"Lesbianon kasuan armairuratze saiakera bikoitza da: sukaldeko armairuan sartu nahi gaituzte"

  • Ekainaren 28ko Harrotasunaren egunaren karietara E28 Plataformak Idazketa Erotiko tailer bat antolatu zuen Iruñean, Ana Jaka idazle eta disidente sexualak eman behar zuena. Udalari erotiko hitza ez omen zitzaion gustatu eta dirulaguntza kendu zioten. Tailerra eman zuten, hala ere, eta arrakasta handiz gainera. Kontraste handiko Iruñea honetan bizi da idazle bollera, Opuseko unibertsitatean kazetaritza ikastera etorri zenetik.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2023ko uztailaren 16an
Ana Jaka Garcia. Andoain, 1973

Idazlea eta disidente sexualen kolektiboko aktibista. Kazetaritza ikasi zuen Iruñean eta kultura sustatzailea da Elkar Taldean. Mero amor. Línea discontinua poema liburua, Ez zen diruagatik eleberria eta haurrentzako Ixon, Marimutila naiz, eta zer?, Loaren inbasio isila eta Marimatrakak bildumaren hamaika titulu idatzi ditu, besteak beste.

Kazetaritza ikasi zenuen, baina kazetari gisa lan egin duzu inoiz?
Iruñean, Opuseko unibertsitatean ikasi ondoren Madrilera joan nintzen Expasión egunkarian praktikak egitera. Andoaingo telebistan eta Pasaiko irrati batean ere ibili nintzen eta kolaborazioak egin ditut Euskalerria Irratian eta Berria-n, baina profesionalki ez naiz inoiz aritu kazetari moduan. Ikasketak amaitu ondoren berehala hasi nintzen Elkarreko ikas proiektuen sustapenenean.

Zer egiten duzu zehazki?
Lehen liburuak saltzea zen gure lana, baina orain gehiago da ikas proiektuak proposatzea.

Euskal Herriko mapekin kontuz ibili beharko duzue Nafarroan…
Hemen Nafarroan beste gauza askotan ez dute arreta jartzen, baina mapetan bai. Azken urteetan lasaiago bizi izan gara, baina urte latzak izan ditugu horren kontura. Noizean behin errepikatzen den kontua da. Batzuetan Gizarteko liburuetan jartzen dute arreta eta besteetan Euskarakoetan, hizkuntza mapak, mapa politikotzat hartuz. Iruñean bizitzea niretzat kontraste handiko tokian bizitzea da eta hori interesgarria iruditzen zait.

Dena den, mapen kontrol horrek zuen lana baldintzatzen du?
Neurri batean bai, ikasleengana iristeko bideak aldatzen direlako. Ez da gauza bera gobernuak liburu bat ordaintzea doakotasun programaren barruan edo ez. Gobernuak ez badu laguntzarik ematen argitaletxeak bere kabuz beste hainbat neurri hartzen ditu liburu horri bidea irekitzeko, deskontuak, esate baterako. Eta irakasleen aldetik ere zaila da proiektu bat aurrera eramatea halako presioa gainean izanda.

Kultura eragilea izateaz gain, kultura egilea ere bazara. Nola hasi zinen idazten?
Txikitatik idazten ditut poemak eta ipuinak eta hainbat lehiaketetan parte hartu izan dut. Idazle bezala Nafarroan garatu naiz, hemen hasi bainintzen literatur tertulietan parte hartzen eta lehen poemak argitaratzen.
Mero amor. Línea discontinua olerki bilduma bikoitza izan zen argitara eman nuen lehen liburua Bilaketa sariari esker. Orduan hasi nintzen benetan sinesten nire gaitasunean. Maitasun istorio gogor bat da lehena eta bigarrenak errepideko marrei egiten die erreferentzia, aurrera jarraitu behar dugula esanez, nolabait.
Izen bereko bloga ere sortu nuen garai hartan, niretzako poemak errepideko marra txiki horiek modukoak baitira.

"Harrotasunak zentzua baldin badu, hori da lehenago mespretxua sentitu dugulako. Egoera mingarri batetik ateratzeko egiten den ariketa da”

Lehen liburua eta bloga gaztelaniaz egin zenituen. Zergatik?
Poesia idazten hasi nintzenean euskaraz ez nekielako. Eskolan A ereduan ikasi nuen eta etxean ez genuen euskaraz egiten. Nerabezaroan hasi nintzen interes handiarekin ikasten, liburuak irakurtzen, kanpaldietara joaten… Ikasle garaian Elkarreko biltegian hasi nintzen lanean uda sasoietan, Joseba Jaka osabak bultzatuta. Bere helburua zen gu, ilobak, udan hara joatea euskaraz trebatzeko. Interes handia zuen eta Egunkaria-ko harpidetza ere oparitu zigun, adibidez. Garai hartan ez nintzen horren kontziente, baina orain oso eskertuta nago horrengatik guztiarengatik.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hurrengo lana Ez zen diruagatik euskarazko eleberria izan zen.
Bai. Irakurle bezala nobela da gehien irakurtzen dudana eta beti neukan eleberri bat idazteko ametsa.
Erabaki nuen euskaraz egitea. Froga bat egin nuen eta ikusi nuenez gai nintzela aurrera egin nuen. Oso ahalduntzailea izan zen niretzat eta Elkar bezalako argitaletxe handi batek zure lana plazaratzeak beste dimentsio bat ematen dizu.

Orain Marimatrakak bildumako hamaikagarren liburukia atera duzu, Gora Sanferminak! Nolakoa da bilduma hori?
Marimatrakena oso proiektu sendoa iruditzen zait eta haur askorengana iristen ari da. Marimatrakak umeak dira eta umeek, printzipioz, bihurriak izan behar dute. Halakoak dira. Nik uste dut haurrek guk uste duguna baino gehiago dakitela eta gaitasun asko dutela. Ez dute guk bezainbeste aurreiritzirik. Horregatik ipuin hauetan askotan ikusten dira haurrak gai desberdinak naturaltasun osoz hartzen, helduak barregarri geratzen diren bitartean. Gustatzen zait kontraste hori erakustea idaztean.
Leena Krohn idazle finlandiarraren Tainaron liburua asko gustatzen zait. Hor agertzen da pertsonaia bat oso zaharra, baina irakurlea ohartzen da gazte izaten jarraitzen duela. Aldi berean da haur, gazte eta zaharra eta oso hausnarketa polita egiten du adinaren inguruan. Nik ere uste dut denok dugula barruan izan ginen haur hura eta, era berean, haurrek barruan dutela gero izango diren heldu hori. Adina oso subjektiboa da.
Haurrentzat idaztean halako gauzak esperimentatzeko aukera izaten dut eta asko gustatzen zait.

Zer lortu nahi duzu zure aktibismo literarioarekin?
Saiatzen naiz gure gizartearen eredu monolitikoak apurtzen eta familia eta harreman mota desberdinak erakusten. Marimatraken amak beste bikotekideak izan ditu aitarekin egon baino lehen eta amona maitemindu da adinean aurrera joan arren, adibidez.
Marimutila naiz, eta zer? izan zen haurrentzat idatzi nuen lehen lana eta beti esaten dut bereziki maite dudala protagonistarekin identifikatzen naizelako, nahiz eta niri futbola ez gustatu eta hari bai.

"Disidente sexualen harrotasuna ez da ezer inposatzeko saiakera, bizirauteko modu bat baizik"

Zu ere marimutila sentitzen zinen?
Bai, eta sentitzen naiz. Txikitan hala deitzen zidaten irain moduan, baina denborarekin ahalduntzen zara eta hitz horiek zeure egiten dituzu. Orain zerbait polita bezala, bandera bezala, eramaten ditut hitz hauek.
Harrotasunak zentzua baldin badu, hori da lehenago mespretxua sentitu dugulako. Egoera mingarri batetik ateratzeko egiten den ariketa da. Hori azaldu behar den zerbait da, bestela jende askok ez du ulertzen zergatik harrotasunaren garrantzia. Disidente sexualen harrotasuna ez da ezer inposatzeko saiakera, bizirauteko modu bat baizik.
Gure historia, disidente sexualen bizitza, nahiko tristea da mespretxuak, zigorrak eta askotan isiltasuna ere pairatzen ditugulako. Agian horregatik behar dugu gure aldarrikapenak hain koloretsuak izatea, banderak, dragak... horrelakoak behar ditugu egoera orekatzeko pixka batean. Borroka bai eta jaia ere bai.
Harrotasunaren egunaren mezua hortik doa. Batzuetan esaten digute friboloak garela, baina hori ez da kasuala. Dantzatu eta ongi pasatu behar izatea da horren arrazoia, baina horrek, hala ere, ez dio seriotasuna kentzen aldarrikapenari.

