Euskal Herriak aurrera egin nahi du. Euskal Herriko agenda soziopolitikoa begiratu besterik ez dago herri honek zein norabidetan arraun egiten duen jakiteko. Bost urteko prozesu luze baten ostean, joan den irailaren 30ean atxilotu zituzten azkenik Aitor eta Galder gazte militanteak. Zahar usaina zerien irudiak utzi zizkigun egun hark, eta bi lagun falta ditugu orain txalupan arraunean. Gure herriaren ziabogan irudi batzuek lekurik ez izatea nahiko genukeen arren, oraindik ere milaka trikimailu eta egitura dituzte aurrera egiteko gure nahi kolektiboa oztopatzeko. Irudi gogorrak utzi zizkigun irailaren 30ak, bai, baina norabidean eta egiten ari garen horretan berresteko beste hainbat argazki ere bai. Irudi itxaropentsu horiek ez dira ezerezetik, bat-batean, sortutako eztanda baten ondorio. Su txikitan, epeletan, arnasa eta begirada luzez ondutakoaren erakusle dira.
Euskal Herriko agenda soziopolitikoa begiratu besterik ez dago herri honek zein norabidetan arraun egiten duen jakiteko
Ikasturte politikoa hasi besterik ez da egin, eta irailak dagoeneko titular ugari utzi dizkigu. Eleaniztasuna mehatxutzat duen kongresu bat, estatu plurinazionalaren argazkiarekin ezikusiarena egiten ari den eskuineko mugimendua... Baina Madrileko aulkietatik haratago ere bada berotzen ari den taupada bat, gainontzeko guztian irradiatzen duena. Datozen hilabeteen errepaso txiki bat: urriaren 13tik 15era Euskal Herriko neska* gazteak Usurbilen bilduko gara ikasturteko erronkak zehaztu eta Greba Feminista Orokorra gure subjektu politikotik irakurtzeko. Urriaren 25ean, greba egunak izango ditugu Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako administrazio publikoan. Azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazioa deitu du euskaldunok jasaten ari garen oldarraldiari erantzun sendo bat emateko. Hortik bi astera, azaroaren 18an, Bilboko kaleak beteko ditugu berriro ezikusiarenak egiten ari diren horiei Euskal Herria nazio bat dela erakusteko. Eta hilabete bukaeran, azaroaren 30ean, zaintza sistema publiko eta komunitarioa ardatz izango duen Greba Feminista Orokorra izango dugu Euskal Herrian. Horiek guztiak bi hilabeteetako hitzordu batzuk baino ez dira, beste hainbeste izango ditugu tokian toki.
Sentsazioa daukat batzuetan egunerokoaren inertziak ez digula astirik ematen burua altxatu eta loratzen ari garenari erreparatzeko. Bada oraindik herri hau txikia dela dioenik, baina herri baten handitasuna kilometro karratuetan baino, beste neurgailu batzuen arabera neurtuko bagenu, gure herriaren adjektiboa bestelakoa litzateke. Handia da aurrera begira dabilen Euskal Herria.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.