"Dekadentzian dagoen aristokrazia argentinarraz asko hausnartu dut filmean"

  • Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Horizontes Latinos saileko irabazlea izan den El Castillo (Gaztelua) filma zuzendu du Martín Benchimolek (Buenos Aires, Argentina, 1985). Pelikulak protagonista ditu haien burua antzezten duten Justina eta Alexia ama-alabak, zeinak Argentinako landa-eremuan galdutako gaztelu liluragarri baten jabe diren. Oinordetzan jasotako gazteluaren egoerak, baina, bizimodu latza inposatzen die protagonistei: ordaindu beharreko fakturak, sabaiko zuloak... eta ama eta alabaren arteko harremanak dir-dir egiten du. Fikzioaren eta errealitatearen artean jauzika, klasez igotzearen aukeraz eta bi protagonisten lotura estuaz hausnartzen du filmak.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Nahitaezkoa dirudi galdera honekin hastea: pelikulak zenbat du errealitatetik eta zenbat fikziotik?
Zaila da esaten. Nire aurreko dokumentala grabatzen ari nintzela ezagutu nituen Justina eta Alexia, lan horretarako lokalizazioak bilatzen ari nintzela. Justina ikusi nuen gazteluaren inguruan lanean, eta berari galdetu nion ea nor zen eraikinaren jabea. “Zure begien aurrean duzu”, erantzun zidan. Horregatik esan ohi dut ez nuela espero film hau egiterik. Beraz, errealitatetik asko du pelikulak. Hasieran dokumentala izan behar zuen, baina behin grabatzen hasita behaketa lana ez zela nahikoa iruditu zitzaidan. Zentzu hertsian, hortaz, dokumentaletik pixka bat urrundu eta fikzioan sakondu genuen.

Hala ere, eguneroko eszenak, elkarrekin bizitako pasadizoen berregiteak eta imajina genitzakeen etorkizuneko agertokiak grabatu ditugu. Beraz, zaila da esaten zein kategorian sar daitekeen filma. Protagonisten bizitzen errepresentazioa da. Haiek haien burua antzezten dute.

Autofikzioaren jolas horretan murgilduta, protagonistek jarri al zizuten inolako marra gorririk?
Justinak esaten zidan: “Erakutsi nahi duzuna, baina ez nazazu grabatu pipa erretzen”.

Zigarroak, aldiz, bai.
Zigarroak bai, piparik ez. Orokorrean, grabaketa prozesua eroso eraman zuten, gustura zeuden kameren aurrean, eta atsegin dute filmean agertzen diren modua. Piparen kontuaz gain, grabatu nahi izan ez zuten beste eszena bat datorkit burura, behi baten heriotzarekin loturikoa. Egoera zinez gogorra izan zen haientzat, Justinak sakonki maite baititu animaliak, eta hori ez zuten kameraren aurrean antzeztu nahi izan.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Kasualitatez ezagutu zenituen Justina eta Alexia. Nola eraiki eta sakondu zen harremana, zu zeu beraien intimitatearen parte izateraino?
Lehen urteetan ez zegoen kamerarik. Elkar ezagutzen joan ginen naturalki, eta urteak pasa ziren grabatzen hasi arte. Eraikitako harreman horren jarraipena baino ez zen izan grabaketa, eta sinplea izan zen, beraiek egiten zuten beraien bizitzen errepresentazioa, betiere haien nahien arabera, eroso zeuden kontuetan.

Hortxe ikusten dut organikoa denaren eta ez denaren arteko muga. Dokumental hitzaren definizioa bilatzen baduzu adibidez Wikipedian, “errealitatea irudikatzen duen filma” irakurriko duzu. Zentzu horretan, nire filmak ez du errealitatea irudikatzeko asmorik, ezinezkoa zait. Protagonisten arteko lotura irudikatzeko borondatea daukat.

