“Aspergarria da pentsatzea harremanak antolatzeko modu bakarra dagoela”

  • Sexualitatea askapen pertsonalerako eta iraultza kolektiborako motorra izan daitekeela defendatzen du Sandra Bravok, Hablemos de poliamor (Hitz egin dezagun polimaitasunaz) plataformaren abiarazleak. Kontzientzia feminista da ez-monogamia eraldatzailea izateko bermea, ezinbestekoa jotzen baitu botere-harremanak identifikatzea eta zaintzetan arreta jartzea.

Argazkiak: Victor Sanchís
Argazkiak: Victor Sanchís

Bere liburuaren azpitituluak iragartzen dituen gaietan aditua da Sandra Bravo kazetaria: polimaitasuna, sexualitatea eta feminismoa. Dibulgazio lan handia egiten du sare, hitzaldi eta tailerretan, Hablemos de poliamor plataformatik. Gainera, Gestalt terapian duen prestakuntza erabiltzen du harreman ez-monogamoak dituzten edo horiek esploratu nahi dituzten pertsonei laguntza eskaintzeko.

Todo eso que no sé cómo explicar a mi madre liburuan (Amari nola azaldu ez dakidan hori guztia, Plan B, 2021) bere ahalduntzean eta kontzientziazio politikoan bidelagun izan dituen egile feministak biltzen ditu: Brigitte Vasallo, Irantzu Varela, Norma Mogrovejo, Laura Latorre edo Virginie Despentes, besteak beste. Mugimendu feministari eskerrak ematen dizkio, kontziente delako iraganean bera bezalako emakume askeak sorgin-ehizan erre zituztela, adulteroak izateagatik atxilotuak izan zirela edota bisexualak izateagatik psikiatrizatuak. Bilboko ANTI liburu-dendan  egindako aurkezpeneko solasaldiaren moldaketa da hurrengoa.

Gaur egun ez gaituzte sutan erretzen, baina estigma oso latza da oraindik. Horri aurre egiteko balio izan dizu liburua idazteak?

Promiskuoa naizela eta harro nagoela ozen esatea irainaz jabetzeko modu bat da, queer mugimenduak egin duen ariketa berbera. Adierazi nahi dut ez dagoela ezer okerrik nigan, nahiz eta besteek pentsatuko duten biziotsua naizela, konpromisoari beldurra diodala edo benetan maitemintzen ez dakidala. Aniztasuna zoragarria da: erakusten du aukera dugula nortasuna, afektuak eta harremanak oso modu desberdinetan irudikatzeko eta bizitzeko. Mundu guztiarentzat harremanak antolatzeko modu bakarra dagoela pentsatzea aspergarria da; ezinezkoa da denok molde berera egokitzea. Halaber, ahalduntzailea da bizipenak konpartitzeko eta ikusarazteko ariketa, “niri ere gertatzen zait” pentsatuko dute askok. Horrek lagunduko digu geure burua babesten hurrengo argudioaren aurrean: hain arraroak garela, ezen inork ez baikaitu maite izango.

Oso zaila da ez-monogamiaren armairutik ateratzea, batez ere familia esparruan, ezta?

Nire herrira joan eta Maria andreak galdetzen didanean ea mutil-lagunik dudan, gogoa ematen dit esateko: “Ea nola azaltzen dizudan. Badituzu hamabost minutu bisexualitateaz eta harreman-anarkiaz hitz egiteko?”. Nekeza da armairutik etengabe atera behar izatea. Zuhurra da baloratzea noiz merezi duen; aurreikustea zein indarkeria jasango dugun, zer irabazi edo galera izango ditugun. Gainera, pertsona batzuek ezin dute beren jatorrizko familiarekin duten harremana eten, arrazoi materialak edo emozionalak medio. Liburuak ez dit balio izan nire familiarekin armairutik ateratzeko, nahiago baitute ezer ulertu ez dutelako itxura egin eta burua noiz egonkortuko dudan galdetzen jarraitu. Ez dute nire bizi-eredua ulertzen, pentsatzen dute egunen batean konturatuko naizela oker nengoela, familia zoriontsua osatu behar dudala, ahal dela gizon batekin edo sikiera emakume batekin. Izan ere, horrela jarraitzen badut, nola izango naiz guraso? Norekin zahartuko naiz? Sarritan galdetu didate: “Eta etorkizunean, zaharragoa zarenean, nork maiteko zaitu?”. Jende askok, hala espero dut. Nire izeba ezkongabeak izan zuen estigmarekin lotzen dut.

"Promiskuoa naizela eta harro nagoela ozen esatea irainaz jabetzeko modu bat da"

Liburuaren izenburuak kirrinka egin dit, polimaitasuna moda milleniala balitz bezala interpreta daitekeelako.

Arrazoia duzu: ez dugu ezer berririk asmatu, asko jorratu zen gaia [XX. mendeko] iraultza sexualean, maitasun libreaz hitz egiten zenean. Baina aurreko esperientziek ez dute ia ikusgarritasunik izan aktibismotik kanpo. Badira monogamoak ez diren familia asko, baina indarkeria saihesteko nahiago dute jendaurrean familia normatibo gisa agertu. Premiazkoa da horien kontakizunak berreskuratzea eta zabaltzea.

Haurtzaroan sexualitatea nola bizi izan zenuen kontatzen duzu lehen kapituluan. Hogeita hamar urte geroago, sektore kontserbadoreek sexu-hezkuntzako ekimen guztiak boikoteatzen dituzte.

Sexu-hezkuntzak zeharkakoa izan beharko luke eskola-kurrikulumean, ez bakarrik irakasgai bat, eta orain ez dago hori ere. Zorteduna zara zure zentrora pertsona moloi bat iristen bada tailer edo hitzaldi puntual bat ematera. Sexu-heziketa oso bideratuta dago kondoira, koitora, sexu-bidezko infekzioak eta haurdunaldiak saihesteko moduetara. Beldurra da sexu-hezkuntza horren ardatza: zure burua babes ezazu, sexua arriskutsua delako. Bestalde, ez da hezkuntza emozionala lantzen: ederra izango litzateke haurtzarotik irakastea adostasuna zer den, inork ez duela zure gorputza ukitzeko eskubiderik zuk nahi ez baduzu; hasteko, ez dizkiozula zertan eman behar bi musu heldu bati. Umeei azalduko nieke plazererako eskubidea dutela, eta adin bereko haurren artean gorputzak esploratzea ez dela batere txarra, modu adostuan egiten bada.

"Badira monogamoak ez diren familia asko, baina indarkeria saihesteko nahiago dute jendaurrean familia normatibo gisa agertu. Premiazkoa da horien kontakizunak berreskuratzea eta zabaltzea"

Esango nuke umeek plazera bizitzeko duten moduaz asko dugula helduok berrikasteko…

Umeen sexualitateaz hitz egiten denean, asaldatzen gara, uste dugulako guk egiten ditugun gauzak egingo dituztela. Nire ustez, askoz ere originalagoak dira. Ahazten zaigu giza sexualitatea koito heterosexuala baino askoz zabalagoa dela. Asexualitatea ere barne hartzen du, erabat ikusezina dena. Badirudi gaizki dagoela sexua oso gustuko izatea, baina baita irrika sexualik ez izatea ere. Horrek pertsona asexualak eraman ditzake erru handia sentitzera eta nahi ez dituzten sexu-harremanak izatera.

Pornoa baino kezkagarriagoa iruditzen zaizu maitasun erromantikoaren propaganda.

Laranja-erdiaren mezua oso zabalduta dago, baita heterosexualak ez diren harremanetan ere. Zure bikoteak dena eman behar dizula pentsatzeak lagunak ez zaintzera eramaten du eta, horrek, isolamendura. Orduan, dena bikotekidearekin egiten baduzu eta harreman horretan indarkeria badago, norengana joko duzu? Hori iruditzen zait eredu monogamoak duen gauzarik arriskutsuenetako bat. Gainera, sinesmen oker gehiago daude gizartean errotuak, hala nola “los que se pelean se desean” (borroka egiten dutenak elkar desiratzen dute) edo etxe guztietan egosten direla babak. Hala, bikote esparruan onargarriak iruditzen zaizkigu beste edozein harreman motatan inoiz justifikatuko ez genituzkeen indarkeriak. Bestetik, maitasun erromantikoaren propaganda medio, zaila egiten da onartzea ez garela zoriontsuak, eta horrek mina eta indarkeriak isilaraztera eraman gaitzake.

Polimaitasunaz hitz egiten duzu, berba ezaguna delako, baina harreman-anarkian kokatzen zara. Zertan datza?

Anarkismo politikoaren oinarrietatik datorren filosofia da. Harremanak nolakoak izan behar duten zehazten duten aginduei uko egitean datza, hala, pertsonen arteko loturak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko. Ikasi dugu norbait bikotekide gisa etiketatzen dugunean, gehiago maitatu behar dugula, harekin bizi eta umeak izan behar ditugula. Aldiz, norbait lagun gisa etiketatzen dugunean, ulertzen da ezin dugula sexu-harremanik izan berarekin. Harreman-anarkiak etiketen kortsetik urruntzera gonbidatzen gaitu, eta ikustera pertsona bakoitzarekin zer partekatu nahi dugun, elkarrekin zer egitea gustatzen zaigun. Ez bakarrik sexu- edo maitasun-arloan, baita jatorrizko familiarekiko harremanetan ere, adibidez. Gainera, begirada estruktural interesgarria iruditzen zait, harremanak kokatzen dituelako testuinguru soziopolitiko kapitalista, patriarkal, arrazista eta kapazitistan.

Liburuan egiten duzun galdera itzuliko dizut: nola oreka ditzakegu askatasun indibiduala eta erantzukizun afektiboa?

Patxadaz hartzea da gako bat. Oso azkar bizi gara, eta arnasestuka zoazenean ez dakizu ezta zer sentitzen duzun ere. Zaila da gelditzea eta harremanak behatzea: ondokoa arduraz zaintzen ari ote naizen, neure burua zaintzen ari ote banaiz… Pilotu automatikoarekin ez bizitzea da kontua. Nire ustez, gizarte kapitalistak inposatzen duen abiadurak asko oztopatzen du pertsonen arteko harremanak zaintzea eta autozainketa. Halaber, garrantzitsua da harremanetan ditugun pribilegioak identifikatzea. Adibidez: edertasun normatiboa; terapia psikologikoa egiteko aukera; dirua eta denbora izatea parranda egiteko edo aisialdi mota jakin baterako; adin eta bizi-esperientzia handiagoa izatea edo, besterik gabe, gizon heterosexuala, zuria eta boteretsua izatea. Familia heterosexual ez erantzunkide batean, harremana irekitzen bada, nork izango du denbora gehiago beste harremanak bilatzeko?

Zer egin dezakegu erruarekin? Bereziki emakumeen kasuan, kulpak asko mugatzen du sexualitatea.

Gure burua entzuteko denbora eta patxada dugunean, ikus dezakegu zer forma duen erru horrek, zer esaten ari zaidan, gehiegi puzten ari naizen… Lagun artean errua sozializatzeak asko lagun dezake. Sarri arau sozialek pizten dute errua, esan digutelako zer dagoen ongi eta zer gaizki. Gaztetan monogamia ulertzen eta praktikatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortzen, eta erruak jan egiten ninduen. Esan nuen arte: “Agian harremanak beste modu batera bizi daitezke”.

"Bikote esparruan onargarriak iruditzen zaizkigu beste edozein harreman motatan inoiz justifikatuko ez genituzkeen indarkeriak"

Beste kulpa mota bat sumatzen dut giro feministetan eta kuirretan: bikote-harreman monogamoa edo sexu praktika konbentzionalak izateagatik konplexu moduko bat.

Liburuan hurrengoa ohartarazten dut: helburua ez da agindu batetik irtetzea beste batean sartzeko, begirada eta aukerak zabaltzea baizik. Badirudi bollera onaren, feminista onaren edo polimaitale perfektuaren karneta atera behar dugula. Hala, jarraitzen dugu “ondo” eta “gaizki” dagoena markatzen eta besteen hautuak epaitzen. Saia gaitezen zapaltzen gaituzten egiturazko indarkerietatik ikasten.

Eta nola landu ditzakegu zeloak?

Askotariko emozioak deskribatzen dituen aterki-terminoa da “zeloak”: abandonuaren beldurra, inbidia, segurtasunik eza… Ez dira deabrutu behar, baizik eta gure bizipenen eta gure eraikuntza emozionalaren isla direla ulertu, nola eraiki garen ulertzeko. Baliteke egoera jakin batek iraganeko beldurrak piztea, edo baliteke jeloskortasunak abisatzea pertsona horrek txarto tratatzen zaituela. Aldiz, pertsona batek bere emozioak partekatzen badizkizu, kalitatezko denbora eskaintzen badizu eta ikusia sentiarazten bazaitu, horrek lasaitasuna eman ahal dizu. Bestalde, mito bat da polimaitaleok ez dugula zelorik sentitzen. Sentitzen ditugu, desberdintasuna kudeatzeko moduan datza. Egia da erlaxatzen garela ulertzen dugunean bikotekidea ez dela gurea, ez duela zertan gurekin bakarrik larrua jo eta ez gaituela zertan gu bakarrik maitatu behar. Dena den, pertsona baten bizitzan momentu desberdinak egon daitezke: esaterako, larritasun ekonomikoak eragiten duen antsietatea eraman dezakegu harremanetara. Gaztelaniara itzuli berri den liburu bat gomendatzen dut, Una red segura (Sare segurua), atxikimenduaz, traumaz eta ez-monogamiez hitz egiten duena.

"Harreman-anarkiak etiketen kortsetik urruntzera gonbidatzen gaitu, eta ikustera pertsona bakoitzarekin zer partekatu nahi dugun, elkarrekin zer egitea gustatzen zaigun"

Binarismoarekin apurtzen duten familien aitortza legala lortu da zenbait herrialdeetan; esaterako, haurrak erregistratzeko orduan edo alargun-pentsioa kobratzeko orduan. Nola borroka dezakegu gurean?

Korapilatsua da, eta homosexualen arteko ezkontzarekin izan genuen eztabaidara garamatza: sisteman integratu behar garen ala sistema hori lehertu. Zentzuzkoa da lehen urratsa beste pertsona batzuek dituzten eskubideak lortzea izatea. Aldi berean, interesgarria litzateke horrekin konformatu baino, familia eta hazkuntza babesteko beste modu batzuk irudikatzea. Asko eztabaidatzea eta esperientziak partekatzea eskatzen duen inurri-lana egin beharko dugu.

Zure amari zuzendutako gutun batekin amaitzen duzu liburua. Ondo hartu al du?

Ezin okerrago. Ez du ulertzen zergatik kontatu behar dudan hau guztia lau haizetara. Orain zailagoa zaio ez ikusiarena egitea, argitaratuta dagoelako. Ez du ulertzen nire ogibidea, nire estetika, ezta pertsona-sare zoragarri bat dudala, zainduko nauen mutil-lagun baten beharrik gabe.

Bila dezagun orduan elkarrizketarako amaiera zoriontsu bat: zer poz eman dizkizu liburu honek?

Asko. Mezu mordoa jaso ditut esaten “Ulertu dut ez naizela hain arraroa, ez nagoela hain bakarrik”. Batzuei, niri ez bezala, balio izan die amarekin adiskidetzeko eta gaiari buruz hitz egiteko. Mezurik politenak adin jakin bateko amenak izan dira, liburua erosi dutenak beren seme-alabak ulertzeko.


ASTEKARIA
2022ko azaroaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Harremanak
Gure maitasun gosea

Maitasun erromantikoari buruzko mitoaz aritu nintzen azken kolaborazioan, hari buruz egiten ditugun espektatiba okerrez, ematen diogun zentralitateaz, horrek ekarri ohi dituen min eta frustrazioez, bikote instituzioak dauzkan pribilegio bidegabeez. Hala ere, kide... [+]


Lagunak

Lagun hitzak euskaraz esanahi asko dauzka. Pertsona izan liteke, kidea, hurkoa, kamarada, laguntzailea, bikotekidea, adiskidea. Azken finean, bizitzan zeharreko edo momentu puntual batzuetako bidaidea dela adierazten digute berbok: bidean laguntzen diguten horiek. Akonpainatu,... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


Maitasun erromantikoaz

Gehiago entzuten da orain maitasun erromantikoaren auziaz hitz egiten, eta gainera eta zorionez, modu kritikoan. Azkenean, harreman sexu-afektiboen gaia bere sakonean hasi gara aztertzen, zein handiak diren bikote harreman batek izan eta eman behar duenari buruz egiten ditugun... [+]


2023-12-19 | dantzan.eus
Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta... [+]


Eguneraketa berriak daude