“Nabarmena da amatasunaz kolektiboki berba egiteko beharrizana”

  • (Ez) amatasunak ikuspegi feministatik: desegin, egin, berregin lelopean, azaroaren 11n eta 12an Donostiako Tabakaleran biltzeko deia egin die Euskal Herriko feministei Emagin Elkarteak. Amatasunaren espektro zabalari erreparatu nahi diote, ikuspegi feministatik aztertzeko amatasun eredu askotarikoak, baita ez amatasunak ere. Besteak beste, instituzio gisa amatasunak gaur egun eta gurean betetzen duen paperaz gogoetatu nahi dute. Alabaina, ez da hori jardunaldiak egiteko arrazoi bakarra, eta badituzte helburu gehiago ere. Emagin Elkarteko Ainara Santamaria eta Miren Arangurenekin bildu gara jardunaldiei buruz gehiago jakiteko.

Ilustrazioa: Zaheeda Tshankie
Ilustrazioa: Zaheeda Tshankie

Oro har, jaio orduko, hankartean dakartenaren arabera era batera edo bestera sozializatu ohi dira pertsonak: emakume gisa aludunak, eta gizon gisa zakildunak. Hala ezartzen da binarismoan oinarritutako genero araua, datxekion indarkeria guztiarekin: saiatzen da bitasun horretara moldarazten bai genitalak –intersexualen kasuan– bai norbanakoak, gizon eta emakume besterik existitu ez dadin. Genero-estereotipoetan oinarritutako sozializazioa eta heziketa ezinbesteko pieza dira horretan guztian, gizonak balio konkretu batzuetan eta emakumeak beste batzuetan heziz, bigarrenen azpirakuntza bultzatzen baita. Pierre Bourdieu soziologoak biolentzia sinbolikoa izendatu zuenaren adibide argia da: berez sinesmen ideologikoak direnak ezaugarri propio gisa barneratu arazten zaizkio norbanakoari, rol eta estatus sozial konkretuen erreprodukzioa bultzatuz, “berezkoa” hori dela sinetsirik –kirolerako iaiotasuna izatea gizonek eta sukalderakoa emakumeek, edota lehenek autoak eta bigarrenek haurrak izatea gustuko, adibidez–. Bere horretan eusteko, desparekotasunetan eta zapalkuntzetan oinarritutako egitura sozialak ezinbestekoa du indarkeria horren naturalizazioa.

Horretan guztian daukan pisuagatik da, hein handi batean, kontraesan eta gatazka iturri amatasuna feminismoarentzat. Izan ere, genero estereotipoetan oinarritutako emakume rolean zentrala da amatasuna: uteroarekin jaiotzeagatik aurresuposatzen zaien erreprodukzio gaitasunak determinatuko balitu bezala, txiki-txikitatik barnearazten zaie emakumeei ama izatea eta zaintza lanez arduratzea dela haien patua. Izan ere, biziaren sorburu izanik, patriarkatuaren sorrera eta kapitalismoaren nagusitzea baino askoz atzeragotik existitzen bada ere amatasuna, sistemak jakin du berau baliatzen bere interes propioen mesedetan: besteak beste, ama izatea emakume ororen patu “naturala” den ideiarekin, ezinbestekoa zaion eskulana bermatzen du –lan egingo duten pertsonen etengabeko jarioa, beste era batean esanda–; emakumeok besteak zaintzeko duten ustezko bokazioa darabil pertsona horiek zaintzeko, hezteko edota elikatzeko egiten dena lana ez dela iradokitzeko, eta hortaz, ordainsaririk ez lukeela behar ulertarazteko; eta familia eredu nuklearra sustatu du, bertan erreproduzitu dadin biharko lan-indarra, lan hori ikusezin bilakaturik etxeko lau pareten arteko pribatutasunean. Hala, ohikoa izan ohi da ama bilakatzen denak bere burua aurkitzea lanaldi bikoitzak –ordainpekoa eta doakoa– ito beharrean, edo bata eta beste uztartzeko zailtasun edota ezintasunekin, edo alor pertsonala bizitzako beste eremuekin kontziliatu ezinik…

Hori guztia jakiteak, baina, ez du zertan ezereztatu ama izateko emakume askoren nahia. Bestalde, hori guztia jakinik ere, eta gauzak bestelako moldez egiteko erabakimenez zenbait kasutan, ama izatea erabakiko du beste hainbestek. Ama izateko presio sozialak gehiago ala gutxiago baldintzatuta, ondorengoak izan eta hezteko nahi eta desira daukatelako edo ez daukatelako, batzuek erabakiko baitute ama izatea, eta kontrakoa beste batzuek. Ama izan ala ez izan, erabaki horren aurrean zirt edo zart egin beharrak, ordea, denak igaroarazten ditu bidegurutze beretik, eta hortaz, amatasunak den-denak zeharkatzen ditu. Ikuspegi horretatik heldu diete konplexua den gaiari Emagin Elkartekoek, ulerturik amatasunak baduela esangura konkretu bat emakume ororentzat, izan “aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten zaion zerbait”. Arrazoi horregatik izendatu dituzte jardunaldiak izendatu dituzten moduan: amatasunari erreferentzia egitean plurala erabiliz eta ukoari ere tokia eginez.

(Ez) amatasunak ikuspegi feministatik: desegin, egin, berregin. Izen horren pean bilduko dira hainbat emakume azaroaren 11n eta 12an Donostiako Tabakaleran. Jardunaldiei jarritako izenaren gainean honela mintzatu da Miren Aranguren: “Nire iritziz amatasunaren irudia estatikoa izaten da sarri, eta guk nahi genuen iruditeria hori pixka bat zabaldu, aldatzeko. Horregatik egin dugu saiakera ahots ezberdinei espazioa eskaintzeko. Uste dut badagoela askoren bizitzetan ama izatearekiko ukazio bat, edo desio eza, edo dena delakoa; eta horrek berekin dakartza ondorio, ondoez, tentsio, presio eta abar konkretu batzuk. Horiek kontutan hartu nahi genituen, baita amatasun eredu askotarikoak ere”. Kideak esandakoari ondokoa gehitu dio Ainara Santamariak: “Bakoitzak erabakiko du ama izan, ez izan, edo nola izan. Baina erabakia edozein dela ere, bat ez da sekula problematika horretatik kanpo geratzen; toki batean edo bestean posizionatuko da, baina gaiak zeharkatzen ditu denak. Zilegitasuna eman nahi genion horri, gainera iruditzen zaigu eztabaida asko aberastu ahal duela”.

Gaia perspektiba horretatik planteatzea feminista oro amatasunaz hausnartzera deitzeko modua ere badela azaldu du Arangurenek. Beharra ikusten dute “izaera guztiz politikoa duen talde esperientziaren” bueltan hitz egin eta hausnartzeko. Amatasunaz hitz egin, eztabaida feminista sustatu, amatasunaren gaineko diskurtso feminista eguneratu, eta gaia agenda feministan kokatzeko premia somatu dute. Gainera, behar horien adierazle iruditu zaizkie hainbat kontu: batetik, Emagineko jardunean maiz gerturatu ohi zaizkio zaintzaren gaiari, eta gerturatze horietan geroz eta agerikoagoa egin zaie amatasunaren gaiari heltzeko beharra; bestetik, tokian toki sortutako amatasunaren inguruko egitasmo, eztabaida, talde eta abarren berri izaten joan dira; eta horrez gain, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan amatasunari toki urria eskaini zitzaiola adierazi zuten zenbait emakumek. Faktore horiek guztiak aintzat hartuta erabaki zuten jardunaldien antolakuntza beren gain hartzea.

Mataza bat abiapuntu gisa

Ez diote erronka makala jarri beren buruei. Kontziente dira amatasunarena ertz asko dituen gai konplexua dela, maila pertsonaletik harago eramaten ez diren hainbat kontuk zeharkatuta dagoela eta “min, zauri, ulermen, epai, errebeldia, kulpa, zalantza, esperientzia, iruditeria, armairu” eta abarren sorrarazle dela. Hori jakinik, jardunaldietan amatasunaren ertz orori arreta jartzea ezinezkotzat jotzen dute, baina ahal bezainbeste kontu jorratzeko saiakeran, ahalik eta korapilo gehien identifikatzen saiatu dira jardunaldiak prestatzen hasi aurreko prozesuan. Horretarako “amatasun eredu ezberdinak dituzten edo ama izateari uko egin dieten” gertuko kideengana jo dute, jakiteko nola bizi (izan) duten gaia. “Finean, kafe baten bueltan jendearekin elkartzea izan da kontua, ezagutzeko beren esperientzia amatasunarekin, jakiteko zein izan diren aurkitu dituzten korapilo nagusiak”, azaldu du Santamariak.

Ainara Santamaria: “Bakoitzak erabakiko du ama izan, ez izan, edo nola izan. Baina erabakia edozein dela ere, bat ez da sekula problematika horretatik kanpo geratzen; toki batean edo bestean posizionatuko da, baina gaiak zeharkatzen ditu denak"

Modu informalean egindako informazio bilketatik jasotakoa hain iruditzen zitzaien interesgarri, hausnarketarako eta eztabaidarako taldeak osatu eta aurrez aurreko hitzordu bat egin zutela. “Bilkura horretan bi galderen bueltan aritu ginen. Batetik: gaur egun patriarkatuak eta kapitalismoak amatasunarekiko ezartzen diguten mandatua zein da? Eta bestetik: jardunaldietara begira, zer nahiko genuke jorratu?”, dio Santamariak. Prozesu horrek berretsi egin ditu amatasunaren gaia jorratzeko beharra dagoen ustean: “Jendea oso eskertuta agertu da, hasieratik inplikatu da eztabaida taldeetara. Nabarmena da gaiaz kolektiboki berba egiteko beharrizana”.

“Prozesuak ez digu eman aukerarik existitzen diren korapilo guztiei buruz hitz egiteko, are gutxiago askatzeko”, ñabartu du Arangurenek. “Lan dezente daukagu askatu nahi ditugun korapiloak zein diren identifikatzen, eta hein handi batean hori da jardunaldien helburua”, gehitu du. Egiteke dagoen lana dezentekoa izanik ere, nondik jo beharko litzatekeen adieraztera datozen “intuizio batzuk” badituztela azaldu du, korapiloak identifikatzeko egindako prozesuan aspektu batzuk “etengabe mahai gaineratu direlako”. Bildutako korapiloekin egindako mataza askatzen hasteko pistak izan daitezke.

Identifikatu dituzten korapiloez galdetutakoan, mordoilo handiena izan daitekeena aipatu du Arangurenek: “Oraindik ez dugu gaurkotu amatasunak, instituzio gisa, zein funtzio betetzen duen gaur egun sistema patriarkalean; ezta zein den mandatua XXI. mendean eta Euskal Herrian amatasunari dagokionez. Amatasun eredu hegemonikoa zein den, uste dut hori dela lurreratu behar dugun aspektuetako bat”.  Emagineko kideen arabera, bizitza eta zaintza erdigunean jartzeaz hitz egiten den garaiotan ezinbestekoa da amatasuna gizarte erakunde gisa aztertzea, lan erreproduktiboen zati handia amatasunari hertsiki lotua baitago. Halaber, ondoko ñabardura egin dute: “XXI. mendeak dituen ezaugarriekin batera aztertu behar da (ez) amatasunez afera. Aldatu egin baita emakumeok lan merkatuan dugun presentzia, arlo produktibo-publikoak gure bizitzetan duen lehentasuna, harremanak eraikitzeko erak, sare sozialak… Horrek guztiak eguneratzea eskatzen du”.

Miren Aranguren: "Amatasunak, alde batetik, badu instituzio izaera hori; baina, era berean, desioa ere bada. Eta ikusten ari gara badela tentsioa desioaren eta ama gisa erabateko dedikazioaren artean"

Hori esanda, gaiaren bueltan dauden tentsio puntuak zerrendatzeari ekin diote. “Amatasunak, alde batetik, badu instituzio izaera hori; baina, era berean, desioa ere bada. Eta ikusten ari gara badela tentsioa desioaren eta ama gisa erabateko dedikazioaren artean. Askok bakardadeaz hitz egin digute tentsioa hizpide izan dugunean”, adierazi du Arangurenek. Bestelako tentsiorik ere azpimarratu du: “Ama egiten denaren paperak duen garrantziaren gainekoa” edo “belaunaldi feministen artekoa”, adibidez. “70eko hamarkadako feministek aldarrikatu zutenaren eta gaur egun aldarrikatzen denaren artean saltoak daude, eta dagoeneko ez digu balio soilik iraganean garatu zen diskurtsoak”.

Zaintza lanen orekan ere tentsioa dagoela azpimarratu du Santamariak; zaintzailea nork zaintzen duen, itaun horrek duen pisua seinalatu du. Horrez gain, azaldu du amatasunaren gainean hausnartzen bada, gehienbat etapa konkretu bati begira egiten dela –haurraren hasierako urteei lotuta–, eta albo batera utzi beste hainbat etapa: “Amatasuna bizi guztirako zerbait dela jakin arren, hainbat emakumek adierazi digute sekulako aldea dagoela bizitzako etapa ezberdinetan amatasunari eskaintzen zaion arretari dagokionez; aipatu digute momentu batetik aurrera amatasunaz hitz egiteko betarik gabe aurkitu direla eta oso bakarrik sentitu. Adibide modura aipatu dituzte nerabezaroa edo alaba bere amaren ama bilakatzen den unea”.

See Red Women’s Workshop kolektiboaren posterra, etxean haurrak zaintzen bakarturik zeuden emakumeei elkarrekin bat egitera dei eginez.

Antolatzaile izan arren, beraiek ere badute jardunaldietan landu nahiko luketen korapilorik. “Gustatuko litzaiguke arreta eskaintzea amatasunaren eta eremu publikoaren arteko loturari, eta hausnartzea zer eskatu nahi diogun administrazio publikoari, zer komunitateari”, dio Arangurenek. “Askotan zaintzari buruz hitz egiten denean zaintzailearengan jartzen da arreta, baina zaintzaren ardurez mintzatuko bagara, seinalatu behar da kolektiboari, erakunde ezberdinei, gobernuei dagokien ardura”, gehitu du Santamariak. Hausnarketarako abiapuntua bota du Arangurenek: “Azken urteetan feminismotik asko hitz egin dugu zaintzaren inguruan, eta ari gara sistema publiko-komunitarioaren ideiari bueltaka. Bada, nola gurutzatzen da amatasuna hor?”.

Lehen hurbilketa bat

“Badaude amatasunaren esperientziari uko egin behar diogula defendatzen dutenak; badira amatasuna positiboki pentsatzeko erronkan ari direnik; badira estatuengan hazkuntzaren zama kokatu nahi dutenak; edota askotariko iruditeriak zein ama izateko esperientziak balioan jartzen dituztenak”. Horiek denak bildu gura ditu Emaginek, jardunaldiak askotariko esperientzia eta ikuspuntuak amankomunean jartzeko plaza izatea nahi baitute. Asmoa ez da amatasunaren inguruko diskurtso eta praktika ezberdinak artikulatzea, baizik eta ikuspuntu ezberdinei aterki amankomun bat eskaintzea, gaia ikuspegi feministatik abordatzeko eta politizatzeko. Erronka errealista jarri dute: gaiari lehen hurbilketa kolektibo bat egitea, eta gerturatze horren bidez (ez) amatasunen gaineko hausnarketa feminista sustatzea.

Aipatutakoez gain, badute ihardetsi gura duten bestelako helbururik ere. Arestian esan bezala, gaur gaurkoz eta gurean amatasunak instituzio gisa betetzen duen papera begiztatzea gustatuko litzaieke. Horrez gain, amatasunak berekin ekarri ohi dituen indarkeriak identifikatzeko eginkizunari ere eskaini nahi diote arreta, baita indarkeria horiei aurre egiteko estrategiak adosteari. “Identifikatu nahi ditugu ondoezak, zein indarkeria motek gurutzatzen dituzten hainbat emakumeren hautuak, nola lotzen diren egitura sozialarekin eta zer egin behar dugun horiek osatzeko”. Azken urteetan amatasunaren gainean sortu diren teoria, diskurtso eta estrategia feministen ezagutzari ere eskaini nahi diote tartea. Eta horretaz guztiaz aparte, begirada amatasun eredu heteropatriarkaletik harago ere jarri nahi dute, alternatibak zizelkatuz; zehazki, “gurasotasun komunitariora salto egiteko praktikez” eta horien saretzeaz mintzatu dira.

Ainara Santamaria: “Emakume gisa nola zeharkatzen gaituen amatasunak, hori da guk planteatzen dugun eztabaidarako abiapuntua. Erraz joan ohi da eztabaida hezieraren aferara, baina guk nahi duguna da debatea emakume eta feminista gisa eman, ez hainbeste umeen beharrei lotuta”

Gune erosoa eta emankorra sortzea espero dute antolatzaileek, parte-hartzaileen artean errespetua, ahizpatasuna eta gaur egungo egoera aldatzeko konbentzimendua gailentzea. Eztabaidak “emakume eta feminista” posiziotik eman daitezen nahiko lukete, eta ez hainbeste umeen beharrei lotuta. Ideia horretan sakondu du Santamariak: “Emakume gisa nola zeharkatzen gaituen amatasunak, hori da guk planteatzen dugun eztabaidarako abiapuntua. Erraz joan ohi da eztabaida hezieraren aferara, baina guk nahi duguna da debatea emakume eta feminista gisa eman, ez hainbeste umeen beharrei lotuta”. “Zalantzarik gabe, horiek badira tira egin beharko diegun beste hari batzuk. Baina momentuotan beste puntu batean gaude”, ñabartu du Arangurenek.

Parte hartzaileen arteko hartu-emana eta eztabaida erraza eta emankorra izatera begira antolatu dituzte jardunaldiak. Ideien eremutik bakarrik ez, gorputza ere barnebiltzen duen osotasunetik ekiteko eztabaidari, egitarauan tartekatu egin dituzte hitzaldi eta mahai-inguruak, eta bestelako formatuak: erakusketak, musika emanaldiak, performanceak, zine-foruma… Hitz egingo dena maila teorikoan gera ez dadin eta “diskurtsoa beste era batzuetara entzuteko eta gorpuzteko aukera emateko” egin dute formatu askotarikoak barnebiltzen dituen egitarauaren alde.

Horrez gain, Santamariak azaldu du ahalegina egin dutela bizipen pertsonalei ere tokia egiteko, “ez dadin izan soilik maila kolektiboan hitz egiteko edota mugimenduari begirako erronka eta eman beharreko aldaketez jarduteko eremua”. Zentzu horretan, helburu bikoitza dutela azaldu du: “Maila pertsonalean jardunaldietan landutakoak arrastoa uztea, eta mugimenduari begira erronka berriak zehaztea”.

Egitaraua

Azaroak 11, ostirala

09:30 Ate irekiera

10:00 Ongi etorria. Egin, desegin, berregin.

10:30 Mahai ingurua: (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik. Desioak, kontrolak eta denborak (Marina Sagastizabal, Anna Molas eta Diana Oliver).

12:30 Atsedena

13:00 Erakusketa eta solasaldia:

  • D’embarassos, maternatges i masculinitats.
  • Amor de madre ikusentzunezko proiektuaren zine foruma (María Romero García).

14:30 Atsedena

16:30 Anari

17:00 Amatasuna ez da irla bat. Nola (ez)egin ama?

  • Bizipenak partekatzeko tartea.
  • Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Ane Labaka.
  • Estolda intimo-politikoak: (ez)amen ahotsak.

20:30 Hystérie performancea. La Fêlure konpainia.

 

Azaroak 12, larunbata

10:00 Amatasunen arrastoak: ibilbide demografiko, historiko eta feministak.

  • Marta Luxan, Lore Lujanbio, Iosune Fernandez Centeno eta Metxi Bogino.
  • Parean Elkartea, Estitxu Fernandez, Erika Lagoma eta June Fernandez.

12:00 Atsedena

12:30 Taldekako eztabaida: Amatasunen korapiloak askatzeko estrategia feministak.

14:00 “Nik uste dut…” (Beatriz Egizabal).

14:30 Bazkaria: guztiontzako luntxa.

16:00 (Ez)amatasunen inbentario bat: Helduentzako* ahozko narrazioa (Mireia Delgado).

17:00 Amatasunaren itzal literarioak (Uxue Apaolaza, Iratxe Retolaza, Danele Sarriugarte, Arantxa Urretabizkaia).

19:00 Artefaktu feministen berrirakurketa: Mursego.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude