Ziztadak, Euskal Herrira iritsi den arrisku berria

  • Jai giroan, norbait ziztatu eta horren bidez gorputzean droga sartzen diotela antzematen ari dira azken boladan. Biktimak mareatuta sentitu ohi dira eta batzuetan kontzientzia galtzera iristen dira. Halako zerbait jasan edo ikusiz gero nola jokatu jakiteko argibideak ematen ari dira.

EHZ festibalean ere ziztaden arriskuaz ohartarazi zuten. Argazkia: EITB.

2022ko uztailaren 12an - 12:00

Ezagutzera eman ziren lehen kasuak Erresuma Batuan izan ziren, 2021eko udazkenean ziztatu zituztela salatu zuen hainbat emakumek. BBCk adierazi zuen 2021eko urriaren 21ean Nottinghamshireko Polizia hamabost kasu ikertzen ari zela eta lehen salaketa urriaren 2an jaso zutela. Ziztatuak izandako pertsona gehienak emakume gazteak izan ziren, baina gizonak ere ziztatuak izan zirela ziurtatu zuen Poliziak.

Ondoren, Frantzia, Espainia eta Europako beste herrialde batzuetan salatu dituzte antzeko gertakariak. Ipar Euskal Herrira heldu zen lehenik, oraintxu Hego Euskal Herrira. Ipar Euskal Herrian maiatzean hasi ziren ziztada bidezko erasoak salatzen. EITBk adierazi duenez, Baionan jazotako beste 20 kasu ikertzen ari dira.

Uztailaren 9an lau gaztek salatu zuten ziztatuak izan zirela Sanferminetan. Lauak mareatuta sentitu ziren, botaka egin zuten eta bertigoak izan zituzten, besteak beste. El Mundok adierazi duenez, Poliziak baztertu egin du helburua sexu jazarpena dela zioen hipotesia. Horretarako argudiatu dute ziztatu ostean inor ez zela saiatu gazteak lagunengandik urruntzen. Lagunekin egon ziren uneoro eta ez zuten sexu jazarpen ez antzekorik pairatu. Gazteetako batek ordea, mutil bakarrak, bere kreditu txartela ostu egin ziotela azaldu du. Uztailaren 12an beste lau salaketa egon dira, guztira zortzi salaketa izan dira Iruñeko festak hasi zirenetik.

Zer da ziztaden kontua?                                                                   

Ingelesez needle spiking deituriko praktika da. Normalean jende multzoa eta festa giroa aprobetxatuz, biktimak despistaturik daudenean ziztatzen dituzte droga oraingoz ezezagun batekin. Ziztatzen den substantzia ezezaguna da, baina estasi likidoa izan daitekeela uste dute, hainbat hedabidek adierazi duenez, haien artean Naizek eta Noticias de Navarrak.

Estasi likidoa “bortxatzaileen droga” gisa ere ezagutzen da eta nerbio-sistema zentralaren depresore bat da. Depresorea izateaz gain, haluzinogenoa ere bada, eta oso mendekotasun psikologiko handia eragiten du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera. Kazeta.eus-ek Arrangoitzen ziztatu zuten gazte batekin hitz egin zuen eta haren arabera, estasi likidoa sartu ziotela esan zioten medikuek, baina ospitalean egindako azterketa toxikologikoetan ez zuten halakorik aurkitu.

Ziztatua izanez gero, nola jokatu

EHZ festibala uztailaren lehen asteburuan ospatu zen. Festibala pertsona guztientzat espazio segurua izateari garrantzi handia ematen diote antolatzaileek. Eraso ezberdinen aurrean neurri ezberdinak hartuko zituztela adierazi zuten haien sare sozialetan eta festibalean bertan zabaldutako orrietan. Tartean, ziztada bat jasoz gero protokoloa zein zen azaldu zuten: “Gurutze Gorrira jo zuzenean, haiek hartuko dute zu artatzearen eta Erasoen Kontrako Brigadarekin lotura egitearen ardura”.

BBC hedabideak ere jarraibide batzuk luzatu ditu, lagun bat ziztatua izan bada zer egin azaltzeko. Hauek dira aholkuetako batzuk: biktima bakarrik ez uztea inolaz ere ez, biktimarekin hitz egitea kontzientzia galdu ez dezan, alkoholik edaten ez uztea (arazo larriagoa sortu dezake alkohola edateak edo gehiago edateak) eta biktimak okerrera egiten badu anbulantzia deitzea.

Beraz, garrantzizkoa da lagunekin egotea, ziztada bat sentitzen den momentuan lagunei komentatzea, gaizki sentitzen hasten den pertsonarekin geratu eta larrialdi zerbitzuetara deitzea, drogarik ez kontsumitzea (alkohola, kasu) eta ziztada jaso den taberna, diskoteka edo festako antolatzaileei gertatutakoaren berri ematea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Drogak
"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Drogen aurkako atxiloketak eta gero zer?

Ertzaintzaren fokua drogen kontsumora, ekoizpenera eta salmentara bideratu da 2023an eta zenbait operazio ikusgarri egikaritu dituzte Aiaraldean.


Espainiako Osasun Sailak terrazetan erretzea debekatzeko plana berreskuratu du

Mónica García ministroak ziurtatu du araudi zehatzak egongo direla lurrungailuen erabilera kontrolatzeko, eta zehatz-mehatz aztertuko direla hainbat egoera, “kerik gabeko espazioak zabaltzeko”.


Eguneraketa berriak daude