"Presa handiak eta urtegi erraldoiak nekazaritzarako ezinbestekoak direla hidromito bat da"

  • Murillotik Aragoi ibaia pasatzen da eta bere uretan murgiltzea maite izan du beti. Amuarraina deitzen zioten txikitan herrian. Ura eta naturarekiko pasioak bultzatuta, hainbat kolektibotan parte hartu du. Orain Urbizirekin ari da lanean eta beste hamahiru talde ekologistarekin Caparrosoko behi makroetxaldearen inguruko eragin handiko informazio kanpaina jarri dute abian.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Belen Ausejo Garriz. Murillo el fruto, aragoi, 1962

Informazio Zientzietan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta ingurumen aktibista. Ibai kudeaketa iraunkorra eta uraren kudeaketa integratua masterra egina du Zaragozako Unibertsitatean. Fundación Nueva Cultura del Agua-Urbizi taldeko kidea da. Urtetan Iruñerriko Mankomunitatean lan egin du hezitzaile moduan eta gaur egun Euskara Teknikaria da Urrotz, Lizoainibar-Arriasgoiti, Izagaondoa, Longida, Urraulbeiti eta Elon. Tafallan 2019an gertatutako uholdeak zirela-eta argitaratuko Hasta aquí llegó la penúltima riada. Las enseñanzas de Zidacos (Altaffaylla, 2019) [Honaino iritsi zen azken-aurreko uholdea. Zidacos-eko irakaspenak] liburu kolektiboan parte hartu zuen.

Caparrosoko makroetxaldeko nagusiek martxoaren bukaeran hamalau kolektibo ekologista deitu zituzten adiskidetze-ekitaldi batera, haien artean Urbizi. Nola dago afera?
Haiek diotenez, iraingarriak eta kalumniazkoak diren adierazpenak egiteagatik hamalau kolektibo deitu gintuzten epaitegira eta, jakina, ez genuen halakorik onartu. Foru-zaingoak, baso zaindariek, Ebroko Konfederazioak eta hainbat entitatek egindako txostenak bildu genituen, besterik ez, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu genituen. Beren irudiari eta negozioari kalte egiten geniela argudiatuta, enpresa haserretu egin zen eta horregatik deitu gaituzte, guk barkamena eskatzeko. Orain urtebeteko epea du Valle de Odieta enpresak gure kontrako kereila kriminal bat jartzeko eta agian eginen dute. Gure artean inork ez du atzera egingo, baina batzuen neke puntua ere sumatzen da. Gure kontrako kereila jartzen badute auskalo zer gerta daitekeen. Agian ondare pertsonalarekin erantzun beharko dugu, baina Europara behin eta berriz jotzeko erabakia hartuta dugu. Europan inon ez daude baimenduak halako makroetxaldeak, Espainiako Estatuan izan ezik. Zalaparta sortu behar da, honen atzetik beste proiektu asko datozelako, besteak beste Noviercasen (Soria, Espainia) egin nahi duten 23.000 behiko etxaldea. Abeltzaintza eredu horrekin ezin da ezer duin eta onik egin eta gainera greenwhasing kanpaina izugarriak egiten dituzte bio-esnea, bio-ongarria ekoizten dutela esanez, ekonomia zirkularra, zero km… kontzeptu horiek maltzurki erabiliz, gezurrak baino ez dituzte esaten.

Soriako proiektu hori aurrera doa?
Dueroko Konfederazioak trabak jarri zizkion, baina gerora amore eman zuen eta orain argi berdea du. Elikadura ez osasuntsua sustatzen ari gara mundu osoan. Hainbeste animalia elkarrekin izatea horren espazio mugatuan arriskutsua da, ankerra izateaz gain. Izurriteak gerta daitezke edozein unetan baldintzak ez direlako osasungarriak eta eri baleude bezala bizi dira, antibiotikoak eta beste medikamentuak janariarekin batera harturik.

Txinan, txerri-izurrite bat izan zuten 2018ko amaieran eta animalien erdia hil egin behar izan zuten. Merkatu hori hornitzeko Europan hamaika etxalde berri zabaldu zen, baina Txinan makroetxaldeak oso azkar ari dira eraikitzen, batzuk hamabi pisutako etxalde erraldoiak, eta, ondorioz, Europako ustiategi berri horien etorkizuna oso ezbaian dago.

Hemendik aurrera legeak animalien gehienezko kopuruak ezartzea adostu dute Nafarroan. Aski da hori?
Ez. 1.250 animalia oraindik gehiegi da eta, gainera, iragarpen horrekin zera gertatzen ari da, proiektu batzuk korrika eta presaka aurkezten ari direla baimena lortzeko, legea onartu eta indarrean sartu baino lehen.

Nafarroan bagenuen aukera gure autonomia eta elikadura subiranotasuna indartzeko eta gerta daitekeen edozein krisialdiren aurrean sendoago eusteko, baina gobernuan ez dute inolako asmorik egungo garapen ereduari trabak jartzeko. Ingurumen Departamentuan Geroa Baiko kontseilaria dugu eta sozial-berdeak direla diote harro, baina nik ez dakit eskuina bera ere ausartuko ote zen egitera hauek lasaitasun osoz egiten ari direna.

Energia berriztagarrien inguruan, adibidez, eguzki plakaz eta haize errotaz ari dira betetzen lur sailak eta mendiak. 50 proiektu baino gehiago daude Nafarroa osoan. Kontsumo propiorako, aldiz, etxean jarri nahi badituzu azpiegiturak, oztopo eta burokrazia piloa aurkitzen duzu. Ergeltzat hartzen gaituzte.

Oro har, gobernuek itxurak egiten dituzte guri sinetsarazteko ingurumenaren alde lanean ari direla, baina erabaki garrantzitsurik ez dute hartzen. Beste adibide bat: plastikozko lastotxoak merkatutik kendu behar zituztela iragartzeko kanpaina handiak egin zituzten. Halako kontu txiki batean dirutza eta denbora gastatu zuten eta gaur egun lastotxoak non-nahi ikusten jarraitzen dugu eta, oro har, plastikoaren erabilera izugarri handitu da.

Zer egin liteke plastikoen erabilera murrizteko?
Jendea eta dendak behartu, toki itxietan eta esparru askotan erretzea debekatu zuten bezala, adibidez. Ontzien lege on bat ezinbestekoa da, debekuak eta arauak goitik jarriak; hiritarrek ezin ditugu gauzak ongi egin ia janari guztia plastikoan bilduta erostera behartuak bagaude. Zaborren kudeaketa erokeria da. Sinetsarazi digute plastikoa erabiltzea higienikoagoa dela. Pandemiarekin argi ikusi dugu hori. Bestalde, badago beste arazo bat: gizartearen mobilizazio eskasa. Gazteek ere ez dute ezer sinesten. Duela 20-25 urte bazen ingurumenarekiko grina, baina aspertu dira eta orain ez dira sartzen afera hauetan.

Argazkia: Dani Blanco
"Ibaiak oparitzen zaizkie elektrizitate enpresa boteretsuei, eraikuntza eta porlan enpresa handiei, nekazaritza industrialari, eta turismo proiektu erraldoiei”

Nola eragiten dio Caparrosoko etxaldeak inguruko lurraren kalitateari?
Eragina itzela da. Han nahasten dituzte ia 7.000 behiren gorotz eta pixak, medikamentuz eta fitosanitarioz beteak, Iruñerriko zabor organikoa eta estatuko hainbat tokitatik ekarritako 49 tipologiako hondakin organikoekin, haien artean araztegien lohiak eta hiltegietako hondarrak. Digestoreetan dena nahasi eta biometanizazio prozesu baten ondoren, gasa eta materia solidoa lortzen dute. Metanoa haien makinen funtzionamendurako baliatzen omen dute eta hondakin solidoak lur sailetan ongarri gisa erabiltzen dituzte, baina ez da ongarria, hortik ateratako ezer ezin delako ona izan. Horrek lurrari ez dio mesederik egiten. Landarea hazteko agian balio du baina lurra pobretzen du epe luzera. Lur nahiko hilak ditugu eta ongarri horiekin ez ditugu aberasten. Argi dago Valle de Odieta enpresakoek nahi dutena egiten dutela. Isunak jarri izan dizkiete lur sail komunaletan kontrol eta baimenik gabe digestato horiek botatzeagatik, baina berdin zaie, isunak ordaintzeko dirua badute. Laguntza eta subentzio aunitz jasotzen dituzte.

Iruñerrian urteak eta urteak daramatzagu pentsatzen gauzak oso ongi egiten direla, baina ez da horrela, bereziki hondakinen kudeaketari dagokionez. Adibiderik argiena hondakin organikoena da. Caparrosora bidali beharrean, inguruko lur sail guztiak ongarritzeko primerako simaurra atera liteke Iruñerrian sei edo zazpi konpostatze gune jarrita.

Eta urari nola eragiten dio Caparrosokoak?
Handik ateratzen den ur zikinak lur-azpiko urak kutsatzen ari dira, Greenpeacek ederki ongi erakutsi zuen bezala, baina hori ez dute onartu nahi. Salaketen aurrean, kutsadura zehaztugabea dela dio foru gobernuak. Nitrato maila handia ageri da akuiferoetan, baina ez dute ikusi nahi. Ez dute lotu nahi Caparrosoko behitegiarekin, baina hori jarri zutenetik kopurua handitu da modu nabarian eta arazoak begi bistakoak dira: Villafranca herrian edaten zuten urak ez du betetzen, jada, gutxieneko kalitatea.
Pedro Arrojo ikertzaileak dio hau dena giza eskubideen aurkako erasoa dela. Villafrancan ezin dute bertako ura edan eta gobernuak ematen dien soluziobide bakarra da Nafarroako ubidetik hartzea, askoz garestiagoa izan arren.

Arazoa ez da soilik ura kanpotik ekarri behar izateak dakarren gastua, baizik eta zaurgarritasuna ere sortzen duela. Ubidean ezer gertatzekotan aho-urik gabe geldituko lirateke. Oso larria da egiten ari direna. Lur azpiko uraren kalitatea berreskuratzea oso zaila da, azaleko urari baino askoz gehiago kostatzen zaiolako.

Ibaiez mintzatzean, Javier Martínez Gil Zaragozako Unibertsitateko hidrogeologoak dio ibaiak lurraren zainak bezalakoak direla, eta horien egoera onari eustea ezinbestekoa dela. Berak ‘fluviofelicidad’ edo erreka-poza kontzeptua erabiltzen du adierazteko gure osasuna, zoriontasuna, lasaitasuna, bizipoza, harreman gozoak... ibaiekin lotuta daudela. Honekin batera ‘hidromitoez’ ere hitz egiten du, hau da, uraren inguruan dauden ideia okerrak: itsasora ailegatzen den ura galdu egiten dela, urtegi gehiago behar direla, ibaiak dragatu…

Hidromito bat da, adibidez, Erriberan ur gutxi dagoela eta horregatik Nafarroako iparraldetik eraman egin behar dela?
Bai. Edota urtegi erraldoiak ezinbestekoak direla nekazaritzarako.

"Paradigma aldaketa behar da: ura, ekonomiarako errekurtsoa baino, denon ondarea dela ulertzea eta hortaz, bidezko kudeaketa exijitu eta bultzatu behar da"

Nafarroako erdialdean eta Erriberan ur gutxi dagoela esatea tontakeria da ibai handienak hortik pasatzen direlako: Ebro, Aragoi, Ega, Arga, Zidakos, Alhama...
Lehorteak eta uholdeak ohikoak dira eta horiek kudeatzen ikasi behar da. Alabaina,  ureztatzaileei eta zentral hidroelektrikoei nahi adina ur ateratzeko eskubidea eman zaie eta gehiegizko erauzketa egiten bada ur sarrera urriak direnean, normala da ur eskasia egotea. Ibaiak haien egoera naturalean ahal bezainbeste mantentzea da urrezko arrautzen oiloa bizirik edukitzea.
Nafarroan, uraren inguruko gatazkak aspalditik datoz. Urbizi plataformaren borroka guztietan azpimarratzen dugu bestelako gobernantza behar dugula, parte hartzailea, gardena eta bidezkoa. Paradigma aldaketa behar da: ura, ekonomiarako errekurtsoa baino, denon ondarea dela ulertzea eta hortaz, bidezko kudeaketa exijitu eta bultzatu behar da.

Nekazaritza asko aldatzen ari da Nafarroan?
Bai. Azken 50 urte hauetan gertatu denari erreparatzen badiogu, zabaldu den nekazaritza eredua guztiz eztabaidagarria da. 1985ean Nafarroan baziren laborantza ureztatuko 65.000 hektarea, eta familia asko hortaz bizi zen. Egun, bikoiztu dira eta gora doaz, nahiz eta nekazari kopurua nabari gutxitu. Nafarroako ubidearen proiektuak aurrera segitzen du, negozio txarra izan arren, denok urte luzez ordaindu beharko dugulako.

Ezin da ukatu XX. mendean ureztatzeko eremuak zabaltzerakoan nekazaritzari eman zioten bultzada, baina argi dago, praktikan, interes pribatuei oparitu egin dizkiegula ibaiak. Gaur egun nekazaritza esku gutxitan dago. Askok haien lurrak ustiapen handien esku utzi behar izan dituzte oso sail txikiak zituztelako eta orain,  ureztatze sisteman diren laguntza eta eskubide guztiekin sartzeko, gutxienez bost hektareatako azalera behar dute. Baldintza horiekin ezinezkoa da gazte askorentzat nekazaritzan sartzea edota familiako lurrekin jarraitzea. Izugarrizko arrakala gertatu da.

Ustiapen handi haietan, kasu askotan, arduradun bakar batek kudeatzen ditu hamaika jabe txikiren lur sailak. Oso plan teknifikatuak, izugarrizko makinaria, lanpostu gutxi eta prekarioak, eta produktu fitosanitario pozoitsu ugari erabiltzen dituzte. Produkzio eta etekin handiena ateratzea da helburua, baina gauzak ez dira errazak: erregaien prezioak, ongarrienak... Sail hauetan ekoizten den gehiena animalien elikadurarako laboreak dira: garia, artoa, garagarra... Ez gizakiok behar dugun elikadura osasuntsurako, ekologikoa alegia.

Berriki sartu diren nekazari eskasak gehienbat ekoizpen ekologikoan ari dira, hor askoz neurri humanoagoak daudelako, baina haiek, adibidez, gehienetan ez dute Nafarroako Ubideko ura hartzeko aukerarik.

Argazkia: Dani Blanco
"Ingurumen Departamentuan Geroa Baiko kontseilaria dugu eta sozial-berdeak direla diote harro, baina nik ez dakit eskuina bera ere ausartuko ote zen egitera hauek lasaitasun osoz egiten ari direna"
 

Zertan da Nafarroako ubidea?
Orain bigarren faseari ekingo diote, Itoizko urak Erriberaraino eramateko. Proiektuaren arabera, ubide irekia izan beharrean, bi tutu handik garraiatuko dute ura. Fase hori justifikatzeko diote ur hornidurarako Erriberako hainbat herritan beharrezkoa dela, eta egia da, baina esaten ez dutena da ura hartzeko erabiltzen ziren putzuak eta iturriak kutsatzen eta lehenagoko azpiegiturak hondatzen utzi dituztela arduragabekeriaz, ubidea ailegatuko zelakoan.

Ibaiak garbitu behar dira uholdeen kalteak txikitzeko?
Jendeak kontrakoa sinetsi arren, errekak garbitzea ez da mesedegarria uholdeak gertatzen direnean. Urak landareen eta zuhaixken oztoporik ez badu, izugarrizko abiada hartzen du. Ibaiari zabaltzeko aukera ematen badiogu, lur sail batzuk hartuko ditu azpian eta indarra hor galduko du, gero bere bidera aske itzultzeko.

Tafallan 2019ko uztailean Zidakos ibaian gertatu zenak argi utzi zuen arazoa ez dela ibaiak ez garbitzea, ibaiertzean egiten dugun okupazioan eta oro har lurralde antolamenduan baizik. Zidakos arroa oso zabala da eta ur asko erori zen oso denbora gutxian. Aspalditik euririk egin gabe, azaleko buztina geruza iragazgaitz bihurtu zen eta gainera inoiz baino hesi zurrun gehiago topatu zuen urak. Garai batean baratzeen artean zeuden seto edo landare hesiak, orain porlanezko murruak dira; etxolatxoak zirenak orain etxe puskak dira; lehen lurra zegoen tokietan orain baldosa eta porlanezko zoruak daude, ura xurgatzen uzten ez dutenak… Domino efektua gertatu zen. Orbaibarretik ura indar handiz etorri zen, gero eta abiada handiagoa hartuz. Dena herrestan eramaten zuen, baita traktore handiak ere, eta metraila bezala jaurtitzen zituen materialak.

Jendea berehala hasi zen kexuka Ebroko Ur Konfederazioak ibaiak garbi ditzala eskatuz, baina kontrakoa egin behar da: utzi ibaia bere baitan antolatzen. Konfederazioan garbiketa mota hori, dragatzea hain zuzen, ez dela ona jakin arren, kasu egiten diete; gainera, ibilguan ziren oztopoak eraitsi beharrean, berriro eraikitzeari ekin zioten buru-belarri. Urbizi eta beste kolektibo askoren iritziz, zaborra kendu behar dugu ibaiertzetik, baina, horrez aparte, baita eraikinak eta azpiegiturak ere, ahalik eta gehien, bestela, hurrengo uholdeetan berdin gertatuko zaigu eta.

 


ASTEKARIA
2022ko ekainaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibaiak
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-02-12 | Estitxu Eizagirre
“Ta argiya iñ zan” emanaldia
Energiaren dilemak Urumea ibai barrutik

Ibai ondoan bizi dira Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea. Zentral hidroelektrikoekiko jakinminari tiraka hasita ikerketa eta zinema uztartzen dituen arte esperientzia prestatzen ari dira, Hernaniko Sormen Bekari esker: arte ikerketa honetan, harremanetan... [+]


Eguneraketa berriak daude