Ozeano globalaren tenperaturak erregistraturiko markarik handiena jo du joan den hilabetean. Aurreko urteekin alderatuz, ezohiko bilakaera nabari da, Ozeano Barean El Niño fenomenoaren baldintzak jartzen ari diren honetan. Adituen arabera, 2024an muturreko tenperaturak ugaritu daitezke, klima beroketa 1,5 graduko mugara helduz. El Niñoren eta beroketa globalaren eraginak gogorrak izan daitezke hainbat herrialderentzat.
Urtero, martxoaren bukaeran izan ohi da ozeano globalaren azaleko tenperatura handiena (60° eta -60° latitudeen artean neurtua), hego hemisferioan aurkitzen baitira ur masa handienak –Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barearen hegoaldean nagusiki– eta hango udaren amaieran metatu baitute berotasun gehiena bertako urek. Aurten, halere, bi ezohiko elementu ikus ditzakegu: uren beroketak martxoan gelditu beharrean, apirilaren 23a arte jarraitu dute tenperatura altuek; eta orain arte erregistraturiko urterik beroenaren marka (2016koa) nabarmen gaindituta da.
Itsasoari dagokionez, aurtengoa urterik beroena izanen den jakiteko goizegi da, baina momentuz horretara bideratua da, batez ere El Niño deituriko fenomenoa berriz agertzen bada.
Beroketa globalaren 1.5° muga maila datorren El Niño indartsuan ikus dezakegu, eta hori datozen bortz urtetan ikusteko %50eko probabilitatearekin
Ozeano Barearen azaleko tenperatura eta haize erregimenak aldatzen dira modu irregularrean, ”El Niño” hegoaldeko oszilazioa deituriko fenomenoan. Bi fase ditu fenomeno horrek. Batean, “La Niña" izendatua, zeinetan ekialdeko haize indartsuek azaleko urak Ozeano Barearen mendebaldera bultzatzen dituzten, Indonesia aldera. Azaleko ur beroak bertan metatu eta hondoratzen diren bitartean, ekialdean –Ekuador eta Peruko kostetan– sakoneko ur hotzak azalera datozte. Egoera horretan itsas azaleko urak batezbertzekoa baino hotzagoak dira, eta horrek mundu mailako atmosferaren tenperaturan eragina du ere. "El Niño" deituriko bertze fasean, ekialdeko haizeak ahulagoak dira, azaleko urak gutiago mugitzen dira eta ur beroak ekialdean zabaltzen dira. Bi fenomeno horien frekuentzia irregularra da, ez dira beraz aurreikusteko errazak. Azken hamarkadetan, La Niña episodioak urritu dira eta El Niño ugaritu.
El Niño hegoaldeko oszilazioak atmosfera osoan eragiten du, baina bere eragin gogorrenak Ozeano Bare eta Indiako Ozeanoaren inguruko lurraldeetan gertatzen dira. Ezagutu dugun azken El Niño gertakari indartsua 2014-2016 urteetan garatu zen, eta herrialde kaltetuenak Peru eta Ekuador izan ziren, 40.000 etxe suntsitu zituzten uholdeak tarteko. El Niño gertaeretan uholdeak gerta daitezke Kalifornia edo Uruguai aldean ere, eta eurite handiak Afrikako ekialdean eman daitezke (hori litzateke beharbada eragin positibo bakarra, bertan 2020ko urritik dirauen lehortea arintzeko, alegia). Bertze ondorio potentzialak ez dira onuragarriak: Asia hego-ekialdean –Indonesian bereziki– lehortea; 2022an ezohiko bero uhinak jotako Indian berriro lehortea 2024ko udan; gosez jotako Madagaskarren eta Lesothon ere lehortea eta beroa; Sahel eskualdean eta Australian lehortea ere bai; eta Brasilen bero uhinak hegoaldean eta lehortea iparrean. Australia, Brasil eta India zereal esportatzaileak direla eta, gaurko testuinguruan ondorio larriagoak ekar ditzake egoera horrek.
2022an ezohiko bero uhinak jotako Indian berriro lehortea ager daiteke 2024ko udan, baita Sahel eskualdean, Afrika hegoaldean, Indonesian eta Australian
Berotegi efektuaren ondorioz metatzen zaigun beroketaren gehiena –%90 inguru– ozeanoak harrapatzen du, CO2 isurketen %25 harrapatzen duen bezala. Azken urteotan La Niña nagusi zen, eta horren ondorioz berotasun horren zati handi bat Ozeano Barearen mendebaldeko ur sakonetan gorderik zegoen. Hala ere, klimaren beroketa tarteko, berotasun markak gainditu dira planeta osoan 2021ean eta 2022an zehar, La Niña ez zelako nahikoa atmosferaren beroketa arintzeko. Orain, El Niño baldintzak agertzen ari direlarik, muturreko tenperatura gehiago ere ikus dezakegu.
Columbia unibertsitateko James Hansen klimatologoaren arabera, 2024 izanen da ordurarteko urterik beroena, eta El Niño arrunta edo ahula izanik ere, tenperatura markak gaindituko dira. Erresuma Batuko Met Office erakundeko epe luzeko aurreikuspen zerbitzu arduraduna den Adam Scaifen arabera, litekeena da beroketa globalaren 1,5 graduko muga datorren El Niño indartsuan ikustea, eta hori datozen bortz urtetan ikusteko %50eko probabilitatearekin.
Berotegi efektuaren ondorioz metaturiko beroketaren %90 inguru eta CO2 isurketaren
%25 ozeanoak harrapatzen ditu
Oraindik ezin da jakin heldu zaigun El Niño hori zein mailakoa izanen den, baina 1,5 gradu da hain zuzen 2100erako gainditu behar ez genukeen beroketa muga, hainbat hondamendiren saihesteko (hala nola, koral arrezife gehienen desagerpena, maila handiagoko urakanen sortzea, edota Bangladesh eta Maldibak bezalako lurraldeen itsasperatzea). Mende bukaerako finkatu zen mugara mende laurdena betetzean iristea seinale txarra litzateke. Pennsylvania unibertsitateko Michael Mann klimatologoak dio El Niño eta La Niña fenomenoek lur azalean duten eragin laburrari ez geniokela arreta gehiegi jarri behar, gehiago kezkatu beharko gintuzkelako ozeanoaren beroketa jarraituak.
Klima larrialdiaz hobe ohartzeko baliagarriak izan lirateke El Niño baten ezohiko ondorioak? Europaren hego-mendebaldean 2022ko udak etorkizuneko klimaren ukitua izan zuen: tenperatura markak gaindituta Aturritik Ebroraino, suteak, ur eskasiak, neguan zehar iraun duen lehortea, lurpeko ur geruzak ezohiko mailatan utziz eta laborantza ekoizpena mehatxatuz. Panorama horrek arazoaren kontzientzia zorroztu du pertsona askorengan, dudarik gabe. Baina hori aski ote da? Funtsean, hori ote da arazoa?
Jean-Baptiste Fressoz energia eta ingurunearen historialariak oroitarazten digu "azken urte hori ingurunearen arazoaz jabetu garen urtea izan da” bezalako esaldiak historian zehar hainbat aldiz erranak izan direla eta ideia hori gehiegitan aldarrikatu dela benetan baliagarria izateko. Bere ustez, ingurunearen eta klimaren krisia ez dira ematen kontzientzia eskasarengatik, baizik eta eraldatu behar den eredu ekonomikoarengatik. COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu erreportajearen bidez ARGIAk azaldu bezala, tokiko ekimenak horretarako funtsezkoak dira, beroketa efektuko gasen isurketak murrizteaz gain, klima aldaketari aurre egiteko tokian tokiko baldintzak eta erresilientzia sortzen dituztelako.
Trenez bi ordu eta erdian edo denbora gutxiagoan egin daitezkeen Frantziako Estatu barruko bidaiak ezingo dira hegazkinez egin, CO2 isuriak murriztea helburu. Salbuespenak eta baldintzak tarteko, neurriak eraginkortasun errealetik baino gehiago sinbolikotik duela kritikatu du... [+]
Greenpeace, Stay Grounded, Extinction Rebellion eta Scientist Rebellion talde ekologisten ehun aktibista inguruk Europako jet pribatuen azokarik handiena blokeatu dute astearte goizean, Greenpeacek jakitera eman duenez. Askotariko herrialdetako ekintzaileek Genevara joan dira,... [+]
Joan den maiatzaren 15, 16 eta 17an Hazkundetik harago 2023 konferentzia egin zen Europako Legebiltzarrean. Hazkunde ekonomikoa herritarren ongizatea eta gizartearen jasangarritasuna neurtzeko neurgailu ona ote den aztertu zuten.
Elkarretaratzea egin dute goizean Zuen negozioa, gure kolapsoa lelopean, eta errepidea moztu dute protestan zebiltzanek. Asteazkenean Bilbon manifestazioa egingo dute, 19:30ean Plaza Eliptikotik. Munduko Bankuari Ez! plataformak asteartean egingo du manifestazioa, 18:30ean,... [+]
Erregai fosilen munduko kontsumitzaile partikularrik handiena da Pentagonoa. Herrialde bat balitz, 55. postuan legoke munduko berotegi-efektuko gasen igorle nagusien artean. AEBetako Gobernu Federalaren energia kontsumo guztiaren %80 dagokiola kalkulatzen da.