COVID-19 pandemiak eragindako egoera dela eta, aurrez aurre edo streaming bidez jarraitu ahal izango dira ekitaldiko hitzaldi eta tailerrak. Azaroaren 22a arte iraunen du izena emateko tarteak.
Ireki da dagoeneko abenduaren 12an Oreretan izango diren Emakume Abertzaleon VIII.Topaketa Feministetan izena emateko tartea. Aurten, "Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean" lemapean egingo dituzte topaketak. Aurrez osatutako egitaraua bere horretan geratzen den arren –bazkaria ezik–, antolatzaileek ezin dute aurrez aurreko formatua ziurtatu, eta horregatik, izena ematerakoan streaming bideko aukera ere planteatzen dute.
Horra hor eguneko egitaraua:
09:30-10:30: Izen-ematea eta harrera
10:30-12:30: Mahai-inguru nagusia: "Hizkuntza, arraza eta nazio zapalkuntzen arteko elkarguneetan arakatu"
13:00-14:30: Eztabaidan sakontzeko dinamika parte-hartzailea lan taldeetan
17:00etatik aurrera: Tailer, eztabaida eta hitzaldi ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dugu: territorioaren defentsa, euskararen inguruko hausnarketak, gure iraganaren hausnarketak, gure arrazakeria biluzteko praktikak, internazionalismoa, gorputzak eta desirak, transnazionalak...
19:30: Bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo dugu Herriko plazan
Pandemiak ahalbidetzen duen neurrian, aurrez aurreko jardunaldiak lehenetsiko dituztela adierazi du Bilgune Feministak, beharrezko babes-neurriak bermatuko dituztela jakinaraziz: "Osasun neurriak, segurtasun distantzia eta aforoak zainduko ditugu". Egoerak ez badu ahalbidetzen, streaming bidezko topaketak soilik egin beharko dituztela zehaztu dute. Presentzialean zein streaming bidez, bono berdina ordainduko da.
Inskripzioa burutzean, emailera QR kode bat helduko zaio interesatuari eta hori izango du sarrera, abenduaren 12an paperean edo digitalean eraman beharko duena.
Emakume* abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan
— Bilgune Feminista (@ehbfeminista) November 2, 2020
izena emateko epea zabalik webgunean! 👇👇👇https://t.co/lKIewgPddM pic.twitter.com/e7m0x6sHOS
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!