“Ikaslearen jokabidea aldatzen saiatu ordez, ingurua aldatu dezagun”

  • Haurtzaroan adbertsitateak bizi izan dituzten haurrek motxila zamatuta eramaten dute eskolara, eta eskolan bizi duten esperientziak are gehiago zamatu ohi die motxila. Egoera hauetan hezkuntzak eta hezitzaileek egin dezaketenaz mintzatu zaizkigu Gema Lasarte eta Beatriz Garai EHUko irakasleak. Uztailean ikastaroa antolatu dute gaiaren inguruan. “Haur hauek ez dute matematika gainditu behar, jolas-garaia gainditu behar dute”.

Gema Lasarte (ezkerrean) eta Beatriz Garai. Argazkilaria: Dos Por Dos
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Adbertsitatea jasan duen haurraz ari garenean, zertaz ari gara zehazki?
Gema Lasarte: Adverse Childhood Experience (ACE) kontzeptu anglosaxoitik dator. Horren arabera, haurtzaroan badira adbertsitate batzuk, izan daitezkeenak familiaren disfuntzioen ondorio edo bestelakoak: hala nola bazterketa fisiko edota emozionala jasan duten haurrak, sexu gehiegikeriak pairatu dituztenak, genero edo bestelako indarkeriaren biktimak, gurasoen droga arazoren bat edo haien kartzelaratzea bizi dutenak, hondamendiren bat jasan dutenak, haur LGTBak, migratu duten umeak… Adbertsitatea edonori gerta dakioke eta trauma bilakatu daiteke, pertsona berari adbertsitate bat baino gehiago metatzen bazaizkio edota gaia ongi bideratzen ez bada. Adbertsitateek sozialki duten estigma ere hor dago.
     Hezkuntzari lotuta, eskolan baditugu ikasle “normalizatuak”, alegia eskolaren martxa ongi daramatenak; baditugu ikasle patologizatuak, berezitasunen bat dutelako diagnostikoa jaso eta laguntza dutenak; eta badugu linboan dagoen ikasle multzo bat (anglosaxoien azterketen arabera ikasleen %15 inguru) diagnostikorik ez duena baina eskolan ongi ez dabilena, adbertsitateren bat bizi duena. Psikiatrian, neurozientzietan eta medikuntzan landu ohi den esparrua da, baina hezkuntzan apenas.
Beatriz Garai: Heldu batenganako atxikimendua izatea, haurrak babesa izatea, funtsezkoa da, deskribaturiko egoera horiek amaitu ez dezaten trauma izaten eta helduaroan benetako arazo larri bihurtu ez daitezen. Baina batzuetan babesa eman beharko lizukeena da eraso egiten dizuna…

Zaila da deskribaturiko egoera gogor horien biktimak eskolan identifikatu gabe daudela irudikatzea…
Lasarte: Bai, gogorrenak aipatu ditut, baina adbertsitatedun haur asko dago eskolan linboan. Oraintxe aztertzen ari naiz ikastetxean sekulakoak egiten zituen haur baten kasua, eta denaren jatorria bere gurasoen banantze bortitza zen. Denborarekin konturatu dira gurasoen atxikimendua ez zela ona. Kartzelaratutako gurasoen esperientzia ere oso hurbilekoa zaigu Euskal Herrian, eta espetxeratze horiek ez dira doakoak, ume motxiladunak ditugu, zama bat duten umeak, baina hor ere familiek emandako zaintza, atxikimendua eta babesa funtsezkoa da. Eskolak bide horretan lagundu egin behar du. Eta egoerarik okerrenean, haurrak etxean ez badu maitasunik, eskolak atzeman behar du eta eskolak eman behar dio bigarren aukera bat haur horri.
Garai: AEBetan esaterako, giza eskubideen elkarteek bultzatuta hasi ziren halakoak aztertzen. Ikusi zuten institutuetan zenbat beltz eta latino kanporatzen zituzten eta nola horietako askok gero kartzelan bukatzen zuten. Justizia sozialaz ari gara, sakonean gai honek planteatzen duelako pertsona hauei eskolak ematen dien tratua ez dela bidezkoa, hori aldatu behar dela.

Gema Lasarte: "Besteen begietara arraro eta berezi diren haurrak seinalatu egiten ditu eskolak, dianan jartzen ditu, eta bakardade hori, bazterketa hori barneratzen dute eurek"

Zer diote adbertsitatedun haurren familiek seme-alabei eskolak egiten dien harreraz?
Garai: Espainiako Estatuan galdetegia pasa diete adbertsitatea bizi duten familia eta haurrei, eta emaitza horiek aztertuta, eskola-porrota eta tratu txarrak oso ohikoak dira hezkuntzan. Arazoak dituzten ikasle hauen erreakzio automatikoa da isolatzea edo jokabide bortitzetara jotzea, eta horren aurrean eskolak zigortu edo kanporatu egiten ditu, baina hori da mutua den pertsonari hitz egin dezala eskatu eta hitz egiten ez duelako zigortzea bezala. Eskolak ez du ulertzen adbertsitatea bizi duen ikaslearen erreakzioa beldurrak eta minak sortua dela, ez dela apropos egiten duen zerbait. Gainerako ikaskideekin eta irakasleekin harreman txarrak izatea ere ondorio garbia da.
Lasarte: Beatriz eta biok gara irakasleak eta adoptatutako seme-alaben gurasoak, eta gure seme-alabek eskolan bizitako esperientziak abiatu ditu ikerketa hauek guztiak. Gure haurrek bullyinga jasan dute eskolan, sufritu egin dute eskolan, eta aditu askok dioten moduan, haur hauek ez dute matematika gainditu behar, jolas-garaia gainditu behar dute. Aldiz, besteen begietara arraro eta berezi diren haurrak seinalatu egiten ditu eskolak, dianan jartzen ditu, eta bakardade hori, bazterketa hori barneratzen dute eurek. Autokontzeptu hori leuntzea, laguntzea eta akonpainamendua egitea da eskolak egin behar duena, gurasook ezin dugulako etxetik akonpainamendu hori egin, ezin dugu ikastetxean sozializazio horretan lagundu.

Ez al dute irakasleek halakorik egiten?
Lasarte: Adbertsitatea bizi duen haurrak arreta berezia behar du eta horretan instituzioek lagundu behar dute. Babes politika interesgarriak bideratzen dira familietara, baina gero haurrak eskolara bidaltzen ditugu eta eskola ez badago formatuta, akabo. Gaur egun haur hauek eskolara bidaltzea da bakardadera eta bazterketera kondenatzea. Eta jakina badaudela sentsibilitate berezia duten irakasleak, laguntza emateko prest daudenak, nire semeak halako irakasle bat zuen eta harengana jotzen zuen beti, baina ez da zerbait orokortua.
Garai: Gaizki portatzen den umea gaiztoa dela-edo pentsatzen da, jokabide horren atzean egon daitekeenari erreparatu beharrean. Informazio, kontzientziazio eta sentsibilitate falta handia dago gai honetan, ezezagutza delako nagusi, baina ez da irakasleen errua. Irakasleek behar dute formazioa eta laguntza, sarri bakarrik geratzen direlako gelan, ikasle askorekin eta estres handiarekin. Badirudi irakaslearen lana edonork egin dezakeela eta ez duela garrantzirik, baina irakasleak ongi formatuta egon behar du eta baldintza eta gaitasun batzuk behar ditu, eginkizun oso inportantea du.
Lasarte: Irakasle izateko prestatzen ari den 19 urteko ikaslearen gradu amaierako lan batean proba egin dut aurten. Hainbat adierazle kontuan hartuz ikastetxe batean jarri nuen 215 ikasle behatzen, ea gauza zen adbertsitatea bizi duten ikasleak antzemateko. Hamabost identifikatu zituen, ikastetxeko orientatzailearekin partekatu zituen izenak eta horietatik zortzi begiz jota zituzten etxean arazoak zituztelako; gainerakoek teorian ez zuten arazo pertsonalik. Alegia, batetik, adbertsitatea duten haurrak identifikatzea badagoela; eta bestetik, badirela gatazkatsuak diren ikasleak ere, eskolan jokabide despotikoak dituztenak, lidergo izugarria bilatzen dutenak, nahi dutena egin dezaketela uste dutenak… eta ez dutenak zertan adbertsitatea bizi; agian ez dute ikasi limiteak errespetatzen.

Beatriz Garai: "Egitura eta metodologia aldatzea mesedegarria da ez soilik adbertsitatea bizi duten ikasleentzat: esperientzia eta harreman positiboetan, babesean eta ziurtasunean oinarritutako testuingurua denentzat da onuragarria"

Adbertsitatea bizi duten haurrak eskolara bidaltzea ikasle horiek kondenatzea dela aipatu duzue. Nola jokatu beharko luke eskolak haur hauekin?
Garai: Gaia gehiago landu duten anglosaxoiek darabilte Traumaren Paradigma delakoa, ez bakarrik hezkuntzan, baita gizarte zerbitzuetan, osasunean eta beste hainbat sektoretan ere. Britainia Handian adibidez 300 eskola publikotan ikuspegi horrekin ari dira lanean, irakasleak eta eskola-komunitateak formatzen. Funtsean, lantzen dituzte segurtasuna, babesa eta esperientzia eta harreman positiboak, abiapuntu argi batekin: planteatzen da aldatu behar dena ez dela ikaslea, ingurua baizik, komunitatea. Aldatzen bada metodologia eta egitura, beste era batera planteatzen bada hezkuntza, ikaslea ere aldatuko da. Gurean metodo konduktiboa da nagusi: ongi portatzen den ikasleari izartxoa eta gaizki portatzen denari zigorra, ikaslean eragiten da; bada, inguruan eragitea jartzen du helburu aipatzen dugun esperientziak. Ikaslearen jokabidea aldatzen saiatu ordez, ingurua aldatu. Ildo horretan, hemen esperientzia partzialak baditugu, bigarren aukerako eskolak, diziplina positiboa… baina ez paradigma horri erantzuten dion planteamendu orokorrik. Irakaslearen eta komunitate osoaren begirada aldatzea eskatuko luke, ez da erraza.
Lasarte: Gertuago ere bada halako esperientziarik. Murtzian adibidez “eskola zaintzaileak” eredua jarraitzen ari dira, aipaturiko filosofia oinarri, eta uztailean antolatu dugun ikastarora etorriko dira guztiaren berri ematera.
     Halako planteamendu orokor baten alde ona da ikasle guztiak hartzen dituela kontuan. Azken finean, denok gara edo izan gaitezke uneren batean zaurgarri…
Garai: Bai, egitura, metodologia eta ingurua aldatzea mesedegarria delako ez soilik adbertsitatea bizi dutenentzat, guztientzat baizik. Esperientzia eta harreman positiboetan, babesean eta ziurtasunean oinarritutako testuingurua denentzat da onuragarria.
Lasarte: Hemen badugu hitz oso neoliberala, inklusibitatea, diskurtsoa ere sortua dugu horren inguruan eta legalki eman diogu erantzuna, baina errealitatean hutsaren hurrengoa da. Inklusibitatea baldin bada bakoitzari ematea bere beharren baitan behar duen hezkuntza, gezurra da hala egiten denik. Gela berean ikasle andana duzunean, nola demonio asmatu inklusibo egiteko? Eta jakin badakigu adbertsitateak, koloreak, hizkuntzak… uztartzeak eta sinergia egiteak elkar aberasten gaituela, ekosistema elkar elikatzen dugula, baina horren ordez bi errailetako hezkuntza sortzen ari gara, hezkuntza segregatua. Sailkatzen gaude etengabe: neskak, mutilak, gizenak, aberatsak, pobreak, tuntunak, azkarrak… baina denok dugu zerbait ikasteko eta erakusteko.
Garai: Egia da zaila dela ikasle askorekin guztian erreparatzea, baina irakasle gisa saiatzen ari gara begirada aldatzen. Pandemiarekin, esaterako, 19-20 urteko ikasleak etorri zaizkit bulegora beren arazoak kontatzen, negarrez… eta inoiz ez zait halakorik gertatu, baina ikasle izateaz gain pertsonak ere badira aurrean ditugunak. Jarrera sentsibleagoa edo gutxienez haiek entzuteko jarrera irekia ikusi dutelako etorri dira nigana, bestelako begirada bat elikatzen dugulako, eta hori garatu beharko genuke irakasleok, ikasleei babesa ematea eta benetan haiei entzutea funtsezkoa da.

Paradigma aldaketa etorri bitartean, ikasleei akonpainamendu hori ematea ez da gutxi. Ongi eramandako kasuen adibideak jartzerik baduzue?
Lasarte: Badira gai honetan formatuta dauden irakasleak, eta horiek ongi erantzun ohi diete ikasle hauen beharrei. Badakite haur hauek errutinekin arazo handiak dituztela eta errutinak sortu behar zaizkiela, arauak jarraitzen eta erabakiak hartzen ikasi behar dutela, beraien arteko errespetua landu behar dutela, aldaketei izugarrizko beldurra dietela eta beraz tentuz jokatu behar dela halakoetan, autonomia eta enpatia garatzeko zailtasun handiak dituztela, emozioak doitzen lagundu behar zaiela… Horren aurrean zer egin behar duen irakasleak? Ikasleari segurtasuna eman, zaintza eskaini eta hari entzuteko irekita dagoela adierazi, esperantza dagoela iragarri, motibatu… Ikastetxe guztietan topatuko dituzu beren burua prestatu duten eta sentsibilitate handia duten irakasle eta orientatzaileak, baina gutxiengoa dira, ez delako sistemaren baitako zerbait, norbere kabuz egindako ibilbidearen emaitza baizik.

“Haurtzaroan adbertsitateak bizi izan dituzten umeen eskolaratze prozesuak ikertzen eta laguntzen” ikastaroak antolatu dituzue EHUn, uztailaren 13tik 15era.
Lasarte: Lehenbiziko egunean, gaia kokatu eta ikerketen berri emango dugu: adbertsitatea edo atxikimendu arazoak daudenean zer egin, harrera eta adopzio familiek nola bizi duten beren haurren eskolaratze prozesua eta hezitzaile sozialak eskolan sartzeko aukera, Zuian aztertzen ari garena –hezitzaile sozialen begirada oso baliagarria litzatekeelako ikastetxeetan–. Bigarren egunean, gaian aditu direnak arituko dira, batez ere psikologoak, eskolaratzeaz, atxikimenduaz eta atxikimendu ezaz, sexu gehiegikeriez… Eta azken eguneko mezua da adbertsitateak baduela irtenbidea, eta irakasle erresilienteak eta hainbat esperientzia ezagutuko ditugu, bai bertakoak, bai Oxford eta Murtziakoak. Gure helburua da deserosoa den gai hau mahai gainean jartzea, denok garelako hein batean erantzule.
Garai: Eta ikastaroa izan dadila eztabaidatzeko eta sinergiak lortzeko foroa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Gipuzkoako Eskola Txikiek “bizirik eta indartsu” daudela erakutsi dute Ezkio-Itsasoko festan

Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.


2025-06-09 | ARGIA
Ordizian eskola segregazioa saihesteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


Eguneraketa berriak daude