LGTBI+ kolektiboko kideen aurkako jarrera negatiboak eta erasoak, aldiz oso ohikoak dira.
Nik zuzenean ez dut sufritu eraso zuzenik, baina badira beste modu batzuk, sotilagoak, bazterkeria sufritzeko, isiltasuna adibidez. Marimutil eta lesbianak orokorrean isiltasunera kondenatu gaituzte askotan. Zirimiria bezala hor beti gainean duzun zerbait da eta eragiten dizu.
Gizarteak gurekin ez ikusiarena egiten du askotan eta horrela oso zaila da zure nortasuna argi edukitzea. Ez badakizu zu nor zaren, besteak bezalakoa izaten saiatzen zara, inguruan dituzun ereduak hartuz. Bide nahasgarri eta ilunetatik abiatzen zara. Ez dakizu oso ondo zer egin eta nik hori bizi izan dut gaztetan. Horregatik esaten dugu oso garrantzitsua dela haurrei erreferenteak ematea errealitatea ezagutu dezaten. Orain, zorionez, erreferente askoz ere gehiago dituzte.

"Lesbiana naiz, bollera naiz, marikoia naiz, marika naiz”... ozenki esatea jarrera iraingarri horri buelta ematea da"

Nola dakusazu etorkizuna?
Legeari dagokionez eskubideak lortzen ari gara hainbat tokitan eta beste estatu batzuetan atzera goaz, baina, aldi berean, gorroto ekintzak eta diskurtsoak gora doaz lotsarik gabe mundu osoan. Hori horrela da. Ikaragarriak iruditzen zaizkigun gauza asko gertatzen ari dira.
Heziketa oso garrantzitsua da eta hedabideek izugarrizko garrantzia daukate. Komunikabide batzuk min handia egiten ari dira halako diskurtsoei tokia eginez, audientzia handiagoak izateko helburu hutsarengatik.
Ez dakit, egia esan, jendea gero eta tuntunagoa den edo tontotzen ari ote den hainbeste pantaila ikusita, baina gauza batzuk ezin dira ulertu.
Bizitzak abiadura handia hartu du eta geroz eta denbora gutxiago dugu pentsatzeko. Ni oso kezkatuta nago.

Harreman lesbikoak makilatzen saiatzen da gizartea, oro har?
Emakumeekin beti egin izan da hori. Arautik kanpo dagoenaren ukazioa gizartearen estrategia bat da, disidenteak arauetara birbideratzeko. Lesbianon kasuan armairuratze saiakera bikoitza da: sukaldeko armairuan sartu nahi gaituzte.
Askotan lesbianei nortasuna ukatu egiten zaigu esanez “beno, oso lagun onak dira” edo norbaitek esaten duenean bisexuala dela, zerbait pasakorra balitz bezala hartzen da. Modak direla esaten da askotan, garrantzia kenduz bezala. Behin eta berriro ibili behar duzu armairutik ateratzen. Jendeak galdetzen dizu zergatik ibili behar duzun beti gauza hauek aldarrikatzen eta nik sentitzen dut esan beharra dudala, bestela ez naizelako existitzen. Eta existentzia falta zigor handia da eta sufrimendu asko eragiten du.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

“Mariokerrak, nola esan/izan bollera euskaraz” proiektuan parte hartu duzu. Zer da?
Zinegoak zinema jaialdian proposatu zen lan bat egitea euskara eta disidentzia sexuala lotuz, eta Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Casetek proeiktu hori abiatu zuten euskararen eta lesbianen komunitatearen ardatzak nola gurutzatzen diren aztertzeko. Hasieran hiztegi bollero bat egitea zen asmoa, baina gero elkarrizketa batzuk egin ziren eta sormen lanak ere gehituz joan ziren.
Hiztegi bolleroan hitz asko gaztelaniatik eta ingelesetik hartuak dira, beste batzuk euskarazkoak eta gutxi batzuk guk asmatutakoak. Nik, adibidez, bat proposatu nuen, asko gustatzen zaidana: hankapott, hankarekin beste pertsonaren hankartea igurztea da, eta praktika lesbiko horri ikusgarritasuna emateko balio dezake.
Ariketa bezala polita da hitzak asmatzea. Hitzak asmatzean errealitateak ere izendatzen eta jendeari horren berri ematen diozu, edo agian probatzeko gogoa ere bai.

