Haurtzaroan bizi izan zituen argi-itzalen ondorioz hartu zuen Ángela Rodríguez ‘Pam’-ek (Pontevedra, Galizia, 1989), Espainiako Berdintasuneko Estatu idazkariak, indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa. 15M mugimenduan parte hartu zuen, Podemos Galiciako idazkaria izan zen eta 2015ean, 25 urte zituela, Espainiako Kongresura iritsi zen, En Marea koalizioaren bigarren zerrendaburua zela. Berdintasun Ministerioan hitzartu gaitu luze eta zabal solastatzeko.
Zarata mediatikoa alde batera utziz, goazen denboran atzera. Noiz eta nolakoa izan zen zure sozializazio politikoa?
Etxean politika beti egon da presente. Txikitatik eztabaida politikoak hurbiletik jarraitu ahal izan ditut. Oroitzen dut txikia nintzela telebistan jarraitzen genituela beti, adibidez, nazioaren estatuaren inguruko eztabaidak. Hautesle sozialisten alaba naiz, etxean Felipe Gónzalez bozkatu eta gero Zapateroren bigarren legealdian desengainatu ziren. Horrek argi eta garbi markatu zuen nire sozializazio politikoa, gerora herrialdearen [Espainiako Estatuaren] inguruan eraiki nuen ikuspegian.
2015ean iritsi zinen Espainiako Kongresura. Nola bizi izan zenuen erakunde politikarako jauzi hori?
Hagitz gaztea nintzen eta txundigarria izan zen. Ez bakarrik eremu maskulinizatua zelako, baizik eta helduena izateagatik ere bai. 25 urterekin urruti duzu helduaroa. Egokitzapen prozesua garrantzitsua izan zen eta, era berean, aldez aurretik bizitako sozializazio politikoekin erabat desberdina; asanblada feminista batek ez du zerikusirik kongresurako hitzaldi bat prestatzearekin. Emozio eta itxaropen handiko oroitzapenak ditut, baina baita ziurtasunik ezarenak ere… Inpostorearen sindromea izan nuen, zalantzarik gabe.
Izan ere, 2021eko urrian Berdintasuneko eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu idazkari izendatu zintuzten. Nolakoa izan da lehendabiziko urte hau?
Egin dugun esfortzuaren fruituak biltzen ari gara. 2022a bukatzeak sexu askatasunerako legearekin, abortuaren legearen erreformarekin, trans legearekin, eta Erantzukide Plana bigarren urtez inplementatuz erran nahi du programa betetzen ari garela. Harro nago ezarri dugun agenda feministarekin.
Badago uste duenik Berdintasunaren Ministerioaren kontrako kanpaina mediatikoa dagoela. Zenbateraino ezabatzen ditu zarata horrek aipatzen dituzun aurrerapausoak?
Kontrakoa, azkenaldian emakumeek dituzten aurrera-egite eta atzerakaden inguruan bertzerik ez da solastatzen. Feminismoa bilakatu da gure herrialdeko eztabaida gairik garrantzitsuenetako bat, ez bada garrantzitsuena. Irekitzen den eztabaida bakoitzak erantzun bat du eta, hain da hotsandikoa, zenbaitetan badirudiela zaratak gainontzeko guztia itotzen duela. Baina duela pare bat urte erran izan balidate trans legeak edo hileko mingarrien baimenek egunkarien azalak irekiko zituztela, ez nukeen sinistu izanen. Horrek islatzen du Ministerioak praktikatzen duen feminismoaren hegemonia.
“Iraintzen gaituzte, botere posizioak dituzten emakume feministak garelako”
Sare sozialek ere eragina dute honetan. Tokia eman diete orain arte espaziorik ez zuten emakume anitzi, baina, era berean, gorrotoaren lur aberatsa dira. Nola daramazu?
Modu anbibalentean. Saiatzen naiz ulertzen gertatzen zaigula emakume feministak garelako eta, beraz, arazo kolektibo eta egiturazkoa dela, indarkeria forma guztiak bezala. Saiatzen naiz, baita ere, umorearekin jokatzen, irainak kudeatzeko lanabes ezinbertzekoa delako. Baina mingarria da, argi eta garbi. Ni iraintzen naute gizena eta itsusia naizelako, eta, noski, badira egunak zailagoa dela norbere burua ispiluan ikustea, Twitterren mila aldiz laidotzen zaituztelako. Horrek eragin zuzena du buru osasunean eta ezin da alde batera utzi. Hala ere, lortu dugu pairatzen dugun indarkeria hori ongi kontzeptualizatzea: ez zaigu gertatzen pertsona jakinak izateagatik, botere posizioak ditugun emakume feministak garelako baizik.
Pasa den astean zuzenketa bat gehitu zenuten zigor-kodearen erreforman, 'Soilik baietz da baietz' legearen harira. Zertan datza akordio hori?
