"Mozioak onartu ez diren udaletan monolaborantzak aurrera egin du, baita eukaliptoak landatuz ere"

  • Baso Biziak plataformak 2021ean sortu zenetik orain arteko balorazioa egin du apirilaren 22an Elgetan. Ibilbide honetan zehar, basogintza eredu berriari buruzko mozioak aurkeztu dituzte hainbat udaletan eta 2021ean Udaletako mozioen gida osatu zuten, bide hori jorratu nahi duen ororentzat baliagarri izan dadin. Orain ezagutzera eman dute mozioek udaletan zein bide egin duten eta hauteskundeen atarian egonik, gogorarazi dute lurraldea ondasun komun bihurtzea "etorkizuneko belaunaldientzat bizi asegurua" dela eta erakunde publikoek legeak "funtzio publikoen menpe egin behar dituztela, ez interes pribatuen menpe". Baso Biziak osatzen duten 18 taldeek dagoeneko 43 hektarea lurretan bertako espezieak landatu dituzte.

Baso Biziak plataformako kideak, Elgetan balorazioa aurkezten. Argazkia: Goiena.

2023ko apirilaren 24an - 10:22
Azken eguneraketa: 11:43

Baso Biziak plataformak udaletan lau mozio mota aurkeztu izan ditu Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban: eukaliptoak debekatzea eskatzen dutenak, eukaliptoen moratoria ezartzen dutenak, udalak lurrak erostea sustatzen dutenak eta "bestelakoak" zaku orokorrean sartu daitezkeen mozio anitzak. Ekimen honi esker, EAEn herri hauetan debekatu dira eukaliptoen landaketak: Bergara, Antzuola, Itsasondo, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Atxondo eta Amurrion. Eukaliptoen moratoria onartu da beste herri hauetan: Zumaia, Ordizia, Legorreta, Ataun eta Ikaztegietan. Lurrak erostea onartu dute beste udal hauek: Hernani, Olaberria, Lazkao, Orendain eta Baliarrain, Ea, Mañaria eta Larrabetzuk.

Mozioei ezezkoa eman dieten udalak hauek dira: Eibar, Mutriku, Elgoibar, Busturia, Bermeo.

Baso Biziaken esanetan, "orokorrean onartutako mozioek bete egin dute bere papera eta onartu ez diren udaletxeetan monolaborantzak aurrera egin du inongo oztoporik gabe, baita eukaliptoak landatuz ere". Baso Biziak taldeko herritarrek herrietan egin behar izan duten lana nabarmendu dute, udaletxearekin harremana mantenduz eta "tentsioak" izanaz lur erosketa, debekuak eta moratoriak bete zitezen: "Herri presiorik gabe errezagoa zaie erakunde publikoei beste alde batera begiratzea edota emandako hitza jatea, beraz, herritarrok berriro ere izan gara, udalarekin elkarlanean, sinatutakoa betetzeko bermea".

Baso Biziak plataforman 18 talde eta bertako espezieko milaka zuhaitz landatuta

Baso Biziak plataformak egun 18 taldek osatzen dute eta urtez urte, haien kideen laguntzaz bertako zuhaitz espezieak landatu dituzte: 2021-22ko landaketa denboraldian 17 hektareatan, 18 espezietako 5.800 zuhaitz landatu zituzten eta 2022-23an, 26 hektareatan, 22 espezietako 9.223 zuhaitz.

Auzolanean egiten dutela nabarmendu dute, eta tokian toki hainbat erakunderen laguntza dutela: Lurgaia Fundazioarena gehienetan, udalena eta kasu batzuetan Foru Aldundiarena. Baita herri mailako beste eragile, elkarte, natur-talde eta hainbat enpresena ere.

"Lurraldea kapital estrategikoa da herritarrentzat eta ondasun komun bihurtu behar dugu"

Etorkizunera begira, bestelako basogintza sustatzen jarraituko du Baso Biziakek: "Badakigu ez dela bide erraza orain arteko inertziak eta interes forestalistak aldatzea, baso bizien aldeko dinamikan sartzea, baina Naturak berak, aldaketa klimatikoarekin batera, gogoeta sakona egiteko atakan jarriko gaitu; irizpide eta teknika zaharkituak mugatuz, baztertuz, eta bestelako balio eta onura ekosistemikoak lehenestuz, gizarte osoaren eta bioaniztasunaren mesederako".

Lurraldea "herritarrentzat kapital estrategikoa" dela azaldu du plataformak: "Ezin dugu suntsitu epe laburreko onura pribatuen izenean. Apustu garbia egin behar dugu lurraldea ondasun komun bihurtzeko, horrek dakarren potentzialtasun guztiarekin, eta argi izan behar dugu etorkizuneko belaunaldientzako bizi-asegurua dela". Horregatik exigitu die erakunde publikoei "legeak egiteko orduan erantzukizunak onura eta funtzio publikoaren menpe jartzeko, ez interes pribatuen menpe". Nekazaritza eta basogintza sektorea "bere osotasunean birdiseinatzea" eskatu dute, "eredu estentsiboak, hurbilak, ekologistak eta iraunkorrak" proposatuz.

"Baso-kudeaketa irizpide zientifikotan oinarrituta egin behar da, ez soilik produktibotan"

Irizpide horiek biodibertsitatea babesterakoan duten pisua oso kontuan hartzekoa dela nabarmendu du Baso Biziakek. Neurri zehatz hauek proposatu ditu, baso autoktono eta bioanitz baterako trantsizioa egiteko: dauden monolaborantzak erregulatzea eta murriztea, monolaborantza landaketa berriak saihestea, eta zuhaitzak erauzteko tekniken artean matarrasa mugatzea eta debekatzea. Horrekin batera, zuhaitz autoktonoen landaketak lehenestea eskatu dute, eta monolaborantzak zergapetzea "sortzen duten kostu sozial eta ekologikoagatik".

Tokiko erakunde publikoek beraiei dagozkien baso-politiketan hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko eskatu dute eta Jaurlaritzaren 1994-2030 Baso Babesleei buruzko Plana aplikatzea.

Hiru baso mota

Basoa antolatzeko hiru maila proposatzen ditu Baso Biziak plataformak:

Batetik, kontzerbaziorako basoak, onura ekosistemikoak dakartzatenak urarentzat, lurrarentzat, biodibertsitatearentzat, kultura eta aisialdiarentzat... Horrelako basoak dira korridore naturalak, interes ekologikoko berdeguneak, beste figura kontserbazionista batzuk...

Bestetik, "hurbileko baso produktiboak" izendatu dituztenak. Espezie autoktonoekin biomasa estentsiboa landuko litzateke bertan, baita onddoak eta balio erantsiko zurak ere. Landaketa monoespezifiko "mugatuak" onargarri zaizkie, "murriztearekin, berrerabiltzearekin eta birziklatzearekin konbinatuta".

Hirugarrenik, baso jangarriak eta fruta-arbolak dira kontuan hartzeko beste maso mota, oinarrizko elikagaiak ematen dituztenak.

Bideo hauetan ikus daiteke Elgetan aurkeztu zuten balorazioa:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Basoa
2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Basoa berritzen duen langilea

Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki basoetan bizi da, baina gure herri eta... [+]


Basoko arotz mihi-luzea

Basoan barrena oinez joan eta hara, ‘krrukrru-krru’ ozen bat entzun da. Bi aldeetara begiratu... Nor ote? Okil beltza hegan. Ez da hegazti txikia eta kolore beltza du, beleak bezala. Antzeko tamaina eta kolore bera dute bi hegazti horiek, horregatik da agian Sakanan... [+]


Baso jangarria mantentzeko gida

Baso jangarria bizi beharreko basoa da, elkarrizketa bat sortuz, hartu-eman bat. Elkarrizketa horretan, ekintza zehatz batzuk burutzen dira eta basoaren erantzuna jasotzen da bueltan.


Eguneraketa berriak daude