"Cis begiradak transexualitatea behar du bere burua egonkortzeko eta nabarmentzeko"

  • Otsailaren hasiera Bilbon. McKenzie Wark idazle eta pentsalaria Berlinetik iritsi berria da –AEBetan bizi da berez–, eta Euskal Herrian bizpahiru egun pasa ostean Valentziara abiatuko da. Ez naiz harritu burua lanbrotuta daukala esan didanean. Hala eta guztiz ere, a zer argitasuna berea. Ederki azaldu dizkit cis begiradaren tranpak eta kapitalismoa baino are okerragoa izan litekeen informazio-bektorearen asimetriak; hori gutxi ez, eta elkarrizketa amaitzerako New Yorkeko rave trans queerrak ezagutzeko pronto nago.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
McKenzie Wark. Newcastle, Australia, 1961

Idazlea eta ikertzailea. Kultur ikasketen eta informazio-teknologien arloko irakaslea da New Yorkeko New School for Social Research unibertsitatean. Hacker kontrakulturaren aitzindarietako bat izan zen, eta orobat idatzi du antropozenoari, situazionismoari, queer identitateei eta teoria politiko postmarxistari buruz. 2017an genero-trantsizioa egin zuen. Elkarrizketan haren liburu batzuk aipatu ditugu, baina ez nuke ahaztu nahi Kathy Acker idazleari buruz kaleratu berri duen lana: Philosophy for Spiders: On the Low Theory of Kathy Acker [Filosofia armiarmentzat: Kathy Ackerren behe-teoriari buruz].

Bulegoa z/b-k gonbidatuta etorri zara Euskal Herrira, V. Topaketa: Erakusketaren saioa (1977-2017) sinposioaren harira. Bi ekitaldi eskainiko dituzu jendaurrean. Atzo [otsailaren 7an] idazketa-lantegi bat eman zenuen Bulegoan bertan: Trans idazkera munduaren amaieran. Zer moduz joan zen?

Azkenean 60 lagun inguru bildu ziren, eta ez zen izan nik nahi nukeen moduko lantegi bat, baina ederra izan zen jende hori dena ezagutzea. Arte bisualei buruz jardun ginen batez ere.

Berez zer aztertu nahi zenuen lantegian?
Emakume transen idazketa garaikideari buruz aritu nahi nuen, eta ikusi zer estrategia dauzkaten eskura trans emakumeek bestelako istorio bat kontatzeko.

Izan ere, zure iritziz trans bizipenei buruzko kontakizun estandar bat nagusitzen da oro har. Nolakoa da kontakizun hori?
Kontakizun estandar horrek elementu jakin batzuk finkatzen ditu: betidanik jakin behar izan duzu transa zarela; gorputz okerrean jaio zinen eta, orain, medikuntza modernoaren mirariei esker, emakume edo gizon bihur zaitezke. Kontua da mundu guztiaren bizitza ez dela horrelakoa. Eta kontakizun hori bakarrik edukitzea kaltegarria da trans jendearentzat, ez delako guztiona. Cis jendeak espero duen kontakizuna da, ez guri lagungarria izango zaiguna.

Azken batean gorputz okerraren kontakizun horrek genero-binarismoa indartzen du.
Genero-binarismoa indartzen duen edo ez, hori cis jendearen arazoa da, ez nirea. Guk gure bizitza bizi nahi dugu, inongo generorik gabe.

Argazkia: Dani Blanco

Lantegiaren izenburuaren bigarren zatiak arreta eman dit. Munduaren amaieran gaude?
Trans askapena une txar samarrean iritsi da, kontuan hartzen badugu beharbada ezin izango ditugula eskubide zibil eta sozial guztiak eskuratu zibilizazioa —ezagutzen dugun eran— pikutara joan aurretik. Itxura eskasa du. Klima-aldaketa bizkortzen ari da, uste zutena baino gehiago. Baliteke etorkizun handirik ez izatea guretzat… Ikuspegi pesimista samarra da, baina uste dut lagungarria dela errealista izatea. Gainera, trans jendea etorkizunarekiko ikuspegi handirik gabe bizi izan da luzaro, beraz agian zerbait ikas genezake hortik. Ikas genezake nola bizi orainean eta nola ez utzi gauzak beti geroko.

Gaur arratsaldean [otsailaren 8an] Bilboko Azkuna Zentroan hitzaldi bat eskainiko duzu trans begiradaren ifrentzuaz: cis begiradari erreparatuko diozu. Nola deskribatuko zenuke cis begirada?
Bi alderdi ditu. Batetik, trans izaerak liluratzen du —batzuetan ironikoki—; bestetik, susmagarria iruditzen zaio. Trans izaera anomaliatzat jotzen du, cistasuna berresten duen anomaliatzat. Cis begiradak transexualitatea behar du bere burua egonkortzeko eta nabarmentzeko, transengan proiektatzen du genero-transgresioaren arazoa. Eta hori arriskutsua da, izan ere, transak, cis begiradaren arabera, bi gauza izan gaitezke: sexu-liluraren objektua edo mehatxua. Eta bi aukerak kaltegarriak dira, mutur batetik bestera bizkor pasatzen baikara. Zaila da egitura hori desegitea. Trans jendeari ez digute uzten arruntak izaten, cis begiradak horixe galarazi nahi izaten digu.

Zer iritzi duzu emakume transak baztertzen dituen korronte feministari buruz?
Feminismoa da, ala faxismoa da? Dei diezaiogun faxismoa, horixe baita; gainera, munduko bazter honetan ondotxo ezagutzen duzue faxismoa. Gure gorputzen gaineko kontrola estatuaren esku utzi nahi duen feminismoak ez du zentzurik. Feminismoaren aldarrikapen giltzarrietako bat gorputzaren gaineko autonomia da, beraz ez diezaiegun izena oparitu.

"Emakume transak baztertzen dituen korronte feminista... Feminismoa da, ala faxismoa da? Dei diezaiogun faxismoa, horixe baita”

Reverse cowgirl [Cowgirl alderantzikatua] liburua aurkezten zabiltza. Bertan kontatzen duzunak ez du bat egiten trans identitateari buruzko narrazio estandarrarekin.

Ez da kontakizun posible bakarra, baina bertsio alternatibo bat izan liteke, geuretzat hizkuntza berri bat eraikitzen hasteko.
Agian oker nabil, baina liburu hau apur bat desberdina iruditzen zait zure aurreko lan teorikoagoen aldean.
Luzaroan ibili naiz liburu hau idatzi nahian. Egia da ezagunagoak direla nire lan teorikoak, baina saiakerak eta ez-fikziozko bestelako lanak ere idatzi izan ditut. Edonola ere, iruditzen zitzaidan jada ez nintzela gai halako subjektu ez-markatu baten posiziotik idazteko, eta beraz, ni neu jarri nintzen testuan. Bestalde, ez nuen identitate ziur batetik hitz egin nahi, nor naizen jakingo banu bezala. Beraz, subjektu bat edo identitate bat izatearen ideia zer ezegonkorra den islatzen da liburuan.

Zer-nolako harrera izan du?
Konfinamenduaren justu aurretik kaleratu zen ingelesez. Ez nuen elkarrizketarik ez aurkezpenik egin, baina ahoz ahokoaren bidez zabaltzen ari da, eta orain itzulpenak aurkezten gabiltza. Jende askok bere burua topatu du liburuan, transa izan gabe ere.

Niri halaxe gertatu zait.
Liburuak aukera eskaintzen du sexualitateak norbere bizitzan duen lekua aztertzeko, eta arretaz begiratzen die gutako askok drogen eta sexuaren inguruan izan ditugun muturreko esperientziei. Norbere sorlekua uzteari buruzko liburu bat ere bada; era askotako hari-muturrak aurkitu dituzte irakurleek. Liburua bere bidea egiten ari da, eta horixe da liburu bati opa dakiokeen onena.

