Italiara, Suitza eta Alemanian barrena

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Badirudi aurten ere ez dugula, Hawaii, Mumbai, bidaia handi horietarik bat egingo. Aurten ere, esan dut, inoiz egin izan bagenu bezala. Printzipio kontua da gainera, ahalik eta arinena nahiko genuke lurren gaineko gure pasajea. Baina horregatik ez diogu uko egingo bidaiatzeari, noski. Lehena izan da Montaigne maitea, Journal du voyage en Italie, par la Suisse et l’Allemagne en 1580 et 1581. Eta ez dakit entseiuen jarraipen, baina bai osagarri, haietan egiten zuen bere buruaren irudiarena, besterik ez bada. Hainbesteko lanketa filosofiko-literariorik gabe, apenas dagoen lekurik eguneroko bizimodu, sinple, materialarentzat.

Ezen Montaigneren bidaiak Italia baitu helburu, zehatzago Erroma –ematen du kargu baten xerka, agian enbaxadorearena–. Egiazki, nahiago luke joan Krakovia edo Greziara. Bost axola, hemen ere helmuga baino garrantzitsuagoa baita bidea. Eta bidean topatzen dituenak notatzea, erlijio, politika, zibilizazioari buruzkoak. Lurtarrago sarri, diru kontuez ari da, edo konpainiako emakumeez. Are lurtarregi, azaltzen nola bota duen giltzurruneko harria, kostata. Nahiago du joan gutxik bisitatutako lekuetara, askok bisitatutakoak ezagunegi baitira –Venezia, adibidez, aurkitzen du ez hain admiragarria–. Aita santuari egindako bisita kontatzen digu, baiki, baina gehiago laketzen da haur judutar baten zirkunzisioan. Eta ironiaz aipatzen du Erromako hiritar izendatzen uzten dela. “Ez dakit zer bilatzera joaten naizen atzerrira, baina oso ondo dakit zerengandik ihes egiten dudan etxetik”.

Stefan Zweigek, Bigarren Mundu Gerra lehertuta, bere garaiarekin konparatzen du Montaignerena: inoizko goraldirik gorenaren ondoren inoizko beheraldirik bortitzena bizitzea tokatu balitzaie bezala. Eta famatzen dio independentzia atxikitzeko esfortzua, gizarte gero eta basatiago eta menekoago batean. “Beste gauza askoren artean, Montaignek erakusten digu bidaiatzen”; gurea bezalako garai zurrunbilotsuetan barrena ere.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude