Familia baten erbestea eta herrimina, miangolarratarren historia ahaztua argitara

  • Askok bezala, gerrak jo zuen Miangolarra Gorostiza familia. Deserrian, litografia enpresa sortu zuten, eta dirutu ziren. Euskal Herrira itzulirik, baitezpadakoa gertatu zen haien dirua Federiko Krutwigek Vasconia idatz zezan, edo Ez Dok Amairuko kantariek diskoak graba zitzaten. Eta, hala ere, eta beti, isilean haien izena: Miangolarra. Gaitz erdi, haien eginak argira ekarri ditu Patxi Zubizarreta idazleak.

Hedabideetan nahizu-nahizu dabil Patxi Zubizarreta Dorronsororen (Ordizia, 1964) izena. Ez alferretan, irabazi berriak ditu –iazko Lizardi saria jasotako Zerria idazlanarekin–,Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria, eta, modalitate berean, Euskadi Literatura Saria. Merezimenduok irabazirik ere, ordea, han eta hemen dabilkigu bestelako lan bat, argitaratu berria, aurkezten: Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan (Txalaparta, 2023). Miangolarra Gorostiza familiaren historiatik tira eginez, gure idazleak Euskal Herriaren historiaren zati gorde ezkutua ekarri digu argira.

Erbesteak markatutako familia baten historia da miangolarratarrena. Joserra Senperena musikariak halaxe utzi du labur idatzirik Zubizarretaren liburuaren kontrazalean: “Bidegabekeria handia iruditzen zitzaidan 1940ko hamarkadan erbestera joandako [Miangolarra Gorostiza] familia haren berririk ez izatea, batez ere beren negozioen ondasunak herri baten kultura sustatzeko erabili eta gero. Patxi Zubizarretaren liburua gure historiaren zati txiki bezain gogoangarri bat ezagutzeko aukera izan daiteke eta, bide batez, munduan zehar bizi izandako familia baten abenturak gozatzeko ere bai”. Hortxe, beraz, familiaren ibiliaren gakoak, eta liburuarenak: erbestea, ondasunen erabilera, geure historia, abenturak… Eta osagaiok bildu, eta ondu du lana idazleak, orain baino lehen bi narraziootan egin zuen bezala: Julien Vinsonen hegaldia (Elkar, 2019), eta Hiru gutun Iruñetik (Pamiela, 2012). Biotan egindako bideak lagundu dioke oraingo honetan.

Erbestealdia
Miangolarratarrak, finean, Frantzisko Miangolarra eta Maria Asuntzion Gorostiaga senar-emazteak, eta bost seme-alabak dira: Luz, Laura, Mari Fe –hamar urteko zela gaixorik hila–, Augusto eta Frantzisko Pako. Hala ere, liburua irakurrieran jabetuko garenez, senideetan gazteenak, erran delako Pakok, bereganatuko du protagonismo kasik osoa.

Miangolarra lagunartean. (Auñamendi Entziklopedia)

Gernikan jaio ziren bost haurrak, Arratzuan jaioa zuten aita; Ibarrangelukoa, berriz, ama. Haatik, ez zuten denboraldirik egin jaioterrian, Frantzisko Miangolarra –itsas-kapitaina, lanbidez– Pasaiako portura destinatu baitzuten. Eta, Zubizarretak adierazi digunez, “aitaren atzetik, Donostiara etorri zen familia osoa. 1936ko gerra lehertu zenean, berriz, erbesteko bidea hartu zuen familiak, askok bezala, eta Gernika eta Baiona ibili zituzten babesleku”. Eta, dakigunez, 1939an, artean Espainian gerran zirela, Baionan ziren miangolarratarrak.

Zerutik jakina da Bidasoaz bestaldeak iheslariz gainezka egin zuela. “Sosegatu ezinarekin batera, izua zen nagusi”, idatzi du Zubizarretak, erbestealdi urrutikoa iragarriz: Amerika. Lehenengo, Parisera egin zuen familiak, pasaporte-bisatuak inguratu nahirik. Hurrena, asilo eskubidea eskatu zuten AEBetan, Mexikon, Argentinan eta Venezuelan. Inondik ere, azken herrialde horrek baizik ez zuen ontzat hartu miangolarratarren eskaera, eta halaxe heldu zen familia Caracasera.

Bi senidek, Luzek eta Augustok, Los Caobos ikastetxea sortu zuten Caracasen. Hori baino handiagoa egin zuten etxeko bi gazteek, Augustok eta Pakok. Litografia bat abiarazi zuten, eta lan franko, eta ona, egin: 1949an, esaterako, Venezuelako mapak egiteari lotu zitzaizkion Kartografia Nazionalaren eskariz. Ondoko urtean, Venezuelako mapa osatu zuten. Hurrengoan, geologia mapak egiten hasi ziren Meategi eta Hidrokarburo ministerioarentzat. Eta segi: “Sustapen ministerioaren babesean, esne ontziak aztertzeari eta garatzeari ekin zioten eta Envases Internacional S. A. sortu zuten”, AEBetatik inportatzen zituzten ontzien kalitate bereko produktua, eta %10 edo 20 merkeagoa. “Horren ondotik, Augusto eta Paco anaiek Rotograbado Comercial firma ere sortu, eta zigarro, aluminiozko eta freskagarrietarako ontziekin jarraitu zuten”, irakurri dugu Zubizarretaren liburuan… Hitz batean, miangolarratarrak dirutu egin ziren Venezuelan.

Abertzaleak
Euskal komunitate indartsua zen garai hartan Caracasen, hango herrialdeak hartu zituen iheslari gehien, eta 1942an bertan, eratua zuten Eusko Etxea. Eta, handietan handi, Jose Antonio Agirre lehendakaria ere bertan izan zuten 1959ko Aberri Egunez. Haatik, Jaurlaritzak ordu arte egindakoa baino gehiago nahi zuten Venezuelako euskaldun askok, eta, 1960an, Karakas’ko Agiria argitaratu zuten zenbait abertzalek. Sinadurarik ez, nahiz Jose Estornes Lasa eta Augusto eta Pako Miangolarra ez ziren, nonbait, aparte ibili. Delako agiriak “Aberri, Euskara ta Azkatasuna” zuen goiburu, eta Zubizarretak idatzi duenez: “Euzko Aberri Jaurlaritza berri baten aldeko aldarria zen, Espainiako balizko Errepublikatik aparte, Vaticanoak erakutsitako jokamolde zapaltzailetik urrun, eta Euskal Herri osoaren aldekoa: ‘Ikusirik Españak euskotarroi ekarri eta geure gaztedi ederrena ondatu zigun gudu gogorraren ondoren ogei ta iru urte igaro diran-arren ezertarako ere ez dirala izan euskotarron alegin eta ekiñaldi guztiak…’”. Borrokarako deia zen, gehiago nahi zuten batzuek. Espainiarekin zeharo hautsi, adibidez.

Aita gurea, euskara

Venezuelako erbestetik Donostiara itzulirik, Pako Miangolarrak lagun egin zuen Krutwig Biarritzen, eta lagun, era berean, Marc Legasse. 1960ko hamarkadaren hasiera orduko, sortua zen KLM (Krutwig, Legasse, Miangolarra) hirukoa, diktaduraren kontra eta Euskal Herriaren alde zerbait baino gehiago egin nahirik.

Miangolarraren eta Legasseren adiskidetasunaren –eta heterodoxiaren– lekuko, Legasseren honako poema aldatu du Patxi Zubizarretak Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan liburura:

Gure aiten hizkuntza
gogoetan zarena
garbi ezazu gure herria
ager bedi zure indarra
nausi bedi euskara
etxean bezala enparantzan ere.
Emaiguzu gure buruan
askatasunaren ogia
ez gaitzazu utz erortzen
erdararen tentaldian.
Baiña erdalkeriaren gaitzetik
aska gaitzazu.
Halabiz.

Abertzale gogorrak ziren erbestean.

Behin, miangolarratarrek ikurrina paratu zuten beren litografian.

Beste behin, 1962an, Euskal Herrira itzultzeko erabakia harturik ordurako, eta Espainiaren enbaxadan bisatua eskaturik, akusazio gorriak egin zituen enbaxadoreak, Espainiako Estatura sartzen galarazteko asmoz: separatista amorratuak omen Miangolarra anaia biak, Caracaseko Eusko Etxeko ekitaldi guztietan parte hartzen omen zuten, hiriburuan Espainiako banderak erretzea antolatu omen zuten, eta etengabe jarduten omen zuten Espainiaren izen ona belzten...

Itzulera
Itzuli ziren, hala ere. Miangolarra anaia biak Donostian ziren 1960ko hamarkadaren hasieran. Anaietan gazteena, Pako, Donostian bezainbeste zen Bidasoaz bestaldeko herrietan, eta, esaterako, Biarritzen ezagutu zuen Federiko Krutwig, hau Belgikako erbestetik itzulia. Eta diktadurari eta errepresioari behar bezala aurre egin nahirik, Paco Miangolarrak Federiko Krutwigengan ikusi zuen bidea seinalatuko zuen intelektuala. Horrelaxe sortu zen Vasconia obra. Zubizarretak idatzia da: “Krutwigek hamaika lan linguistiko, literario eta politiko idatzi zituen, baina guztien artean agian Vasconia izeneko saiakera kontraesankor bezain konprometitua nabarmendu daiteke, eta eginkizun hartan Paco gertatu zen bultzatzaile nagusia (…) ezinbesteko borrokaren alderdi programatiko eta ideologikoa Vasconia. Estudio dialéctico de una nacionalidad obran gauzatu zen”, 1963an Parisen argitaratua, Fernando Sarrailh de Ihartza seudonimoarekin.

Eta, gisa berean, Herri Gogoa diskoetxe klandestinoa sortu zuen Pako Miangolarrak, Iñaki Beobide lagun zuela, eta “Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Antton Valverde, Xalbador… igaro ziren handik, baina Donostian inor gutxik du Herri Gogoa diskoetxearen eta Pako Miangolarraren lanaren berri”, Zubizarretaren arabera betiere.

Eta, hain zuzen, ezezagutza horixe edukiz betetzera dator Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan liburua, ez dakienak jakin dezan…

"Iragana ez da monolitikoa"

Narratzaile fina da Patxi Zubizarreta. Bide handia egina du literaturan, haur eta gazte istorioak idazten, helduentzako literatura, itzulpenak egiten… Oraingo liburu honetan ere, eta miangolarratarrak helburu zituela, ezin literaturaren bidetik aparte ibili.

Zazpi kapitulu ditu zure lan honek, eta, atal bakoitzaren hasieran, itsasontziren bati loturiko  istorioa irakurriko du irakurleak. Batean, Goizeko izarra; bestean, Cuba. Noiz Winnipeg, noiz Francoren Azor...
Itsasontzien simila erabili dut, bai: Miangolarratarrak Goizeko izarra ontzian itsasoratu ziren, Île de France-n Ravel pianista, Winnipeg kargaontzi xaharrean ehunka errefuxiatu bildu zituen Pablo Nerudak, “poema eder baten antzera…”. Elkarrizketek erakutsi didate iragana ez dela monolitikoa, gertakari beraren oroitzapenak askotarikoak eta kontraesankorrak direla, eta Echenozek, Barnesek, Buñuelek, Kallifatidesek lagundu didate historia hobeto kokatzen eta sinesgarriago egiten. Izenburua, adibidez, Vicente Huidobroren hilobiko hitzetatik dator…

Miangolarratarren historia bistaratu ahal izateko, elkarrizketak egitera jo behar izan duzu, ezinbestean.
Bestelako iturri askorik ez baitago. Bai, elkarrizketa izan dut baliabide nagusi, eta Miangolarra familiako senideekin batera, Eneko Irigarai eta Iñaki Larramendi elkarrizketatu ditut. ETAren sorreran parte hartu zuten biek, eta biek ezagutu zuten [Pako] Miangolarra. Horiekin batera, hainbat pertsonak eman didate lekukotasuna: Jose Angel Irigaray, Benito Lertxundi, Iñaki Anasagasti, Eugenio Ibarzabal… Benetako plazera izan da, eta ikasgai ederra.

Miangolarratarren lan hau egin beharra zegoen…
Bai, bada! Garai hura bizi izan zuten militanteen artean-eta, ez dago Krutwigen Vasconia irakurri ez zuenik. Baina inork ez daki Pako Miangolarrak finantzatu zuela: filantropoa izan! Edo Herri Gogoa diskoetxea ere, Pakok abiarazi zuen –bere etxebizitzaren gaineko bizitzan, Donostiako Gros auzoan–, Iñaki Beobidek lagunduta, eta behar ziren gailuak erosita. Eta Jon Miranderen poemak ere, Pako Miangolarrari esker heldu zaizkigu. Historia harrigarria da Miangolarra Gorostiza familiarena, oro har, eta Pakorena [Miangolarra], bereziki.


ASTEKARIA
2023ko azaroaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude