Iragana defendatzean

Haurtzaroa “aberri emozional txikia” dela idatzi zuen Los Chikos del Maíz-eko Nega abeslariak; zahartu ahala, gure umetako zein gaztetako bizipenak idealizatzeko joera hartzen dugula esan nahi zuen. Haiek bai kantuak, ordukoak bai parranda sanoak, lehengoa bai benetako bizitza, benetako mundua, zeinetan neu nintzen protagonista, gazte eta eder. Zernahi defendatzera iristen gara aberri lurrun hura salbu mantentzearren, comecocos-etik hasi eta domeka goizetan ikusten genituen marrazki bizidunetaraino. Berdin dio kontsumitzen edo egiten genuenaren kalitate objektiboa zein zen; aldakaitz mantendu nahi izango dugu, utzi genuen bezalaxe, horixe delako hara itzultzeko dagoen modu bakarra. Hurrengo belaunaldiei beti faltako zaie zerbait autentiko izateko.

Ohiko prozesua izango da beharbada, erresistentzia instintibo bat. Denok nahi ditugu heldulekuak, erritualak, nostalgia, gauzen errepikapena, seguru sentiaraziko gaituzten etxeak. Kontua da ea ba ote dakigun zer ari garen defendatzen gure aberri emozionalak defendatzen ditugunean. Ea gai garen eta ea prest gauden aberri hori sostengatzen duten ideologiak ikusteko eta zalantzan jartzeko.

Adibidez, aldaketa bat “behartua” edo “artifiziala” dela iruditzen bazaigu, guretzat “naturala” zer eta zergatik den azaltzera ausartu beharko ginateke. Demagun, emakumeen parte hartzea plaza publikoan. Artifiziala da emakumez osatutako ekimen kultural bat zure herriko jaietan, kupo usaina hartzen diozu. Naturala da 50 urtean gizonez osatutako egitarauak antolatu izana, jakinekoa baita haiek ez datozela gizonak izateagatik, izaki argitsu eta puruak direlako baizik.  “Naturala” esaten duzu, “ni eta nire modukoak” esatea gehitxo delako.  

Orain ikus-entzunezko produkzio pare batekin piztu da enegarren eztabaida. Boterearen eraztunak eta Sirenatxoa. Ustez Eraztunen Jauna-ren eta Disneyren zale sutsuak zirenak gora-goraka hasi dira protagonista paperetan aktore beltzak jarri dituztelako. Jende heldua da kexatu dena, noski, bere haurtzaro zuria arriskuan ikusi duena. Inoiz ez omen da sirenatxo beltzik egon, are gutxiago elfo beltzik. Hori ez ei da naturala. Fantasiazko kontakizunetan ere pertsonaia zintzo eta irabazle guztiak zuriak izatea omen da naturala, horrelaxe jaso genuelako umetan, Jesukristo eta Kleopatra ere zurbilak eta begi-urdinak diren moduan, guri eta gure aberrikide emozional arrazistei hala komeni zaigulako. Pentsa dezagun iraganaren aitzakiapean zer babestu eta zer baztertu nahi dugun benetan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude