Gasteizko PPko kide Gustavo Antépara: obra “klandestinoak” legez kanpoko pisu turistikoetan

  • Gasteizko Udalak hiru espediente behintzat ireki dizkio Gustavo Antépara presidente den Luxury Rental Apartments enpresari, Alde Zaharreko Pintore eta Hedegile kaleetako hiru etxebizitzatan “obra klandestino” handiak egiteagatik. Pintore kaleko etxebizitzak pisu turistiko bezala ari da ustiatzen aspalditik, horretarako baimenik ez badu ere. Antépara, batetik, Gasteizko PPko kide esanguratsua da. Zinegotzi izan zen 2016-2019 aldian, eta maiatzeko hauteskundeetarako Araba zein Gasteizko zerrendetan doa. 2015etik 21 Zabalgunea sozietate publikoko administrazio kontseiluko kidea da PPren ordezkari gisa; bertan hartzen dituzte hirigintzari loturiko erabaki nagusiak Gasteizen. Bestetik, Alde Zaharreko etxebizitzak turistifikatu ahal izateko udal araudiaren aldaketa bultzatu du Antéparak, Arabatur elkartearen bitartez eta elkarteko presidente Pilar Perosanzekin lankidetza zuzenean. Hori guztia frogatzen duten dokumentuak eta lekukotzak eskuratu ditu ARGIAk.

2022ko azaroaren 17ko goiza: udaltzainen patruila bat Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kaleko atari batera hurbildu da inspekzioa egitera. Bizilagun batek udalera deitu du salatzeko etxebizitza batean ustez legez kanpoko obrak egiten ari direla. ARGIAk eskuratu duen Udaltzaingoaren egun hartako informean jaso zutenez, langileetako bi, “patruila ikustean, korrika igo dira etxebizitzara, hondakinak atarian utzita”. Udaltzainak hirugarren pisuko etxebizitzara igo eta obra ikusi dute: “Etxebizitzaren eraberritze integrala burutzen ari dira. Barneko patiora ematen duen fatxadaren horma eraitsi dute”.

Azken hilabeteetan beren etxeen ondoko obrak mesfidantzaz bizi dituzten hiru auzokiderekin hitz egin du ARGIAk. Horietako bat da, gainontzekoekin hitz egin ostean, udalera deitu zuena. Udaltzainez gain udaleko arkitekto bat eta suhiltzaile bat ere hurbildu ziren atarira egun hartan. Udal arkitektoak bisitaren txostena egin zuen, eta horretan oinarrituta ireki zuen espedientea udalaren Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Sailak lau egun beranduago, azaroaren 21ean. Espedientea ez, espedienteak, pluralean, bi baitira.

Izan ere, hirugarren pisuko lanak aztertzean, atari bereko bigarren pisuan aurretik antzeko lanak egin zirela ikusi zuen arkitektoak bizilagunen etxetik (“bao handi bat ireki da, ia fatxada osoa hartzen duena. Kristalen bidez, berritze lanak ikusten dira, ziurrenik apartamentu osora zabaltzen direnak”). Arkitektoaren susmoa zuzena zen eta obra horiek hirugarren pisukoak baino sei hilabete lehenago egin ziren, 2022ko maiatzaren 27ko argazki batek frogatzen duen moduan, bizilagunek aterata: argazkian ikusten dira barne patiora ematen duen fatxada osoa eraitsita eta etxebizitzaren barnealde osoa obretan; bizilagunen esanetan, zenbait astez luzatu ziren lanak.

Luxuryren jabetzako eraikinaren barne fatxada Pintore kalean.Ezkerrean, 2022ko maiatzeko argazkia, bigarren solairuko etxebizitzako obrekin. Eskuinean, 2002ko azaroko argazkia, hirugarren solairuan obrak, eta bigarrenekoak jada amaituta. Bata zein bestea baimenik gabe egin ziren. Argazkiak, auzokideek utziak. Irudiaren montajea, ARGIA. 

Obra “klandestinoak” geldiarazi

“Egiten ari diren obrak klandestinoak dira” (2006ko Lurzoru eta Hirigintza legearen arabera), diote bi espedienteek bigarren eta hirugarren pisuko etxebizitzetako obrez, hurrenez hurren. Ondorioz, “lizentziarik gabe egiten ari diren obrak berehala geldiarazteko” agindu zion udalak jabeari. Hilabeteko epea eman zion obra bakoitza legeztatzeko, lizentzia eskaria aurkeztuta.

Egiten ari diren obrak klandestinoak dira”, diote Gasteizko Udalak Luxuryri ireki dizkion hiru espedienteek

Atariko pisu guztien jabea –lau etxebizitza, lau solairutan banatuta– Luxury Rental Apartments S.L. enpresa da. Enpresaren sortzaile eta jabeetako bat Gustavo Antépara Benito da, 2007tik eta 2022ko uztailaren 1era arte “administratzaile bakarra” izan da, eta presidente kargua du 2022ko ekainaren 30etik. 2022ko azaroan hainbat aldiz izan da Pintore kaleko obrak bertatik bertara ikuskatzen, auzokideen esanetan. Antépara hirigintza arloko erabaki nagusiak hartzen dituen 21 Zabalguneko sozietate publikoko administrazio kontseiluko kide da. PPko politikari eta enpresaria, azkenik, Alde Zaharreko etxeen turistifikazioaren bultzatzaile nagusia da Pilar Perosanzekin batera, lobby lana egiten duen Arabatur elkartearen bitartez (2021eko ekainean Nor dago Gasteizko etxebizitza turistikoen lobbyaren atzean? ikerketa erreportajean azaldu genuen bezala). Perosanz Arabaturreko presidentea da, eta 2022ko uztailaren 1az geroztik Luxuryren "administratzaile bakarrra", hain zuzen ere Antépararen ordez.

Gustavo Antépara, maiatzeko hauteskundeetarako Arabako PPren zerrendaren aurkezpenean (eskuinean atzealdean). Antépara Gasteizko zerrendan ere badoa. Argazkia: Arabako PP.

Gustavo Antépara enpresari eta PPko politikariaren ibilbidea zehaztasun handiagoz ezagutzeko, sakatu hemen.

Pilar Perosanz Arabatur elkarteko presidenteak Luxuryrekin eta Antépararekin duen lotura zuzena ezagutzeko, sakatu hemen.

 

ARGIA Antépararekin harremanetan jartzen saiatu da erreportaje honen informazioaren inguruko bere iritzia jasotzeko, baina ez du lortu. Luxuryk bere webgunean ematen duen telefono mugikorraren zenbakira deitu eta enpresako presidentearekin hitz egitea eskatuta, telefonoa hartu duen pertsonak ukatu du Antépara presidentea denik; ordea ARGIAk Luxuryren urteko kontuak eskuratu ditu merkataritza-erregistroan, eta honakoa irakurri daiteke bertan: “2022ko ekainean sozietatearen Ohiko Batzar Orokorra bildu zen (...) Aho batez hartu ziren erabaki hauek: a) Gustavo Antépara Benito izendatzea presidente eta Pilar Perosanz Lozano idazkari”. Ziurtagiria Perosanzek sinatua dago. Galdetuta telefonoz bestaldeko pertsonari Antépararen kontaktua eman ezean bera prest dagoen ARGIArekin hitz egiteko Luxuryren izenean, uko egin dio gonbitari. Horrez gain, sare sozialetan zuzenean idatzita Antéparari, ez du erantzun.

Luxuryren aurkako espedienteak Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren Saileko zinegotzi ordezkariak sinatuta daude, Ana Oregi jeltzaleak, udaleko bigarren alkateorde ere badena. Antépararekin esertzen da Oregi 21 Zabalguneko administrazio kontseiluan, hiriaren hirigintza gidatzeko: Antépara PP ordezkatuz, Oregi presidente gisa.

Pintore kaleko etxebizitzetan obrak egiteko erabilitako modua ez da kasu isolatua. Luxuryk Hedegile kalean etxebizitza bat du jabetzan, eta jokabidea errepikatu egiten da: 2022ko urriaren 13an Udaltzaingoak baimendu gabeko eraberritze lan integralak atzeman zituen. Azaroaren 4an espedientea ireki zion udalak: obrak “klandestinoak” geldiarazteko agindu eta legeztatzeko hilabeteko epea eman zion, Pintore kalekoekin egin moduan.

Hiru espediente ireki dizkio Gasteizko Udalak Luxuryri "obra klandestino" handiak baimenik gabe egiteagatik. Irudia: ARGIA

Legeztatzeko orduan iruzur berriz ere

Ordutik Luxuryk obrak legeztatzeko pausuak eman ditu, baina lanen izaera eta garrantzia ezkutatzen jarraitu du. Pintore kaleko hirugarren solairuko obrei dagokienez, Luxuryk Munta txikiko obren Erantzukizunpeko Aitorpena (MEA) aurkeztu zuen udalean azaroaren 24an, besteak beste lanek fatxadari ez ziotela eragiten ziurtatuz, ageriko gezurra dena auzokideen argazkiek erakusten duten moduan. Baina MEA batek ez du baimentzen ez etxebizitza baten barne hormak botatzea, ez fatxadako leihoen zabalera handitzea (jada egina dagoena): udalak atzera bota zuen MEA eta lizentzia urbanistikoa aurkezteko eskatu zion Luxuryri, arkitekto batek sinatutako proiektua behar duena. Otsailaren 7an aurkeztu zuen proiektua Luxuryk. Atari bereko bigarren pisuko obrei dagokienez, ARGIAk eskuratutako informazioaren arabera Luxuryk ez du lanak legeztatzeko pausorik eman udalak ezarritako hilabeteko epearen barnean.

Hedegile kalean antzera jokatu du Luxuryk. Azaroaren 22an MEA bat aurkeztu zuen obrak legeztatu nahian, baina udalak atzera bota zuen. Ondoren, bai, lortu zuen lizentzia, baina gezurrak tarteko: 2023ko urtarrilaren 30ean udalak inspekzioa egin zuen etxebizitzan: “Ikus daiteke lizentzian jasotakoak baino obra gehiago ari direla egiten (...) Jarduera horiek ez daude jasota aurkeztutako aurrekontuan”. Obrek gainera beheko etxebizitzetan eta atariko eskaileretan kalteak eragin dituztela ere jaso du txostenak. Hori guztia aintzat hartuta: “Txosten hau Hirigintza Diziplinako Unitateari helarazi zaio, egin beharreko jarduketak egin ditzan”.

Legez kanpoko pisu turistikoak

Luxuryk bere webgunean (luxuryvitoria.com) etxe turistiko bat iragartzen du Hedegile kalean, zenbakirik zehaztu gabe, eta erregistroetan ikusita bertan ez duela beste jabetzarik, ondoriozta daiteke enpresaren asmoa dela etxebizitza hori etorkizunean pisu turistiko gisa ustiatzea. Webgunean ez dago etxebizitza horren esteka aktibo gaur gaurkoz. Pintore kaleko pisuak, aldiz, aspalditik ari da alokatzen pisu turistiko bezala.

Pintore kaleko etxebizitzak ez daude izena emanda Jaurlaritzaren erregistroan; baina etxebizitza turistiko bezala alokatzen dira

Gasteizek ez du etxebizitza turistikoen araudirik onartuta gaur gaurkoz. Indarrean dagoen Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) 2003koa da eta espresuki debekatzen ditu etxebizitza turistikoak. Baina bilakaera politiko eta juridiko labirintikoa tarteko –azaltzen luzea eta erreportaje honen xedetik kanpo geratzen dena–, hainbat lizentzia ukatu zein onartu dituzte 2016az geroztik Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Edonola dela, Jaurlaritzako Turismo Sailak zein udaleko Eraikuntza Zerbitzuak ARGIAri baieztatu diotenez, etxebizitza turistiko bat legezkoa izateko ezinbesteko baldintza argia da: etxebizitza altan emana egotea Jaurlaritzaren Euskadiko turismo enpresa eta establezimenduen Erregistroan.

Gasteizko Luxuryren webgunean lau “apartamentu turistiko” iragartzen dira Aiztogile, Arkupe, Zerkabarren eta San Prudentzio kaleetan. Pisu horiek Jaurlaritzaren erregistroan alta emanda daude. Beste hiru ere iragartzen dira, baina “denboraldietarako apartamentu” izenpean, “turistiko” hitza gabe: San Antonio kalean bat, eta bi Pintore kalean. Ikerketa Alde Zaharrera mugatuta, Pintore kaleko etxebizitzak ez daude izena emanda Jaurlaritzaren erregistroan (eta atarian ez dago jarrita derrigorrezkoa den VT plaka); baina etxebizitza turistiko bezala alokatzen dira. Are gehiago, bi ez, hiru dira egiazki eskaintzen diren apartamentuak Pintoreko atarian. Frogak ugariak dira:

- Alokairu turistikorako Gites, Vacationrenter eta Booking webguneetan, “Luxury Pintoreria Vitoria” goiburupean hiru apartamentu iragartzen dira erreportaje hau idazteko orduan.

- Booking webgunean erabiltzaileek utzi dituzten balorazioak irakurrita jakin daiteke turistek alokatu izan dituztela Pintore kaleko 1., 2. eta 4. solairuetako pisuak. Azken iruzkina 2023ko otsailaren 5ekoa da, eta lehena 2021ko ekainaren 26koa.

- Otsail hasieran ARGIAk asteburu baterako 6-8 pertsonarentzako eskaera egin zion Luxuryri, eta Pintore kaleko apartamentuak eskaini zizkion enpresaren etxebizitzen kudeaketaz arduratzen den pertsonak.

- 2022ko urriaren 22an herritar batek Udaltzaingora deitu zuen Pintore 72tik, eta bertaratutako patruilak horrela jaso zuen motiboa: “Demandatzailea apartamentu turistiko baten erabiltzailea da, eta sarrailagile bati deitu dio, ezin duelako atea ireki eta barruan bere gauzak dituelako”.

- Inguruko bizilagunek ARGIAri ziurtatu diote ohikoa dela atarian turistak ikustea sartu-irtenean, azken aldiz Aste Santu iragan berrian bertan.

Ezkutatu ez ezik, zuzenean gezurra esan dio Luxury enpresak udalari Pintore kaleko etxebizitzen erabilera turistikoaz. Hirugarren pisuaren “erreforma” proiektuaren memorian, otsailaren 7an erregistratuta, honakoa irakurri daiteke “eraikinaren erabilera” atalean, atariko etxebizitza guztiez ari dela: “Eraikinaren erabilera berezkoa etxebizitzarena da, eta beheko solairuan lokal bat du. Ez da aldatzen”. Erabilera turistikoa ukatzen du, hortaz.

Hainbat webgunetan iragartzen dira hiru etxebizitza turistiko "Luxury Pintoreria Vitoria" goiburuarekin". Irudian, Gites webgunekoa.
Erabiltzaileek Booking webgunean utzitako iruzkinek frogatzen dute Pintore kaleko atariko hiru etxebizitza alokatu dituela Luxuryk. Iruzkin berriena 2023ko otsailaren 5ekoa da, eta zaharrena 2021ko ekainaren 26koa.

 

Iruzurra altxor publikoari?

Luxuryk milaka euro aurreztuko lituzke Pintore eta Hedegile kaleko obrak modu “klandestinoan” eginda, arkitekto batek ARGIAri azaldu dionez. Batetik, obren tamaina dela eta arkitekto batek sinatutako (beraz, ordaindutako) proiektuak aurkeztu behar ditu Luxuryk. Bestetik, obraren kostuaren %5,1a ordaindu behar zaio udalari: hau da, altxor publikoari iruzur egiten saiatu da Antépararen Luxury. Ikusteke dago zertan amaitzen den kontua, espedienteak eta isunerako aukerak tarteko.

Etxebizitzak turismorako legez kanpo ustiatzeari dagokionez, Luxuryk Pintore kaleko etxeak alokatuz urteotan izan dituen sarrerak ez balitu deklaratu, berriz ere altxor publikoari egindako iruzurraren aurrean aurkituko ginateke.