Zigor Kodeko arrazoien azalpenen aldaketa bat da, berresten duena Estatuko Fiskaltza Orokorraren dekretuak dioena. Alegia, indarrean dagoen zuzenbide iragankorra existitzen da, eta zigor tarteak berak diren bitartean ezingo dira zigorrak txikitu. Neurri honekin gobernuak adierazi nahi du norbere nahiaren araberako interpretazioak nagusi direla hainbat epaileren artean.
Interpretazio horiek polemika ekarri dute, hainbat erasotzaile aske gelditu direlako.
Bai, baina, funtsean, arazo politikoa da. Araua irmoa da eta inplementatu beharra dago. Emakumeen eskubideak onartzen dituzten lege guztietan bezala, denbora behar da arauaren ezarpena egokitzeko. 2004an Genero Indarkeriaren Legea onartu zenean, 180 helegite aurkeztu ziren, eta urte anitzetan lege hori ez zen aplikatzen, konstituzioaren aurkako helegiteak zituelako. Orduan, legea gaizki zegoela erran zitekeen. Aldiz, argi gelditu zen botere judizialaren eremu batek mesfidantza zuela emakumeen eskubideak babesten zituen legeak aplikatzeko. Egoera bera errepikatu da orain. Agerian dago, eremu guztietan, emakumeen eskubideen aurrerapenak posizio erreakzionarioak eragiten dituela sarri.
Ana Requena kazetariaren ustez, polemika honetan punitibismoaren kontrako pedagogia egiteko aukera galdu zenuten. Zer deritzozu?
Alde batetik, Zigor Kodeak lanabesa izan behar duela, baita feminismoarentzako ere. Erasoa jasan duten emakume anitzentzat ezinbertzekoa da kartzela zigorra, euren justiziarako, egiarako eta erreparaziorako prozesua egiteko. Feministok ezin dugu erabaki emakume batek behar duen erreparazio mota. Bidegabea da. Bertzalde, punitibismoaren eztabaida eskuin muturrak jartzen du mahaigainean, ez geuk. Beraz, kontrakoa, Zigor Kodearen erreforma honek bilatzen duena da epaileei lanabesak ematea inpunitate hori gainditu eta askatasun sexualaren delituak jazarri ahal izateko. Beraz, punitibismoaren eztabaidan tematu ordez, VOX-ek egiten duen bezala, saiatu gaitezen aztertzen zergatik epaile batek uste duen, adibidez, garraio publikoan gizon bat emakume baten aurrean masturbatzea ez dela delitua. Jazargarria izan behar du eta feminista izan daiteke.
Azkenik, trabak gainditu eta kongresuak onartu du trans legea.
Prozesu ikaragarri gogorra izan da. Dezepzio handia eragin du, LGTBIQ+ kolektiboak ikusi duelako sozialistek zalantzak zituztela. Batez ere, PSOE betidanik izan baitzen Espainian kolektiboaren eskubideetan aurrera egiteko gehien egin zuen alderdi politikoa. Era berean, argi gelditu da erakundeen, gizarte zibilaren eta aktore kulturalen arteko eztabaida posible dela, helburu komunak daudenean. Trans legea ez litzateke posible izanen Berdintasun Ministeriorik gabe, baina ezta LGTBIQ+ mugimenduak legean borrokatu duen zentimetro bakoitzik gabe ere, ezta Veneno telesaila gabe edo Carla Antonelli, Mar Cambrollé edo Marina Sáenz emakume transik gabe ere. Borroka honetan luma anitz utzi ditugu.
Feministatzat izendatzen diren hainbat kolektibo trans legearen kontra agertzen dira, emakumeak ezabatzen omen dituelako. Zer deritzozu?
Transfobiak, gorroto diskurtso orok bezala, ez du tokirik feminismoetan. Feminismoak pluralak dira eta eztabaida onartu behar dute, baina ulertezina da. Berriz diot, herritarren giza eskubideen inguruan eztabaidatzeak ezin du tokirik izan feminismoa bezalako proiektu demokratiko batean.
Abortuaren legearekin, Espainiako demokraziaren historian lehenengoz, prozesu parte-hartzailea ireki zenuten.
Egia errateko, prozesu parte-hartzailea ireki dugu Ministerioan landu ditugun lege guztietan. Azpimarratzen dut, sarri kritikak jaso ditugulako, Ministerioan ez omen ditugulako gizarteko aktoreak entzuten ezta autokritikarik egiten. Baina kontsulta publikoen prozesu guztiak gardentasunean daude, eta edonork ikusi dezake legeak aldatu direla hiritarren eta kolektiboen ekarpenen bitartez.
Abortuaren legeari dagokionez, guretzat garrantzitsua zen mahai berean biltzea emakumeak eta medikuak. Elkarrizketa hori ezinbertzekoa da, legeak eragina duelako emakumeen eskubideetan eta komunitate medikoan. Legea hobetzeko prozesu interesgarria izan da.
Azkenik, indarkeria obstetrikoa ez duzue sartu. Kezkatzen zaitu?
Bai, kezkatzen nau, gehien bat PSOEk hainbertze beldur duelako funtsezkoa den erabaki hori hartzeko. Espainian indarkeria obstetrikoa dagoela agerian dago, hala salatu dute emakume anitzek eta, gainera, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) CEDAWek ere salatu du. Uste dut denbora kontua dela; bertze hainbat konturekin gertatu den bezala, PSOE arrastoan sartuko da eta emakumeak praktika horretaz babestea ezinbertzekoa dela onartuko du.
“Feminismoak pluralak dira eta eztabaida onartu behar dute, baina transfobiak ez du tokirik, ulertezina da”
Arazoa da, bitartean, emakume anitzen eskubideak urratzen direla ospitaleetan. Espainiak bi sententzia ditu, hamar urteko borrokaren ondotik NBEk arrazoia eman zion uztailean Nahia Alkortari. Nola uler daiteke Espainian negazionismoa eta inpunitatea nagusitzea oraindik?
Horrek denak azaltzen du Podemos bezalako alderdi politikoaren beharra. PSOEk okerrago gobernatzen du bakarrik dagoenean, ohituta baitago proposatzen duen programaren zati txiki bat bakarrik betetzera. Eta, bat-batean, hiritarren alderdi batek eskatzen dio programa osoa inplementatzea. Seguruenik, PSOEk bere programaren osotasuna beteko balu, ez litzateke bere ezkerrean alderdirik egonen, edo hagitz guti eta erradikalak. Gure lana da sozialistei oroitaraztea badirela hainbat politika ezinbertzekoak direnak, eta ez garela konformatuko erakundeetan egotearekin, aldaketak sustatuko ditugula.
Ulertzen duzu erditze errespetatuaren aldeko aktibismoan dagoen sumindura?
Noski, eta berriz diot PSOEren erabakia izan dela.
Baina, zer eginen duzue inpunitate horrekin bukatzeko?
Gure konpromisoa bere horretan dago, Osasun Ministerioarekin solastatuko dugu, posible den heinean, gutienez, emakumeen eskubideak babesteko legeak egiteko. 2007an Osasun Ministerioak Erditze Normalaren Harretarako Estrategia sustatu zuen, baina hori ere ez zen bete. Hark proposatzen zuen erditze errespetatua bermatzeko ezinbertzekoa zela emakumeak erdigunean jartzea, episiotomiak eta zesareak murriztuta, bertzeren artean. Osasun, Sexu eta Ugalketa estrategia bat behar dugu, abortuaren legean barneratu ditugun jardunen bitartez protokolo komun bat eraiki eta ospitale guztietan betetzeko.
Francisca Fernández Guillén abokatuak azaltzen du, indarkeria obstetrikoa baztertzeko lehen urratsa dela NBEren gomendioak betetzea. Parlamentutik pasatzea ere ez da behar, ordenamendu juridikoa delako. Zergatik ez da egiten?
Borondate politikorik ez dagoelako. Berriz diot, PSOEk ez du nahi.
Amatasunaz ari garela, eskubideen berdintzea aurrerapausoa izan zen. Hala ere, hiritarren zati batek gutietsi du, erditu dutenen baimenak hiru hamarkadatan izoztu direlako, luzatzeko aldarri historikoa nagusitu den arren.
Baimen berdin eta transferiezinak lanabes baliagarriak dira emakumeen eta gizonezkoen artean dauden arrakalak ixteko. Datuek adierazten dute geroz eta gizonezko gehiagok tramitatu dituela baimenak eta, beraz, norabide horretan lan egiten jarraitzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Gure nahia zen lege horretan familia guraso-bakarren baimenak luzatu ahal izatea, bigarren gurasoaren asteak ere izateko, baina gure bazkidea ez dugu konbentzitu.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) amagandik edoskitze esklusiboa gomendatzen du lehendabiziko sei hilabeteetan. Hori bateraezina da hamasei asteko baimenarekin.
Gure proposamena zen hamasei astetik 24ra luzatzea, eta hori ere ez dugu lortu, baina espero dugu legea parlamentura iristea konpromiso hori barneratuta. Egia da Espainiako presidenteak behin baino gehiagotan berretsi duela hamasei asterekin nahikoa dela, nahiz eta OMEren gomendioek kontrakoa erraten duten.
Amaitzeko, nolakoa da zuen gobernu bazkidearekin harremana?
Sarri badirudi gobernuaren lerro askea garela eta ez da egia. Noski, politika guztien atzean eztabaida iraunkorra eta lan handia dago. Egia da Espainiaren tradizio politikoan hori berria dela. Baina, argi eta garbi, Berdintasun Ministerioa izango da Espainiako Gobernuan, legealdia bukatutakoan, harrotasun handienarekin erran ahalko duena agenda politikoa bete duela. Ez dut uste hori ministerio guztiek erran dezaketenik.
Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.
Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]
Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]
Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]
Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.
13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]