Viva Verdi!

OLBE-k antolatutako Verdiri eskainitako errezitaldia

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Daniel Oren. Bilbao Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Angela Meade (sopranoa), Daniela Barcellona (mezzoa), Sergio Escobar (tenorea), Giovanni Meoni (baritonoa), David Lagares (baxua). Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: irailaren 24a.

Nahiz eta OLBEren 71. opera denboraldia urriaren 15ean hasiko den Belliniren I Puritani obraren emanaldiarekin –denboraldi honetako bost tituluetako lehena–, joan den irailaren 24an lehen mailako opera-gauaz gozatzeko aukera izan genuen, Tutto Verdi proiektuari amaiera emanez.

2006an hasi eta aurten amaitzen den proiektu honek katalogo verdiarra-ren 30 titulu programatu ditu, 17 urtez 127 emanaldi eginez. Gainera, musikagilearen alderdi gizatiar, artistiko eta intelektualaren ezagutzan murgildu diren jarduera ugari izan ditu. Aipatu dudan bezala, kontzertu honekin proiektu hau ahalik eta ondoen burutu nahi izan dute. Ahots apartak izan ziren, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Operaren Abesbatzarekin batera benetako festa egin zutenak opera zaleentzat.

Interpretatutako aria-lagina askotarikoa eta interesgarria izan zen, nahiz eta La traviata, Rigoletto eta Otello bezalako izenburuak faltan bota. Nolanahi ere, Verdiren ekoizpenaren erakusgarri ederra izan zen, eta ondo interpretatua.

Saioa hasteko, Il trovatore-ren Ijitoen Korua ñabarduraz eta intentsitatez beterik interpretatu zuen Bilboko Operako Abesbatzak, Daniel Orenen zuzendaritza bizipean.

Jarraian, Daniela Barcellona mezzoa indarrez beterik ere ikusi genuen, Don Carlo operaren O don fatale arian, irmotasunez eta ohituta gauzkan ahots-sakontasunez. Kemen berarekin eta agertokiko jarrera egokiarekin, Barcellonak Aida-ren duoetan eta hirukoteetan egindako hainbat interpretazio oparitu zizkigun, Amnerisen papera antzeztuz. Bereziki nabarmendu zen L'aborrita rivale a me sfuggia arian, edo La fatal pietra sovra me si chiuse… izugarrian, Angela Meaderekin batera, Aidaren paperean, eta Sergio Escobarrekin, Radamesen rolean.

Angela Meade soprano estatubatuarra izan zen, hain zuzen ere, gaueko izar nagusia. Mugarik ez duela dirudien abeslaria da. Ahots betea du, ondo tinbratua eta homogeneoa bere luze-zabalean. Indar ikaragarria du amorru-uneetan, Traditor!... Sacerdote! Lo resto a te! arian bezala, baina pianissimi delikatuz liluratzen du unerik mingarrienetan, Qui Radames verrá… O patria mia pasartean bezala. Perfektua.

Sergio Escobar tenoreak eta Giovanni Meoni baritonoak jardun eraginkorrak izan zituzten, baina Meonik une zailen bat izan zuen behar bezala jariatzen ez zen agudoren batean.

Saioa bi numero potenterekin amaitu zen: Nabucco-ren Va pensiero, ñabarduraz josia, eta Nazioen Ereserkia, gogo biziz betea, non Sergio Escobar biribil aritu zen.

 


ASTEKARIA
2022ko urriaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Opera
Bluff galanta

Orgia
Pier Paolo Pasoliniren obran oinarritutako ganbera-opera.
Musika: Héctor Parra.
Libretoa: Calixto Bieito. Ensemble Intercontemporain.
Zuzendaria: Pierre Bleuse. Eszenografia: Calixto Bieito. Bakarlariak: Ausrine Stundyte (sopranoa), Leigh Melrose (baritonoa),... [+]


2023-03-20 | Jakoba Errekondo
Txorien negarra

Txoriek negar egiten dute. Ez guk bezala, nonahi, noiznahi, mainontzi, edota besterik gabe barruari eutsi ezinik… Ez zait berehalakoan ahaztuko behin Beran gertatua: urtero Ertz musika jaialdi sonatua egiten zen bertan eta tarteka paisaiarekin zerikusia zuen ekitaldiren... [+]


Anna Bolena xarmagarria

OLBE-k antolatutako Donizettiren Anna Bolena opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Jordi Bernacer. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bakarlariak: Joyce El-Khoury (sopranoa), Silvia Tro Santafé (mezzoa), Marko Mimica (baxua), Celso Albelo... [+]


Anduaga txapeldun

OLBE-k antolatutako Belliniren I Puritani opera. Euskadiko Orkestra. Zuzendaria: Giacomo Sagripanti. Bilboko Opera Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Eszenografia: Daniel Bianco. Bakarlariak: Jessica Pratt (sopranoa), Xabier Anduaga... [+]


Tonu grisak

Ez da oso ezaguna Madama Butterfly operan kontatzen den istorioa Euskal Herriarekin erabat maiteminduta zegoen Pierre Loti idazlearen obra batean oinarrituta dagoela. Madame Chrysanthème da obra hori. Antzeko argumentua du, nahiz eta Lotiren originalak amaiera zoriontsua... [+]


Eguneraketa berriak daude