Alde Zaharreko turistifikazioa jokoan

Gasteizko Alde Zaharreko pisu turistikoen eremua arautu gabe dago egun. Hiri osokoaren antzera, baina Alde Zaharrak araudi propio berezitua du hirigintzari dagokionez, Alde Zaharreko Birgaitze Integralerako Plan Berezituaren (BIPB) bitartez. 2020ko otsailean onartu zuen udal gobernuak, behin-behinean, BIPBren hamahirugarren modifikazioa. Bertan zehazten da atari bakoitzeko pisu turistiko bakarra egon daitekeela, eta lehenbiziko solairuan izan behar duela halabeharrez. Hiru hilabetera, maiatzean, Alde Zaharraren turistifikazioa bultzatzen duen Arabatur elkarteak alegazioa jarri zion araudiari: eskatu zuen auzoko etxebizitza guztiak erabilera turistikora bideratu ahal izatea edo, hori onartu ezean, atari osoak turistifikatzeko aukera izatea, etxebizitzen jabe guztiek horrela nahi izanez gero. Alegazioak Luxuryren interesekin bat egiten du guztiz (Pintore kaleko atariko lau etxebizitzak 2018an erosi zituen), eta ez da zori kontua: Arabaturren eta Luxuryren zein Antépara eta Perosanzen arteko harremana aspaldikoa, zuzena eta estua da.

Zentzuzkoa al litzateke udalak etxebizitza turistikoen araudia aldatzea pisu turistikoak legez kanpo ustiatzen dituzten pertsona batzuen interesei men eginez?

Udal gobernuak 2020ko uztailean erantzun zion alegazioari, eta bigarren aukera onartu zuen, alegia, atari osoak turistifikatzeko aukera. Pintore kaleko atariko etxebizitzak turistifikatzea ahalbidetzen zion horrek Antéparari. Baina auzoko bizilagun eta elkarteak izan ziren orduan alegazioak aurkeztu zituztenak: bildu zituzten 136 alegazioetan, debekua mantentzea eskatzen zuten. Bi urte eta erdi igarota, udalak ez du oraindik erabakirik hartu.

Arabatur lobby lana egiten ari da, alegazioak aurkezteaz gain udaleko alderdi politikoekin bilduz, besteak beste. Gako nagusia, edonola, udalean dago: zentzuzkoa al litzateke udalak araudia aldatzea alderdi baten ordezkari gisa 21 Zabalgunean eserlekua izan eta ilunkerian aritzen diren, obrak “klandestinoki” egiten dituzten, udalari eta altxor publikoari iruzur egiten dieten eta pisu turistikoak legez kanpo ustiatzen dituzten pertsona batzuen interes pribatuei men eginez?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-22 | ARGIA
Santiago Abascal (Vox): “ETAk eta euskal alderdi separatistak irabazi dituzte hauteskundeak”

Santiago Abascal eta Amaia Martinez hautagaia igo dira oholtzara Voxen balorazioa egiteko, eta nork agintzen duen argi gelditu da lehen segundutik: “Nik hitz egingo dut lehena”, esan du Abascalek, eta Martínezek oholtza uzteko imintzioa egin duenean, tinko... [+]


2024-04-22 | ARGIA
Pilar Garrido (Ahal Dugu-Aliantza Berdea): "Emaitza txarrak lortu ditugu eta hala aitortzen dugu"

Ahal Dugu izan da gaurko galtzaileetako: ez du ordezkaritza politikorik lortu. Inkestek iragartzen zioten aukera hori, baina baita eserleku bat edo bi lortzeko aukera ere. Azkenean ez du lortu eta alderdi moreak kolpe gogorra jaso du.


2024-04-21 | ARGIA
Javier de Andresek eskua luzatu dio EAJri

Javier de Andresek adierazi du PPn prest daudela alderdi guztiekin hitz egiteko, baina “Euskadin eta Espainian gertatzen den edozein haustura gelditzeko” ere bai.


2024-04-21 | ARGIA
Pello Otxandiano (EH Bildu)
"Aldaketa martxan da eta geldiezina da”

EH Bildu pozarren agertu da hauteskundeen balorazioan. Bototan EAJk irabazi duela aitortu dute, eta zoriondu dute horregatik, baina eserlekuetan berdindu egin dutela, eta gainera 100.000 boto gehiago aterata.


EAJ nagusi Bizkaian, baina alde txikiagoarekin

Jeltzaleek 11 eserleku lortu dituzte baina 2020an baino bat gutxiago; EH Bilduk, aldiz, bi eserleku gehiago izango ditu Bizkaitik, 8 ordezkari lortuta. PSEk (4) eserleku bat gehiago lortu du aurreko hauteskundeekin konparatuta, PP mantendu egin da (2) eta Elkarrekin-Podemosek... [+]


Eguneraketa berriak daude