“Ukrainarren garaipenekin pozten nintzela konturatzean erabaki nuen Errusiako Armada uztea”

  • Nikita Chibrin Espainiako Estatuan bizi da egun, baina Ukrainako gerra hasi zenean, inbasioan hartu zuen parte. Lehen lerroan egon ez bazen ere, desertore bilakatzea erabaki zuen eta bere esperientzia partekatu du.


2023ko apirilaren 23an

Zer egiten zenuen gerra hasi baino lehen?
Lauzpabost urtez ikasi nuen Txinan, baina nire ikasketak profitatu ordez, klubetan eta diskotekatan parrandan izan nintzen. Denbora xahutu nuen, ez nuen ezer burmuinean, oso gazte nintzelako. Orain maiz damu naiz. Hori dela medio, informatikari militar moduan bukatu nuen Errusiako Armadan. Nire unitateko informatikaria nintzen, ez nuen inolako trebakuntza militarrik.

Eta Ukrainako inbasioa hasi zenean, non zinen?
Urtarrilaren 16an Bielorrusian geunden, kanpaleku militar batean. Ez genuen ezer egiten, jan, lo egin, sare sozialen bitartez hitz egin... Otsailaren 24an, dena hasi zenean, gure komandanteak esan zuen: “Oso ondo, prestatu borrokarako”. Orduan nik esan nuen: “Nola? Inondik inora. Ni ez naiz borrokatuko”.

Nik ez dut inor hilko, jende orok merezi du bizitzea eta inork ez du eskubiderik beste bati bizitza kentzeko. Gerraren kontra nago erabat. Eta azkenik, ez nago prest hiltzeko ezergatik. Adierazi zidaten hori esateak arazoak sortuko zizkidala eta espetxean amaitu ahal nuela. Nire unitateko kideak hasi ziren metrailetak kargatzen eta nik ez nekien zer egin. Igo gintuzten ibilgailu militar berezi batera eta nire asmoa zen martxan botatzea, baina atea ez zen irekitzen. Matxuratuta zegoen, ezin nintzen atera. Nire ideia zen korrika joatea Poloniaraino eta asiloa eskatzea.

Orduan Ukrainan amaitu zenuen?
Bai, komandanteak ireki zuen atea eta esan zigun: “Ongi etorri Ukrainara”. Txernobilgo eremuan geunden! Jende guztia hasi zen esaten ez ukitzeko ezer, erradioaktibitatea baitzegoen. Bi edo hiru ordu igaro genituen han, gero aurrera egin genuen eta otsailaren 27an Bukharin hirira heldu eta han sartu ginen.

Ukrainako Armadako bonbak hasi ziren erortzen gure inguruan. Lehen aldia izan zen gerra benetan ikusten nuela. Korrika egin behar izan genuen.

Handik Lipovkara bidali gintuzten martxoa osoan eta gero ezezaguna zaidan beste eremu batera. Garai horretan komandante batek esan zidan ni ez nintzela gizon bat, gerran ez nuelako parte hartu nahi. Saiatu zen ni ezerezean uzten mentalki eta mehatxatu ninduen, atera zuen arma eta zin egin zidan ihes eginez gero, hilko ninduela. Inork ez zuen ezer esan, jende orok babestu zuen komandantea. Hortik aurrera soldadu guztiek iraintzen ninduten egunero.

Zerbait gehiago gertatu zen?
Eman zizkidaten lan umiliagarri guztiak, garbitzailea eta sukaldaria. Ni nintzen ardura okerrenak zituena. Egia esanda, bizitako guztiak gorrotoz bete nau Errusiaren aurka.

Noiz erabaki zenuen ihes egingo zenuela?
Konturatu nintzen armada ukrainarraren garaipenek pozten nindutela eta erabaki nuen hanka egingo nuela. Martxoaren amaieran itzuli ginen Bielorrusiara eta han saiatu nintzen ihes egiteko modua bilatzen. Hasieran komandanteak esan zuen etxera joango ginela, baina apirilaren 3an kontrakoa komunikatu zigun. Esan nion nik ez nuela gerran parte hartu nahi; ukabilkada eman zidan eta konortea galdu nuen. Gero esan zidan berriro errepikatzen banuen ihes egin nahi nuela, beste behin utziko ninduela konorterik gabe. “Ados, ulertu dut”, ziurtatu nion.

Handik Errusiara joan ginen, Belgrodoko oblastera. Hor saiatu nintzen modua topatzen desertore izateko, baina komandantea nire telefonoa hartu eta konturatu zen. Errieta egin, sakelakoa kendu eta soldadu bat jarri zuen nire atzetik etengabe.
Gero, Ukrainara bidali gintuzten berriro, Kherson oblastera –ez hirira–. Iziumeko basoetan ere egon ginen, apirilaren erdialdean eta maiatzaren hasieran Buhaievkan ginen. Gure lana zen horniketa bermatzea; janaria eta abar garraiatzen genuen. Inoiz ez naiz lehen lerroan egon, nire unitatea beti erretaguardian egon zen.

Errusiako Armadaren publizitatea San Petersburgoko kaleetan. Argazkia: Getty Images

Orduan ez duzu gerra ezta inolako krimenik ikusi.
Basoetan geundela, ikusi nuen bi militar ukrainar harrapatu zituztela. Bat soldadua zen eta eraman egin zuten, besterik gabe. Bestea, ordea, ofiziala zen eta hasi zen errusiarrak iraintzen. Hiru soldaduren artean eraman zuten zuhaitz batera eta agindu ziguten joateko, ez baitzen gure eremua. Gero ikusi nuen odol apur bat zuhaitz horretan, baina ez dakit zer gertatu zitzaion ofizialari, agian atxilotuta dago, ez dakit.

Ukrainarrekin bizi izan zinen atzeguardian, nolakoa izan zen harremana?
Gure elikagaietatik txokolatea ateratzen nuen eta umeei ematen nien, ez zezaten pentsatu errusiarren gatibu zirenik. Ahal nuenean galdetzen nien ukrainarrei nola egin ahal nuen hanka hortik, baina ez zekiten.

Espainiako Estatuan ezagutu dut neska ukrainar bat eta kontatu dit familia ukrainar batek soldadu errusiar bat ezkutatu zuela. Euren etxean agertu zen eta eskatu zien ezkutatzeko, ez zuelako inor hil nahi eta ez zuelako gerran egon nahi. Militar errusiarrek etxea arakatu zutenean, esan zieten familiakoa zela.

Noiz egin zenuen ospa?
Ekainaren 16an tren baten barrura egin nuen salto eta ezkutatu nintzen. Errusiara heldu nintzen eta hiru hilabetez egon nintzen ihesaldia prestatzen. Moskutik igaro nintzen, Bielorrusiatik, Georgiatik, Kazakhstanetik, Uzbekistanetik, Qatarretik, Tunisiatik, Marokotik eta Espainiako Estatura heldu nintzen, azkenean.

Errusiako Estatuak zerbait egin al du zure aurka?
FSBko bi agentek –lehen KGB zena– nire emazteari galdetu zioten ea ote zekien ni non nengoen eta berak erantzun zien ezetz, benetan ez zekielako non nenbilen. Errusian egon nintzen garaian ez nion ezer esan inori, gerraren aurkako nire jarrera adierazi izan banu, ez nintzatekeen gai izango ihes egiteko. Norbaitek galdetzen bazidan, nik plantak egiten nituen eta esaten nuen zein maltzurrak ziren ukrainarrak. Hiru hilabetez egon nintzen ezkutatuta ihesaldia prestatzen, ahalik eta seguruen izateko.

Harremana izan duzu zure unitateko kideren batekin?
Ez, atzeguardian ezagututako soldadu batzuekin hitz egin dut, esateko Espainiako Estatuan nagoela eta animatzeko armada uzten, baina desertorea naizela erantzun didate. Nik galdetu diet ea Ukrainan hil nahi ote duten, baina berdin zaiela diote. Ezin dut ulertu. Nik bezala lan zikina egiten zutenez, uste nuen nire egoera berean zeudela, baina argudiatzen dute bere familia Errusian dagoela eta ez dutela utziko herrialdea.

Zer eragin du desertorea izateak zure familian?
Nire gurasoek Vladimir Putin babesten dute. Lau urteko nire alabak beti esaten dit itxaroten ari dela nire itzulera, baina nik erantzuten diot hobe dela bera hona etortzea.

Eta zu zara ezagutu duzun desertore bakarra?
Belgrodon egon ginenean soldadu batek kontatu zidan beste batek armada utzi zuela. Joan zen fiskaltza militarrera eta sinatu zuen dokumentu bat zeinean adierazten zuen armada utzi nahi zuela. Ni txundituta geratu nintzen. Jakin izan banu aurretik, bide hori hartuko nukeen, baina garai horretan banuen beste soldadu bat gainean ni kontrolatzeko eta ez nuen aukerarik. Gure komandanteek behin eta berriro errepikatzen zuten armada uzteak kartzelara joatea ekarriko zigula, baina, antza, ez da horrela, badaude moduak egiteko.

Nolakoa izan zen Espainiako Estatura heltzea?
Madrilgo aireportuan erakutsi nuen nire hegaldi txartela –Kuba zen helmuga–, eskuak buruaren atzeko partean jarri nituen eta esan nuen errusiarra nintzela eta asiloa eskatzen nuela. Segurtasunak esan zidan, “ados, jaitsi eskuak, ez dago arazorik”. Errepikatu zidaten gauza bakarra izan zen, Kubara joaten zen hegazkina atera baino lehen, nire azken aukera zela erabakitzeko hara joan nahi nuen edo asiloa eskatu nahi nuen. Nire hasierako asmoa zen Ameriketara joatea, baina ez nuen diru nahikoa bidaiarako.

Espainiako Estatuan Ukrainaren aldeko manifestazioetan parte hartu duzu.
Bai, eta lortzen dudanean kablea nire mikrofonorako, Youtube kanala eta Chatroulette sare soziala erabili nahi ditut errusiar faxistak, gerra hau babesten dutenak, zirikatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude