"Musherrak ezin ditu txakurrak atleta soil bezala ikusi; haien laguna izan behar du"

  • Garraiobide bezala jaio zen mushinga. Hala deritzo txakurrak lera bati lotuz batetik bestera mugitzeari. Funtsezko izan zuten behinola eskualde polarretako biztanleek, eta oso erabilia izan zen Alaskako urre grinaren garaian. 1925ean egin zen mundu mailan ezagun: bost egunez 1.085 kilometro egin zituzten lera txakurrekin, difteriak jotako Nome herrira (Alaska) botikak eramateko. Geroztik, kirol bezala hedatu da mushinga, eta txakurzale eta abenturazale asko erakarri du. Horietako bat da Iker Ozkoidi (Iruñea, 1979). Gazterik hasi zen lasterketak lehiatzen eta bi aldiz izan da munduko txapeldun. Dena den, emaitzek baino, txakurrekin bizitako esperientziek betetzen dute gehien.

Argazkia: Iker Ozkoidik utzia.
Argazkia: Iker Ozkoidik utzia.

Noiz hasi zinen mushingean, eta nola ezagutu zenuen?

Hamaika urte ingururekin hasi nintzen, aitarekin. Nafarroan ez zegoen orduan lera gidaririk. Malamute arrazako txakurkume bat oparitu ziguten, etxean edukitzeko. Gure bizilagun batek arraza bereko txakur bat zuen, eta gureak bi urte bete zituenean, aitak kumaldi bat izatea erabaki zuen. Kume guztiekin gelditu ginen, eta garai hartan kirol honen berri izan genuen. Oso deigarria iruditu zitzaigun, eta animatu egin ginen. Gauzak gure modura egin genituen hasieran, aldizkarietan ikusten genuena eredu hartuta. Hasi eta pare bat urtera, Pirena lasterketa antolatzen hasi ziren Pirinioetan. Atzerritik eskarmentu handiko lera gidariak etortzen ziren, eta haiengandik ikasi genituen oinarriak.

Zentzu hertsian, txakurrek lera batetik tira egitean datza kirol hau. Zuretzat, zer da mushinga?

Bizitzeko modu bat da. Txakur asko eduki eta lehiatzea baino gehiago da. Herritik aparte bizi naiz, mendian, eta larre handi bat dut, txakurrek korri egin ahal izan dezaten. Nolabait ere, zeure bizitza baldintzatzen du. Denak txakurren inguruan egiten du bira. Haiekin ordu asko igarotzea maite behar duzu. Ez dizu bizimodu normala izatea galarazten, baina denbora asko eskatzen duen zaletasuna da, eta toki apropos batean bizi behar duzu: gauza bat da txakur bat edo bi izatea, eta beste bat 24 edukitzea, nire kasuan bezala. Hiri batean ezinezkoa da.

Zer ematen dizu kirol honek?

Gogobete egiten nau. Eskalatzea, adibidez, oso gustuko dut, baina ezin dut alderatu kirol honek ematen didanarekin. Ikaragarria da txakurrekin bakarrik egotea munduko zoko galdu batean. Lehiatzea asko gustatzen zait, baina txakurrak entrenatzea da gogokoen dudana. Txapelketetan estresa eta urduritasuna izaten dira, eta ez duzu inguruan duzunaz hainbeste gozatzen. Lehiaketari dagozkion gauzetan jartzen duzu arreta osoa. Entrenamenduetan, ordea, noizbehinka lera gelditu, txakurrak askatu eta haiekin jolasean ibiltzen naiz. Txakurrak ondo entrenatu eta elikatzea oso garrantzitsua da, baina jolasa ere funtsezkoa iruditzen zait.

"‘Jende askok uste du txakurrek sufritu egiten dutela. Bada, txakur batek ez badu korrika egin nahi, ez dago zer egin: eseri edo etzan egingo da"

Txakurrak sasoiko egotea bezain garrantzitsua izango da haiekin duzun harremana, ezta?

Txakurrak ezin dituzu atleta soil bezala ikusi. Haien laguna izan behar duzu. Nik beti izaten ditut aske etxean, eta egunero hartzen dut tartea haiekin jolasean aritzeko eta laztan batzuk egiteko. Gauza askotaz jabetzen zara momentu horietan: bakoitzak zer jarrera duen, lesiorik baduen… Musher ona izan nahi baduzu, txakurrak maitatu behar dituzu.