Bollera hitza nola esaten da bestela euskaraz?
Badira modu batzuk: soropil, piperropil, kuku... baina Euskal Herrian aktibiston artean bollera oso hedatua dago, lesbianista edo jarrera politiko aktiboa duen lesbiana adierazten duelako. Lesbiana, aldiz, emakumeak gustuko dituen emakumea litzateke, besterik ez.
Hausnarketarako bide asko zabaltzen da proiektu honetan, eta hori oso interesgarria da.

Bollera irain modua erabiltzen da askotan, ezta?
Bai. Marimatraka edo marimutila bezala. Iraintzeko edo patologizatzeko erabili izan diren hitzak gure egiten ditugu, ahalduntze prozesu batean. “Zuretzako txarra dena guretzat ona da” esanez bezala, eta horregatik “lesbiana naiz, bollera naiz, marikoia naiz, marika naiz”... ozenki esatea jarrera iraingarri horri buelta ematea da.

Ekainean Iruñeko Udalak zuk eskainitako Idazketa Erotiko tailer bati dirulaguntza kendu zion. Hitzen garrantzia adierazten du horrek.
Ezkutuko zentsura bide bat erabili dute. Ez dute ekitaldia debekatu, baina dirulaguntza ukatu diote. Nire ustez, hitz hori horren modu argian ez agertzea nahi zuten. Ziur nago literatura “pikante” edo “anitza” erabili izan bagenu ez zela batere arazorik egongo.
Nik uste dut hitz batzuk ez dituztela ikusi ere egin nahi. Harritzekoa da. Erotiko hitza, gainera, eufemismo moduan erabiltzen da askotan pelikula edo narrazio batzuen inguruan solas egiterakoan.
2020an Orgasmo arrakala izeneko hitzaldia ere zentsuratu zion Udalak Paola Damontiri orgasmo hitza agertzen zelako.

"Pornoaren inguruan aurreiritzi asko dago eta nire ustez kritikoak izan behar dugu, baina bazterrean utzi gabe"

Literatura erotikoaren tailerrak nolakoak dira?
Praktikoa da, batez ere. Nik nahi dut jendeak idatz dezan eta egiaztatua daukat hori dela jendeak nahi duena. Ematen diezu aitzakia bat idazteko eta izugarri askatzen dira.
Parte hartzaileei proposatzen diet pentsatzea zer une suertatzen zaizkien kitzikagarriak eta gero testu horiek, errespetu osoz, partekatzen ditugu. Jolasen bidez sortzen dira istorioak. Nik laguntza txiki bat ematen diet irudimena askatzen joateko, eta azkenean iristen dira eszena erotiko txiki bat egitera.

Zein da aldea pornografiaren eta erotikaren artean?
Nik ez dut oso garbi. Uste dut erotika hitza leunagoa dela eta agian ez digula ekartzen horren irudi genitala, baina ez dut desberdintasun handirik ikusten. Kulturalki agian pornoa esplizituagoa da.
Tailerrera etortzen den jendeak batzuetan oso eszena pornoak idazten ditu eta hori ere oso ongi dago. Pornoaren inguruan aurreiritzi asko dago eta nire ustez kritikoak izan behar dugu, baina bazterrean utzi gabe. Kritikoki hausnartu, erabaki kontsumitu nahi dugun ala ez, pentsatu zergatik egiten dugun eta zer iruditzen zaigun ongi eta zer ez. Kritikoak izan behar dugu beti, baina irekiak ere bai.

                                                                                *          *           *

AZKEN HITZA

Aliatuak

“Iruñeko Udalak zentsuratu zuen nire Idazketa Erotikoko tailerrarekin gertatu dena ikusita, nik garbi dut zeintzuk diren gure aliatuak: Berria, Euskalerria Irratia, ARGIA, Ahotsa... hau da, hedabide euskaldunak bereziki. Euskal munduaz maiz esaten da oso patriarkala izan dela eta hala da, baina azken urteotan aliatu naturala izan dugu, zalantzarik gabe. Bertsolari lesbianak, bertso saio bolleroak, sormen lan disidente asko, pentsamenduaren alorrean Lisipe bilduma... badira ekimen asko oso interesgarriak”.


ASTEKARIA
2023ko uztailaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Eguneraketa berriak daude