"Beste zenbait artek lortzen ez duena lortzen du opera garaikideak"

  • Irratian operaz jarduten duenean aditu, eta operara joateko gogoa eragiten du. Kartsu mintzo baita mikrofonoaren aurrean. Operaz. Horixe du pasio, barru-barruraino sartua du pozoia, eta ez dago beneno hori aterako dion sendagile ez belagilerik.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Enrike Bert Arretxea. Elgoibar, 1963ko Gabon zaharra

Historia irakasle da Gasteizen. Opera maitale, aditu eta aritu. Irratiko saio eta kolaborazioez gainera, bi aldizkaritan idazten du: Madrilgo Platea magazine-n eta Ritmo-n, espainiar estatuko musika-aldizkaririk zaharrena. Kritikak eta erreseinak egiten ditu bietan ere, han-hemen ikusiak dituen operak kontatuz. Operaren frikia.

Garai batean Euskadi Irratiaren Arratsean saioan zintugun, operaz hitz egiten. Orain, Radio Vitorian ari zara, operaz beti.
Jendeari ez zaio harrigarri gertatzen inor liburu zale izatea, edo rock zale. Aldiz, opera zale izatea… besterik da. Eta jende horrek jakiten duenean datorren urteko martxora bitarteko agenda opera konpromisoz beteta dudala, are eta harrigarriago zaio. Eta hainbat bidaia egingo ditudala jakiten duenean, hainbat grabazio ditudala etxean, ez zaio buruan sartzen. Nire aisialdi osoa pasio baten inguruan eratua dut eta, gainera, irratiraino eraman dut nire zaletasun handi hori. Eta, irratian, erabateko askatasuna dut operaz jarduteko. Baina badiotsut, jendeari zenbait zaletasun ohizkoak iruditzen zaizkio, eta beste batzuk, aldiz, frikiak. Nirea, kasurako.

Noizdanik frikitasun hori, nondikakoa duzu?
Etxetik ez dut jaso, behintzat. Hor bada gauza bat, ez dakit gauzarik egiten, pasiorik gabe. Oso naiz sutsua. Erdibidekorik ez dut ezagutzen. Gogoratzen dut, garai bateko BBBko 3. mailan, Eibarko La Salle institutuan musika ematen zigun irakasleak Beethovenen Bosgarren Sinfonia-ren lehen mugimendua entzunarazi zigula, eta 40 ikasleko gela handian, denak kexa jo zuten: “Hau da aspermena!”, ari ziren guztiak. “Bert, jasanezina, ezta?”, eta nik ameto eman nion, baietz, aspergarria zela. Lotsa ikaragarria ematen zidan egia aitortzeak, alegia, musika hura gustatu egin zitzaidala esatea, liluragarria zitzaidala. Eta Elgoibarren genuen musika-denda bakarrera joan nintzen, Pitxintxu mitikora, delako sinfonia hura kasetean erosi, eta etxera.

Beethovenen Bosgarren Sinfonia aditzera.
Amak burutik nengoela pentsatu zuen. Aita, berriz, ordurako ez zen mundu honetan. Gurea langile-familia zen, aski bizimodu apala genuen… modu konbultsiboan aditu nuen kasete hura, ehunka aldiz. “Bosgarrena hain ederra bada, besterik ere aditu beharko dut, bada!”. Bidean, garai hartako Radio 2 aurkitu nuen, mundu oso bat azaldu zitzaidan, eta han eta hemen musika arakatzen hasi nintzen. Bestalde, kantatzea gustatzen zitzaidan, eta, orduan, horixe pentsatu nuen: “Beethoven gustatzen zait, kantatzea ere gustatzen zait… opera bat ikusiko dut!”. Eta 1984-85ean hor nonbait, Bilbora joan nintzen, opera bat ikustera.

