daukagu, baina ez gara bakarrik hori, gu lurrari lotuta bizi gara.

Argazkia: Dani Blanco

Etorkizunera begira, zein dira zure ametsak, erronkak, nahiak…?
Ahalegintzen naiz inongo ametsik ez erronkarik ez edukitzen, ze gero hortik etortzen dira frustrazioak. Hala ere, epe laburrera adibidez badut asmoa, aurtengo estiloan, lasterketa luzeekin jarraitzeko. Gaur egun lasterketa gehienak bizkorragoak dira, laburragoak, eskatzen dute gazteagoa izatea, txispa gehiago edukitzea, eta gu beteranoak gara jada. Euskal Herriko ultra-lasterketen koparen kasuan [lasterketa luzeak, 42 kilometrotik gorakoak], iazko proba berdinak dira, ezagutzen ditut, eta orduan badaukat gogoa egiteko, ze errepikatzen duzunean hobetzeko marjina egoten da. Eta gero badaude lasterketa batzuk gustatuko litzaizkidakeenak egitea. Kima da bat, Italian egiten da. Brutala da. 55 kilometro dira, baina zazpi ordutik gora; oso teknikoa, pasada bat.

Oso teknikoa izateak zer esan nahi du?
Ba ahuntzen moduan gabiltzala. Harri asko, kateak… Arineketan egiten da, baina parte batzuk oso teknikoak dira. Izan daiteke via ferrata bat, edo bat-batean jaitsiera handi bat, eta nondik jaitsi asmatu behar duzu. Niri gustatzen zait ondo pasatzea lasterketetan, eta halakoak dibertigarriak dira. Gero, Euskal Herri mailan, hainbat egin nahi ditut, betiko lasterketak, baina horiek gozamen hutsa dira; familia guztia joaten gara, karrera egin, bertan bazkaldu… Lasterketa handiei dagokienez, luzetxoak egin nahi ditut, nire adinerako egokiak.

                                                                                             *          *          *

Etiketa berdea

Gure elkarrizketan, mendi-lasterketen gaur egungo norabideaz kezka agertu zuen hainbat aldiz Azkorbebeitiak, eta biharamunean whatsapp bat bidali zidan, kezka horren harira sortutako egitasmo baten berri emateko. Izan ere, Etiketa Berdea manifestua sortu dute hainbatek, mendi-lasterketen arloan “inguruarekiko eta hurkoarekiko errespetuzko jarrera” bilatu nahian, eta “elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen” alde. Informazio gehiago: etiketaberdea.com

 


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude