Stand-uparen olatua: apurretik aparrera

  • Maite dugu maite talaiara igo, urrunetik datozen olatuei so egin eta horien etorrera lau haizetara zabaltzea: “Begira, euskal telesailen olatua!”, “Han, haitz horien atzetik, olatu euskaltzale berria!” edo “Eta hori? Ez al da hori euskara salbatzera datorren azken euskal trap tsunamia?”. Gure mundua irauliko duen olatuaren zain bizi gara euskaldun asko. Bada, iragarpen ikaragarri bat dugu gutxi horientzat: hemen da euskarazko stand uparen olatua! Edo olatuñoa, sikiera.

Antton Telleria Karkarkar saioan. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Umorezko monologo edo bakarrizketa deitu izan zaie bazterrotan. Stand-up comedy gisa ezagutzen da anglosferan. Gaitz gehientsuenen gisa, horrek ere Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria. Erdaretara indarrez iritsi zen milurteko berriarekin batera, besteak beste, Paramount Comedy eta El Club de la Comedia gisakoen eskutik, eta horrek izan zuen oihartzunik Euskal Herrian ere. Baina salbuespenak salbuespen, euskarazko stand-upa bazterreko fenomeno gisa garatu da urte luzez. Oraintsu arte.

2010. hamarkadatik aurrera, stand-uparen kulturak loraldi berria izan du. Sareek zein streaming plataformek AEB eta Ingalaterrako umoregileak haien mugetatik kanpo ezagutarazi dituzte, eta umorea egiteko kode, molde eta ikuspuntu berriak hedatu dira mundu zabalean barrena, baita euskal oholtzataraino heldu ere. Badirudi ari dela eszena bat sortzen euskara, stand-upa, umoregileak eta publikoa ezkontzen dituena. Baina zein da honek izan dezakeen garapena? Aterako al da hemendik taxuzko zerbait? Axola al du? Galderak erantzuteko argitasunik ez denean egin ohi denez, saia gaitezen erantzunak ondoko mahaikoaren azterketan aurkitzen. Begira dezagun Kataluniara.

'Stand-uparen olatuñoa', Donostiako Dokan eginiko Karkarkar saioa. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Salbuespena zena, joera
Katalunia diogunean, Bartzelonaz ari gara (nagusiki). Izan ere, stand-up askorik ez zegoen tokian umore eszena bizi eta oparoa dago orain. Eszena horretako kide da Eñaut Zuazo umoregile gasteiztarra. Euskal Herrian bakarrizketak egiteko aukerarik ez, eta Katalunian aurkitu zuen lehen aldiz eszenatoki batera igotzeko ingurune egokia.

Eñaut Zuazo.

Ingurune horiek lan txiki askoren garapenaren emaitza dira: “Duela zazpi urte ez zegoen ia bakarrizketarik, are gutxiago katalanez. Orain, ehun umoregile baino gehiago gara”. Gidoigintzan zein komedia profesionalean, Madril da estatu mailako epizentroa. Agian hori izan da Bartzelonan eszena alternatiboa sortzearen arrazoia: “Lanik ez egoteak, elkarren artean konpetentzia askorik ez egoteak, familia handi bat sortu du. Batak besterengandik ikasten du, eta elkarrekin ari gara bidea egiten”.

Baina zein da familia horren ama hizkuntza? “Bartzelonako eszenan katalana salbuespenezkoa” zela dio Oye Sherman umoregileak, orain urte batzuetako giroa oroitzean. Gutxi batzuk salbuespena zen hori joera bilakatzeko determinazioarekin batu ziren arte. Soterrani stand-up ikuskizuna sortu zuen 2017an beste kide batzuekin, baita L´Altre Mic katalanezko open mica ere.

Soterrani stand up

Openak irekitzen du bidea
Open mic diogu anglosaxoiek termino hori zabaldu dutelako. Baina tira, umorezko mikrofono irekiak dira: jende berria lehen aldiz taulara igotzeko eta esperientziadunek testu berriak lehen aldiz jendaurreratzeko espazioak. Bartzelonan, katalanez ari diren umoregile asko eta asko L´Altre Mic-eko asteartetan trebatu dira. Horrelako batean igo zen lehen aldiz taula gainera Eñaut Zuazo ere. Haren kasuan, La Llama liburudendan antolatutakoan izan zen. Bartzelonako umorearen erreferentziazko beste elkargune bat da: liburuak, formakuntza eta ikuskizunak biltzen dituena. Dena umoretik edo umorerako.

Ignasi Taltavull da La Llaman barrena aurki dezakezun horietako bat. La Ruina podcastaren egile gisa egin da ezagun, baina besteak beste, Modgiren Mític komedia espezialaren zuzendari ere bada. Katalanez grabatu den lehena da. Openen garrantzia azpimarratzen du Taltavullek. “Modgik bere espezialean grabatu zuen material guztia pasa da open micetatik, findu arte. Tresna ezinbestekoa dira testuak eta komikoaren nortasuna lantzeko”. Tresna, baita topaleku ere, Oye Shermanen arabera. “Elkargune funtzioa dute, eta kideekin konplizitatea garatu ahala, proiektu profesionalak ere sor daitezke bertan”.

Umorezko eszena landarea bada, openak sustraiak dira. Baina landare horrek loreak eta fruituak ere eman ditu Katalunian. Oraindik gaztelerazkoaren itzalean bada ere, geroz eta gehiago dira katalanezko umorezko proposamenak, izan podcastak, irratsaioak, ikuskizunak edo jaialdiak. Eta horrek, lehenago gaztelaniaz egingo zutenen ohiturak aldatzea ere ekarri du: besteak beste, Andres Fajngold umoregile argentinarra eta Eñaut Zuazo bera katalanez egitera ausartu izan dira.

Hau ez da berria
Mediterraneo itsasoa ederra da, baina tokian tokiko errekako ur freskoa txarra al da ba? Euskaraz egindako stand-up gisakoen bila, 2000. urteraino egin behar da atzera. El Club de la Comedia eta Paramount Comedy erreferentzia espainiarren eraginpean, gaztetxeetako oholtzak musikari eta bertsolariekin konpartitzeko aitzakia perfektua aurkitu zuen zenbaitek. Haietako bat da Jon Plazaola umoregile eta aktorea. “Stand-upa berria zen denontzat, eta ni neuk asmatutako lege batzuei jarraiki, nire estilo propioa sortzen ahalegindu nintzen, euskaraz”. Oso gutxi zirenez, arrakasta handia izan zuela gogoratzen du. 23 urte igaro dira hasiera hartatik, eta oraintsu itzuli da stand-upera Tu Tum, Platz! emanaldiarekin.

Jon Plazaola, Karkarkar saioan. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Antton Telleriaren Nekatutak tour arrakastatsuak eraman du euskarazko stand-upa orain arteko zapaldu gabeko lurretara. Hainbesterako ote da? Bai eta ez. Beste umoregile batzuek ere, foku gutxiagoren argipean, Euskal Herri osoko aretoak eta frontoiak jarri dituzte barrez. Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak osatzen duten bikoteak, besteak beste. Bakean dagoena, bakean utzi emankizuna sortu zuten 2017an, eta ia 150 aldiz eraman zuten oholtzara. Luze edo motz emanaldiarekin beste horrenbeste herri bisitatu dituzte. Herri Txiki Infernu Handirekin lehiatzeko moduan daude. Stand-uparen klabeetatik gertu badaude ere, biko formatua da haiena. Hori da, Torregarairen hitzetan, arrakastaren formula: “Umore oso antzekoa erabiltzen dugu, eta elkar babestu eta gozatu egiten dugu”. Bide zabaltzaile izan dira, umore moldeaz gain, gutxi entzuten diren edukiak eramaten baitituzte doazen lekura: “Batzuentzat deserosoa da bi emakume sexuaz eta aho bizarrik gabe hitz egiten entzutea”.

