Total Energies multinazional frantsesak eta CNOOC China National Offshore Oil Corporation txinatarrak "karbono bonba" ikaragarria dute xede Afrikako Tanzania eta Uganda herrietan: bertako petrolioa ateratzeko 400 putzu eta horiek esportatzeko 1.443 kilometroko oliobide berotua. Gutxienez egunean 190.000 petrolio-upel ateratzea aurreikusten dute. Herritarrek eta nazioarteko erakunde ezagunek urteetan bideratu aurkako mugimenduak ez ditu geldiarazi. Ez dira kikiltzen, eta otsailean izenpetu zuten hitzarmena. Lurralde urrunetako baliabideak ustiatzeko joera horretan dagoen kolonialismo kutsua salatu du hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek urriaren 5ean plazaraturiko ikerketa berri batean.
"Karbono bonba” izendaturiko megaproiektu estraktibistei bideratu genien 2.793 alearen azala. Giro apokaliptikoa zekarren, hondamendia eta mina, biak eskuz-esku. Termino horrek barne biltzen duen errealitatea ezin hobe irudikatzen dute Total Energies multinazional frantsesak eta CNOOC China National Offshore Oil Corporation txinatarrak Ugandan eta Tanzanian xede duten Tilenga izeneko petrolio estrakziorako azpiegiturak eta baliabidea garraiatzeko Eacop petrolio-hodiak.
400 putzu zulatu nahi dituzte Albert Lakuaren inguruan, gutxienez egunean 190.000 petrolio-upel ateratzeko xedez. Kantitate ikaragarria da eta araberako kutsadura ondorioztatuko luke: urtero 34 milioi tona CO2 isuriko lituzke, hori delarik, Uganda herriarena bider sei.
Munduan litzatekeen petrolio-hodi berotu luzeena dakar karbono-bonba horrek –50 gradutara berotua litzateke, petrolioa fluidizatu behar delako garraiatu ahal izateko–. 1.443 kilometroko azpiegitura, Uganda eta Tanzania zeharkatuko lituzkeena, hamasei erreserba naturalen gainetik pasaz, eta bere bidean desagertzear diren hainbat animaliren habitatak suntsituz –bestelako herritar, fauna eta florak ere kaltetuz, bistan denez–.
Azpiegitura horrek suposatzen duena ikaragarria da, eta multinazional horiek haien lurraldean –Frantzian eta Txinan– egitea ezin pentsatua dugu, hain da suntsitzailea egitasmoa. Hasteko, azpiegituraren eraikitzeak dakarren herritarren kanporatze eta lekualdaketak: 100.000 lagunek utzi beharko dituzte haien etxe edota lurrak. Horrek areagotuko du gosetea, lurrak laborantzara bideratzen dabiltzalako bertako ehunka familia.
Les amis de la terre Gobernuz Kanpoko Erakundeak argitaratu Un cauchemar nommé Total ("Total izeneko amesgaiztoa") edota urriaren 5 honetan Survie egiturarekin plazaratu Eacop, la voie du désastre ("Eacop, hondamendiaren bidea") txostenak irakurri beharrak dira ohartzeko nola bideratuak diren lur hartze horiek: behartzeak, mehatxuak, presioak, gezurrak... anitz dira diotenak hauturik ez dutela ukan edota informaziorik gabe izenpetu behar izan dutela desjabetzea dakarren dokumentua. Funtsean, Eacopek eta Tilengak ondorioztatu "giza eskubideen urraketa" salatzen duen ebazpena bozkatu zuen Europako Parlamentuak irailaren 15ean. "Atxiloketak, beldurrarazteko ekintzak eta jazarpen judizialak giza eskubideen defendatzaileen eta gobernuz kanpoko erakundeen kontra", horra instituzioak salatzen duena. Hala ere, adierazpen esanguratsua izanik ere, ez ditu enpresak ezertara behartzen. "Urte bateko tartea" hartzea eskatzen dio frantses multinazionalari, energia berriztagarrietan oinarrituriko bestelako egitasmoak lantzeko eta "bestelako ibilbide baten egingarritasuna" ikertzeko –"ekosistema babestuak eta bertako ur baliabideak zaintzeko"–.
Legedian oinarrituz ere dabiltza aurkariak egitasmoa ezeztatu nahian: urriaren 12an epaituko dute Total Energies Pariseko auzitegian –Net Hurbil hau idazterakoan ez da oraindik iragana, eta ezin kontatu nola defenditu zuen berea multinazionalak–.
Bioaniztasuna. Hori dugu beste kaltetuetariko bat. Putzuen herena 1926tik babestua dagoen Murchinson Falls eremuan eraikitzekoa dute, eta putzu eta oliobideaz gain, bestelako garraiobideak ere dituzte eginen. Obren garaian kamioiek hilero 600 bat joan-jin eginen lituzkete eta ondotik, putzu batetik bestera autoek 2.000 joan-jin. Albert eta Victoria lakuak lotzen dituen Nilo ibaia ere zeharkatuko luke petrolio-hodiak. Aintziretako ura baliatuko dute –9 milioi litro kubiko urtero–, eta berdin dio bizirauteko ur edangarri erreserba baliosa baldin badute bertako milioika herritarrek ere. Petrolio-hodiak zeharkatuko ditu Victoria lakua –mundu mailako bigarren ur-geza erreserba handiena eta 40 milioi herritarren ur iturria dena– eta 200 bat erreka.
Petrolio-hodiak zeharkatuko ditu Victoria lakua –mundu mailako bigarren ur-geza erreserba handiena eta 40 milioi herritarren ur iturria dena– eta 200 bat erreka
Bill Mc Kibben ekologistak horrela laburbiltzen du: "Badirudi ahal bezain bat animalia kaltetzeko gisan dutela ibilbidea adostu: zulaketa-plataformak Murchison Falls parke nazionalean daude, eta oliobideak Taalako baso-erreserba zeharkatu eta Bugomako basoan sartuko da (bertan daude txinpantze-talde handiak), Tanzania eta Biharamulo erreserba zeharkatu aitzin, zeinetan bizi diren lehoi, bufalo, altze, tragelaphus imberbis antilope, inpala, hipopotamo, lepoluze, zebra, antilope ruandarrak, sitatunga, sable, urde inurrijale eta colobus gorri tximinoak. Oliobideak Wembere estepa ere zeharkatzen du, hegaztientzako paradisua eta elefanteentzat ehunka kilometro karratuko habitata ere dena. Tanzaniara iristen denean, hiru futbol-zelai heineko ontziek garraiatuko dute petrolioa, mangladien eta koralezko arrezifeen artetik, hots, dortokaz eta dugongidoz betetako uretatik".
Istripu bat gertatuz gero –isurtze, sute ala dena delako–, ez da zaila irudikatzea zer nolako desmasia eraginen lukeen. Dena dela, aitzina doa egitasmoa, eta otsailean izenpetu zuen Total Energiesek bi Estatuekin eta CNOOC txinatarrarekin 10.000 milioi dolarreko tratua. Petrolio erreserbak kausitu eta hamasei urtera gauzatu da konpainien ametsa, eta 2025erako bukatu nahi dituzte obrak.
Ez baditu egitasmoak zuzenean diruztatzen ere, Françafrique usaina daukate Eacop eta Tilengak –Frantziak Afrikarekin daukan jarrera koloniala izendatzeko terminoa da Françafrique–. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Yoweri Museveni Ugandakoari idatzitako gutuna dugu frogatzat. "Nitan fidatu zaitezke Frantziako inbestitzaileak eta jakintzak zuenera bideratzeko, eta Frantziak Ugandan duen presentzia emendatzeko", irakurri daiteke iazko maiatzeko gutunean. Estatuburuek eta multinazionalek halakorik ez badute aitortzen ere, aktibista anitzek dute hitz konkretu batez izendatzen baliabide naturalen ustiapena: inoiz bukatu ez zen kolonialismoan gaude oraindik.
“Palanka gisa erabiliak dira kanpo-zorrak,
haien baliabide naturalak eta laborantza esportaziora bideratzera behartzeko”
Nicolas Sersiron
Nazioarteko egitura finantzarioek bideratu dirulaguntzak itzuli ezinean, beraien uztak eta lurpeko aberastasun naturalak munduaren iparraldera bideratzera behartuak dira Hego Hemisferioko herri anitz. Zorraren eta estrakzioaren arteko lotura xeheki azaltzen dabil Nicolas Sersiron Dette et extractivisme ("Zorra eta estraktibismoa") liburuan: Bigarren Mundu Gerraren ondotik abiaturiko deskolonizazio prozesuaren biharamunean hasi ziren maileguen politika bideratzen herri aberatsak, Hegoko herri pobreenek beraiekiko zeukaten dependentzia eta menpekotasuna mantentzeko gisan.
"Kanpoko zorrak ez dira inoiz herritarren onurarako izan, eta haien izerdiaz ordaintzen dabiltza. Okerrago, palanka gisa erabiliak dira, haien baliabide naturalak eta laborantza-ekoizpenak esportaziora bideratzeko. 'Ezin baduzue ordaindu, zulatu zorua, zorrak ordaindua izan behar du' horra erraten zaiena". 1970eko eta 1980ko hamarkadetan abiaturiko zorpetzea ezin ordainduz dabiltza Afrikako herri pobreenak. Horren estakuruan, austeritate politikak planteatzera eta laborantza zein baliabide naturalak nazioartearen esku uztera behartuak dira. Gainera, lekuko garapenean inbertitu dezaketen dirua halabeharrez zorraren ordainketara bideratu behar dute. Total Energies eta CNOOC konpainiek begi-bistan dituzten Tanzania eta Uganda ditugu Afrikako herri pobreenen eta zorpetuenen artean: 25.537 milioi dolarreko kanpo-zorra lehenarentzat eta 17.206 milioi dolarrekoa bigarrenarentzat. Horregatik dio Sersironek "kolonialismoaz" hitz egiten jarraitu behar dugula. Okerrago, oroitarazten du hastapen batean herri kolonizatzaileek zituztela maileguak galdetu, lur okupatuetako azpiegiturak eraikitzeko, eta ondotik, nahiz eta beraiek ezer ez galdetu, Afrikako herri independenteek ordaindu behar izan zituztela.
Gaur egun, multinazionalek botere ikaragarria dutela dio, eta horrela baizik ulertu daitekeela karbono-bonbekin jarraitzeko postura: "Daukaten finantza-boterea dela eta, erosi ditzakete hautetsiak, legedia beraien alde bideratu dezakete; aberastuko dituen politika bat planteatu dezakete, beti gizateriaren eta naturaren kaltetan". COP15 klimaren goi-bileran finkatu helburua ez da beteko karbono-bonbak eraikiz gero –1,5 edo 2 graduko berotze orokorra–. Duela egun zenbait jakin dugu COP27 goi-bileraren babesle nagusienetarikoa izanen dela Coca-Cola: multinazionalei botere gehiegi uzten zaie, eta horrela ez diogu buelta emanen klima larrialdiari.
Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.
Ustekabean edo... urte hasiera honetan bi mila milioitik gorako irabaziak izan omen ditu Iberdrolak, baina ez omen dago txapliguak, altxafuegoak, etxaferuak... edo dena delakoak zeruetara botatzeko egoeran, izan ere, iaz aldi berean baino %27 gutxiago irabazi omen du. Atalen... [+]
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]
Energia politikek haserreak eta desadostasun sakonak sortu dituzte ekologisten artean. Ez da gauza berririk. Hemen eta atzerrian. Hemen eta orain, nabarmen. Duela bi urte, 2023ko udaberrian, gure ikerketa taldeak (ekopol.eus) hiru mahai-inguru antolatu zituen Donostian,... [+]
Zurea ez da ekologia, zurea ideologia da!”. Espainiako oposizio buruaren hitzak dituzue, oraingoan itzalaldia aitzakia hartuta. Zer den ideologia hitza desitxuratzea; trantsizio energetikoa edota energia politika, hitzak dioen moduan, politika hutsa delako. Kapitalismoaren... [+]
Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
Gero eta nabarmenagoa da Espainiako Estatuak ez duela planifikazio demokratikorik energiaren arloan. Duela gutxi jasan dugun itzalaldia adibide garbia da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien kontrolik gabeko eta lurralde askotan gehiegizko hedapena da beste adibide... [+]
Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia... [+]
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”, adierazi du... [+]
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]
Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak... [+]
Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.
Sare elektrikoa erabat erori da... [+]
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]