Chemsex, sarean landu beharreko osasun publikoko arazoa

  • Gizonen artean sexu harremanak denbora luzez izateko substantziak kontsumitzean datza “chemsex”-a. Fenomeno kultural bat da, eta osasun arloko profesionalek eta chemsex erabiltzaileek ohartarazi dute osasun publikoko arazo bat dela, eragina duelako osasun fisikoan, psikologikoan eta sozialean.

Gerard Funés Martín: “Gure bizipenak kontatzeko beldur gara, agian ez dutelako ulertuko kontatzen duguna”. Argazkiak: Ibán Aguinaga
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oasun arloko zenbait profesional eta chemsex erabiltzaile Iruñean elkartu dira, urriaren hasieran, chemsexak Nafarroan duen inpaktua aztertu eta erantzun komunitario bat emateko. Batez ere hiri handietan –Madril, Bartzelona, Paris...– ematen den arren, hiri txikiagoetara zabaltzen ari da eta kezka piztu du Nafarroan. Sarek gidatuta zenbait galderari heldu diote.

Chemsexa zenbait ordu edo egunez sexu harremanak izateko drogak –substantziak– kontsumitzean datza. Gizonen arteko harreman sexualez ari gara. Hala ere, poliki-poliki emakume transak eta pertsona ez-binarioak ere praktikatzen ari dira chemsexa. “Fenomeno bat dela esaten dugunenean ulertu behar dugu testuinguru kultural eta komunitate jakin baten barruan ematen dela, eta elkar ulertzeko kode, hiztegi edo terminologia zehatz bat dagoela erabiltzaileen artean”, azaldu du Luis Villegasek, Stop Hiesaren kudeatzaile eta Chemsex Suport zerbitzuaren koordinatzaileak.

Chemsex saioak gehienetan etxe pribatuetan izaten dira, baina egin daitezke baita ere lokal komertzialetan; hala nola saunan, alokatutako pisuetan edo sexu-klubetan eta cruising guneetan. Etxe pribatuetan egiten direnean, adibidez, chill deitzen zaie.

Uste baino eragin handiagoa du chemsexak Nafarroan. Oso garrantzitsua da kontsultetan entzumen aktiboa izatea, ez kriminalizatzea eta epaitu gabe jokatzea

Villegasen arabera, praktika honek plazera bilatzearekin lotura handia duenez, fenomenoa aztertzerako orduan plazera nola kudeatzen den kontuan hartu behar da: “Harreman zuzena dauka geure maskulinitatearen pertzepzioarekin”. Sexu harremanetan maskulinoa izatea “oso lotuta” dago gizon zisheterosexualaren eta patriarkalaren irudiarekin: “Maskulinoa izateko bilatzen da ahalik eta gehien irautea, dominatzailea izatea, ahalik eta arrisku gehien hartzea eta beste gauza asko; zenbat eta gehiago, orduan eta gizonagoa”.

Bat egin du horrekin Andrea Carrillo Juanbeltzek, Nafarroako Gizakia Helburuko psikologoak. Sexuaren eta drogen erabileraren arteko harremanaz, nabarmendu du “berehalako plazera”, “mugarik gabeko plazera” eta desinhibizioa bilatzen direla. Horrez gain, espektatiba sozialak betetzeko ere erabiltzen direla uste du; hala nola pornografian ikusten diren gauzak erreproduzitzeko, traumak estaltzeko edo egin nahi ez den zerbait egiteko: “Adibidez, ondorioztatu dugu emakume heterosexual batzuek drogak hartzen dituztela larrua jo nahi ez baina espektatibak betetzeko gehiago iraun behar dutenean”.

Zenbait arrisku nabarmendu ditu; hala nola sexuaren inguruko “ideia irreala”, gozatzeko gaitasun “gutxiago”, menpekotasuna eta Sexu Bidezko Infekzioen (SBI) transmisioa. Gaineratu du plazerarekiko tolerantzia garatu eta berau sentitzeko gaitasuna txikitzen dela: “Demagun nik egunero jaten dudala sagar bat, eta sagar horrek plazera ematen didala. Azukrea botatzen badiot sagarrak ematen zidan plazera handitzen da. Egunero hasten banaiz sagarra azukrearekin jaten, azukrerik gabeko sagar bat jaten dudanean motela irudituko zait”.

Artatzeko denbora gutxi
Osasun psikologikoari eragiteaz gain, osasun publikoko arazo bat dela nabarmentzen dute profesionalek. Bat dator horrekin Carlos Ibero medikua eta Nafarroako Ospitaleko gaixotasun infekziosoen espezialista: “Ez die soilik erabiltzaileei eragiten, ingurukoei ere eragiten die; ekar ditzake GIB edo Giza Immunoeskasiaren Birusa zabaltzea, drogekiko menpekotasuna, adostu gabeko praktika sexualak izatea, identitate eta autoestimu arazoak, eta estigma handia gizartean eta familian”.

Juan Indurain Bermejo mikrobiologoaren arabera, geroz eta SBI “gehiago” erregistratzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi gorakada bat dagoenik: “Kopurua igo da kontzientziazio maila ere igoko delako; eta hortaz, proba gehiago egiten ditugulako”. 2006. urtean 637 serologia egin zituzten, eta iaz berriz, 1.309.

Osasunean duen eragina dela eta, Indurainen ustez “oso zaila” da gai hau kontsultan lantzea, kontuan izanda soilik hamabost minutu dituztela paziente bakoitzarekin: “Konfiantza behar da, oso aspektu intimoez aritu behar dugulako eta epaituak sentitzeko beldurra dutelako”. Horrez gain, pazienteek autonomia “handiagoa” beharko luketela uste du: “Iritzia eman beharrean, informazioa eman behar dugu, epairik gabeko aholkuak eman behar ditugu eta gure mugak onartu behar ditugu”.

Carlos Ibero medikuaren ustez ere, kontsultetan duten denbora ez da nahikoa paziente bat ongi artatzeko: “Zenbat eta denbora gehiago izan, orduan eta informazio gehiago ateratzen dugu”. Oraindik fenomenoaren gorabeherek profesionalen eskuetatik ihes egiten dutenez, informazioa jasotzea bereziki garrantzitsua da: “Lehenengo, arazo identifikatu behar dugu, eta gero onartu, erantzun komunitario bat emateko". Gaineratu du sentsibilizatzea,  ikusgaitasuna ematea –morboan erori eta errua bota gabe– eta beste informazio iturri batzuk bilatzea ere garrantzitsua dela.

Espektatiba sozialak betetzeko ere erabiltzen dira substantziak sexuan, hala nola pornografian ikusten diren gauzak erreproduzitzeko, traumak estaltzeko edo egin nahi ez den zerbait egiteko

2010etik Nafarroan
2010 eta 2015 urteen artean hasi ziren Nafarroan identitikatzen gai honi lotuta osasun arazo bat zutela. Garai hartan, larrialdietan lan egiten zuen Iberok, eta geroz eta koma kasu gehiago artatzen ari zen: “Asko mutil gazteak ziren, eta  ez zegoen argi zergatia; batzuetan alakoholaren ondorioz izan arren, baziren substantzia batzuk ez genituenak identifikatzen”. Medikuaren ustez, horrek adierazten zuen osasun arloko profesionalek ezagutzen ez zuten fenomeno bat ematen ari zela kalean, eta ez zekitela ongi zein zen substantzia horiek kontsumitzearen helburua.

Pazienteekin hitz egiteko denbora hartuta, afera zein zen identifikatzen hasi ziren: “Ikusi nuen batzuen kasuan sexuarekin harreman zuzena zuela substantzien kontsumoak, damutzen zirela zenbait praktika sexualengatik edo substantziekin harrapatu duten jendea ere bazegoela”. Nafarroan chemsexa uste baino zabalduagoa zegoela ikusi zuenean, Bartzelonara joan zen gehiago formatzera, han esperientzia handiagoa dutelako eta gaia jorratzeko saretutako dispositiboak dituztelako.