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. (Argazkia: Batix Ezeiza)

Bizitzaz umoretik hausnartzeko
Orain bai: Antton Telleria eta Nekatutak. Lehenago ere izan dira stand-up showak euskaraz, baina tolosarrarena da nazioarteko show garaikideekin parekatu daitekeen lehena. Bai behintzat konparaziotik autoestimua zaurituta atera gabe. Donostiako Antzoki Zaharrean egin zuen saio bikoitzaren mila sarrerak astebetean saldu ziren. Aitortzen du irratian eta telebistan lan egiteak ikusgarritasuna eman diola, baina urteak zeramatzan, ezkutuan, ikasi eta prestatzen: “Nik oso serio hartu dut apustu hau, gogo handiz eta lan handia eginda. Uste dut jendeak hori apreziatu duela”. Show-aren azken emanaldiak grabatu egin ditu, eta laster du zabaltzeko asmoa, komedia espezial gisa.

Antton Telleria. (Argazkia: Jokin Fernandez)

Espainiatik datozen monologo klasikoen erreferentzietatik urruntzeko ahalegin kontzientea egin du Telleriak, topikoen bueltan osatutakoak direlakoan. “Behin stand-uparen bueltan murgiltzean topatu nuen hor badagoela sekulako unibertsoa, umoretik bada ere bizitzaz hausnartzeko eta gure errealitateari erreparatzeko balio duena”. Joko horretan sartzeko, ordea, ikusleak ere ahalegina egin behar du. Musikarekin egin du konparazioa: pop estribilloak ederrak dira, baina badaude gauza gehiago gozagarriak direnak arreta eskainiz gero.

Herriz herri eraman du show-a, baina horrez gain, Telleriak maiz hartzen du parte jai-gune edo gaztetxeetan gero eta gehiago antolatzen diren emanaldi kolektiboetan. Oholtza, garagardoa eta kezkak partekatzen ditu bertan azken urteotan stand-upari gogor heldu dioten beste umoregile batzuekin: Maria Blanco, Julen Portillo, Ana Goitia, Iker Plazaola… Testu laburrak egiteko aukera eskaintzen dute saio horiek, baina pixkanaka, saioz saio, umoregileen arteko harreman sarea ere ari da sortzen.

Julen Portillo. (Argazkia: Hiru Damatxo)

DespotorrOpen eta Karkarkar
Lehenago ere aipatu ditugu open mic edo mikrofono irekiak. Bada, euskal hiriburu batzuetan ere badira hilabeteroko maiztasuna duten batzuk. Ekekei Comedy Gasteizen, DespotorrOpen Bilbon eta Karkarkar Donostian, besteak beste. Ane Lindane umoregileak sortu zuen DespotorrOpen, Raquel Torresekin batera. Kezka eta arazo bera zuten biek, egon behar zutela besteek eskaintzen zizkieten bakarrizketa saioen zain. “Normalean giro hori maskulinoa eta kasposoa da, deserosoa. Horregatik erabaki genuen guk geurea egitea. Open bat, feminista, gure erara egindakoa”. Bilbon antolatu den lehenengo open-mica da, eta Euskal Herriko bakarra emakumeak eta genero disidenteak lehenesten dituena.

Ane Lindane, Karkarkar saioan. (Argazkia: Hiru Damatxo)

Horri eskerrak lortu dute “beste modu batera ausartuko ez liratekeen” emakume asko lehen aldiz oholtzara igotzea. Open-micak ezinbestekoak direla uste du: “Ez baduzu inguru informalagorik, non lortuko duzu show bat egiteko segurtasun hori? Nola jakingo duzu zati batek grazia duen edo ez?”. Orain artean, DespotorrOpenen parte hartu duten umoregile gehienek gaztelaniaz egin dute. Baina Lindanek euskaraz egiten du hasierako aurkezpena, eta ahalegintzen dira, aldiro-aldiro, euskaraz egingo duen norbait gonbidatzen.

Open mic denen artean, euskara hutsezkoa den bakarra Karkarkar da, berriki Donostian abiatu dena. Stand-up probalekua abizena darama, eta lehen bi saioetan oso ibilbide desberdineko umoregileak batu dira bertan, esperientziadunak zein hasiberriak. Eñaut Zuazo eta Beñat Iturbek, adibidez, lehen aldiz egin dute bertan stand-upa euskaraz. Maialen Sorzabalbere umoregileak ibilbide oparoa du Barrexerka taldean, baina Karkarkar izan du oholtzako bakarrizketan estreinatzeko aitzakia. “Ez balitz halako formatuak aurkitu ditudalako, ez nukeen pauso hori nik bakarrik emango”. Egitea bezainbeste gustatzen zaio ikustea, eta hartzaile gisa oso aukera ona dela uste du. Ez da, itxuraz, hori uste duen bakarra. DespotorrOpen zein Karkarkar-en emanaldi guztietan elkartu dira, gutxienez, ehun bat lagun.

Hori da stand-uparen olatuñoa deitu diogunari indarra ematen diona. Taula gainean dauden surflari izarrak bakarrik ez, badirela antolatzaile rola hartu dutenak ere; eta garrantzitsuagoa dena, ikusle xumeak gehiagoren gosez daude. Eta orain zer? Hondartzara iritsi aurretik lehertuko da olatua apar eta txalo artean gero ahanzturan galtzeko? Edo lurreraino iritsi eta astinduko ditu telebistaren, euskalduntasunaren eta kultur programazioaren zutabeak? Auskalo. ChatGPTri edo konfiantzazko tarotistari galdetu.

Pantailaratzeko lanak

Bi norabidetako hartu-emana dute stand-upak eta telebistak. Badira pantailan hasi eta oholtzara gero salto egin duten umoregileak. Eta kontrara, zuzeneko umorea egiten dutenen artean, asko aritzen dira telebistan, kamera aurrean ez bada, paper artean, gidoilari. Stand-upa pantailaratzeko ahaleginak ere egiten dira, eta ez da, horien bila, Netflixera jo beharrik. Barre Librea saioak umorezko bakarrizketa laburrak eraman zituen ETB1era, 2021eko ekainera arte. Jon Plazaola aritu zen bertan, aurkezle eta gidoilari. Pozik dago saioan izandako jendea bakarrizketak egiten ikusten duelako orain. “Batzuk aritzen ziren gure programatik pasa aurretik eta beste batzuei agian saioak berak behar zuten laguntza edo bultzada txikia eman die”.

Baina, ai: stand-uparen moldeak telebistara eramatea bizikleta batekin surf egiten ahalegintzea bezala da. Zer esanik ez telebista publikoa bada. Antton Telleriak bi disziplinen gazi-gozoak dastatu ditu. Dioenez, stand-upak ez ditu telebista publikoak dituen baldintza eta gorabeherak, eta zuzeneko intimotasunak aukera ematen du mugak gehixeago esploratzeko. “Telebistan oso molde atsegineko umorea egin izan da, molestatuko ez duena, ez duena zalapartarik sortuko". Iritzi bertsukoa da Maialen Sorzabalbere, ETB1eko hainbat saiotako gidoilaria izan dena. Telebistan auto-zentsurarako joera gehiago dagoela dio.

Eñaut Zuazok ere frustrazioz biz du umorea telebistan egiteko aukera eskasia: “Gustatuko litzaidake etorkizunean bakarrizketak edo ikus-entzunezko edukiak egin nahi dituen euskaldun batek kanpora joan beharrik ez izatea”. Baina Kataluniara begiratuta ere usaintzen da gatazka horren berri. TV3ek Zona Franca late nighta aurkeztu zuen iaz, stand-upetik datorren lan-taldearekin. Manel Vidal umoregilearen txiste batek Parlamenteko zenbait alderdiren haserrea eragin zuen, ordea. TV3eko zuzendaritzak Vidal kaleratzea erabaki zuen. Elkartasunez Joel Díaz aurkezleak eta gidoilari batzuek saioa utzi zuten.


ASTEKARIA
2023ko uztailaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude