34 zaintzaile publikori oposizioetan euskara eskatzea legez kanpokotzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak

  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi zela eta ez zela diskriminatzailea ebatzi zuen iaz Donostiako epaitegiak. Orain ebazpen hori bertan behera utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, langile publiko hauei euskara eskatzea "desproportzionatua" eta "diskriminatzailea" dela argudiatuz.

Epaiaren arabera, "administrazio publikoak ezin die aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu". Argazkia: Zarateman/Wikipedia

2023ko martxoaren 01an - 09:55
Azken eguneraketa: 16:13

EAEko Auzitegi Nagusiko ebazpenak, Luis Javier Murgoitio Estefaníak sinatua, baliogabe utzi du joan den urteko epaia. ARGIAk eskuratu duen ebazpen horren arabera, “administrazio publikoak ezin die aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan”. Finean, plaza horiek lortzeko herritarrek duten eskubide oinarrizkoak “azpiratu” egiten ditu euskara eskakizunak, epaiaren hitzetan.

Hainbat kasutan izan diren ebazpenek hauspotuta, euskara ez dakien herritar batek baino gehiagok jo izan du epaitegietara, langile publiko izateko euskara eskakizuna kentzeko eskatuz. Uliazpi Fundazioan zaintzaile izateko oposizioak ere auzitara iritsi ziren, euskara eskatzea Espainiako Konstituzioaren aurka doala eta diskriminatzailea dela adieraziz. Aldiz, Donostiako epaitegiak erantzun zuen hain justu Espainiako Konstituzioak berak euskara hizkuntza koofizialtzat duela EAEn eta beraz berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela.

Langileek eta LAB sindikatuko ordezkariek hartu zuten parte auzian, alde demandatu gisa. Iazko garaipenaren ostean, sindikatuak nabarmendu zuen ezinbestekoa dela euskara eskakizuna, artatuen eta senideen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko, azken finean “euskaraz lan egin dezakeen administrazioak bakarrik bermatuko dituelako herritar guztien hizkuntza eskubideak”.

Helegitea jartzeko aukera

Azken ebazpen honen aurrean, sindikatuak gogoratu du aukera dagoela Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jartzeko –30 eguneko epea dago horretarako– eta zerbitzu jurdidikoak epaia eta eman beharreko hurrengo urratsak aztertzen ari direla, jakinik kontuan hartu beharko dutela Aldundiak eta Jaurlaritzak horren inguruan helarazten dutena.

"Zalantzarik gabe –dio Uliazpiko atal sindikalak– epai hau zartada handia da gure administrazioek ezarritako hizkuntza-politikarentzat, baina, batez ere, gure hizkuntza-eskubideentzat".

Erreakzioak: "Beste behin, Auzitegia hizkuntza-politika egiten"

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak "oso larritzat" jo dute epaia, eta botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat dela adierazi dute: "Beste behin, Auzitegiak hizkuntza-politika egiteari ekin dio". Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin harremanetan jarri dira babesa agertzeko, eta "auzitegien esku-hartze sistematikoaren aurrean" erantzun bateratua antolatzea inoiz baino beharrezkoa dela aldarrikatu dute.

"Kasu honetan, gainera, jendarteko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak dira urratzen direnak, desberdintasun funtzionalen edota buru osasun arazoen ondorioz zaintza premia bereziak dituztenak. Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den", adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka ildo berean mintzatu da: "Gogoratu behar dugu, Uliazpi erakunde publikoaren helburu nagusia kontuan hartuz gero, argitaratutako zaintzaile lanpostuen deialdian zerbitzuaren erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzeak garrantzia berezia duela. Izan ere, herritar bezala dituzten eskubideez gaindi, eskubide horiek era berezian pertsona horien osasun eta ongizateari zuzenean lotuak daude".

UEMArentzat, epaia larria bezain atzerakoia da, eta gaur egungo legeria urratzen duela azpimarratu du. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, garaiz kanpo eta lekuz kanpo dago epaia. “Debekuen, zigorren eta auzitegien bidez euskaldunak hasiera batean desagerrarazi eta ondoren bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi izan gaituen ikuspegi atzerakoia dario epaiari. Antza denez, zenbait epailek oraindik ez dute ulertu euskara ofiziala dela euskararen lurraldearen zati batean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, hizkuntza-politikari eta euskara lehenesteari buruzko lege berriak onartu dira azken urteotan, eta horien aurkakoa da epaia. Ez du 2/2016 legea eta hori garatzeko 179/2019 dekretuan ezarritakoa betetzen, inondik inora ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2024-02-15 | ARGIA
Helegitea jarri diote 119 administrari-plaza egonkortzeari, hizkuntza eskakizuna dutelako

LABek ohartarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko 119 langileak egonkortzeko egin den bidea bertan behera gelditu daitekeela, hizkuntza eskakizuna ezarri izanagatik helegitea aurkeztu dutelako. LABek eta ELAk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 16rako, Donostian.


Errenteriako tabernari baten jarrera euskarafoboa salatu dute

Errenteria-Oreretako Aurrera tabernako zerbitzariak euskararekiko "mespretxuz" eta oldarkor erantzun zion euskaraz eskatu zuen bezero bati euskalgintzako hainbat kidek salatu dutenez.


Agurne Gaubeka
"Euskararen aurkako estrategia judizial eta politikoari erantzun behar diogu"

Zizurko Udalaren obretako langile lanpostu baten euskarazko profila atzera bota du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Erabaki horren aurka elkarretaratzera deitu dute hainbat eragilek. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren aburuz,... [+]


2024-02-09 | ARGIA
Epaileen euskarafobia salatu dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Zizur Nagusiko Udalaren aurka eman den azken epaia salatzeko. Udalak langile lanpostu batean ezarritako hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaitegiak.


Euskara "gorrotoaren" hizkuntzatzat du Eguesibarko PPk

"Euskara ez da hizkuntza erakargarria askorentzat aspaldian perbertitu dutelako, tresna politiko gisara erabili dutelako eta terrorismoaren garaietara baino ez narama. Gorrotoarekin identifikatzen dugun hizkuntza da", esan du Inma Mujika PPko Eguesibarko zinegotziak... [+]


Eguneraketa berriak daude