Nola gobernatzen duzu halako txakur talde handia?

Pazientzia eta maitasun handiarekin. Denetariko txakurrak dauzkat: kumeak, gazteak, helduak eta erretiratuak. Hamar urte betetzen dituztenean jada ezin dute lehiatu; hala dio araudiak.

Lasterketetan, zenbat txakurrek tiratzen dute leratik?

Nik orain distantzia ertaineko probetan hartzen dut parte, eta Europako eta Munduko txapelketetan bi, sei edo hamabi txakurrekin lehia zaitezke. Astebete edo bi asteko lasterketak ere lehiatzen ditut, eta hor hamabi txakur inskriba ditzakezu. Gutxienez sei txakur lotu behar dituzu lerara. Aldaketak egiteko aukera dagoenez, multzoa kudeatuz joaten zara: nik, normalean, zortzi txakur erabiltzen ditut, eta horrela, egunero lau berrirekin ibiltzen naiz.  

"Bizitza baldintzatzen dizu mushingak", dio Ozkoidik. "Denak txakurren inguruan egiten du bira. Haiekin ordu asko igarotzea maite behar duzu”. / EÑAUT AGIRREBENGOA

Entrenamenduak nolakoak izaten dira?

Hemengo baldintza klimatikoetara egokitu behar izaten dugu. Urtarriletik irailera arte aske eramaten ditut mendira, eta ni bizikletan edo quadarekin joaten naiz. Entrenamenduak baino, paseoak izaten dira. Geldi ez egotea da helburua. Benetako entrenamenduak hotza iristearekin batera hasten dira. Aurten, adibidez, azarora arte itxaron behar izan dugu. Goizaldean irteten gara, eta hasieran, kilometro gutxi batzuk egiten ditugu. Mendi pistetan aritzen gara, eta quadera lotzen ditugu, giharrak landu ditzaten. Abendura arte lur gainean egiten ditut entrenamenduak, eta ondoren, Norvegia aldera joaten naiz. Elurretan, erresistentzia eta abiadura lantzen dituzte.  

Zertan datza lera gidariaren lana?

Zeregin nagusiak taldea kudeatzea eta txakurrei laguntzea izaten dira. Alpeetan, adibidez, eski estazioetako aldapak igo behar izaten ditugu, eta hor oso garrantzitsua da gidaria sasoiko egotea: zenbat eta gehiago korri egin, orduan eta denbora hobea lortuko duzu. Horrez gain, adi ibili behar duzu, txakurrak elkarren artean nahasi ez daitezen, eta batzuetan abiadura handiegia har ez dezaten.

Zer ezaugarriko txakurrak dira egokiak kirol honetarako?

Gehien erabiltzen diren txakurrak arraza nordiko baten eta ehiza txakurren arteko gurutzatze bat izaten dira. Erresistentzia eta abiadura handia dute, eta huskyekin baino errazago egiten da lan, ganaduarekin-eta ez dutelako arazorik izaten.

Urte eta erdi dutenean has daitezke lehiatzen. Ordurako, irakatsita egon behar dute?

Hobe da txikitatik irakastea, bai. Nire txakur guztiak etxean jaio dira, eta sei edo zazpi hilabete betetzean, entrenamenduetara eramaten ditut. Txakur helduek quadari lotuta egiten dute korri, eta kumeak aske joaten dira. Urtearen bueltan dabiltzanean, quadera lotzen hasten naiz. Hasieran kilometro bat egiten dute doi-doi. Berehala ikasten dute. Bi urte bete arte itxaroten baduzu, ziur ez dela berdina.

Txapelketak urtarriletik martxora bitarte jokatzen dira. Nolakoak izaten dira?

