"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

  • Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean hartu zuen hitza martxoan, bere sailak laguntza zuzenak jaso ditzan egitasmo propioak sustatzeko.

Argazkia: Aitor Aspuru

2023ko maiatzaren 28an

Nolakoa da osasun sistemaren egoera Sirian eta herrialdeko ipar-ekialdean, zehazki?
Sirian, oro har, eta ipar-ekialdean, bereziki, osasun egoera oso zaila eta baldintzak oso txarrak dira. 12 urteko gerra zibilak zailtasun ugari ekarri du eta aldatu nahi dugu hori. Ahaleginak bideratu dira Estatu Islamikoaren, Turkiaren eta Al Asaden erregimenaren kontrako defentsan eta horren emaitza da osasun sistema ahula. Horregatik etorri gara hona, ikusteko ea nola bilakatu den hemen sistema eta hausnartzeko nola garatu daitekeen Siriako Ipar eta Ekialdeko osasun sistema.

Zeintzuk dira administrazioak dituen arazo larrienak?
Osasun egiturak, hau da, ospitaleak, oso kaltetuta daude. Horrez gain, medikuen gabezia dugu, asko joan egin baitzen gerraren ondorioz. Azkenik, behar material eta ekonomiko handia dugu. Bitartekoen faltak eragiten du ahulezia osasun sisteman.

Zuen osasun sistemak zein kasu artatzen ditu?
Une hauetan sistemak soilik arta ahal ditzake larrialdiak. Ezin ditugu esku hartze konplexuagoak bermatu, eta batzuetan kasu horiek gure lurraldetik kanpo artatzen dituzte. Gure sistema ez dago prest kasu larrien edo zailenei aurre egiteko.

Sistema publikoa eta pribatua existitzen dira?
Bai, sektore publikoa eta pribatua daude, baina, esan bezala, guk soilik arta ditzakegu larrialdiak. Helburua da zentro publikoek zerbitzu guztiak eskaintzea herritarrei.

Zer gertatu da zuen lurraldean erregimenak kudeatzen zuen osasun sistemarekin?
Siriako Gobernuak ez du gure lurraldearen kontrola 2012tik. Ez du osasun sistema kudeatzen, baina bestelako kanpo eragileekin presionatzen du, ekiditeko edo oztopatzeko botikak edo osasun bitartekoak guregana heltzea.

Zuen inguruan blokeoa erabatekoa da, ezta?
Egun, mugen igarobide guztiak itxita daude. Sarrera puntu bakarra da Semalka, Siriako Ipar Ekialdeko Administrazioaren eta Irakeko Kurdistan Autonomoaren artean, baina erakunde kurdu hori Turkiaren aliatua da. Ondorioz, zailtasun eta oztopo piloa jartzen dute eta ondasun eta gai ugariren trafikoa blokeatu du Irakeko Kurdistango Gobernu Autonomoak. Gainera, legez kanpokoa da, nazioarteko legedia aintzat hartzen badugu, ez baita igarobide ofiziala.

Tel Kocher edo Al Yaroubiyah (kurdueraz edo arabiarrez) igarobidea da nazioarteko aitortza duen bakarra, baina Nazio Batuen Erakundean Errusiak eta Txinak betoa ezarri zioten eta ez dugu aurreikusten berriro irekiko dutenik.  Hori dela medio, Nazio Batuen agentziek soilik egin dezakete lan Damaskoko gobernuaren bidez eta horrek eragiten du Erregimenaren baimena behar dutela gure lurraldean edozein proiektu egiteko.

Zein da Turkiaren etengabeko indarkeriaren eragina osasunaren esparruan?
Turkiaren okupazioak eragin handia dauka herritarren osasunean. Turkiako Estatuak muga itxi du gerraren hasieratik eta lurralde ugari okupatu: Afrin, Gire Spi, Serekaniye... Uraren emaria eten du Eufratesen eta horrek ur edangarria lortzeko zailtasunak ez ezik, bestelako osasun arazoak ere ekarri ditu. Esaterako, leishmaniasi edo kolera epidemiak sortu ditu.

Lurrikararen ostean, gainera, egoerak okerrera egin du. Saiatu gara laguntza bidaltzen lurralde okupatuetara, baina Turkiak ez digu uzten sartzen.

Antzeko egoera gertatu da Asaden Erregimenaren kasuan, ezta? Badaude lurraldeak Siriako Ipar eta Ekialdeko Administraziora batu eta gobernuak inguratzen dituenak.
Hala da, Turkiaren jarreragatik ezin izan da Idlibera laguntza bidali, eta Shehban eta Sheikh Maksouden Siriako Gobernuak exijitu du bidalketen %60 beretzat izatea.

Ur eskasiak zer nolako arazoak ekarri dizkizue?
Esparru askotan nabaritu da. Arazo nagusien artean dago elektrizitatea sortzeko ezintasuna, herritarrentzat energia ekoizten duten zentral gehienek gelditu behar izan dute euren jarduera, uraren maila baxuegia baita turbinak mugitzeko.

Osasunaren ikuspuntutik gehitu behar zaio iaz kolera epidemia izan genuela, oso zaila izan zen aurre egitea horri eta beldur gara udan ez ote den gertatuko berriro. Leishmaniasi milaka kasu ere baditugu eta lehenengo aldiz esku hartu behar izan dugu umeen elikadura ez zelako nahikoa, uzta txarra izan baita ur faltagatik.

Beste zenbait herritan, Hasaken, Tel Tamren eta inguruetan adibidez, ur edangarria lortzea gero eta zailagoa da. Guztira milioi bat biztanle dago lurralde horretan eta kamioiak baliatu behar dira ur edangarria izan dezaten, Turkiak ur emaria gelditzen baitu bere urtegiekin.

Zenbat biztanle daude Siriako Ipar eta Ekialdean eta zenbat dira zuen osasun langileak?
Bost milioi eta erdiko biztanleria dugu eta osasun langileak dira 4.000 eta 4.500 inguru. Gehienak erizainak eta laguntzaileak dira.

Nolakoa da harremana gobernuz kanpoko erakundeekin?
Orokorrean ona da, arazoa da gobernuz kanpoko erakundeek lan egiten dutela emaileen baldintza eta exijentziekin, nazioarteko kooperazioko funtsekin. Horrek esan nahi du GKEek eta emaileek erabakitzen dutela zer egin, Siriako Ipar eta Ekialdeko Administraziotik kanpo. Hau da, ez dago modurik funts horien finantzazioa zuzenean joan dadin Osasun Sailera, honek bidera ditzan beharrezko osasun neurriak.

Nola baloratzen duzue Eusko Legebiltzarrean izandako bilera?
Positiboki. Aukera izan dugu gure egoera azaltzeko eta itxaropena dugu balio dezan abiapuntu gisa, harremanak ehuntzeko eta proiektuak elkarrekin garatzeko. Finean, espero dugu elkarrizketa hauek isla izan dezaten herritarren baldintzak hobetzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude