“Prekaritatearen alaba naiz, 42 urte ditut eta 22 lanbidetan aritu naiz”

  • Shakirak Gerard Piquéri aurpegira botatako abestiaren bertsioa egin zuen Silvia Guillének H&Mko emakume langile prekarizatuen egoera salatzeko eta bideoklipak ehunka milaka ikustaldi izan zituen munduko bazter guztietan. Ileorde ilehoriaren azpian zegoena emakume errebeldea, kantari bikaina eta ELAko sindikalista borrokalaria, aldi berean. Ezohiko konbinaketa, baina eraginkorra, bistan denez.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Silvia Guillén Álvarez de Eulate. Iruñea, 1981

Xilum, Kerasy eta Hibakusha rock gogorreko taldeetako abeslaria izan da. Duela bi urtetik No More Blues taldean blues eta soula abesten ditu ahots urratuz. Soziologian lizentziaduna da eta Familia Bitartekaritzan egin zuen gradu-ondokoa. 22 lanbide pasa ondoren, duela bost urtetik ELA sindikatuan ari da lanean. Otsailean, greban zeuden H&Mko langileen aldeko Shakiraren kanta baten bertsioa egin zuen eta bideoklipa birala egin zen mundu mailan.

Rock star bokazioa izan al duzu betidanik?
Bai! [Irriz] Barañaingo Luis Morondo musika eskolan sartu nintzen txikitan, musika nire bizitzako pasioa izan delako beti. Solfeoa eta pianoa ikasi nituen, baina oso modu klasikoan eta 18 urterekin beste bide bat urratzea erabaki nuen. Iruñerrian zabaldu berria zen Artsaia musika eskolara joan nintzen eta han argi ikusi nuen nik rock abeslaria izan nahi nuela. Talde bat sortu nuen lagun batzuekin, Xilum, aspaldiko metala jorratzeko eta euskaraz. Honekin bi disko kaleratu genituen. Gero Kerasy, Irurtzungo talde batetik deitu zidaten. Horiek metal munduan eskarmentu handiko musikariak ziren eta oso esperientzia aberasgarria izan zen.

Metalaren esparru horretan Euskal Herrian ez zegoen ia emakumerik eta nik ez nuen erreferenterik izan. Agian horregatik onartu nituen ontzat hartu behar ez nituen gauza batzuk. Erabakiak hartzerakoan, adibidez, beti bigarren planoan gelditzen nintzen. Nik ez nuen lider bat izan nahi, talde baten partaide baizik.

"Metal euskalduna emakume ahotsarekin" esaten zuten beti gutaz hitz egiterakoan. Nik garai hartan normaltzat hartzen nuen, baina atzera begiratzean diot, kontxo! Akaso esaten dute "Su ta Gar, metal euskalduna gizon ahotsarekin"?

Garai hartan askotan komentario gogorrak entzun behar izan nituen. Ahotsean indarrik ez nuela zioten batzuek, baina ez zen egia. Beti gertatzen da gauza bera: emakume izateagatik bi bider demostratu behar izaten duzula zure balioa. Orkestretan ere behin baino gehiagotan esan izan zidaten soineko polit bat erosteko eta ile-apaindegitik pasatzeko emanaldietara joateko.

Matxismo asko aurkitu duzu musikaren alorrean?
Bai, asko. Nik, adibidez, Iruñerriko areto batean zentsura jasan nuen. Orain hamabost urte, neska batek areto horretako atezain baten sexu-erasoa jasan zuen komunean. Guk han jo behar genuen eta talde feminista batetik deitu zidaten horren berri emateko, azalduz, gainera, aretoko arduradunek ez zutela ezer egin atezain horren kontra. Iruñeko talde ezagun batekin jo behar genuen kontzertu hartan. Haiekin bildu eta publikoki aditzera eman genuen ez genuela han joko dena argitu arte.

Emakume bakarra nintzen hamasei musikariren artean eta areto horretako arduradunek nire aurka jo zuten. Boterea zuten eta niri betirako betoa jarri zidaten areto horretan. Nire inguruan zeuden gizonek ez zioten garrantzirik eman aferari. Ez nuen babesik edo elkartasunik sentitu haien partez. Hala ere, harro nago egindakoaz. Talde feminista horretako kideek deitu zidaten nire jarrera eskertzeko eta esan zidaten bortxatutako neska ere oso eskertuta zegoela. Gauzak, zorionez, aldatu dira izugarri eta pozten nau ikusteak feminismoa nola ari den egiten aurrera.

Eta orain blues munduan zabiltza?
Bai No More Blues taldearekin ari naiz duela bi urtez geroztik. Talde honek hogei urte daramatza musika munduan eta haiekin asko ikasten ari naiz. Hibakusha taldearekin ibili ondoren ez nekien zer egin. Gainera, emakumeok adinkeriaren mamua beti dugu aldamenean, eta beldur nintzen ez ote nuen izango aukera gehiago, baina, zorionez, beti ateratzen dira proposamen berriak. Ez nuen ideiarik ere soul edo bluesari buruz, baina ausartu nintzen. Abestiak nire erara egiten ditut ahots urratuarekin. Gustatu zitzaien eta hemen nago.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

ELA sindikatuan ari zara lanean duela bost urtetik. Nola iritsi zinen hona?
Prekaritatearen alaba naiz. 42 urte ditut eta 22 lanbidetan aritu naiz. Soziologia ikasi ondoren, Familia Bitartekaritza masterra egin nuen eta bestelako formakuntza ikastaroak ere egin izan ditut hainbat lanbiderekin lotuak. Arazo ekonomikoak izan ditut askotan eta honek indartu nau. Enpatizatzeko izugarrizko ahalmena daukat, adibidez, eta hori sindikalgintzan ezinbestekoa da.

Gaztetan ezin nintzen errebeldea izan, etxeko egoera ekonomikoa ez zelako erraza. Niri errebeldia rock munduan hasi ondoren etorri zait. Ikasle garaian ikusten nuen nire ikaskideek, oro har, ez zutela lan egiteko premiarik unibertsitatea ordaintzeko, nik bezala, eta hor hasi zen garatzen nire langile klase kontzientzia. Lan egin behar nuen eta, ondorioz, karrera ateratzeko besteek baino bi urte gehiago behar izan nituen, eta ez nuen aukerarik izan atzerrian ikasteko, beste askok bezala.

Esaten didate justizia soziala dela nik sindikatu batean lan egitea, egoera zail asko bizi izan ditudalako.

"Hamahiru langile hauek,  234 egunetako grebaren ondoren, abuztuaren lehenean, soldaten %24,7ko igoera hitzartzea lortu zuten”

Orain dela gutxi birala egin da H&M dendako langileekin egin zenuen Shakiraren kantaren bertsioaren bideoklipa…
Bai. Ikaragarria izan da. Sindikatuan hiru atal dira: zerbitzuak, industria eta giza-lana, administrazioko langileria barne, eta ni azken honetan nago. Berez, ez nintzen H&Mko langileen aferarekin harremanetan zuzenean, baina sindikatuko komunikazio arduradunek Shakiraren kantaren bertsio bat egiteko erronka bota zidaten eta nik onartu egin nuen, jakina.
Etxera joan, garagardo bat hartu eta pentsatu nuen "zer egingo luke Los Gandules nire talde kuttunak kanta honekin?", eta hasi nintzen idazten. Arratsalde bakar batean atera zen. Gero Iker Huitzi lagun eta musikari handiaren estudioan grabatu genuen. “Ikerrap” eta “Silvira” sartu ginen grabazio estudioan barrez lehertzen. Bitartean langileek, haien kabuz, dantza bat prestatu zuten. Goiz batean Gazteluko plazan gelditu ginen bideoklipa grabatzeko eta ileorde ikusgarriak eraman genituen argi eta garbi erakutsi nahi genuelako hura parodia bat zela. Izugarrizko oihartzuna izan zuen. Handik hiru egunetara bulegora joan eta esan zidaten Julia Oterok deitu zuela. Eta berdin Argentina, Venezuela, Kolonbia, Ingalaterra  eta Espainiako Estatuko hainbat telebista katetatik ere. Azkenak deitzen ETBkoak izan ziren, handik aste eta erdira. Egoera erabat surrealista izan zen. Ehunka milaka ikustaldi izan ditu Youtuben. Ikaragarria!

Abestiari esker mundu guztiak haien egoera gogorra ezagutu duela izan da positiboena?
Bai, hala da. Oso emakume indartsuak dira. Nafarroako azken aldi honetako greba luzeena egin zuten La Morea merkatalguneko H&Mko dendako hamahiru langile hauek, 234 egunetako grebaren ondoren, abuztuaren lehenean, soldaten %24,7ko igoera hitzartzea lortu zuten. 2009an izan zen ehungintza sektoreko azken soldata igoera Nafarroan eta geroztik izoztuta egon dira haien soldatak. Pandemiaren ondoren ELAk salatu zuen egoera hori eta 2022ko abenduaren 9an La Moreako langileek erabaki zuten grebara joatea.

Multinazional honek Iruñerrian duen beste dendako langileek ez zuten gurekin bat egin nahi izan, haiek beste negoziazio lerro batean daudelako estatu mailan, UGT sindikatuarekin. Ez zuten greba luze honetan parte hartu eta orain lortu dugun akordioak beraiei ez die berehalako onurarik ekarriko. La Moreako merkatalguneko dendako hamahiru emakume langileekin sinatutako hitzarmena da eta hori bera garaipen itzela da, sektore hau oso feminizatua eta prekarioa delako.

Oso borroka latza izan da. Hainbat egunez grebari eutsi ahal izan zioten sindikatuko erresistentzia kutxari esker eta baita kalean jendearengandik jaso duten babes eta laguntzarengatik ere. Horrek izugarrizko indarra eman zien. Hala ere, lanean hasi zirenean grebarik egin ez zuten enkargatuen jarrera txarrarekin egin zuten topo. Ez da oso egoera xamurra oraingoa. Gainera, hau dena ez da amaitu, hau akordio puntual bat izan delako, baina orain dator sektoreko lan hitzarmen orokor berria negoziatzeko tenorea. Ikusiko dugu.

Enpresarekin sinatutako hitzarmen horretan bideoak izan al zuen eraginik?
Bideoak gehienbat balio izan zuen langileei indarra emateko, haien egoera eta lan baldintzak biralizatu zirelako eta jendearen enpatia lortu zutelako. Ez dakit zer nolako eragina izango zuen bideoak, baina prozesu luze honetan jarrera aldaketa bat egon da enpresaren partetik. Pasa ziren langileak mehatxatzetik eta beldurra eragitetik akordioa sinatzera. Bestalde, bideoak balio izan du Euskal Herrian egiten den sindikalgintza mota ezagutzera emateko. Sindikatu txiki batzuetan izan ezik estatu mailan erresistentzia kutxa ez da erabiltzen den tresna bat. Sindikatuetako kideen kuotaren %25 elkartasun kutxa horretara doa eta hori oso garrantzitsua da.

Nola ikusten duzu sindikalgintza gaur egun?
Uste dut langileen eskubideen inguruan asko daukagula guztiok ikasteko. Ikastetxeetan nahita ez digute horren berri ematen. Prestatzen gaituzte lan bat egiteko, baina gero ez dakigu zer kontratu mota dugun ere.
Beldurra, prekaritatea eta indibidualismo ikaragarria dago gizartean eta ez badugu borrokatzen pikutara goaz. Langileok argi izan behar dugu nondik datozen arazoak eta nortzuk diren errudunak. Ezjakintasun handia dago.

Bestalde, emakumeon eta migratzaileen prekarizazioa latza da. Etorkin asko galduta daude, ez dakite nora jo eta guregana jotzen dute informazio eske. Gure lana, hala ere, ez da soilik informazioa edo laguntza ematea, baizik eta prekaritatean dauden pertsona horiek militantziara bultzatzea. Sindikalgintzara erakarri nahi ditugu haien burua ahaldundu dezaten. Gu eragile sozialak gara, ez aholku emaile soilak. Pertsona batzuek ez dute sindikatuen alde politikoa ulertzen. Batzuek uste dute haien eskubide indibidualak defendatzeko gaudela, baina gu jendea antolatzeko gaude, elkarrekin borrokatzeko. Sindikatuaren kultura galtzeko arriskuan gaude.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zer da lan honetan topatu duzun zailena?
Adibide bat: argi eduki behar duzu langileen eskubideen alde jokatu behar duzula beti, aurrean duzun erakunde, enpresa edo alderdi politikoa edozein dela ere. Gainera, lana oso maskulinizatuta dagoen arloa da eta emakume gazte bat ikusten dutenean ez diote kasu handirik egiten. Batzuetan idazkaria banintz bezala begiratzen naute. Gizonezko batekin joaten banaiz, maiz hari hitz egiten diote soilik. Jarrera horiek, hala ere, niri indarra ematen didate. Azkenaldi honetan sindikatua emakumetzen saiatzen ari gara eta gure artean elkar babesten dugu.

"Batzuek uste dute haien eskubide indibidualak defendatzeko gaudela, baina gu jendea antolatzeko gaude, elkarrekin borrokatzeko"

LGTBI kolektiboko aktibistatzat jotzen duzu zeure burua?
Ni ez naiz inoiz aktibista sutsua izan. Lesbianaren etiketa jarri zidaten, baina ez naiz lesbiana. Nik etiketarik gabe bizi nahi dut. Bi emakume bikotekide izan ditut eta batekin ama izan naiz, eta gizonezko bikotekiderik ere izan dut. Ez dakit zer naizen, baina moldeak apurtzeko ni beti prest.

Egunerokotasunean beti defendatu ditut nire eskubideak pertsona gisa. Ez naiz inoiz isildu, baina eremu pertsonalera mugatzen da nire militantzia. Nire ingurukoak hezten saiatzen naiz. Nire gurasoek, esate baterako, ez zuten ulertzen nire izaera eta ama izan nintzenean gogorra izan zen. Egia da, bestalde, musikak plataforma bat eman didala nire bizitza pertsonalaz publikoki hitz egiteko, eta ez naiz inoiz isildu, ez dudalako ezer ezkutatzeko.

Sexu disidentziaren agerpen sozialean, ikusi duzu aldaketarik urte hauetan?
Zalantzarik gabe. Orain, egia esan, zaharkituta ikusten dut neure burua, belaunaldi berriek hau dena erabat gainditua dutelako. Emozionalki osasuntsuagoak direla uste dut. Adibidez, nire semeak, zazpi urterekin, badaki identifikatzen zer sentitzen duen. Bere adinarekin kostata egingo nuke halakorik.

42 urtez kosta egin zait, baina indartsu sentitzen naiz orain. Banandu berri naiz eta erronka berria da bikotekiderik gabeko amatasuna. Baina nire señoratasunarekin oso pozik nago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


5.000 lagun batu dira Baionan, Macronen austeritate politikak salatzeko

Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


2025-08-19 | Axier Lopez
Euskotren "animalien tratu txarren" iragarle

LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Sergio Ayucar: "BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea"

ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]


Bizkaiko autoeskolek hirugarren greba eguna izan dute astelehenean

Uztailak 8, 16 eta 21 izan dira greba egiteko ELA eta CCOO sindikatuek aukeratutako egunak. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) eta soldatak parekatzea eta lanaldiak murriztea eskatzen dute. 


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Tubos Reunidoseko enplegu espedientea "azken urteetako produkzio egoerarik onenean" inposatu nahi dutela salatu du ESK sindikatuak

ESK-k azpimarratu du zuzendaritzak soldatak igo dituela, langileen prestazioak murrizten ari diren bitartean. Berez, 2020tik abiatzen duten seigarren espedientea da honakoa.


2025-07-15 | ARGIA
Sanferminak amaituta, Iruñerriko autobusek greba utzi dute, irailera arte

Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.


Etxeko langileen hitzarmenaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman du LABek

Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]


2025-07-09 | ARGIA
Etxebizitza erosteko Jaurlaritzaren abala azken buruan “diru publikoa banketxeei” ematea dela kritikatu dute LABek eta EH Bilduk

18 eta 39 urte arteko herritarrei lehen etxebizitza erosten laguntzeko Eusko Jaurlaritzak berak finantzaturiko abala iragarri berri duen honetan, soluzioa ez dela hori kritikatu dute bai LABek, bai EH Bilduk. Dagoeneko dauden eraikinak aprobetxatu eta prezioak jaitsi ordez,... [+]


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.