Hasieratik argi zeneukan haien bizitzak fikzio bihurtu nahi zenituela?
Hasieratik argi ikusi nuen haien benetako istorioek narratiba oso indartsua eraikitzen dutela, baina narratiba indartsu horiek ez ziren beti haien kabuz agertzen kamerak piztutakoan, eta hori hauspotzen zuen testuingurua sortu behar genuen. Hor hasi ginen fikziora hurbiltzen, ariketa horrek eskatzen zuelako fikzioaren kadentzia narratiboa: aktoak, sekuentziak, pertsonaien garapena… Fikzio doinu hori gustuko nuen, horregatik animatu ginen musika gehitzera.

Musika amesgarri horrek ematen dio maitasun-ipuin kutsua.
Deialdietara aurkezten ginen bakoitzean, edo filmari buruzko testu bat prestatu behar genuenetan, “fabula” edo “maitasun-ipuin” bezala deskribatzen genuen El Castillo. Egun batean neure buruari esan nion: “Tira, egin dezagun, jar diezaiogun maitasun-ipuinetako musika, eta goazen aurrera”. Ondo baino hobeto funtzionatu du.

Magikoa denaren eta aukera errealen arteko tentsioan, musikak elikatzen du lehena. Tentsio horretan, alde batetik gazteluaren jabetza dugu, klase-igoera edo mirarizko salbazioa dirudiena. Baina errealitatea daukagu beste aldean, oso bestelakoa dena. Filmak ez dio erreparatzen ekonomikoki gora egiteko aukera hutsari, magikoa litzatekeen horri, baizik eta bere horretan dirauen klase-atxikimenduari. Izan ere, filmaren hasieratik jabe posizioan aurkezten zaigu Justina, eta are gehiago etxea sinbolikoki bereganatzen doanean. Dena den, horrek ez du errealitatean bere egoera aldatzen.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Gazteluak eta bere egoera kaskarrak islatzen dute dekadentzian dagoen aristokrazia argentinarraren egoera. Hondamen horren ondorioak kudeatu behar dituzte Justinak eta Alexiak. Oinordetzan jasotako gaztelua, ez al da pozoitutako oparia?
Filmaren sorkuntza prozesuan asko hausnartu dut horri buruz. Filmaren funtsa dira klase sistemaren zentzugabekeria eta kontraesana, baita oinordekotzak jaiotzetik nola definitzen gaituen ere. Argi dago Justinaren kasuan: sei urterekin hasi zen neskame lanean, eta urte luzez ez du inoiz dirurik jaso. Film honekin jaso duen dirua izan da bere lehenengo soldata.

"Gazteluaren jabetza ez da kontu ekonomiko hutsa; klase-kontzientzia eraikuntzaren nolakotasuna dago jokoan"

Zentzu horretan, alde batetik, funtsean ekonomikoa den auzia dugu. Kontuak ateraz gero, norbaitek esan dezake: “Saldu dezala etxea eta salmentaren diruarekin eros dezala merkeago zerbait”. Baina filma alderdi matematiko horretatik haratago doa. Gazteluaren jabetza ez da kontu ekonomiko hutsa. Hain zuzen ere, hori da niretzat erantzun beharreko galdera nagusia, klase-kontzientziaren eraikuntzaren nolakotasuna. Ez da nahikoa zerutik erori dela dirudien gaztelu bat oinordetzan jasotzea, horrek ez du ezer aldatzen. Etxearen jabetza sinbolikoki borrokatzea da garrantzitsuena.

Filmaren trama nagusia ama-alaben harremana da. Alabaina, urtez urte ondutako harremanak utzitako pasadizoetatik eta autofikzioaren hainbat aukeretatik abiatuta, hainbat norabide ireki zenitzakeen argumentuan. Nola eta zer momentuan zehazten da, aukera guztien artean, zein izango den trama nagusia?
Lehenik eta behin, film honen zedarria orainaldia izatea nahi nuen. Herentzia batek zeharkatzen du filma, eta, berez, lehenaldiari egiten dio erreferentzia oinordetzak. Baina nik ez nuen nahi filmak atzera begira zezan; nire asmoa zen bi emakume protagonisten orainaldian zentratzea. Horrek informazio asko ezabatzera edo laburtzera behartu ninduen. Esplizituki kontatzen ez zena ere uler zitekeela uste nuen. Horrexegatik, lehenaldiaz oso gutxi esaten da. Justinak gaztelua oinordetzan jaso zuela, gehiagorik ez.

Termino dramatikoetan, Justina eta Alexiaren harremanean zegoen dena. Hor jarri nuen fokua, eta kontrakoa egiten saiatu nintzen, tramari gauzak gehitzen jarraitu beharrean. Bien arteko loturak eta horren garapenak eskatzen zuena baino ez nuen gehitzen, izan familiaren bisita, Justinaren bikotekideari aipamena edo Alexiaren lagunak agertzea. 

'El Castillo' pelikularen fotograma bat.

Fikziora egindako jauziaz gain, bakarrik zuzendu duzun lehen filma ere bada. Erronka handia izan da?
Oso interesgarria izan da. Aurreko filmetan zuzendari lanean kide izan dut Pablo Aparo. Lagunak gara nerabezarotik, rock talde bat genuen eta zinemagintza ere elkarrekin ikasi genuen. Lehenbiziko lana elkarrekin grabatuta, horrek hurrengoa ekarri zuen, eta hurrengoa… Orain bakoitza bere lanekin dabil, baina batera jarraitzen dugu, ekoiztetxea daukagu elkarrekin.

Hala ere, zinema zuzendaritza apetatsua izan ohi da, eta oso pertsonala. Film honekin modu oparoan sakondu ahal izan dut alderdi pertsonalago horretan. Gainera, zinema nolabaiteko enpatia ariketa ere bada, eta hori zeharo pertsonala da, norbera nola harremantzen den pertsonaiekin.

Elkarrizketa egiten ari garen bezperan, Argentinako zinema munduko hainbat pertsona bildu zarete Kursaalean, zuen herrialdeko hauteskundeei begira hautagai erreakzionarioen promesak salatzeko: besteen artean, Kultura Ministerioa edo INCAA Zinema Institutua ixtea. Horrelako mehatxuei zein joera faxisten normalizazioari aurre egiteko, zein da, zure ustez, zinemaren munduak hartu beharreko jarrera?
Esan duzun moduan, horrelako hautagai neofaxista eta homofoboek irabaziz gero, mehatxupean dago zinema argentinarra... Baina ez hori bakarrik, beste hainbat eskubide ere arriskuan egongo dira. Zinemak jaso dezakeen zigor ekonomikoaz harago, jokoan dagoena diskurtso baten zilegitasuna da. Haien diskurtsoak diosku “negozio borobil eta handia” izan daitekeen hori baino ez dugula zaindu behar. Abiapuntua guztiz arriskutsua da. Izan ere, berebiziko garrantzia du ikuspuntu komertzialetik haratago mugitzen diren filmak existitzea, eta sorkuntza geratzen da jomugan.

"Zinemak jaso dezakeen zigor ekonomikoaz harago, [hautagai neofaxisten] diskurtsoaren zilegitasuna dago jokoan"

Beraz, kontua ez da bakarrik hautagai horrek irabaztea edo ez, baizik eta hartu-eman komertziala harremantzeko bide bakarra dela defendatzen duen ideia borrokatzea. Hori salatu behar dugula uste dut, baita ideia hori ezeztatzen duten filmak sortu ere. Harremantzeko beste modu bat posible dela erakusten duten filmak sortzea da gure egitekoa.

Orain arte, besteak beste, Berlinale, Lima eta Hong Kongeko Zinema Jaialdietan aurkeztu da El Castillo filma. Azken horretan zuzendari onenaren saria irabazi zenuen. Nolakoa izaten ari da publikoaren harrera eta nolakoa zuen esperientzia?
Egia esan, maleta nahikotxorekin gabiltza bueltaka. AEBetako Candem-etik gatoz, orain Donostian gaude, gero Biarritz, ondoren Islandia, Zurich… Ederra izaten ari da bira, eta harrigarria da gure istorioak uzten duen oihartzuna antzematea. Izan ere, apur bat arraroa gerta daiteke istorioa, baina jendea maitemintzen ari da bi protagonisten arteko loturaz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-05-12 | Reyes Ilintxeta
Patricia López Arnaiz. Hamaika bizitza bakar batean
"Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke"

Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek... [+]


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Eguneraketa berriak daude