Beldurra, aldaketak eta zientzia

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

XX. mende hasieran, Erresuma Batuan elektrifikaziorako erresistentzia handia izan zen. Frantzian eta Espainian elektrifikazioa 1920an jada abian zen bitartean, Ingalaterran 1940. urterarte ez zen bideratzen hasi. Arrazoia: gas konpainiek, merkatua ez galtzeko, elektrifikazioarekiko beldurra sustatu zuten herritarren artean.

Aldaketa teknologikoak gizarteratzeko historian egin den beldurraren erabilerari heldu nahi diot oraingoan. Beldurra, ezer ez bezala, gizakiak mobilizatzeko tresna bat da, gure ongizatea ziurtatzeko dugun mekanismoa den heinean. Historikoki, beldurra sartu digute, edota gure beldurrak ezjakintasunaren parean jarri dira aldaketak sustatzeko, aldaketa berez onuragarritzat ulertzen ez zen kasuetan. Alegia, beldurra berdin erabili dute aldaketak sustatu nahi dituztenek eta aldaketak eragotzi nahi dituztenek. Halakoetan, zientzia ulertu da argia emateko tresna gisa. Zoritxarrez, zientzia egitea ez dago denon esku, eta jorratu dituen bideak oso lotuta daude lortutako finantzazioari.

Eremu digitalean bizi dugun garaiak Ingalaterrako elektrifikazioaren kasua ekartzen dit burura. Alde batetik ditugu segurtasunaren beldurra sustatzen dutenak, defendatzen duten eredua azpiegituren kontzentzaioa izanik: “Gure azpiegiturak seguruak dira, leku bakar batean daude, gotorleku bat, eta bertara inor ezingo da sartu". Beste aldetik, azpiegituren banaketa bilatzen dutenak daude, eta kasu honetan sustatzen den beldurra da pribatutasun eza eta kontrola: “Azpiegiturak kontzentratzen dituzten korporazio handien negozio eredua zure datuetan oinarritzen da, eta zure bizitzan eragin dezakete euren bezeroen onurarako”. Herritarrok bi aldeko mezuak ditugu. Zer egin? Korporazio handien hodeien zerbitzuekin jarraitu ala sare banatuak proposatzen dituztenen ideia berriak aztertu? Non dago zientzia egun? Zelan aztertzen ari da gai hau? Natura ez bezala, gizakion teknologia batzuk itxiak dira, ez dira auditagarriak, eta badirudi zientziak hor ezin duela argirik eman. Ezjakintasun eredu berri batean bizi beharko al dugu?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude