"Bageneukan iparra, baina beste jira bat ematera ausartu gara etengabean"

  • Duela hogei urte Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreran egondako bat –Edurne Epelde Pagola–, berriki kide egindako bat –Oihane Landazabal Bernabeu– eta bi hamarkadako ibilbidearen erdian kolektibo horretara sarturiko bat –Amaia Zufia Erdozain–. Hiruak juntatu ditugu eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren hogei urteak estakuru harturik solasari lotu gara: egindako bidea, geroari begira jarritako erronkak eta xedeak, eta gaur egun dituzten gogoeta zein egitasmoak. Ukan dugu zer aipatua. Pertsonalaren eta kolektiboaren artean joan-jinka, ibilbide eta gogoeta kolektiboak eta pertsonalak uztartuz hitz egin digute.

Oihane Landazabal Bernabeu (ezkerrean) eta Edurne Epelde Pagola (eskuinean), ordenagailu bidez konektaturik dagoela Amaia Zufia Erdozain.
Dani Blanco

Noiz eta nola hasi zineten Euskal Herriko Bilgune Feministan militatzen?

Edurne Epelde: 2001ean hasi nintzen, Euskal Herriko Bilgune Feminista (BF) sortu aurretik Leitzan egindako emakume abertzale eta feministen Topaketekin. Bi lagunek –beraien artean nire ustez loturarik ez zutenak– proposamena luzatu zidaten, azalduz bazegoela eragile bat sortzeko asmoa. Zarauzko Sorginak emakume taldean militatzen nuen, eta entzundako horrekin berehala sentitu nuen horretan egon nahia. Ilusio handia sortzen zidan Euskal Herri mailan pentsatzeak eta eragiteak. Behar beharrezkoa ikusten nuen, garai hartako nire bizipena zelako feminismoa ez zela batere ongi etorria, ez zela asko aipatua eta bigarren mailako borroka bat zela.
Amaia Zufia: Ni hasi nintzen 2014an, Ondarroako Topaketak baino pixka bat lehenago. Bertan aurkeztu genuen burujabetza feministaren proposamena. Ni gehiago nentorren gazte mugimendutik eta azkeneko urteetan feminismoarekin topo egin nuen. Niretzat inflexio puntu handia izan zen 2012ko Leitzako Topaketena: hor ikasi nuen guztia, egin genuen parranda… Ondotik etorri ziren gazte mugimenduaren topaketa batzuk, lan-taldea sortu genuen, harremantzeko moduez eta militantzia ereduaz gogoetatzeko, eta ni feminismotik ari nintzen batez ere. Orduan jaso nuen BFn sartzeko proposamena. Animatu nintzen, iruditzen zitzaidalako nik landutako bide guztiek bat egiten ahal zutela BFrekin –bai pertsonalki baita maila kolektiboan ere– .
Oihane Landazabal: Ni iaz sartu nintzen. Nire militantzia feminismoan ez da BFn hasi, Euskal Herriko Neska Gazteen mugimendutik nator. Topaketa ezberdinetan parte hartu izan dut, gogoratzen dut Ondarroakoa izan zela lehenengokoa, beraz nahiko gaztetik, oso hartzaile eta ikusle posiziotik. BF erreferentzia bat izan da beti, eta gazte zikloa bukatuta oso modu naturalean sartu naiz. Euskal Herriarentzako eta Euskal Herritik, euskaraz eta euskaratik prozesu feminista bat irudikatzen duen antolakundea da eta nire ekarpena hor irudikatzen dut.

2001ean plazaratu “Berdintasunean oinarritutako Euskal Herria sortzera goaz” ekimenean oinarriturik sortu zenuten BF urte bat berantago. Zein ziren arrazoiak eta zein zen garaiko giroa?

E. Epelde: Giroarena garrantzitsua da. Uste dut garai hartan nazio eraikuntzaren ideia, ideologia eta egin-nahia nagusitzen zela militantzian edo nazio askapen mugimenduan geunden pertsonetan. Politikoki oso garai nahasia oroitzen dut: gatazka politiko armatua oso bizirik, nahiz eta aurreko hamarkadetan ere, baina 2000ko hamarkadan gori-gori zegoen; ilegalizazio prozesua orduan hasi zen, eta horrek zekartzan militante askoren atxiloketak, izuak, erantzunak, baina aldi berean eraiki nahia ere. BFren sorrera hor kokatzen dut guztiz: herri bat –berdintasunaren oinarriak izango dituen herri bat– eraiki nahia. Egizanek bere ibilbidea etetea erabaki zuen, ezker abertzaleak barne prozesu feminista bat eraiki zuen... Giro horretan 2001eko martxoan beren burua feminista eta abertzale gisa izendatzen zuten txoko ezberdinetako hainbat emakume batu ziren, berdintasunean oinarrituriko Euskal Herri bat sortzeko nahia erdiratuz. Lehenengo topaketa abertzale eta feministak antolatu ziren Leitzan. Saretze lan garrantzitsu bat hasi zen. Eremuz eremu diagnostiko bat egitea proposatu zen eta diagnostiko horretan baieztatu zen eragile baten beharra.
Orokorrean desertu moduko bat zen feminismoaren aldarria: giroan ez zen beharrik somatzen; mugimendu feminista 1994an elkartu zen azkenengo aldiz; baziren aliantza txikiak –alardeari lotuak edo Emakumeen Mundu Martxaren plataforma ere orduan sortu zen–, baina asanbladak ez zeuden oso azkar; gainontzeko borroka kolektiboetan eta nazio askapen prozesuan feminismoa bigarren mailakoa zen... Akuilu lanak egingo zituen eragile bat behar zen eta nik hortik oroitzen dut sortu genuela. Ezberdin egin beharra sentitzen genuen, ezin genuelako ordura arteko herri askapen mugimenduaren militantzia ereduaren baitan egin; baina aldi berean ez genekien nola egin, zeren gu ere eskola horretakoak ginen [irria]. Kuriosoa da elkartu ginela nazio askapen mugimenduan zeudenak eta emakume taldeetan edo talde feministetan gehiago egon ginenok. Egiteko moduetan talka bat ere bazegoen gure artean, eta horiek mahai gainean jartzen hasi ginen.

Oihane, 8 urterekin zuk nekez, baina Amaia, zuk gogoratzen duzu hasiera?

A. Zufia: Ez dut gogoratzen sorrera, 12 urtetxo nituen. Institutu garaian, ordea, gogoratzen dut herri mugimenduan zegoen erreferente feminista euskaldun gisa. Feminismoan debate asko egon dira eta gure hitzekin eta gure kontestura ekarrita zer erran nahi duten ulertzeko erreferentea izan da. Hortik haratago, errango nuke nire nerabezaroan eta gaztaroan itsasargi bat zela beti, pertsonalki genituen hainbat korapiloren inguruan mamia eta elikadura lortzeko, direla sexualitatea, erasoa, edota plazera.
E. Epelde: Zufik [Amaiak] dioenean beretzat iturri bat izan zela, harrotasuna sentitzeaz aparte, esaten dut “jo, gure garaian iturri feministak zein ziren?”. Oso guti ziren. Teoria feminista edo queer teoria bazeuden baina ez zeuden Euskal Herriratuak, euskaratuak… 2015etik aurrera feminismoaren inguruan euskaraz publikatu da pila bat, baina ordura arte euskaraz feminismoaren inguruan ez zen ia ezer publikatu. Guk txostenak asko atera ditugu [irria], horretan ados nago eta lanerako eta eztabaidatzeko materiala bagenuen. Baina argitalpen formalak… garai batean ez genuen Lisipe, txostenak genituen. Eztabaida horiek ez ziren gurera iritsiak. Hasiera hartan gure logika ez zen burujabetzarena, gurea eskubideen aitortza zen: herri honetan emakumeok populazioaren erdia gara eta geure eskubideen aitortza ezinbestekoa da. Horrek bere momentuan eman zigun lan ildo oparo bat, gero erabat agortu zena, baina jarri gintuena batetik 2007an kaleratu zen Euskal Emakumeen Eskubideen Kartarekin eta horren aurretik tesituran –zer dira eskubideak? Zer da herritartasuna? Zer da pribatua?–. “Pertsonala politikoa da”, hori gaur egun denok diogu, baina orduan ez zen modu formalean feminismoaz ikasten. Gu hor ginen eta gure artean ahal zena egiten genuen.
O. Landazabal: Ez daukat oroitzapenik, baina pentsatzen dut eskatu zizuela feminismoan murgiltzeaz gain –oinarriak, korronteak eta eztabaidak bereganatzea–, feminismoa erdiguneratu beharra ere. Horrek suposatuko zuen sekulako tentsioa, izerdia eta lan itzela –are gehiago, bazegoelako guzti hori euskal eskala batean kokatzeko ardura–.

"BFren sorrera hor kokatzen dut: herri bat –berdintasunaren oinarriak dituen herri bat– eraiki nahian"
Edurne Epelde

E. Epelde: Zentzu horretan gure presentzia desatsegina zen, tentsio handiko momentuak izan ziren. Azkenean, iristen ginelako beti gure asteriskoarekin –“atal hau ez duzue sartu”, “berdintasun ikuspegitik hau eta hura”, “emakume militanteak badaude kolektiboetako eremu mistoetan?”–. Interpelazioaren eta elkarlanaren arteko dantza bat zen. Intentsitate handikoa izan zen, baina aldi berean, geroz eta konbentzitu gehiago ginen, eta pixkanaka gu egon gabe ere eragileetan zeuden feministak hasi ziren lan hori egiten. Sare hori harilkatu zen. Hori zen ideia: emakume feminista guztiak bilduko zituen bilgune bat izatea. Ez zen feminismoaren txapel burubakarra bihurtu, beharbada momentu horretan horrela irudikatu genuen, baina ez zen horrela izan.

Nola egin da bidea? Abiadura handian? Nekez eta ahal bezala? Pauso bat aurrera eta lau atzera?

E. Epelde: Ez daukat aurrera eta gero atzera ginenaren oroitzapenik. Daukat sentsazioa emandako pausoak sendoak izan direla. Gure errealitatean genituen beharrei erantzuten joan gara, onartuz hasierako anbizio politikoa oso handia zela –eskubideen karta osatu, bermea emango zion emakume kontseilu bat...–. Bageneukan iparra eta bueno, joan gara onartzen momentu bakoitzean non geunden, ipar hori eraldatzera ere ausartu gara, beste jira bat ematera ausartu gara etengabe. Orduko kokalekutik eta girotik ez nuen inoiz imajinatuko gaurkoa posible izango zenik. Teoria feminista hasi denean herriratzen, BFk egin du etengabeko ariketa, iturri horiek gureratzeko eta uste dut asmatu dugula aktualitatean zeuden behar eta nahiei pausoz pauso erantzuten. Herrietako emakumeen taldeetan euskara izan da tresna bat, baina aliantzen garaian BFk apustu sendoa egin zuen euskaraz sortzeko eta izendatzeko feminismoa. Agian batzuk ez dira aitortzen ausartuko, baina ni bai: guk jarritako oinarri horrek posible egin du feminismoa ere euskaraz ekoiztea.

Beste zer nabarmenduko zenukete hogei urte horiei dagokionez?

A. Zufia: Igual hasiera batean irudikatzen zen eremuz eremukako feministak saretuko zituen BF bat, baina gero praktikak eraman gintuen herrietan antolatzera. Herrietan gertatzen da bizitza: gertuko prozesuak, aliantzak, indarkeriaren aurkako protokoloen aktibazioa... Herrien artean izan dira ibilbide oso ezberdinak, jatorri eta ildo ezberdinetako militanteak batu dira. Esango nuke familia asko gaudela BFren barruan, eta niretzat, guztien batuketak du BF hain interesgarri egiten.
Bestalde, 2009an egon zen inflexio puntu oso inportantea. Tolosako Topaketetan sartu ginen identitateen eta subjektu feministaren eztabaidan. Garrantzitsua izan zen hor egondako irekiera eta nork bere leihoak zabaldu izana, beste diskurtso eta praktika batzuetatik ikasteko eta igual ezezaguna zen horri beldurra kentzeko. Hein handi batean horrek eta prozesuak zein jendea zaintzean oinarrituriko militantzia ereduak ekarri gaituzte honaino –eragile politiko eta sozial askorentzat mintzakide izateraino eta mugimendu feministan aliantza pila bat izateraino–.
E. Epelde: 2014an burujabetza feministaz, trantsizio feministaz hitz egiten hasten garenean badago gure irakurketetan aldaketa bat: lurraldearen eta gorputzaren burujabetza aldarrikatzearekin salto bat ematen da, Zufik [Amaiak] nabarmenduriko Tolosako Topaketei guztiz lotuta. Garapen logiko baten barruan ematen da bidea, ondotik zaintza, autodefentsa edota osatze feministarekin egin dugun ibilbide luzearekin osatutakoa.
O. Landazabal: Nik jaso dut BF bat politikoki eta ideologikoki oso jantzia, oso proposamen sendoekin. Zuek ezagutzen dituzue tripak, zelan heldu zareten honaino, baina egia da gaur egun antolakunde esanguratsua dela, eta Amaiak esaten duen bezala, bada nor eta bada eragiten duen agente bat. Belaunaldi berriak feminismotik politizatzen ari diren honetan, olatu hori hartzeko gai izan gara, eta asmatu dugu. Herriz herri mugimendu feminista hauspotzen ari gara.
E. Epelde: Guztiz lotuta daude Euskal Herri mailako BF eta herri mailako dinamikak, noski, baina BF asko daude BFren barruan. Herri mailan aliantzak eta koordinadorak eutsi ditugu, belaunaldi eta kolektibo ezberdinetakoekin, diskurtsoetan adostasunak bilatzeko ahaleginak egin ditugu. Oso aberatsa izan da eta eutsi ditugu Martxoaren 8ak, Azaroaren 25ak, Ekainaren 28ak. Eta askotan ez gure izenean.

Bilgunea eta aliantzak, bien arteko oreka bilatzen.

E. Epelde: Hori ere hausnartu izan dugu, eta egia da askotan utzi dugula alde batera BFren abizena, aliantza errealago batekin amesten dugulako. Uste dut horrela planteatzearekin asmatu dugula.
O. Landazabal: Estrategikoki aliantza zabal baten beharra ikusirik, gure inbertsio guztiak bideratu ditugu horretara. Horretan sinesten dugulako. Baina egia da desoreka txikiren bat noizbehinka egitea ondo legokeela: asko gara esatekoak ezkutuko lanak ikusarazi behar direla… a zer ezkutuko lana egiten den BFtik! Tarteka, lehentasunak zeintzuk diren jakinda, horri leku bat ematea eta aitortza eskaintzea garrantzitsua da… baina ez dakigu bestea bezainbeste egiten.
A. Zufia: Txanpon horren beste aldea da agian BFren espazioak ez ditugula horrenbeste zaindu. Greba orokor bat, gero Martxoak 8, gero Azaroak 25, gero dator abortuaren ez dakit zer… intentsitatea hain da handia! Orduan, noski, seguruenik ez ditugu horrenbeste zaindu BFko hitzordu batzuk edo ongi pasatzeko osagaiak. Agian jende berria erakartzeko momentuan ez da hain militantzia erakargarria. Askotan feminismoan bilatzen ditugu espazioak hazkuntza pertsonalerako eta gure tribua osatzeko. Alde batera edo bestera desorekatzen da… alta, oreka horretan dago gakoa.

"Familia asko gaude BFren barruan eta guztien batuketak du BF hain interesgarri egiten"
Amaia Zufia

E. Epelde: Desoreka horretaz kontziente, gogoan dut Ondarroako Topaketetan esan genuela “goazen BF goxatzera!”.
Irakurketa intersekzionala dauka BFak. Araka ditzagun gure bazterrak, kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat liburua atera berri duzue Emagin-eko lagunekin. Nola doa abiaturiko prozesu dekoloniala?
A. Zufia: Liburuan hitz egiten dugu izan ditugun klak egoera pertsonal eta kolektiboen inguruan. Zein deserosotasun, zein hazkura, zein haserre sentitu ditugun, zein interpelazio jaso dugun, baita zer nolako eskuzabaltasuna militantzia kide batzuen partetik ere… Urteetako bidea izan da, besteak beste, Euskal Herriko Mundu Martxan edo Mujeres del Mundo elkartearen eskutik urratu duguna. Beste klak kolektibo handi-handi bat izan zen Durangoko Salda Badago-ko mahai-inguru dekolonialekoa. Hainbat galdera planteatu dizkiogu geure buruari: emakume euskaldun eta zuri moduan zein da arrazakeriaren aurkako borrokan hartu nahi dugun papera? Zein da guri ez dagokiguna? Zer nolako zubiak eraikiko ditugu emakume migratzaile eta arrazializatuekin? Zein agenda feminista eta antiarrazista euskaldun artikulatu behar dugu? Zein dira erreproduzitzen ditugun jarrera arrazistak? Guk zein pribilegio dauzkagu? Nola zabaldu euskara eta euskal herrigintza kide migratuei?
E. Epelde: Modernitate zuriaren herritartasun ereduaren sorreran euskaldunok zein paper izan genuen, zer nolako konplizitatea daukagun kolonizazioan eta neokolonizazioan...
O. Landazabal: Kolonizazio prozesuen irakurketa arduratsua egitea dagokigu, bai, begirada gaurkotzea. Gertatzen dena da, eta egin dugun barne prozesuan zintzotasunez atera da, kulturalki eta hizkuntzaren aldetik herri zapaldua izanik, nolabait behar dugula “gureaz” ere kontakizun partekatu bat eraiki. Mundu globalizatu honetan estaturik gabeko nazioa eta hizkuntza gutxitua izate hutsa biziraute ariketa bat da, eta uste dut hor gotortzen garela. Normala izango da… Gakoetako bat elkarrekiko aitortzan eta enpatian dago, nik uste. Egia da mugitzen gaituen gai bat dela, baina atea zabaldu dugu eta hori ere bada erabaki ausarta, agenda politikoan eta lehentasunetan jartzea.
A. Zufia: Subjektu anitz baten alde egin dugu, ez subjektu bakar eta homogeneo baten alde, azkenean errealitatea oso anitza delako. Esango nuke hori dela feminismoak daukan potentzialtasun handiena. Batzuetan zailtasuna ere badena, ez delako erraza diferentzia kudeatzea, elkar entzutea eta elkar aitortzea. Gure arteko bereizkeria egoerak ezkutatu gabe, borrokarako espazioak ahalbidetzea, hori da daukagun helburu handienetarikoa.
E. Epelde: BFk beti eduki du bazterreko kolektiboei ahotsa ematearen obsesioa. Jatorri askotariko emakumeekin ere beti egin da saiakera handia elkarlanerako eta harreman konplizeak eta aliantza politak sortu ditugu. Gogoratzen naiz behin eta berriz ateratzen zela etxeko langileen gaia. Etxeko langileen elkartekoen eskaera etengabea zen guk lehen lerroan ezartzea beraien borroka. Ez genuen egiten eta joaten zen atzeratzen. Zergatik? Gutako inor ez zelako etxeko langilea? Gutako guti izan den bezala emakume baserritar edo trans… Beti eduki dugu kolektibo horiekin harremana, baina beti lehenetsi izan ditugu gehien hunkitzen gintuzten gaiak. Kanpoko exijentziak eta interpelazioak handituz joan dira, eta hortik egin gabe genuen ariketa hori egiten jarri gara. Horrek jartzen gaitu egoera batean zeinetan gatazkak kudeatzeko gaitasunak lantzea dagokigun. Ez dugu beste aukerarik. Sentitzen dut pribilegioen auzi honetan askotan lehertzen direla gauzak modu erasokorrean eta lanketa hori egiteke dugu.
O. Landazabal: Gai izan bagara Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruko begirada berriak feminismotik txertatzeko, izan behar gara gai egoera gatazkatsu oro beste modu eta toki batetik lantzeko.
E. Epelde: Aldi berean gatazkarik gabe ez dira gauzak aldatzen. Dekolonialitatearen auziari dagokionez asko enpatizatzen dut, espazio mistoekin guk esaten genituenak guri aurpegiratzen dizkigutelako orain. Garaian pentsatzen genuen batzuetan gatazkak lehertu behar zuela, deserosoa ez deino ez delako ezer aldatzen.

