GuraSOS-ek deituta, Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu du manifestazio handi batek Donostian

  • Igandean, azaroak 27, milaka pertsona bildu dira Donostiako Zurriola hondartza inguruan GuraSOS elkartearen deiari erantzunez, Gipuzkoako agintariei eskatzeko gelditu dezatela Zubietan hiri hondakinak erretzen dituen erraustegia.


2022ko azaroaren 27an - 17:55
Azken eguneraketa: 2022-11-28 12:42:36
GuraSOSeko manifestazioa Kursaaletik abiaten, azaroaren 27an, eguerdian. Argazkia: Xanti Muñoz.

3.000 pertsona inguru bildu dira manifestazioan, antolatzaileen kalkuluetan. Gipuzkoako leku askotatik iritsitako jendeak, Kursaal eraikineraino iristeko hainbat oztopo gainditu behar izan dituztenak: Donostiako maratoia ospatzen zen eta hiri barruraino iristea arras konplikatua izan da hainbatentzako, inguruko herrietatik doazen autobusek zentrotik oso urrun eteten baitzuten beren zerbitzua eta hori gutxi bailitzan Renfek bere tren zerbitzua etenda dauka egunotan Andoain eta Irun arteko ibilbide osoan.

Zailtasunak gaindituta, milaka herritarrek egin dute Kursaaletik Saguesera joan eta handik abiapuntura itzultzeko ibilbidea, manifestazio lasaian, GuraSOSen arduradunen eskuetan Zubietako erraustegia “Gelditu” beharra aldarrikatzen zuen pankartaren atzean. Amaierako hitzaldian antolatzaileek agintariei eskatu diete, ikusirik zer nolako hutsak eta akatsak dauzkan instalazioak, jendeen osasuna eta ingurumena bermatzeko, geldi dezaten erraustegia. Eta gai hau eztabaidatzeko hitzordua eskatu diote publikoki Markel Olano Gipuzkoako foru diputatu nagusiari.

GuraSOSek hitzaldian salatu duenez, “2016an erraustegia eraikitzeko ibilbidea abiatu zenean, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak herritarroi ukatu egin ziguten parte hartzeko eskubidea eta elkarrizketarako aukera. Boterearen gotorlekuan indartsu sentitzen ziren, garaiezinak, eta harropuzkeriazko erakustaldia egin nahi izan zuten. (…) Totema bihurtu zuten erraustegia, boterearen erakusle. Totem teknologikoa, perfektua, modernoena, seguruena... Bi urte besterik ez eta, nahikoak izan dira erraldoiari buztinezko oinak ikusteko”.

Zurriola pasealekua Donostiako maratoiaren parte hartzaileek hartuta zeukatenez, hondartzako pasealekutik egin zen GuraSOSen manifestazioa, Kursaaletik Saguesera joan eta etorri. Argazkia: Xanti Muñoz.

Ondoren zerrendatu dituzte erraustegiak jada erakutsi dituen hutsak. Erreketaren beroarekin argia sortzeko instalazioa ondo ez dabilenez, erraustegiak ez du hondakinik balorizatzen. Behin eta berriro itzali eta piztu ari dira eta urtean hiru piztualdi beharko lituzkeen instalazioan 86 aldiz egin dituzte, justu une horietan sortzen duenean kutsadurarik handiena. Zubietako erraustegiak labeak homologatu gabe dauzka, hasieratik dabiltza gaizki “eta ondorioz ingurua dioxinaz bete dute”.

Erraustegiaren ur zikinek ihes egitea bermatu behar zuen sistema estankoak ere huts egin du erraustegian, jarraitu du GuraSOSek, eta horren eraginez bere pozoiak isuri ditu Arkaitzerrekara, hortik Orian barrena itsasoraino bidaliz. Uren pozoiketa hori aztertzen ari dira jada Donostiako bi epaitegitan, baina arduradunek “orain isuri toxiko hori desagerrarazi egin nahi dute. Nola? Añarbeko saneamendu sarera punpatu eta hortik Monpasetik barrena Zurriolako hondartzaraino bidaliz”. Aipatu dute ere ToxicoWatch fundazioak erraustegi inguruetan aurkitu duen pozoiketa maila handia: “ToxicoWatchek detektatu du hemen bi urtetan zenbat handitu diren dioxina eta bestelako toxikoen mailak, beste edozein erraustegitan ikusitakoak gaindituz”.

Erraustegiaren arduradunei eta Markel Olano diputatu nagusiari egindako eskeez gain, GuraSOS alderdi politiko guztiei ere mintzatu zaie: “Alderdi politikoei luzatu nahi diegu gure dei ozena. Hauteskundeak datoz. Zubietako erraustegiak agendan egon behar du. Gipuzkoaren arazo kezkagarrienetako bat da ingurumenaren ikuspegitik”.

Zubietako erraustegia, izan ere, berriro agertu da indarrez Gipuzkoako panorama politikoan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak joan den astean zabaldu zituen ToxicoWatchek Zubietako erraustegiaren kutsaduren jarraipenean orain arte aurkitutako zantzuen berriak, eta baita GHKren beraren enkarguz IDOM eta SGS konpainiek egindako txostenetan egiten diren ohartarazpenak. Horiei aurre egitera behartuta aurkitu dira bai Eusko Jaurlaritzako eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiko goi arduradunak.

Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta erraustegiaren jabea den GHKko lehendakaria den Jose Ignacio Asensiok hedabideei gezurtatu egin zien Zubietan inolako deskontrolik eta kutsadurarik dagoenik. ToxicoWatchen txostenaz esan dio Berria-ri "GuraSOS, EH Bildu eta halako taldeek erabili ohi duten manipulazio politikoa" dela eta errealitatea "gezurrekin desitxuratzen" dutela, "herritarrak izutzeko". Horretaz gain, "Europako araudiak ezarritako mugaren %94 azpitik egon dira 2021ean", esan du errauste plantaren inguruan aurkitutako dioxina kantitate handiei dagokienez. Gaineratu du "egunero" neurtzen direla datu horiek, eta, horrez gain, "Biodonostiak ere ikertzen dituela”.

Eusko Jaurlaritzatik Arantza Tapia Industria eta Ingurumen sailburuak Legebiltzarrean erantzun behar izan die erraustegiaz egindako galderei. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak galdekatuta, Tapiak erantzunean aitortu du erraustegiak ez duela sistema automatikorik partikulen kontzentrazioa onartutakoaren gainetik (150mg/Nm3) denean labeari hondakinak jaurtitzen segi dezala eragozteko. Naiz.eus-ek argitaratutako informazioaren arabera, Tapiak bere garaian GHK-k esandakora jo du erantzunean: "Atmosferara egiten diren isurketei dagokienez, ez dago errekuntzan automatikoki eragiten duen kontrolik".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude