EHU

"Inork esan ez digun zerbait egitea litzateke" garun-paralisidun ikasleari laguntza jartzea, dio EHUko errektoreak

  • “Ez dugu ahalmen nahikoa behar bereziak dituzten pertsona guztiei arreta pertsonalizatua emateko, bizitza osoan zehar daukagun prestakuntza eskaintza guztia egin nahi badute”, dio EHUko errektore Eva Ferreirak, argudiatzeko zergatik ukatu dioten laguntzailea Noelia Da Costa garun-paralisidun ikasleari, egiten ari den graduondoan. Muinean, gaiaz galdetuta Ferreiraren erantzuna da Titulu Ofizialei laguntza hori badagokiela baina Berezko Tituluei ezetz, eta Da Costa egiten ari dena Berezko Titulua dela, EHUk eskaintzen duen arren.

Eva Ferreira errektoreak (ezkerrean) EHUren Gizarte Kontseiluan erantzun die Noelia Da Costa ikaslearen kasuko galderei.

2022ko abenduaren 21an - 06:54

Noelia Da Costa Reviriego gasteiztarrak garun-paralisia du eta unibertsitatean laguntzaile bat behar du komunera joan, berokia erantzi edota ordenagailua mahaian jartzeko. EHUk, ordea, ukatu egin dio laguntzailea, egiten ari den graduondoko masterra ofiziala ez dela argudiatuta. Halaxe kontatu zigun duela hilabete inguru, eta gaineratu zuen ofiziala edo berezko graduondoa izan, araudiak dioela behar bereziak dituzten pertsonei beren eskubideak bermatu behar zaizkiela unibertsitatean dauden epe osoan “eta nik EHUko ikasle izaten jarraitzen dut".

“Erakunde gisa, ezin diogu heldu arazoari”

EHUko Gizarte Kontseiluaren azken osoko bilkurara gaia eraman zuen Fernando Mijangos Kontseiluko kideak, “ARGIAn elkarrizketa irakurri eta hunkituta”. Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak berak hasierako argudioen ildotik erantzun du, titulua berezkoa dela arrazoituta, eta legearen gain jarri du erantzukizuna: “Legeetan jasotzen den goi mailako hezkuntza jasotzeko eskubidea titulu ofizialei dagokie beti eta unibertsitateak beste titulu batzuk ere eskaintzen ditu. Titulu ofizialetan laguntza eskaintzen dugu bekatik harago, materialen euskarritik eta laguntza pertsonalizatutik harago. Horretan erreferente gara. Berezko tituluetan, ez. Pertsona batek Esperientzia Geletan eskoletara joateko arazoak baditu, ezin dugu ziurtatu laguntza pertsonalizatu hori bizitza osoan zehar; izan ere, aurrekontuan, gizarte gisa, ez dugu erabaki bizitza osoko prestakuntza ziurtatzea laguntzaile batekin. Diru publikoarekin finantzatzen den unibertsitate publikoak laguntza pertsonalizatua bermatzen dio hala behar duen norbaiti, goi mailako hezkuntza maila hori izateko balio dioten titulazioetan. Ez dago ez Espainiako legeetan (titulazio ofizialetara mugatzen baita), ez Aldundiek laguntzak esleitzeko araudietan, ez Eusko Jaurlaritzak bekak esleitzeko hartzen dituen neurrietan. Gainerako guztia inork esan ez digun zerbait egitea litzateke. Ez dugu ahalmen nahikoa behar bereziak dituzten pertsona guztiei arreta pertsonalizatua emateko, bizitza osoan zehar daukagun prestakuntza eskaintza guztia egin nahi badute. Erakunde gisa, ezin diogu heldu arazoari. Gure gizarte planean enplegua lortzea ahalbidetzen duen prestakuntza hartzen dugu kontuan”.

"Aurrekontuan, gizarte gisa, ez dugu erabaki bizitza osoko prestakuntza ziurtatzea laguntzaile batekin"

Inklusio gaietan EHU erreferente dela ere nabarmendu du errektoreak: “Gure unibertsitatea erreferentzia da beste unibertsitate batzuen artean. Plan inklusio bat dugu, eta aurten izango ditugu emaitzak, eta eskaintzen dugun laguntza begi bistan jarriko dugu”.

Fernando Mijangosek aurreratu digunez, Gizarte Kontseiluan Berezko Tituluen inguruko eztabaida egin nahi dute urtarrilean.

Noelia Da Costa: “Psikologikoki ez da batere erraza eramaten”

Bitartean, egoera berean jarraitzen du Noelia Da Costak, eta EHUk laguntzailea jartzen ez dionez, ama du laguntzaile. “Hein batean pozik nago, nahi dudana egiten ari naizelako eta ez dudalako atzera egin nire ametsak lortzeko bidean, baina azpimarratu nahi dut nire familiari esker izaten ari dela posible, eta baita ingurukoen eta lagunen babesari esker, egoera hau psikologikoki ez baita batere erraza eramaten, eta haiek animatzen naute ez dezadan bertan behera utzi”.

"Hein batean pozik nago, ez dudalako atzera egin nire ametsak lortzeko bidean, baina azpimarratu nahi dut nire familiari esker izaten ari dela posible"

Kontatu digunez, aniztasun funtzionala, hirugarren sektorea eta gizarte lana uztartuz bizitza independenterako gakoak ematen dituen Da Costaren gradu amaierako lanak Arrakasta kategorian lehenengo saria lortu du EHUren ikasleen bosgarren kongresuan, “eta horrek ere aurrera egiteko bultzada eman dit”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHU
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


EHUk Zibersegurtasun Katedra sortu du Israelgo unibertsitate bat erreferentzia hartuta

Proiektuaren memorian, nazioarteko erakunde laguntzaileak daude, eta horien artean Tel Aviveko unibertsitatea nabarmentzen da "erreferentzia" gisa. El Saltok lortu duen dokumentazioaren arabera, gobernu sionistak Gazan genozidioa hasi eta egun gutxira onartu zen... [+]


Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu dute, hedabideen eduki matxistak aztertzeko

Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldeak eta Pikara Magazine agerkariko kideek sortu dute.


Eguneraketa berriak daude