Zein opera zenuen?
Manon Lescaut, Puccinirena. Coliseo Albian izan zen. Ez nuen bihirik ulertu, ez nintzen ezertaz ohartu, baina, amaieran, bi gauza esan nizkion nire buruari. Lehena: “Beste bat ikusiko dut, baina aurretik obra irakurriko dut!”. Bigarrena: “Ez zakiat zein izan den mekanismoa, baina mundu honek harrapatu egin naik!”. Harrezkero, 700 opera emanaldi baino gehiago ikusi ditut, eta urtean 40 opera inguru ikusten ditut, eta ez dut ikusteari uzteko intentziorik. Gurean Realzale amorratuak gara, baina operaren eta Anoetako futbolaren artean, ordutegi beretsua baitute, futbolera joateari utzi nion, opera lehenetsirik. Opera eta musika klasiko gabe ezin dut egun bakarra ere pentsatu. Pasioa dut. Jakin-min handikoa ere banaizenez, musika diferente asko aditu dut, asko irakurri ere bai, eta, pixkanaka-pixkanaka, inbutuarena eginez, gaur egun, etxean, XX. eta XXI. mendeetako musika aditzen dut, batez ere.

"Ikusi Wozzeck, genero indarkeria, langileen pobrezia eta zapalkuntza, klase zapaltzaileen jarrera burgoia… Hori erraz ulertuko du ikusle gazteak"

Zer motatako musikaz ari zara?
Opera abangoardista. Frikietan frikiena naiz, beraz. Antzokira joan eta denetarik ikusten dut. Orojalea naiz horretan, eta oker esateko beldurrik gabe esan dezaket Euskal Herrian eskaintzen diren opera emanaldi guztiak ikusten ditudala. Baditut zenbait emanaldi gogoan josiak. Obra bukatu, ni aulkian jarrita, txiki-txiki ni, musikaren indarraren, handitasunaren, boterearen aurrean. “Ez nauk ezer!”. Eta, horrekin batera, beste sentimendu bat ere bai: “Nola egon naiz ni, nola egon daiteke inor musika honetatik dastatu gabe, gozatu gabe?”. Hustu egiten naiz, erabat. Adibide bat dut, beti-betikoa: 1999. urtean Madrilgo Teatro Realaren lehen denboraldian izan nintzen. Benjamin Brittenen Peter Grimes zen opera. Emanaldia ikusi, eta bestelako mundu bat deskubritu nuen, mundu berria.

Aldous Huxley baino areago zu, ‘mundu berria’.
XX. mendeko opera, garaikidea, nahi baduzu, gaur eguneko gaiak jorratzen dituen opera. Peter Grimes-en, adibidez, bakardadea, presio soziala, “ezberdinak” baztertzeko eta zapaltzeko joera… Interpretazioak, berriz, sekulako ostikada eman zidan erraietan. Harrezkero, bestela bizi dut nire zaletasuna. Ohartu nintzen nire musika-perspektiba ireki behar nuela. Giltza izan zen emanaldi hura. Bi orduz isil eta mutu egon nintzen, erabat ukituta: “Zer da hau, ordea? [Opera] Mundu honek ez du mugarik!”. 60 urte betetzera noala, badakit nire azken orduan pentsamendu horixe ibiliko dudala buruan: “Zenbat opera hor, ezagutzeko zain oraindik!”.

Opera abangoardista aipatu diguzu goraxeago. Usteko nuen opera zaharra zela, ezinbestez. Monteverdi, Puccini…
Eta Mozart eta gainerakoak! Aurreiritziak izugarriak dira. Film bat ikustera joan, gustatu ez, eta horixe esan ohi dugu: “Ez zait gustatu”. Baina inork ez du esango: “Ez zait zinema gustatzen. Ez naiz inoiz itzuliko”. Aldiz, operaz ari garela, bestela jokatu ohi dugu: “Enrike, zu operazalea zaitugu, ezta?”, eta nik, jakina, baietz, amorratua naizela. “Bada, behin opera bat ikustera joan nintzen, eta ez zitzaidan batere gustatu. Ez naiz inoiz itzuliko”. Arraioa! Horrek ez du logikarik! Uste dugu opera guztiak berdinak direla, monokordeak, kolore bakarrekoak. Eta ez! Operak lau mende baino gehiago bete ditu, estetikak, garaiak, balioak... ezberdinak dira.

Berdinak, ezberdinak...
XVII. mendean, Monteverdiren sasoian, opera gortearen zerbitzura zegoen. XIX.ean, mezenasek agintzen zuten operaren gaia. XX.ean, Lehen Mundu Gerra igaro arte, munduaren konbultsioak musikan ageri dira, esperimentuak hasten dira. Bigarren Mundu Gerraz gero, Gerra Hotzaren eta garai atomikoaren denboran, operak eztanda egiten du eta estetika guztiz ezberdinak sortzen dira. Philip Glassen munduak ikustekorik ez du Olivier Messiaenenarekin, eta Messiaenek ikustekorik ez du Morton Feldmanekin, eta Feldmanek ere ez György Ligetirekin. Operagileen izenak bata bestearen ondoren eman, eta jendeak galdetuko dizu: “A, baina gaur egun operarik idazten da?”. Aurreiritziz gainezka gaude, opera aberantsentzat dela, atzerakoientzat, jakintsuentzat. Ni ez naiz bata, ez bestea, ez hirugarrena, baina operazalea nauzu, hala ere. Beste arazo bat ere bada: hezkuntza.

Musika hezkuntza esan nahi duzu, ala irakaskuntzaz ari zara, oro har? Izan ere, zu zeu irakasle zaitugu.
Historia irakasle. Musika ez da ikasten, ez irakasten. Irakastekotan, hirugarren mailako ikasgaia da. Xirula jotzen irakasten da, baina musikaren historiarik ez. Eta musikaren historia ez da musikagileen izenak ezagutzea, musikaren eta garaian garaiko historiaren arteko lotura ezagutzea baizik. Artearen historia irakasten da batxilergoan, baina musikaren aipurik ez da! Zentzugabekeria galanta! Arterik inportanteenetakoa, bazter utzia! Nire ustez, musikaren irakaskuntza hezkuntza sisteman txertatu behar da, eta historiarekin lotu. Ez dago gaur egungo musika ulertzerik, gaur egungo historia ezagutu gabe. Ez dago Sostakovitxen musika ulertzerik, Sobietar Iraultza ulertu gabe. Eta alderantziz, jakina. Hortxe dago koska. Musika kontserbatorioan egin behar da hori? Michelangeloren David ikasle orori esplikatzen zaie, eta Mozart, Beethoven, Wagner ez. Ezta gaur egungo konpositoreen lanik ere. Baina hori ez du inork planteatzen. Eta hortxe gaude.

Argazkia: Zaldi Ero

Batetik bestera ohi zabiltza operak aditzen, zertan da haren egoera gurean, eta inguruko herrialdeetan?
Eman dezagun, asteburuan Vienara edo Berlinera joan, eta ostiraletik igandera hiruzpalau opera ikusteko aukera genuke, hiruzpalau antzokitan. Sarrerarik garestienak 80-100 euro balioko luke: lau ikuskizun ezberdin, garai eta estetika ezberdinekoak, aukeran. Europa hegoalde honetan, opera bat izango genuke aukeran han edo hemen. Londresen eta Parisen, berriz, noiznahi duzu zernahi, hain baitira bi hiriok metropoli handiak. Operara joatea ez da luxua, nahiz Bilbon Europako opera-denboraldirik garestiena dugun. Euskalduna Jauregian. Europako antzokietan haur eta gazteak opera aditzen ikustea ez da harrigarri. Hemen bai. Garai batean, hemengo opera emanaldietako baby-a nintzen. Orain, hor nonbait. Batez besteko adina oso altua da. Ibilbidea behar da operak eskaintzen duenaz osoki jabetzeko. Prozesu bat da.

Bilboko opera-denboraldia aipatu duzunez, besterik bada gure herrietan?
Inoiz baino opera-emanaldi gehiago dituzu gaur egun Euskal Herrian! Donostia, Iruñea, Bilbo –Euskaldunan ez ezik, Arriagan ere bai–, eta, bestalde, maila txikiagoko zenbait denboraldi ere badira, apalak, baina oso inportanteak: Irungo denboraldian bizpahiru opera dituzu, ohiko tituluak, 25 euro inguruko sarrerak, lehen-lehen mailako interpreterik ez, baina oso maila duinekoak beti. Irunen ez ezik, Arrasaten, Basaurin, Burlatan, Tuteran… ikusia nago opera. Baliabide eskaseko konpaniak ohi dira, baina txukun jarduten dute. Merezimendu handikoak iruditzen zaizkit, artea zabaltzen dute, formatu txikian, herri txikietan. Gobernu batek egin beharko lukeen lana egiten dute.

