“Enpresetako soberakinei bizi berria eman nahi diegu, hezkuntza mundura ekarriz”

  • Biziberritu proiektuak haurrek hain ohikoak ez dituzten materialekin jolastea proposatzen du: enpresetan sortzen diren hondakinak. Larraitz Esnaola Illarretak eta Alex Barandiaran Arteagak daramate aurrera, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileek. 2021ean Puntu Soziala saria jaso zuen Biziberrituk, gizartean eragin positiboa duen egitasmoa izateagatik.

Larraitz Esnaola eta Alex Barandiaran  dira Biziberritu proiektuaren sortzaileak. Enpresetako hondakinei beste erabilera bat emateaz gain, ikastetxeetan dagoena zalantzan jarri eta berritu nahi dute, haurrak esperimentazioan sakondu dezan. (Argazkia: Dani
Larraitz Esnaola eta Alex Barandiaran dira Biziberritu proiektuaren sortzaileak. Enpresetako hondakinei beste erabilera bat emateaz gain, ikastetxeetan dagoena zalantzan jarri eta berritu nahi dute, haurrak esperimentazioan sakondu dezan. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Biziberritu” jarri diozue izena proiektuari, zer adierazi nahi duzue?

Larraitz Esnaola: Enpresetako soberakinei bizi berri bat eman nahi genien, horretarako gure esparrura, hezkuntza mundura ekarriz. Eskoletako hezitzaileen, profesionalen eta haurren eskuetan jarri dugu materiala: alde batetik, bizi berri bat ematen diogu bestela zaborretara doanari; eta bestetik, eskoletan dagoen materiala berritu edo orain arte erabili izan dena zalantzan jartzen dugu.

Alez Barandiaran: Ikusi dugu material hori bizirik dagoela eta aukera asko ematen dituela. Gu asko oinarritzen gara haurraren esplorazioan eta esperimentazioan, haurrak berak deskubritu dezala zein den bere errealitatea eta ingurukoarena. Gure oinarria deskubrimenduan dago, baina materiala egituratua badago, ez du deskubritzeko ematen. Egituratuta ez egotea askoz ere interesgarriagoa da guretzat: haurrek euren arteko harremanak eta ezaugarriak deskubritu ditzakete, eta irudimena lantzeko eta jolaserako erabili. Materialak bizi berezi bat izango du haur bakoitzaren eskuetan; desberdina izango da.

“Hezitzaileok espero ez genituen gauza
asko ikusi ditugu:
guk xiringari funtzio bat ematen diogu,
baina haurrek beste gauza batzuk irudikatzen dituzte”
Larraitz Esnaola

Zein soberakinekin egiten duzue lan? Nola lortzen dituzue?

L. E.: Enpresek ematen dizkigute. Badaude egituratu gabeko beste material batzuk ikastetxeetan, haurrek erabiltzeko modukoak, baina askotan ez dira hain eskuragarri egoten, industrialak direlako edo beste modu batean eginda daudelako.

A. Barandiaran: Kaxak, kortxoak, komuneko paper tutuak…

L. E.: Esperientzia pilotu bat egin genuen aurreko ikasturtean, ikusi baikenuen hainbat ikastetxetan horretan zebiltzala, baina ez guk eskaintzen ditugun materialekin. Horregatik, harrituta gelditzen dira gure proiektuko materiala lehen aldiz ikusten dutenean. Adibidez, enpresa batek xiringak eman zizkigun, eta guk lotzen ditugu likidoa sartu edo ateratzearekin, agian haizearekin ere bai... baina haurraren jolasa hortik harago doa. Prozesuan zehar, hezitzaileok espero ez genituen gauza asko ikusi ditugu: guk xiringari funtzio bat ematen diogu, baina jolasean beste gauza batzuk irudikatu dituzte. Gauza bera gertatu da bizikleten gurpilekin edo koadroekin.

“Espazio bat prestatzen dugu, materialak modu erakargarrian jarriz. Eta ondoren haurrei modu librean esperimentatzen uzten zaie. Hori guztia argazkiz, bideoz eta idatziz jasotzen dute ikastetxeetan eta jasotako informazioa partekatzen dute gurekin”. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Lehenik enpresekin jartzen zarete harremanetan. Eta behin materiala lortuta, zein dira hurrengo pausuak?

L. E.: Mondragon Taldeko kooperatibatik kanpoko hainbat enpresari luzatu genion deialdia, eta guztira bostek azaldu zuten interesa: Irizar, Ternua, Fagor Electrónica, Orbea eta KiroGrifols. Eskoletara ere jo genuen, eta azkenean zortzi izan dira parte hartzera animatu direnak. Enpresekin gertatu bezala, badaude interesa azaldu duten eskola gehiago, baina aktiboki parte hartzeko zailtasuna adierazi digute, eta zortzi horiekin hasi gara.

A. B.: Planteatu duguna da eskola bakoitzak materiala hartu eta horiekin proposamen bat egitea haurrei. Proposamen erakargarri bat, haien arreta deitzeko eta materialarekin esperimentatu dezaten. Beraiek gertatzen dena dokumentatzen dute, eta ondoren berriro  elkartzen gara, haurrek egindako horri buruz hausnartu eta ondorioak ateratzeko.
Zein adinetako haurrekin zabiltzate? Beste adin edo eremu batzuetara zabaldu daiteke, adibidez aisialdira?

L. E.: Haur eskolatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara artekoek hartu dute parte. Baina pentsatu dugu aisialdi eta jubilatu taldeekin ere lan egitea, hezkuntza formala deituriko horretatik kanpo.

A. B.: Hau proiektu komunitario bat dela ikusten dugu, adar asko izan ditzakeena; artistekin ere agian egin dezakegu zerbait...

Zuek dinamikak prestatzen dituzue. Nolakoak dira?

A. B.:  Espazio bat prestatzen dugu, materialak modu erakargarrian jarriz. Eta ondoren haurrei modu librean esperimentatzen uzten zaie. Hori guztia argazkiz, bideoz eta idatziz jasotzen dute ikastetxeetan eta jasotako informazioa partekatzen dute gurekin: haur batek alderdi berria azaleratu duela, besteak ez duela halakorik egin, hark hegazkina eraiki duela… Materialak modu batera daude ordenatuak eta hegazkin hori haurraren buruan dago, baina guk agian hori ez dugu ikusten.

L. E.: Helburua ez da hegazkin bat sortzea, noski, haurrak momentu horretan material horrekin barrutik ateratzen zaiona egitea baizik. Agian beste batek beste zerbait sortzen du, edo esperimentatzen aritzen da gauza hau bestearen barruan sartuz…

(Argazkia: Ido Photography)
(Argazkia: Ido Photography)

Liburu bat idatzi duzue: Esperimentazioan sakonduz biziberritu, Hik Hasik argitaratua.

A. B.: Pentsatu genuen ideia ona zela ikastetxeei proposamenak egitea eta islatzea zein aukera dauden material horiekin esperimentatzeko, hori baita proiektu honen ardatzetako bat. Haurrak zer deskubritu dezake honekin? Eta beste honekin?

L. E.: Ikuspegi hori lantzeko proposamenak dira, baina helburua ez da proposamen horietara iristea, esperimentatzeko garaian inspirazio bezala erabiltzea baizik. Beste proposamen batzuk egiteko aukera ere ematen dugu liburuan, eta materialen zerrenda luze bat ere badakar, norberak inguruan duen horretatik sortzeko, desberdina delako leku bakoitzean lortu daitekeena.

A. B.:  Kultura hau zabaldu nahi genuen ikastetxeetan, badakigulako zaila dela. Lana eskatzen du. Lehenik materiala eskuratu, gero toki batean jarri, dokumentatu, dokumentazio hori beste irakasleekin partekatu, hortik hausnartu… Horrek denbora behar du, eta orain arteko bidea ez da hori izan. Fitxak eta fitxak eta fitxak eman izan zaizkio haurrari normalean.

“Ikusi dugu material hori bizirik dagoela.
Gu asko oinarritzen gara esperimentazioan, haurrak berak deskubritu dezala errealitatea”
Alex Barandiaran

L. E.: Guk haurrari eskaintzen dioguna ondo pentsaturik dago, zer eta nola aurkeztu erabakitzeko buelta asko ematen ditugu aurretik. Ez dugu aurkitzen dugun lehenengo materiala eskaintzen... hori ere batzuetan egin daiteke, baina interesgarriena aurre-lanketa da, eta ondoren ikustea zer gertatu den. Askotan emaitza ez delako espero duzuna: adin desberdineko taldeak egon edo ez, haur kopurua handiagoa edo txikiagoa izan, horien arabera asko aldatzen da.

Zein dira hurrengo pausoak?

A. B.:  Zabaldu egin nahi dugu, bai hemen bailaran [Debagoienan], baita besteetan ere, adibidez Zumaia aldean.

L. E.: Pausoz pauso nahiko genuke zabaldu, Gipuzkoan hasi gara baina iruditzen zaigu oso proiektu interesgarria dela Euskal Herriko beste tokietan lantzeko.

Puntu Soziala
sariaren bultzada

Puntu Soziala saria 2021ean irabazi zuen Biziberritu proiektuak. Gizartean eragin positiboa duten egitasmoak indartzeko asmoz sortu zuen TaPuntu kooperatibak eta bi urtean behin antolatzen du. PuntuEUS fundazioa, ARGIA eta Ido

Photography kooperatiba laguntzaile dira, zabaltze lanetan. Goiko argazkiak, adibidez, Zumaiako Zumaiena ikastetxean atera zituzten, eta artikulu hau ere interkooperazio horren emaitza da.

Biziberrituk hainbat arlotan jaso du laguntza: “Proiektuarekin hasi berriak ginen eta behar batzuk geneuzkan; pentsatu genuen Puntu Sozialak bultzada bat eman ziezagukeela eta horregatik animatu ginen aurkeztera. Saria lortzea oso lagungarria izan da: irudia, logoa, marka eta tipografiak, sare sozialetako erabilera, webgunea… egin ditugu beraiekin”, azaldu du Larraitz Esnaolak. Bideo bat egiteko asmoa ere badute, materialak enpresetatik ateratzean eskoletara iristen deneraino egiten duen ibilbidea erakusteko: “Azken batean, sariak proiektuari bizia eman diola esan dezakegu”.

Bidean asko ikasi dutela dio Alex Barandiaranek: “Arlo horiek ez dira gure fuertea. Gure lana gehiago da ideia buruan edukitzea, eta beste zatia beraiek egin dute. Elkarlan bat izan da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-09-26 | David Lindemann
EHU: IKT zerbitzu etikoago baterantz

Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
"Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu"

Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Eskola kirola
Ziaboga, korronte nagusiak eraman ez dezan

Aurrerantzean, Gipuzkoako klub batean jokatu nahi duen 8-12 urteko umeak ez du derrigorrez Eskola Kirolean parte hartu beharrik izango, EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Multikirol ereduaren kontrako errekurtsoa jarri duen familiaren hitzetan, ez da bidezkoa erakundeek... [+]


Haur eta gazteekin genozidioa lantzea, ikastetxe gero eta gehiagoren hautua

Palestinan gertatzen ari denarekiko haurrak ekidistantzian heztea ezinezko bihurtu da ikastetxe (eta etxe) gero eta gehiagotan. Adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere, giza eskubideak, heriotza, injustizia… mintzagai dira ikasgela gero eta... [+]


2025-09-23 | Gedar
Ikasle-greba urriaren 2an, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko"

IAk egin du deialdia, eta aurreratu du, Askatasunaren Ontzidiari erasotzen badiote, egunez aldatuko duela greba. "Estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko" baliatuko dute eguna. 


2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


2025-09-18 | ARGIA
247 milioi euroko ikerketa proiektuei uko egin die EHUk, Israelgo erakundeek zuten parte-hartzeagatik

Palestinan bideratzen ari den genozidioa salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek. Hainbat neurri hartuta ditu EHUk eta tartean, batzorde bat sortzeko proposamena egina dio errektoretzak Palestinaren aldeko unibertsitate mugimenduari, aurretik ere unibertsitateak... [+]


Irakasle-ikasketarik gabe DBHn irakasle aritu ahal izatea, berriz ere mahai gainean den eztabaida

DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketan irakasle izateko ez dela zertan irakaskuntzan formakuntzarik jaso, aski dela ikasgai horretako edukiak menperatzearekin. Hori legeztatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari hainbat erkidegotatik, eta gaia lehen planora ekarri berri du ELGAk,... [+]


Israel estatu genozida seinalatzea helburu, ikasleak hamarnaka ikastetxetan mobilizatu dira

Ikama ikasle antolakundeak deituta, ikasleak Palestinaren alde mobilizatu dira astearte honetan, Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan. “Denon erantzukizuna da egoerari buelta emateko salaketa egin eta mobilizatzea”.


Ikasleek alzheimerraren inguruko oinarrizko jakintzak lantzeko saioak eginen ditu Afan elkarteak

Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.


Hezkuntzan eremuka lan egitea fokupean jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak

DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.