Iberok argi dio, uste baino eragin handiagoa du chemsexak Nafarroan. Horregatik, uste du “oso garrantzitsua” dela kontsultetan entzumen aktiboa izatea, ez kriminalizatzea eta epaitu gabe jokatzea. Horretarako, konfiantzazko espazioak eta denbora behar dira: “Bermatu behar dugu medikuntza arloan erreferente bat dutela pazienteek, pazienteak fidelizatu behar ditugu”. Horrez gain, heziketan eta prebentzioan indarra jarri behar da.

Iberok emandako datuen arabera, Nafarroan GIBa duten 1.200 pertsona inguru daude: “Hala ere, uste dugu beste 200 bat lagun egon daitezkeela hauteman ez ditugunak”. Horrez gain, urtero 30 eta 50 pertsona berri inguru identifikatzen dituzte, eta horien %40arentzat berandu izan ohi da. Kontsultara doazen pertsonen %30-40 inguruk Prep botika –GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia– hartzen du: “Hori esan didate kontsultaz kontsulta konfiantzazko harremana sortu dugulako”.

Autozaintza
Chemsex erabiltzaile askok ez du kondoirik erabiltzen; hala ere, beste babes neurri batzuk hartzen dituzte, hala nola aipaturiko Prep botika. Juanse Hernández Gtt-vih-ren GIBari buruzko lantaldearen koordinatzaileak dioenez, kondoirik ez erabili arren, autozaintzarako espazioa badago chemsexean:  “Jakin badakigu chemsex saio askotan arriskuak saihesteko neurriak hartzen dituztela, baina ez denez ikertzen, ez dakigu zein neurri hartzen dituzten eta horietatik zeintzuk diren eraginkorrak”.

Informazio gutxi dagoen arren, Belgikan egindako ikerketa baten emaitzen berri eman du, ohartarazita lagin txiki bat denez ondorioak ezin direla gizarte osora zabaldu. Ikerketa hori garatzeko hogei pertsonekin mintzatu ziren, saioen aurretik, saioek iraun bitartean eta ostean hartutako babes neurrien inguruan. Parte hartu zutenek esan zuten, besteak beste, saioak planifikatzen zituztela aldez aurretik jakiteko behar zuten guztia dagoela, hala nola ura eta janaria eta zer egin larrialdi egoera batean. Saioak iraun bitartean, lubrikatzailea erabiltzen zuten, Prep botika hartzen zuten eta pertsona bat ura eta janaria emateaz arduratzen zen. Amaitzean, osatzeko denbora hartzen zuten. “Nire asmoa ez da praktika hau banalizatzea; arriskuak daude, baina zintzoak izanda kontuan hartu behar dugu badagoela jendea babesten saiatzen dena”, adierazi du.

Pertsonak erdigunean
Osasun arloko langileez gain, chemsex erabiltzaileek ere hartu dute hitza jardunaldietan; esate baterako, ChemSex Support eta ProtegerSex Stop Sida batzordeetako boluntarioa eta chemsex erabiltzailea den Gerard Funés Martínek. Nabarmendu du beharrezkoa dela erabiltzaileen bizipenak entzutea, askotan zokoratuta geratzen direlako: "Gure bizipenak kontatzeko beldur gara, agian ez dutelako ulertuko kontatzen duguna", esan du.

Gaineratu du chemsexa lantzerako orduan, pertsonak erdigunean jarri beharrean, substantziak jartzen direla erdigunean: “Deabrututa sentitzen gara, ez digute galdetzen zein den funtzioa edo zer sentitzen dugun". Harremanak bertikalak izaten direla ere salatu du: "Zenbat eta harreman estuagoa medikuaren eta pazientearen artean, orduan eta errazagoa izan da afera modu holistikoan lantzea". Asko eskertu du jardunaldietan parte hartu duten medikuek aipatzea enpatiarekin eta epaitu gabe artatzearen garrantzia.

Aldiz, auzia lantzen duten langileek erabiltzaileak deslegitimatzen dituztela kritikatu du: “Ematen du ez dugula erabakitzeko gaitasunik, baina uste dugu subjektu politikoak izan behar dugula eta estruktura demokratikoak eta autonomoak sortu behar ditugula”.

Artatze zerbitzuak orokorrean substantziak uztera bideratuta zeudenez, fenomeno honi erantzuteko ChemSex Support sortu zuten Bartzelonan. "Substantziekiko menpekotasuna lantzen zenean, alta ematen zen, baina pertsona horiek ez zituzten dinamika sexualak berreskuratzen, ez ziguten galdetzen zer bilatzen genuen", esan du. Horrekin batera plazera sentitzeko eskubidea aldarrikatu du: "Chemsexean hasi ginenean, bagenuen hainbat beldur, baina plazera nahi genuen". Horregatik, azpimarratu du plazera kudeatzen ikasi behar dela.

Dinamika sexualak galtzearekin batera, sozializatzeko espazioak ere galtzen dituzte erabiltzaileek. Horregatik, sexu eta drogarik gabeko espazioak sortu nahi zituzten: “Erabiltzaileon artean hitz egiteko beharra sentitzen genuen”. Behar horretatik abiatuta, ProtegerSex Stop Sida batzordea sortu zuten erabiltzaileen artean. Bertan, elkarri laguntzeko taldeak, babes emozionala, maskulinitatea lantzeko tailerrak, ikerketa eta material informatiboa, substantziak analizatzeko zerbitzua eta aisialdi alternatibak eskaintzen dituzte. “Gure helburu nagusia da erabiltzaileak ahalduntzea”, nabarmendu du.

Ezker-eskuin, Andrea Carrillo psikologoa, Carlos Ibero medikua, Juan Indurain mikrobiologoa eta Julia Munarriz Sare elkarteko presidentea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


Euskara osasungintzan

Osakidetzak berak aitortzen duenez, “komunikazioa tresnarik garrantzitsuenetako bat da jarduera asistentzialean; beraz, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea”.


2025-06-26 | Aiaraldea
Arartekora jo dute, “Osakidetzak ez dielako osasun sistema publiko eta duinaren aldeko 5.646 sinadurei erantzun”

Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan. 


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Gorputz hotsak
“Gauzak egin eta kalera atera nahi nuen, baina ezin nuen”

Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]


Ea hurrengorako ikasten duzun...

“Ea hurrengorako ikasten duzun…”. Horrela agurtzen zuen amak onkologoa, kariñoz eta lotsarik gabe, kontsultatik ateratzen ginen bakoitzean. Hamar bat kontsulta egingo genituen bospasei urteren bueltan, eta agurra beti bera izaten zen. Emakume atsegina... [+]


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Nafarroako larrialdi zerbitzuen saturazioa salatu dute langileek, eta langile kopurua igotzea eskatu dute

Langileak kexu agertu ziren ekainaren hasieran. Fernando Domínguez Nafarroako Osasun kontseilariak erantzun zien "euren eskuetan" zegoen guztia egiten ari zirela, baina baliabideak "mugatuak" zirela.


Elektrikari bat amiantoagatik hil zela ebatzi du Gasteizko auzitegi batek

Gasteizko Lan arloko bigarren auzitegiak ebatzi du SIS Electricidad enpresarentzat lan egiten zuen eta 2019an hil zen behargina amiantoak eragindako minbizi batengatik hil zela. Udal galdarak konpontzeaz arduratzen zen elektrikaria, eta 1999tik 2017ra lan egin zuen enpresa... [+]


Osakidetzak gazteleraz eskaintzen dizkie saioak Gasteizko Zabalgana auzoko D ereduko haurrei, eta bi ikastetxek uko egin diote zerbitzuari

Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan... [+]


2025-06-11 | Nicolas Goñi
Duintasunez hiltzeko eskubidea baino lehen, duintasunez bizitzeko baldintzak zer?

Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]


Osakidetzako hautaketa prozesuen egoera salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek

Hautaketa prozesuetako kudeaketa “geldirik edo kaosean murgilduta” dagoela diote elkarretaratzearen deitzaileek.


Eguneraketa berriak daude