Aipatu behar da garai historiko bat eta leku geografiko bat ere kontatzen dituzula: “Garai probintzial bat zen, hiri probintzial batean”, diozu liburuan.

Bai, altzairu- eta ikatz-hiri batean jaio nintzen [Newcastle, Australia]; garaian 200.000 biztanle inguru bizi ginen han. Uste dut jende askok alde egin behar izan duela halako lekuetatik, hazi ahal izateko. Nik, orduan, ez nekien transa nintzenik, baina ondotxo nekien handik ospa egin beharra nuela bai ala bai.

Bestalde, komunikabideei dagokienez ere, belaunaldi jakin baten historia da. Gure belaunaldia telebistaren eta biniloen abaroan hazi zen, eta horrek zer pentsatua ematen du gaur egungo sare sozialek duten eraginari buruz, beste komunikabide batzuek beste belaunaldi bat nola taxutu zuten aztertzen badugu.

Oraintxe esan duzunez, garaian ez zenekien transa zinenik, eta liburuan ere agertzen da ideia hori: “Orduan ez geneukan izenik guretzat”. Izendatzea onerako da beti, ala aho biko ezpata izan daiteke?
Beharbada gaur egun asko tematzen gara gauza bakoitzari bere izenez deitzen, 60 harrotasun-bandera dauzkagu gutxi gorabehera, eta ondo dago. Jendeak behar du hori. Dena ezin da hizkuntzarekin konpondu, baina lagungarria da hizkuntza hori edukitzea; guk ez geneukan arrastorik ere. Nik neuk mespretxuzko hitzak bakarrik neuzkan nire burua izendatzeko, edo mespretxuzkotzat jotzen genituenak behintzat, eta ez zigun batere lagundu. Ez zigun lagundu transexualitatearen eta homosexualitatearen arteko aldeak ezagutzen, esperientzia-modu askotarikoak ulertzen…

Australiarra zara, baina New Yorken bizi zara aspaldi.
Bai, 20 urte daramatzat han. New Yorkeko batekin maitemindu nintzen, eta horregatik migratu nuen. Ez neukan horretarako asmorik, baina…

Aldaketa handia izango zen.
Bai, hutsetik hasi behar izan nuen berriro. Hogeita hamaluze urte neuzkan migratu nuenean, eta nire lan-ibilbide osoa Australian egina nuen.

Unibertsitateko irakaslea zinen.
Bai, eta bide akademikoari berrekin behar izan nion AEBetan, apur bat berandu. Baina, hara, New Yorken bizitzeko aukera izan dut.

Pozik zaude?
61 urte ditut orain. Eta adin horretan pentsatzen duzu: hauxe da egin dudana. Baina bizitza ona izan da, bai.

Hitz egin dezagun Reverse cowgirl-en aurretik argitaratu zenuen liburuari buruz: Capital is dead. Is this something worse? [Kapitala hil da. Hau okerragoa al da?]. Esadazu zuk zeuk: bizi dugun fase historiko hau kapitalismoa baino okerragoa al da?
Duela mende eta erdiko hizkuntza darabilgu oraindik, ezer aldatu ez balitz bezala, eta kapitalismoa esentzia aldagaitz bat balitz bezala. Baina, eta hau okerragoa balitz, zer? Demagun klase nagusi berri bat dagoela, eta eskulana ez ezik informazioa eta soziabilitatea ere ustiatzen dituela. Kasu horretan, beharbada kontzeptu berriak behar ditugu. Kapitalismoa baliagarria da oraindik ere munduaren puska handi bat deskribatzeko, baina beharbada kapitalismoaren gainean beste zerbait dago orain, are okerragoa. Nola pentsatuko dugu horretaz? Hizkuntza berri bat behar dugu.

Izan ere, guri buruzko informazio pila bat oparitzen diegu enpresa handiei, ohartu gabe ere.
Agintarien klaseak asmatu du gure lana ez ezik gure ez-lana ere ustiatzen. Telefono mugikorra patrikan duzula hara-hona ibiltze hutsak datuak sortzen ditu auskalo zenbat enpresarentzat, denok eta denbora guztian sinatzen ditugun erabilera-akordio txiki horien poderioz. Akordio horien bidez informazio mordo bat ematea onartzen dugu, eta trukean papurrak besterik ez ditugu jasotzen. Beraz, lanaren ustiaketaren gainean, informazioaren asimetria bat dago.  