Gobernuak egin beharko lukeen lana?
Nire ustez, nor den gobernu batek opera zabaltzeko lan-ildo zehatza izan beharko luke, opera eskuragarri jarri antzoki guztietan, zirkuitu bat osatu. Euskal Herrian, antolatzaile bakoitzak bere eremua duela oso du barneratua. Irungoek Irunen, donostiarrek Donostian… Hemezortzi kilometro daude batetik bestera. Batean egiten dena ezin da bestean eskaini? Bilbon egiten dena, ezin eskaini da Basaurin, Santurtzin edota Barakaldon? Antzoki eta auditorio bikainak ditugu, bai batean eta bai bestean! Baina baserritarkeria da nagusi, nik neurea eta kito! Hitz eginda nago zenbait gestorerekin, eta alferrik da. Ez dago modurik.

Gurean bada opera konpositorerik, interpreterik?
Hor ditugu beti Julian Gaiarre, Florentzio Constantino… izar handiak. Gaur egun, beharbada ez dugu izarrik, ezpada kantari multzo oso interesgarri bat. Munduko antzokirik garrantzizkoenetan ari dira lanean, eta futbolari balira mundu guztiak ezagutuko lituzke. Mikeldi Atxalandabaso, Miren Urbieta… Oraintxe opera bat euskaraz idatzi eta bikain interpretatzeko modua genuke.

"Aurreiritziak utzi, ikuskizunaz garbi gozatzeko eran besaulkian jarri, eta baliteke inoiz pentsatuko ez zenukeena gertatzea zure barruan"

Opera euskaraz idatzi…
Aixkiria! Eta non da, bada, gure ondare lirikoa?!… Biltegian, erabat hautsez estalia! Garbitzen hasiko bagina, ehunka titulu azalduko litzaizkiguke. Iragan udazkenean, IBS Classical etxeak Maitena argitaratu zuen, Charles Colinena. Beste bi ere argitaratu nahiko lituzke: aurten, Etienne Intxaustiren Lide eta Ixidor, eta hurrengo urtean Jesús Guridiren Mirentxu. Primeran. Oraintxe hamabi dira euskarazko opera argitaratuak. Etxean ditut guztiak. Baina Guridiren Mirentxu lan argitaragabea da oraindik. Lotsagarria da hori.

Zer egin beharko litzateke, zure ustez?
Nahitaezkoa da grabazioak argitaratzea, nahiz erosle gutxi izan. Argitaratuta, obra ezagutuko dugu, ezagutuko ditugu euskal kantari zenbait, eta, horrekin batera, musika hau nola interpretatzen zen XXI. mendearen hastapenean jakingo dute etorkizunean. Ez dakit erakunde publikoek noiz hartuko duten gure ondare lirikoa babesteko neurririk! Babesteko, eta zabaltzeko. Frantzisko Escuderoren Zigor-en grabaziorik ez dago; Gernika-rena, bai. Guridiren Amaya-ren azken grabazioa, 1999koa da, kantari iparramerikarrek interpretatua, garaian ez zegoelako sei-zortzi kantari euskaldun hura interpretatzeko. Gauza batzuk ondo egin dira, hala ere. Usandizagaren hiru operak eskuragarri ditugu orain, baina Enarak-en azken grabazioa frankismo gorrian egin zen, Ataulfo Argentak zuzendurik. Bertsio berririk ez da! Horrela bizi gara.

Euskadi Irratian lehen, eta Radio Vitorian orain, erakutsi ohi duzun pasioaz jardun duzu...
Ez dakit bestela egiten. Horixe esan zidan Radio Vitoriako arduradunak: “Euskadi Irratian jartzen duzun pasioa, Radio Vitoriako saioan asterokoa izatea nahiko nuke”. Ni neure partea egiten saiatzen naiz. Inoiz esan izan dit entzuleren batek: “Operara joateko gogoa pizten diguzu, behintzat! Zuk gozatzen duzun erdia gozatzen badut, merezi izango du!”. Beste batek, beste behin, irratiko parte hartzeak aditu eta erabaki omen zuen emaztegaia operara eramatea, ezkontza-eskaria bertan egiteko. Hura izerdia nirea!, a zer ardura!

Goazen operara!
Aurreiritziak utzi, ikuskizunaz garbi gozatzeko eran besaulkian jarri, eta baliteke inoiz pentsatuko ez zenukeena gertatzea zure barruan. Obra aukeratzea komeniko da, hala ere. Verdi, Puccini, Wagner… hor dira beti, garai bateko gaiak jorratzen dituztela. Haatik, gaur egun, XX. mendeko opera bat hurbilekoa eta ulergarriagoa gertatuko zaigu. Testuak euskaraz eta gaztelaniaz daudenez, obra jarraitzeko eragozpenik ez dago.

Oraingo eguneko opera gomendatzen diguzu.
Esaterako, Alban Bergen Wozzeck ikustera eramango nituzke gazteak. Hortxe, ordu eta erdian, hizkuntza berezi batean, genero indarkeria. Ikusi Wozzeck, genero indarkeria, langileen pobrezia eta zapalkuntza, klase zapaltzaileen jarrera burgoia… Hori erraz ulertuko du ikusle gazteak. Gaurko estetika du, ordenagailuen eta informatikaren erabilerak gauzak erraztu ditu, bideoaren erabilera... Opera garaikidea arte izugarria da, beste zenbait artek lortzen ez duena lortzen du: zeure barrua astintzea, adibidez. Ireki mentalitatea, etorri operara, ikusi obra bat, ikusi beste bat…

                                                                                      *    *    *

ESPAINIAKO TRANTSIZIOA
“Trantsizio garaian, euskal obrak berreskuratzeko nahia hauspotu zen, eta, operari dagokionez, José Olaizolaren Oleskari zaharra grabatu zen. Loiolako Herri Irratiak emititu zuen, eta handitxik atera da grabazioa. Eduardo Mokoroaren Leidor, José Oñateren Itziar eta besteren batzuk grabatu ziren. Baina ez dira dozena erdira ere iristen. Gure ondare lirikoa zeharo ahaztuta dago”.

MASKULINOA
“Historikoki, kantariak izan ezik —María Callas bat-eta—, gainerakoak gizonezkoak izan dira. Orain, berriz, emakume-zuzendaria ez da berria. Hala ere, desoreka handia da oso. Beharbada, bizirik diren operagile inportanteenak George Benjamin ingelesa eta Kaija Saariaho finlandiarra ditugu. Saariahok L’ Amour de loin (Urrutiko maitasuna) aurkeztu 2000. urtean, eta lurrikara eragin zuen operaren munduan. Gizartearen isla da opera”.

 

AZKEN HITZA

AURPEGIA ARGITZEKO MODUAK

“Operazaleok pasioak batzen gaitu. Bateko eta besteko opera-emanaldian ikusi ohi dugu elkar, eta laster gara solasaldian. Guri aditu eta nire neska-lagunak esandakoa duzu: ‘Burutik zaudete, zuei aditzea delirantea da. Ez dago asmatzerik zertaz ari zareten’. Horrekin batera, hauxe esaten dit: ‘Operaz ari zaretenean, argitu egiten zaizu aurpegia’”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Opera
Bluff galanta

Orgia
Pier Paolo Pasoliniren obran oinarritutako ganbera-opera.
Musika: Héctor Parra.
Libretoa: Calixto Bieito. Ensemble Intercontemporain.
Zuzendaria: Pierre Bleuse. Eszenografia: Calixto Bieito. Bakarlariak: Ausrine Stundyte (sopranoa), Leigh Melrose (baritonoa),... [+]


2023-03-20 | Jakoba Errekondo
Txorien negarra

Txoriek negar egiten dute. Ez guk bezala, nonahi, noiznahi, mainontzi, edota besterik gabe barruari eutsi ezinik… Ez zait berehalakoan ahaztuko behin Beran gertatua: urtero Ertz musika jaialdi sonatua egiten zen bertan eta tarteka paisaiarekin zerikusia zuen ekitaldiren... [+]


Anna Bolena xarmagarria

OLBE-k antolatutako Donizettiren Anna Bolena opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Jordi Bernacer. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Joyce El-Khoury (sopranoa), Silvia Tro Santafé (mezzoa), Marko Mimica (baxua), Celso Albelo... [+]


Anduaga txapeldun

OLBE-k antolatutako Belliniren I Puritani opera. Euskadiko Orkestra. Zuzendaria: Giacomo Sagripanti. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Eszenografia: Daniel Bianco. Bakarlariak: Jessica Pratt (sopranoa), Xabier Anduaga... [+]


Viva Verdi!
OLBE-k antolatutako Verdiri eskainitako errezitaldia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Daniel Oren. Bilbao Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Angela Meade (sopranoa), Daniela Barcellona (mezzoa), Sergio Escobar (tenorea), Giovanni Meoni... [+]


Eguneraketa berriak daude