"Askotan utzi dugu alde batera BFren abizena, aliantza errealago batekin amesten dugulako"
Edurne Epelde

Emakumetik emakume*-ra, eta Oñatirako deia emakume, bollera eta trans-ei. Feminismoaren subjektuari buruzko gogoeta ere nabari da.

E. Epelde: 2009 inguruan –Euskal Herrian transfeminismoa sortu zen garai berean– “sexualitate lan taldea” sortu genuen. Lan-taldearen ibilbidean bi dokumentu interesgarri kaleratu ditugu: Sexualitatearen Eztabaida 2013an, sexu/genero bitartasuna ezbaian jartzen duena eta Transexualitateak 2018an, koadernoa, hezitzaileei eta militanteei begirakoa. Nire ustez, emakumeen kategoriaz gain eta harago, beste identitate eta izendatze batzuk plazaratzeko ahaleginean ari gara. Izan ere, kide batzuk ez dira emakume kategorian hain eroso sentitzen, eta beste batzuk oraindik orain beharrezkoa dela sentitzen dugu. Eztabaida interesgarri batean murgildurik gaude, momentuz galdera gehiago ditugu erantzun eta formula egokiak baino.
O. Landazabal: Hala da. Mugimendu feminista anitza dela esan dugu aurretik, subjektu poliedrikoa osatzen ari gara. Horrek gorputz, sexualitate eta identitate ez hegemonikoei begira jartzea ere eskatzen du. Egia da diskurtsoetan eta izendapenetan txertatzen ari garela, eta garrantzitsua da, errealitate berriak sortzen dituelako. Baina oraindik ere gure mugimenduan eta praktiketan islatzea falta da, militantzia espazioak berrantolatu eta eraldatu behar ditugu, denontzat bizigarriak izan arte.

Ikuspegi intersekzionala eta klase ikuspegia. Auzi horrek berriz lekua hartu du. Nola begiratzen diozue eztabaida horri?

E. Epelde: Munstro buru anizdunaren ideia azpimarratzen dugu Lisipe liburuan: eraitsi nahi dugun etsaia munstro bat da, buru anizduna. Munstro hori denontzat bera da, gero berari begiratzen diogunean bakoitzak bere interpretazioa egiten du, eraldaketarako prozesua bere modura izendatzen du. Borroka subjektuaren inguruan eztabaida nagusitu da eta ez zait gustatzen gure arteko etsaitasuna, zeren irakurketa ezberdina izan arren, eraldatu nahi dugun gizartea bera da, ezta? Gainera, herri berean bizi gara, beraz, elkarrekin zerbait egin dezakegula uste dut. Irakurketak, moduak, ulermenak ongi etorri denak –gainera, duela 40 baita 20 urte ere bizi izan genituen horrelako eztabaidak, ez da berria eta elkarrekin bizi izandu gara–.
A. Zufia: Uste dut batzuetan sortzen dela dikotomia bat, faltsua dena. Alde batetik dago identitateen mundua eta bestetik dago mundu materiala. Identitateez, heteroarauaz, binarismoaz, transexualitateaz hitz egitea kasik zerbait biguna bezala ikusia da, neoliberalismoak erraz asumitu dezakeen zerbait bezala. Hain da faltsua hori! Erabat lotuak daude biak: aitortua izatea, nor izatea, hori dugu esplotazio egoerei aurre egiteko oinarrizko baldintza. Zentzu horretan feminismoak zabaldu du ezkerreko subjektu hegemoniko monolitiko hori, dominazio sistema oso anitza dela ohartaraziz. Munstro horrek buru ezberdinak ditu eta segun nori, kolpatzen dio gogorrago ala gutxiago. Orduan, subjektua ere anitza da, subjektu identitate ezberdinak daude eta saretu beharko ditugu, zapalkuntza egoera ezberdinak elkar gurutzatzen direlako. Trintxerak baino gehiago, bilatu behar ditugu borroka komunak artikulatzeko helburuak, bilatu behar ditugu palankak. Uste dut asko daudela berez, baina…
O. Landazabal: Aldatu dira kapitalismoak dituen esklabutza formak eta zapalkuntza moduak, eta horrek erantzun eta logika berriak eskatzen ditu. Sistemaren ertz guztietatik borrokatu behar gara, zapalkuntzak era artikulatuan ulertuz. Eta horrek, langile borroka eraberritu bat behar du, subjektu askatzaile komun baina anitz batek gidatuko duena.