Esprintekoak eta distantzia ertainekoak etapaka jokatzen dira. Hasi eta bukatu toki berean egiten duzu. Bizpahiru egunekoak izaten dira batzuk, baina badira hamar edo hamabi egun irauten dutenak ere. Distantzia luzeko lasterketek, berriz, bi puntu lotzen dituzte. Tartean, kontrol-puntu ezberdinetatik igaro behar duzu. Esprinteko probetan 24 kilometro inguru egin ohi dira; distantzia ertainekoetan, 30-60 artean; eta distantzia luzekoak 70 kilometrotik gorakoak izaten dira. Iraupenari dagokionez, 40-50 kilometro bi orduan egin daitezke. Lasterketa batzuk benetako abenturak dira; Odysseen, adibidez, bibak eginez edo kanpin denda batean igarotzen dira gauak. Gogorra da, porru eginda iristen zarelako, baina esperientzia itzela da.  

"Baldintzak zailak dira, neguak geroz eta laburragoak direlako. Elurretan entrenatzeko leku gehiago egon beharko luke Pirinioetan"

Txakurrentzat ez al da gehiegizko esfortzua?

Jendeak askok uste du txakurrek sufritu egiten dutela, eta behartu egiten ditugula. Bada, begira, txakur batek ez badu korrika egin nahi, ez dago zer egin: eseri edo etzan egingo da. Leratik tiraka ikaragarri gozatzen dute. Arnesa hartzen dudanean, aldatu egiten zaie aurpegia. Saltoka hasten dira, pozez zoratzen. Txakurren jarreran ikusten duzu oso gustuko duten zerbait dela. Agian arraza guztiak ez daude prest hainbeste kilometro egiteko, baina hauek zoriontsu sentitzen dira entrenamenduetan eta lasterketetan. Dena den, guk garrantzi handia ematen diogu esfortzuen kudeaketari. Ez badaude ohituta kilometro asko egitera, lasterketetan ez dugu muga hori gainditzen. Baldintzak ere aintzat hartzen ditut beti: pista gaizki badago, ez dut jarraitzen. Gertatu zait, lehen postuan joan, eta lasterketa uztea. Txakurren osasuna da garrantzitsuena.

Zortzi edo bederatzi urtez lehia daitezke. Eta ondoren, zer gertatzen da?

Kontraste handia da, eta entrenatzeari bat-batean uzten badiote, txakur batzuk oso azkar zahartzen dira. Nik entrenatu egiten ditut, bizimodu aktiboa izaten jarrai dezaten. Kilometro gutxiago egiten dute, eta gazteenei irakatsiz aritzen dira. Etxean lur-sail handia daukat, eta sekulako erretiroa izaten dute beraz.

Txakurren arteko harremana nolakoa izaten da?

Agian genetikarengatik izango da, baina nik nire txakurrekin ez dut arazorik izaten. Txintxo portatzen dira. Hori bai, kontuz ibili behar duzu emeak araldian daudenean, arrak tonto samar jartzen direlako. Leran ibiltzerakoan, emeak azkarragoak eta arinagoak izaten dira. Lider bezala beti emeak erabiltzen ditut. Liderrak aurrean joaten diren bi txakurrak izaten dira, eta abiadura markatzeaz eta birak egiteaz arduratzen dira, besteak beste. Arrek indar handiagoa dute, eta haiek atzean jartzen ditut, leratik gertuago, haiek egin behar dutelako indar gehien.

Europan ezinezkoa da mushinga ogibide izatea, ezta?

Babesleak izanik ere, ez duzu bizitzeko adina irabazten. Duela hamabost urte aukera izan zenezakeen, lasterketa batzuetan dirua ematen zizutelako sari bezala. Baina orain, ez da posible. Pobreek egiten dugun aberatsen kirol bat da. Alemanian, berriz, dirudun asko dabil mushingean. Ez dute beste lanik, entrenatu eta lehiatu besterik. Hori pentsaezina da hemen. Oso kirol garestia da, eta gainera, entrenamendu luzeak egin nahi izanez gero, bidaia luzeak egin behar dituzu. Inbertsio handia da diru eta denbora aldetik.

Asko aldatu da mushinga zu hasi zinenetik?

Bai, ikaragarri. Pentsa, guk arnesak pertsianen zintekin egiten genituen. Egurrezkoak izanik, lerak oso zurrunak izaten ziren; armairu bati patinak jartzea bezalakoa zen. Gero aluminiozko lerak agertu ziren, eta gaur egun, karbonozkoak ere badaude. Txakurren elikadura ere asko garatu da. Orain, atletak balira bezala elikatzen ditugu.

Zein da kirol honen egoera Euskal Herrian?

Asko handitu da txakur batekin edo birekin korrika, bizikletan edo eskian aritzen den jende kopurua. Baina benetako mushingari dagokionez, garai batean baino dezente gutxiago gabiltza gaur egun. Kalte egin du Pirena lasterketaren desagerpenak. Etxetik gertu lehiatzen zen, Pirinioetan, eta giroa sekulakoa izaten zen.  

Nolanahi ere, musherrik onena hemengoa da; munduko txapelduna zara.

Sekulakoa da. Asko kosta zait gorenera iristea, eta hor mantentzea ere ez da batere erraza. Ea aurten zer moduz dohazkidan gauzak. Ederra litzateke onena izaten jarraitzea. Horrekin batera, kirol hau hazten ikusi nahiko nuke, zaila den arren. Neguko kirol bat da, eta ikusita hemen neguak geroz eta laburragoak direla, baldintzak ez dira batere onak. Nire ustez, elurretan entrenatzeko leku gehiago egon beharko luke Pirinioetan. Orain bakarrik Baqueira Bereteko eski estazioan aritu gaitezke, eta soilik pista batean aritzeko dugu baimena.  

Alaska da mushingaren sorlekua. Ez duzu inoiz hara joateko ahalegina egin?

Hangoa beste mundu bat da; astebururo txapelketa bat baino gehiago jokatzen da, eta sariak sekulakoak izaten dira. Han bai, bizibide izan dezakezu mushinga. Behin joan nintzen hara, bizitzeko leku baten eta lan baten bila, baina ez zen posible izan. Lehiatzen oraindik ez naiz egon. Lehen nire obsesioa zen, baina zail ikusten dut, epe motzean behintzat. Txakur guztiak hara eramatea oso garestia da, eta hilabete lehenago joan behar duzu, txakurrak egokitu daitezen. Hortaz, ostatuaren eta garraioaren gastuak gehitu behar dituzu. Baina tira, iritsiko da.

Garaiz zaude oraindik. Bada 80 urterekin lera gidari jarraitzen duenik ere.

Kirol honek hori du ona, ez duela adinik. Are gehiago, jendea bere ibilbideko azken urteetan aritzen da ondoen. Eskarmentuak asko laguntzen du, eta noski, behin erretiroa hartuta, denbora libre gehiago duzu. Orain, ordea, malabarrak egin behar ditut entrenatzeko behar beste denbora edukitzeko. Hori bai, ez dut ezer garrantzitsurik sakrifikatzen mushingean aritu ahal izateko; bestela, utzi egingo nuke. Zalantzak izan ditut maiz, kirol hau ez delako batere esker onekoa. Txakurren heriotza oso gogorra izaten da, adibidez. Oso bizi ona ematen diet, eta zaharrak direlako hiltzen dira, baina asko sufritzen dut. Halere, ekinean jarraitzeko asmoa dut. Ez dakit 80 urte bete arte iraungo dudan, baina asko gozatzen dut kirol honetaz.

 

ZAUNK-ZAUNK

Txakurra, parekorik ez duen laguna?
Txakur batek ez dizu inoiz bizkar emango.


Zer behar du txakur batek zoriontsu izateko?
Errespetuz tratatzea eta maitatua sentitzea.


Orokorrean, jendeak ondo tratatzen ditu?
Batzuek, ondo ari direlakoan, gaizki hezten dituzte. Txakurrak ez dira pertsonak.


Txakur asko pisutan bizi dira gaur egun. Zer iritzi duzu?
Ondo iruditzen zait. Kalera egunero ateratzen badituzu, ez luke arazorik egon beharko.


Zein da txakurren bertute nagusia?
Leialtasuna, argi eta garbi.


Errietan asko egiten diezu?
Batzuetan bai; hainbeste txakur edukita, mugak jarri behar dizkiezu. Liderra zu zarela erakutsi behar diezu.


Nola komunikatzen zara haiekin?
Hain lotura estua dugu, ezen askotan ez baitut hitzen beharrik aginduak emateko. Gauzak beren kabuz egiten dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2024-03-31 | Xabier Rodríguez
Paris 2024
Eredu olinpiko ezagun baten sintomak

Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean  ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Eguneraketa berriak daude