Bikaintasuna soiltasunean

Verdiren Rigoletto opera. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: maiatzaren 14a. Excelentia Vocal Ensemble. Santa Cecilia Orkestra Klasikoa. Zuzendaria: Gregorz Nowak. Bakarlariak: Letitia Vitelaru (sopranoa), Luis Gomes (tenorea), Gyula Nagy (baritonoa), Francisco Santiago (baxua), Danilela Vladimirova (mezzoa). Taularatzea: Alejandro Contreras. Argazkian 2019ko emanaldi bat, beste bakarlari batzuekin.

Nekatu gabe mila aldiz goza daitekeen obra horietako bat da Rigoletto. Verdiren opera gailenetakoa da, pasarte oso ezagunak eta edertasun handikoak eta ikusleak erakartzen dituen argumentua dituena. Bere alaba ustezko madarikazio batetik etsi-etsian babesten saiatzen den konkordunaren istorioak indarrean dirau gaur egun, nahiz eta dramatismo gehiegizkoa eta istorioaren zati batzuk korapilotsuak izan.

Kursaalean ikusi eta entzun ahal izan genuen bertsioa sinplea izan zen, antzeztua, baina agertoki ez oso handi baten berezko mugekin, eta, gainera, atzealdean zegoen orkestrarekin partekatua. Egia esan, mise en scène elementu eszenografiko gutxi batzuk ziren, ekintzaren euskarri gisa. Baina ikuskizunaren pisu osoa ahots-interpretazioek eta abeslarien adierazkortasunak hartzen zuten, antzerkiaren ikuspegitik ezer gutxi egin baitzitekeen hain espazio txikian.

Nolanahi ere, esandakotik ezin da ondorioztatu ikuskizunak ez zuela merezi edo pobrea zela. Guztiz kontrakoa. Publikoa istorioan harrapatuta geratu zen, elementu distortsionatzaileetan–ez zeuden, egia esan– erreparatu gabe, eta, gainera, liluratuta geratu zen entzun ahal izan genituen ahots bikainekin.

Londresen bizi den Luis Gomes tenore portugaldarrak, Duca di Mantovaren rolean, bere agudo garbi eta seguruak erakutsi zituen, eta une batzuetan ahots sudurkaria agertu arren edertasun eta irmotasun handiko fraseatzea izan zuen. Questa o quella arian espresio handiz eta erraztasunez aritu zen, eta hain famatua den La donna é mobile freskotasunez iritsi zitzaigun.

Hungariako Gyula Nagy baritonoak, Rigolettoren paperean, bere ahots ahalmena eta pertsonaia modu sinesgarrian interpretatzeko gaitasuna erakutsi zituen. Aktore handia suertatu zen.

Baina ikuskizunean gehien nabarmendu zen izarra Letitia Vitelaru soprano errumaniarra izan zen, zalantzarik gabe. Gilda pertsonaiaren interpretazio zoragarria eskaini zuen, xalotasunez eta eztitasunez betea. Eta ahotsaren eremuan liluratu zuen publikoa, erregistro guztietan duen erraztasunarekin eta, batez ere, eskaini zituen kristalezko agudoekin.

Bai Excelentia Vocal Ensemble, bai Santa Zezilia Orkestra Klasikoa puntu-puntuan egon ziren une oro, Gregorz Nowaken zuzendaritzapean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Opera
Bluff galanta

Orgia
Pier Paolo Pasoliniren obran oinarritutako ganbera-opera.
Musika: Héctor Parra.
Libretoa: Calixto Bieito. Ensemble Intercontemporain.
Zuzendaria: Pierre Bleuse. Eszenografia: Calixto Bieito. Bakarlariak: Ausrine Stundyte (sopranoa), Leigh Melrose (baritonoa),... [+]


2023-03-20 | Jakoba Errekondo
Txorien negarra

Txoriek negar egiten dute. Ez guk bezala, nonahi, noiznahi, mainontzi, edota besterik gabe barruari eutsi ezinik… Ez zait berehalakoan ahaztuko behin Beran gertatua: urtero Ertz musika jaialdi sonatua egiten zen bertan eta tarteka paisaiarekin zerikusia zuen ekitaldiren... [+]


Anna Bolena xarmagarria

OLBE-k antolatutako Donizettiren Anna Bolena opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Jordi Bernacer. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Joyce El-Khoury (sopranoa), Silvia Tro Santafé (mezzoa), Marko Mimica (baxua), Celso Albelo... [+]


Anduaga txapeldun

OLBE-k antolatutako Belliniren I Puritani opera. Euskadiko Orkestra. Zuzendaria: Giacomo Sagripanti. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Eszenografia: Daniel Bianco. Bakarlariak: Jessica Pratt (sopranoa), Xabier Anduaga... [+]


Viva Verdi!
OLBE-k antolatutako Verdiri eskainitako errezitaldia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Daniel Oren. Bilbao Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Angela Meade (sopranoa), Daniela Barcellona (mezzoa), Sergio Escobar (tenorea), Giovanni Meoni... [+]


Eguneraketa berriak daude