"Sistemaren ertz guztietatik borrokatu behar gara, zapalkuntzak era artikulatuan ulertuz"
Oihane Landazabal

E. Epelde: BF bizi baldintza materialak erreklamatzen aritu da beti eta aldarrikapen horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira. Badirudi pixka bat despistatuta gaudela eztabaida teoriko zenbaitetan, kalean aldarrikatzen egon beharrean. Bizi baldintza materialen alde borrokatzeko garaia da, eta badirudi oraindik badaukagula zer galdua, zeren bestela ez ginen gauden tokian egongo. Ez gaude oraindik kalean baina hori badator, eta uste dut hor bat egingo dugula, ez zaigulako besterik geldituko. Ikuspegi materialista hori beti eduki dugu BFn –adibidez Duintasunen premisak dokumentuan 2009an–.
O. Landazabal: Gehituko nuke, feminismotik ere ari garela bizitzak sostengatzeko guzti horri begiratzen eta aitortza egiten, lanaren ikuspegi integral bat planteatuz. “Bizitza versus kapitala” binomioaren logika mahai gainean jartzearekin asmatu dugula uste dut.

Geroari begira jarri gaitezen. Nolakoa nahi zenukete BF eta mugimendu feminista hemendik 20 urtera?

A. Zufia: Ni hasiko naiz brindis al sol [“eguzkitan topa”] bat egiten [irria]. Irudikatzen dut BF elkartuko dena balorazio bat egiteko euskal zaintza publiko komunitarioaren lorpenaz; atzerritartasun legea atzera bota izanaz; azkeneko preso politikoa herriratu izanaren ospakizunaz eta horren kontakizunean irakurketa feminista txertatu izanaz; euskal hezkuntza sisteman publikoa eta burujabea hobetzeko proposamenaz; gorputza eta sexualitatearen inguruko begirada ez-binarioa eta harreman askatzaileagoak zabaldu izanaz; trans lege euskaldun bat lortu izanaz; euskara bermatzeko baliabideak eskuratu izanaz...
E. Epelde: Gustatu zait ametsa, begiak itxi eta bat egin dut!
O. Landazabal: Ez dakit hain baikor, baina, bai bestelako estadio batean eta agertoki berriekin irudikatzen dudala. Duela hogei urte ziurrenik ez genuen imajinatuko sistema publiko komunitario baten beharra eta horri begirako bide-orria erdigunean jartzen egongo ginenik. Uste dut premisa horretatik egin beharko genukeela ariketa. Erabaki politikoak baldintzatuko dituen BF bat datorkit burura, Euskal Herri burujabe eta feminista baten bidean, herri honi erronka berriak planteatuko dizkiona, eta mugimendu feministarekin batera eztabaida eta norabide berri horiek lideratuko dituena.
A. Zufia: Gehituko nuke irudikatzen dudala antolatzen, elkar zaintzen, elkarrekin gozatzen eta borrokatzen dakien komunitate politiko eta afektibo bat egongo dela hor, edozein izen duela ere.
O. Landazabal: Zalantzarik gabe esan dezaket egon egongo dela lekukoa hartuko duenik, eta horrek ematen digu etorkizun hurbila anbizioz irudikatzeko aukera. Indartsua den BF bat daukagu, kualitatiboki herri honetan pisu handia duena.

Topaketa Feministak dituzue laster Oñatin. Zer nolako momentua izanen da zuentzat?

O. Landazabal: Izan behar du bereziki-bereziki-bereziki ospatzeko momentu bat. Gozatzeko, elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko. Egindakoa balioan jarri, eta aurrerantzean ditugun erronkei kementsu heltzeko balio behar dute topaketek. Eta, noski, BFren sarea indartzeko ere bai!
A. Zufia: Kontatu zigutenez, hasierako urteetako lorpen handienetakoa izan zen parrandak egitea eta ongi pasatzeko espazioak izatea BFn. Hori ere politikoa da. Hor sortzen dira harreman afektiboak, ligeak eta denetarik, eta horretarako ere militatzen dugu. Orduan uste dut topaketa horiek direla hasierako lorpen horien eztanda bat. Eztandak dardara gaitzala! [irria].
E. Epelde: Bat egiten dut. Niretzat berezia da, BFk ez duelako inoiz antolatu horrelako festa handi bat eta ausartu delako ospakizun itxurako ekimen bat lehenesten. Merezi dugulako. Amesten ari bagara komunitate bat zeinetan gure harreman afektiboak eta gure gorputzak burujabe izango diren, orduan praktikan jarri behar dugu. Izango da praktika handi bat elkartzeko, topatzeko, ligatzeko… Adin desberdinetako emakumeak elkartzeko topaketa ere izango da, niretzat hori garrantzitsua da. Oñatin antolatzeko apustua ere ausarta da. Kuriosoa da BFk beti hautatu izan dituela herriak. Elkartuta eta batuta egon behar dugu, bizitzen ari garen garaiak ez direlako errazak zentzu askotan. Elkar begiratzeko tarteak eskainiko dizkiguten espazioak inoiz baino beharrezkoagoak ditugu, kolektiboa aldarrikatzea inoiz baino beharrezkoagoa dugu. Feminismoan ere nominalizazio asko dago –eta behar dira–, baina feminismoa modu kolektiboan egin daitekeenaren adibide handi bat da BF. Horren adierazle izango da asteburu hori.

Duela hogei urte, 2002ko apirilaren 20an Donostiatik eman zioten hasiera Euskal Herriko Bilgune Feministari:

(Argazkia: Foku, Andoni Canellada)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bilgune Feminista
2023-05-30 | Leire Artola Arin
Gorputzen Burujabetza topaketa antolatu du lehen aldiz Bilgune Feministak ekainaren 10ean

Donostian egun osoko egitaraua prestatu dute 20. urteurrenean sakondu zuten “gorputza politikoa da” ildoari jarraitzeko. Gorputzen burujabetzari lotutako hitzaldi eta mahai-inguruak egongo dira, baita film laburrak ere. Jule Goikoetxea, Mijo Lizarzaburu, Mer Gomez... [+]


IRITZIA
Grebara!

Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publikoaren aldeko greba bat iragarri zuen udazkenerako, zaintzak ezin baitu negozioa izaten jarraitu. Orain, kalez kale, auzoetan, herrietan, artikulatu behar da greba horretan burutuko den mugimendua... [+]


Euskal Herriko Bilgune Feministak 20 urte
"Bageneukan iparra, baina beste jira bat ematera ausartu gara etengabean"

Duela hogei urte Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreran egondako bat –Edurne Epelde Pagola–, berriki kide egindako bat –Oihane Landazabal Bernabeu– eta bi hamarkadako ibilbidearen erdian kolektibo horretara sarturiko bat –Amaia Zufia... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Asteburuan Bilgune Feministaren urteurrena ospatu dute Oñatiko topagunean

‘Eztandak dardara gaitzala’ lemapean egin dute Euskal Herriko Topagune Feminista, ekainaren 11n eta 12an. Bilgune Feministaren sarea indartzea helburu, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin dituzte asteburuan, baina batez ere ospakizunari eman diote garrantzia: 20... [+]


2022-04-25
Topaketak antolatu ditu Bilgune Feministak ekainaren 11n eta 12an Oñatin: 20 urtez paradisuak erretzen

Duela 20 urte, 2002ko apirilean, sortu zuten Euskal Herriko Bilgune Feminista. Urteurrenaren testuinguruan, Topagune Feminista egingo dute ekainaren 11n eta 12an Oñatin, Eztandak dardara gaitzala lemapean.


Eguneraketa berriak daude