Gai horren harira Shoshanna Zuboff-en liburu bat irakurri nuen, The Age of Surveillance Capitalism [Zelataritza-kapitalismoaren aroa]. Zer iruditzen zaizu haren proposamena?
Zuboffen liburua oso lagungarria da, baina beste guztiek bezala egiten du: adjektibo bat gehitzen dio kapitalismoari, eta aurrera. Kapitalismoa da, beste zapore batekin. Berriro diot: uste dut hobe dela hizkuntza berri bat topatzea, ideia zaharrarekin bueltaka ibili ordez.

Argazkia: Dani Blanco

Zuk, adibidez, “klase bektoralista” deritzon kontzeptua proposatu duzu. Azalduko zeniguke?
Kapitalismoa zer da? Ekoizpen-baliabideen jabetza. Gaur egun horri gehitzen zaiona informazioaren bektorea da. Ezagutzen ditugun enpresa handi pila batek ez dituzte beren salgaiak ekoizten. Ez dut esango zer markakoa den hemen mahai gainean daukazun telefonoa, baina esan dezaket gailua bera ez duela marka horrek ekoitzi, nahiz eta marka horren logoa agertzen den gailuaren atzealdean. Gailua beste kapitalista batzuek ekoitzi dute, beste nonbait.

Horrenbestez, kapitalisten klasea existitzen da oraindik, baina gero beste klase hau dago, bektoralisten klasea deitu dudan hori, zeinak kapitalistak menderatzen baititu eta are okerragoa baita. Pentsatuko dugu horren inguruan, mesedez? Oraindik ere XIX. mendean egongo bagina bezala jardun ordez? Marxek bapore-makinen garaian idatzi zuen. Baina bapore-makinarik ikusten al duzu hemen inguruan?

"Kapitalisten klasea existitzen da oraindik, baina gero beste klase hau dago, bektoralisten klasea deitu dudan hori, zeinak kapitalistak menderatzen baititu eta are okerragoa baita"
 

Hacker manifestua argitaratu zenuen orain dela 20 urte. Klase bektoralistaren aurrean hackertzat hartu behar genuke gure burua?
Zergatik ez? Nola deitzen zaio informazio berria sortu arren horren jabe ez den klaseari, hau da guri? Zer gara gu? Informazio hori sortzea lana da zentzu batean, baina ez da fabrikako lana bezalakoa, desberdin kudeatzen da, desberdin ustiatzen. Informazio-asimetriaren bidez ustiatzen da, hain zuzen ere.

Azter dezagun liburuen adibidea bera: eskubideak ordaintzen dizkidate, baina argitaletxea da berez liburuaren jabea, hark irabazten du gehien, eta banatzaileak zer esanik ez. Zertan datza lan hori, eredu industrial klasikoa bezalakoa ez dena?

Amaitu aurretik, azken galdera: beste proiekturik duzu eskuartean?
Ingelesez argitaratuko dudan hurrengo liburua Raving deitzen da. Izan ere, 58 urterekin tekno musika dantzatzen hasi naiz berriro, goizeko ordu txikitan. Badira zenbait urte ekin niola, eta azkenean proiektu txiki bat jaio da hortik, New York hiriko rave kultura trans eta queerra aztertzen dituena.

Zer ekarri dizu praktika horrek?
Ezkutaleku moduko bat da guretzat, badakizu: mundua gaizki doa, baina goza dezagun tarte hau elkarrekin. Bestalde, uste dut bizipen kolektibo gisa baduela baliorik, azken batean hainbat ordu igarotzen baititugu telefonotik at. Beraz, hori izango da hurrengo argitalpena. Eta oso pozik nago elkarrizketa hau euskaraz kaleratuko delako. Eskerrik asko.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Eguneraketa berriak daude