Aitzina doaz 425 ‘karbono-bonba’, klimaren bost inflexio-puntu bueltarik gabeko aldaketan sartuak direla kontuan hartu gabe

  • Bi albiste, aurkako zentzura doazenak, zientifikoen ikerketa eta abisuak energia fosilen industriako eragileen belarrietara iristen ez balira bezala. Bueltarik gabeko aldaketan sarturik ditugu klima orekaturik mantentzen diguten bost osagai eta horrek aldaketa drastikoak dakarzki, egonkortzeko etorriko direnak gainera. Nahaspila eztitzeko bide bakarra dugu beroketa efektua dakarten isurketen murrizketa. Baina ez: munduan 425 azpiegitura alimale daude, petrolioa, gasa eta ikatza ustiatzeko, horietarik %40 eraikitze lanetan, eta 646.000 milioi tona CO2 isuriko lituzkete –Parisko Akordioak finkaturiko 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko beharko genituzken 31.000 milioi tonak baino anitzez gehiago–.

Texas eta Mexiko Berria estatuetan zabalduriko Permien Delaware gas eta petrolio gunea da munduko azpiegiturarik kutsakorrena. Fracking-ak, hau da, haustura hidraulikoak erabat suntsitu du bertako ingurunea.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Energia fosilen industria iruzur egiten dabil, finantza eragile andanarekin batera, zientziak diona ukatuz. Karbono neutralitatera daraman trantsizio energetikoa ikatza, gasa eta petrolioaren garapenarekin bateragarria dela diote; alta, argi da estrakzio proiektu berri oro gelditu eta horietatik ateratzeko bide bat planifikatu beharko genukeela". Reclaim Finance Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendari Lucie Pinsonen hitzak dira. Energy Policy aldizkariak plazaraturiko 'Carbon Bombs', Mapping key fossil fuel projects ('Karbono bonbak', fosil erregai proiektuen mapa) txostena esku artean egindako adierazpena da. Martxan diren edo eraikitzen dabiltzan petrolio, ikatz eta gas erauzketa megaproiektuen –1.000 milioi tona CO2 baino gehiagoko azpiegiturak– mapa osatu dute eta kezkagarria da emaitza: 425 "karbono bonba" daude munduan zehar eta 646.000 milioi tona CO2 isuriko lituzkete guztien artean. Katastrofe bat, dakigunean Parisko Akordioak finkaturiko 1,5 graduko berotzea ez gainditzeko, gehienik 31.000 milioi tonakoa beharko luketela izan isurketek.

Bakar batzuengatik mundu guztia pikutara doala erakusten digu mapa horrek: azpiegituren hiru laurdenak hamar herritan dira –Txina, Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Iran, Saudi Arabia, Australia, India, Qatar, Kanada eta Irak–.
Azpiegitura horien ixtea ezinbestekoa dugu, eta eraikitzen dabiltzanen obrak gelditzea da bai ala bai lortu beharrekoa: 425 horietatik %40 ez dira oraindik martxan. Inbertsio horien gelditzeko gomendioa luzatu zuen Nazioarteko Energia Agentziak iaz, beti ere, 2015eko Parisko akordioei segi, beroketa 1,5 gradutara mugatzeko asmoz: petrolio eta gas erreserben %60 eta ikatzaren %90 lur pean utzi beharko lirateke. Horrela, 2050 bitartean, gas eta petrolio ekoizpena urtero %3 gutxituko litzateke eta ikatzarena %7. Baina ez, berdez pintatu eta norabide berean segitzen dabiltza agintari eta energiaren industriako multinazionalak, ekoizpena %2 emendatuz urtero. Horren froga, TotalEnergies enpresa frantsesak Qatarren abian duen North Field gas estrakzio proiektua edo orain arteko bonbarik handiena den AEBetako Permien Delaware petrolio eta gas ustiaketa.
Alta, Science aldizkariak iraila hastapen honetan plazaratu Exceeding 1.5°C global warming could trigger multiple climate tipping points ("Berotze globala 1,5 °C-z gora izateak klimaren inflexio-puntu ugari eragin ditzake") ikerketak alarma gorria piztu digu, beste behin ere: atzerabueltarik gabeko hamasei inflexio-puntuetatik bost gertatzen ari dira. 200 ikerketa zientifiko hartu eta hortik ateratako abisua da azken hori.

Azpiegitura erraldoi horien hiru laurdenak hamar herritan dira
–Txina, Errusia, AEB, Iran, Saudi Arabia, Australia, India, Qatar,
Kanada eta Irak–

Larritasuna ilustratzeko irudi argigarria erabili ohi dute zientzialariek: "Lotan dagoen erraldoiaren esnatzea". Daukagun klima daukagula, planetan bizia eta bioaniztasuna mantentzeko orekan gaude, klima erregulazioa bermatzen duten hainbat osagaiei esker. Baina, kontua da tenperatura hein batera igoz gero, elementu horien egoera alda daitekeela, ingurunean eta kliman nahasmendu bortitzak eraginez, eta gaurkoaz ezberdin den egoera egonkor berri bat bideratuz.

Klimaren bost inflexio-puntu bueltarik gabeko aldaketan

Esnatu dira beraz erraldoi batzuk eta ezingo ditugu berriz lokarrarazi. Zehazkiago, permafrosteko izotz iraunkorren bat-bateko urtzea, Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glaziarren urtzea, tropikoetako koral uharrien desagertzea eta ipar Atlantikoko itsas zirkulazioaren korronte garrantzitsu baten kolapsoa ditu Science aldizkariko ikerketak zerrendatzen.
Uste baino goizago datoz klima aldaketaren efektuak. Hain zuzen, Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCC) iaz egindako seigarren ebaluazio txostenak ohartarazten zigun bi graduko berotzearekin arrisku "altua" dagoela inflexio-puntuak aktibatzeko, eta 2,5 gradukoarekin "oso altua". Baina, Estokolmeko Unibertsitateko irakasleek gidatutako ikerketak jakinarazi digu litekeena dela inflexio-puntu batzuk lehenago aktibatzea, hots, industria aurreko tenperatura bi gradu berotzera iritsiko ez balitz ere. Gaur egun, 1,1-1,2 gradu berotu da, zientzialariek egindako neurketen arabera eta bueltarik gabeko aldaketak ditugu jadanik parean.

Goazen ikustera fenomeno bakoitzaren atzealdean zer den gordetzen. Hasteko, permafrost deitzen zaio bi urte baino gehiago izozturik egon den lurzoruari –gehienak Artikoan kausitzen ditugu–. Urteetan izoztuta egon dena berotzen ari da, eta, beraz, desizozten. Kontua da karbono dioxodoa eta metanoa pilaturik direla lurzoru horretan eta urtuz gero sekulako ondorioak izanen lituzkeela kliman: datu zehatza ezin jakina bada ere, adituek diote atmosferan dagoen karbono kantitatearen bikoitza badela permafrostaren barnean gorderik.

Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glaziarren urtzea ere bueltarik gabeko norantzan kokatzen dute. Horren ondorioetariko bat da itsasoaren heinaren igotzea: gaur egungo kutsadura heina kontuan harturik, gutienez 27 zentimetroz igoko da 2100 urtea bitartean –"hori apalenean. Modu errealista batean erran dezakegu datu hori bikoiztu baino gehiago egingo dela", Groenlandian geologo dabilen Jason Boxen arabera–. Okerrenean, hau da, 2012ko udan gertatu urtzeen heina errepikatzen balitz urtero, 78 zentimetroz igoko litzateke itsasoa. Eta hori Antartikoaren urtzea kontuan hartu gabe.

Fenomenoa 1990eko hamarkadaz geroztik sentitzen da, eta azken hamarkadan 3.500.000 milioi tona dira urtu. Baina, azeleratuz eta larrituz doa bilakaera. Aurtengo uda bezalakoek ondorio latzak dituzte: orain arteko urtzeen herena bi udaz gertaturikoa da –2012 eta 2019 urteetan–. Orain arte, Antartikoak beroari hobeki erresistitzen baldin bazion, badirudi gogorki joa dela azken urteetan. Izotz antartikoaren urtzearekin itsaso ilun batek ordezkatzen du bankisaren zuria, bero gehiago xurgatuz eta hortik tenperaturak oraindik gehiago emendatuz.

Groenlandiako eta Antartikaren mendebaldeko glazierren urtzea bueltarik gabeko norantzan kokatu dute ikerketaren oinarrian dauden adituek

Labradorgo korrontearen kolapsoa da bueltarik gabeko beste aldaketa. Ozeano Artikotik dator eta hegoruntz doa, Labradorgo, Ternuako eta Eskozia Berriko kostaldeak zeharkatuz, eta planetako uren tenperaturan efektu jarraitu bat ondorioztatuz. Korronte guztien gisara eragin handia du klimaren gainean, eta inflexio-puntu batek beste batean eragiten duenez, Gulf  Stream korrontean ere aldaketak ondorioztatuko ditu, horren ibilbidea aldatuz eta aldaketa klimatikoak ondorioztatuz –besteak beste, Europa mendebaldean eta AEBetako ekialdean hozte orokortu bat, horrek gure jendartean eta bioaniztasunean dakarzkien ondorio guztiekin–. Tropikoetako koral uharrien desagertzea da bosgarren inflexio-puntua: koralek kolorea galtzen dute itsasoaren tenperatura igo egiten delako. Hala gertatzen zaie berotzearen eraginez zooxanthellae izeneko itsas belarra kanporatzen dutenean. Itsas belar txiki horiek oxigenoa eta, bide batez, kolorea ematen diete koralei. Horiek gabe, ahuldurik biziraun dezake koralak, baina gehienetan hil egiten da. Itsaspeko biziarentzat ezinbestekoa dira –ozeanoen %0,2 bakarrik estali arren, bertako bioaniztasunaren %30 bermatzen dute–; eta kosta eta ozeanoaren artean kokaturik, uraren mugimenduan eragina dute, kostaren higadura eztituz eta bestelako fenomeno meteorogikoen ondorioak ere ahulduz.

Azken azterketen arabera, erraldoi baten esnatzeak beste erraldoi batzuk ere esnatu ditzake, domino-efektu bat sortuz. Planeta berotzen den gradu hamarren bakoitzak atzera bueltarik gabeko beste puntu bat pitzarazteko arriskua dakar. Txostenean irakurri daiteke inflexio-puntu gehiago egon daitezkeela gainditzeko zorian: Amazoniaren degradazioa, ekialdeko Antartikako glaziarren azpiko arroen kolapsoa edo Hego Amerikako mendiko glaziarren desagertzea.

Baina badirudi horrek ez diela zalantza edota erruduntasun sentipen mikorik sortzen 425 "karbono bonben" bultzatzaileei. Ezin sinetsia. Shell, Gazprom, ExxonMobil, BP, PetroChina, Petrobras, ConocoPhillips eta Chevron izenez ezagunak ditugun erregaien industriako multinazionalek 100 milioi dolar dituzte egunero inbertitzen eta horrela segitu nahi dute 2030 arte, Futura-sciences-ek plazaraturiko Les scientifiques s´inquiètent de ces 425 bombes à carbone ("425 karbono bonbez kezkaturik daude zientifikoak") irakurri dezakegunari segi. Sinetsgaitza, zinez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
“Azpian lur hotza”

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Iluntasunean argi, argi etorkizunean

Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


2025-05-21 | Nicolas Goñi
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko

Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


2025-04-30 | Nicolas Goñi
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana

Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]


Eskola inguruetako aire kutsadurarik handiena Donostiako hiru ikastetxetan eta Bilboko bitan atzeman dute

Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]


Eguneraketa berriak daude