ARGIA.eus

2022ko ekainaren 27a

Tapia Legea: Jaurlaritzak botere gehiago, udalek gutxiago

  • Gobernantza ereduari sakon eragiten dioten bi aldaketa bultzatu ditu Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan. Abenduaren 9an Eusko Legebiltzarrak Ingurumen Administrazioaren Legea onartu zuen, “interes publiko goreneko” proiektuen inguruko erabakimena udalerriei kenduz eta Jaurlaritzari emanez. Bigarren urratsak bide luzea du aurretik oraindik, baina Jaurlaritzaren asmoa da izaera hori aitortzea enpresa pribatuek bultzatzen dituzten eta ingurumenarekin loturarik ez duten proiektuei. Aldaketa garrantzitsu horien izaera zein onartzeko erabili diren moduak aztertu nahi ditugu. Legebiltzarreko eztabaidetan hurrenez hurren aldaketaren alde eta aurka nabarmendu diren EAJko María Eugenia Arrizabalagarekin eta EH Bilduko Mikel Oterorekin hitz egin dugu horretarako, besteak beste.

Ilustrazioa: Shu Otero
Ilustrazioa: Shu Otero
2022ko maiatzaren 08a

Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatu ditu bi lege aldaketak. 2021eko urtarrilean Ingurumen Administrazioaren Legearen aurreproiektua aurkeztu zuen legebiltzarrean. Urte erdi beranduago, ekainean, Zaldibarreko zabortegiko lurrunak bero oraindik, 106 emendakin egin zizkioten EAJ eta PSEk legeari. 61. emendakinak beste lege bat aldatzea eskatzen zuen –Lurralde Antolamenduaren Legea– Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) kategoria sortzeko. IPGPek “sustapen publikokoak” eta ingurumenari lotutakoak izan behar dute, udalen hirigintza plan orokorren (HAPO) gainetik kokatzen dira, eta proiektu bati izendapen hori ematea Jaurlaritzaren eskumena da. Arantxa Tapiak emendakinaren defentsa sutsua egin du; emendakin hori da Tapia Legea izena hartu duena. Beharrezko jo zuen “Eusko Jaurlaritzak udal-planteamendua gaindi dezakeen mekanismo bat izatea”. EAJk eta PSEk beren gehiengo absolutua baliatu zuten legea onartzeko, oposizio guztiak aurkako boza eman zuen.

61. emendakina

Legebiltzarkide eta Euzkadi Buru Batzarreko kide María Eugenia Arrizabalaga Olaizolak 61. emendakinaren inguruan sortutako “zalaparta”ren ardura EH Bilduri egotzi dio: “Batzuek nahiago dute kontra egin konponbidearen parte izan baino”. IPGPen sorrera Jaurlaritzaren ingurumen politikaren helburuekin lotu ditu, gogoratuz 2030erako kontsumitzen den energiaren %40 “jasangarria” izan behar duela. Erabakia Zaldibarreko zabortegiarekin lotuta dago?: “Arazo larri bat dugu, Zaldibarrekoa gertatu ez balitz ere izango genuke: industria hondakinena. Herri industriala gara, eta hori kudeatu beharra dago. Zabortegi gutxi geratzen dira eta epe laburrean ez da nahikoa leku egongo beharrei erantzuteko. IPGPen motibazio printzipala hori da”.

"Beharrezkoa da Jaurlaritzak
udal-planteamendua gaindi dezakeen mekanismo bat izatea”
Arantxa Tapia

EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero Gabirondok gogor hitz egin du neurriaren aurka. “A eta B aldeak” ezberdintzen ditu. A aldea eman diren arrazoi publikoak lirateke: “Arazoak daudela zaborrak kudeatzeko azpiegiturekin. Tapiak zabortegiak, araztegiak eta antzekoak aipatzen ditu”. B aldea aitortzen ez diren bestelako interesena litzateke: “Bidea irekita utzi nahi da Jaurlaritzak mota oso ezberdinetako proiektuak inposatzeko udalerrien erresistentziaren gainetik”. Erresistentzia horien adibide bezala jartzen ditu atzera bota izana gasa erauzteko plana Gasteizen, edo zabortegi proiektuak Azkoitian eta Lezaman.
Egitasmo bati IPGP izendapena emateko prozedura “berme handikoa” da Arrizabalagaren iritzian: “Dokumentazio mordoa aurkeztu behar da, ingurumen baldintzak bete, udalerriari audientzia emango zaio bere ikuspegia eman dezan...”. Kontrako ustea du Oterok: “Diote, ‘ez kezkatu, gero legezko berme guztiak eskatuko dira’: ingurumen baimen bateratuak... Horrek bermeak ematen ditu? Batzuk bai. Baina, Petronorrek badu baimenik? Gipuzkoako eta Bizkaiko erraustegiek? Paper fabrikek? Bai. Legeak ez du ziurtatzen ingurumenerako edo osasunerako kaltegarria ez izatea”.

Tapia Legearen aurretik ere, Jaurlaritzak bazituen udal eskumenen gainetik dauden baliabideak lurraldearen eta azpiegituren antolamenduan: Lurralde Plan Partzialak eta Lurralde Plan Sektorialak. Oteroren iritzian erreminta nahikoak “planifikazio zentzuzko bat egiteko, muturreko lege aldaketa hauetara heldu gabe”. Arrizabalagari “barregura” eragiten dio EH Bildutik planifikazio sektoriala defendatzea, “horiek gatazkak ekidin izan balituzte bezala”. Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala gogoratu du, 2000ko hamarkada hasieran onartu zena: “Sendatu ditu horrek kontrako hainbat jarrera? Ez”.

 Arantxa Tapia, Iñigo Urkullurekin legebiltzarrean abenduaren 9an, Tapia Legea eztabaidatu eta bozkatu zen egunean. Argazkia: legebiltzarra.eus

Emendakina Vs lege aldaketa

IPGPen kategoria sortzeko, Ingurumen Administrazioaren Legeari egindako emendakin baten bitartez aldatu du Jaurlaritzak Lurralde Antolamenduaren Legea. Urrats hain mamitsua izanik,  naturalagoa lirudike zuzenean Lurralde Antolamenduaren Lege aldaketa edo lege berria aurkeztea. Ezberdintasunak handiak dira modu batera edo bestera egin: emendakinen onarpen prozedura laburragoa da eta eztabaida dagokion ponentziako legebiltzarkideei mugatua dago –osoko bilkuran bozkatu arte–; lege aldaketa batek denbora gehiago eskatzen du, Eudelek legearen balorazio txostena egin beharko luke edo batzordera adituak eta eragileak gonbidatu ditzakete talde politikoek.

“Lege proiektua aurreko legegintzaldikoa da. Gobernua berritzean erabaki zen tramite parlamentarioak lehenbailehen abiatzea. Gerora, talde bakoitzak bere zuzenketak aurkeztu zituen, besterik gabe”, azaldu du Arrizabalagak emendakina eta ez lege aldaketa aurkeztearen zergatia.

Eudel eta Gorka Urtaran presidentea

Emendakinaren bideak izan du bestelako ondorio garrantzitsu bat. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak dio Eudelek udal eskumenei eragin diezaiekeen edozein lege aztertu behar duela onartua izan aurretik. Horrela egin zuen Eudelek Ingurumen Administrazioaren Legearekin, urtarrilean Arantxa Tapiaren sailak aurreproiektua aurkeztu zuenean, eta ez zion eragozpenik jarri. EAJ-PSEk, ordea, emendakinak ostean aurkeztu zituzten, ekainean. Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bilduko dozenaka alkatek eskatu zioten publikoki Eudeli txosten berria egin zezan 61. emendakina aztertzeko, baita hainbat udalek ere. Oterok dio Azpeitiko alkate Nagore Alkortak berdin egin zuela Eudelen exekutiban, “hiru alditan, baina gehiengoa duen EAJ-PSEk ez zuen onartu” (Eudeleko exekutiba osatzen dute EAJko Gorka Urtaran presidenteak, eta EH Bilduko Nagore Alkorta eta PSEko José Antonio Santano presidenteordeek).

“Legeak dio lege proiektu oro Eudeletik pasa behar duela txostena egin dezan. Eta hori bete da. Ez du esaten zuzenketek ere pasa beharko dutenik”, dio Arrizabalagak. Legeak behartzen ez badu ere, ez al da logikoa Eudelek azterketa berritua egitea?: “Guk aldarrikatzen dugu legebiltzarraren herri ordezkaritzaren legitimitatea, kasu honetan bezala beste guztietan”. Oterok onartu du “urrats formala” bete dela, “baina garrantzia handiagoa ematen diot gobernuak egindako tranpari”.

"Jaurlaritzak ikusi du
unea egokia dela gobernantza ereduari estatu kolpe bat emateko”
Mikel Otero

“Eudeleko presidenteak behin eta berriz errepikatu du legeak ez dakarrela udal eskumenen aurkako ezer”, gogoratu du Arrizabalagak. “Udaletan sortu duen eztabaidaren atzean interes politikoko antzerkia dago”, adierazi zuen Urtaranek urtarrilean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Martxoan, ordea, Eudelek txostena egin du IPGPen zabaltzea proposatzen duen Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko Lege-aurreproiektua aztertuz. Aurreproiektuarena ez ezik, oro har IPGPen sorrera aztertzen du txostenak, balorazio oso-oso kritikoa eginez: IPGPen “justifikazioa eta legitimatea” zalantzan jartzen ditu; Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela neurria; lurralde eta hirigintza planeamenduak “desnaturalizatu eta deslegitimatu” egiten dituela adierazten du; IPGPekin udalerriei proiektuak “inposatu” ahal zaizkiola dio; IPGPak salbuespenekoak izan beharko luketela eta orokortzeko arriskua dagoela; proiektu bat ezin dela horrela izendatu “soilik Gobernuak onartzen duelako”. [Eudelen txostenaren laburpen osatuagoa hemen]. Arantxa Tapiak Eudelen irakurketa kritikatu du udalei iritzia “hiru aldiz” eskatzen zaiela nabarmenduz, eta konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela esatea “gehiegizkotzat” joz. Apirilean 40 urte egin ditu udalen erakundeak: “Erakundeen arteko lankidetza goraipatu du Eudelek”, irakurri daiteke elkartearen webgunean urteurrenaren ospakizun ekitaldiaz. Kontuak kontu, udal eskumenei zuzenean eragiten dion lege bat udalerrien hitza entzun gabe onartu da, haien interesak ordezkatzen omen dituen erakundearen oniritziarekin eta bere presidentearen sustengu aktiboarekin.

Mikel Otero legebiltzarrean abenduaren 9an, Tapia Legea eztabaidatu eta bozkatu zen egunean. Argazkia: legebiltzarra.eus

Eta PSE?

Alberto Alonso Martínek defendatu zuen legebiltzarrean PSEk Tapia Legeari emandako aldeko boza. Modu lausoan iradoki zuen gustuko izan ez arren PSEk “beharrezko oreka lehenetsi” zuela “koalizio gobernua mantentzeko”. Oreka zail horren adibide izan daiteke José Antonio Santanoren jarrera. Irungo alkate bezala, aldeko boza eman zion Eudelek Tapia Legea azter zezan eskatzen zuen mozioari, “udalerrien eskumenei eta tokiko autonomiari zuzenean eragiten dielako”. Eudeleko exekutibako kide bezala, erakundeak azterketa hori bera egitea ekidin zuen Gorka Urtaranekin bat eginez.

“Badirudi PSEri ez zaiola gustatu, baina aldeko boza eman du”, dio Oterok. Arrizabalagak erabat ezeztatu du legeak gobernu koalizioko kideen artean arazorik sortu izana: “Inolakorik ez, hasiera-hasieratik zegoen adostasuna”. Hurrengo urratsari begira ere akordioa erabatekoa dela dio, “dudarik gabe”.

Tapia Legea 2.0

Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legearen aurreproiektua sinatu zuen Arantxa Tapiak 2021eko azaroan. Aurreproiektuak Tapia Legea moldatzea proposatzen du. Egun, IPGPak, “ekimen publikoak” sustatu behar ditu;  orain, nahi da “ekimen publikoak eta/edo pribatuak” izan ahal izatea sustatzaileak. Egun, IPGPak izan behar dira, “erabilgarritasun publikoko eta ingurumen-interes sozialeko instalazioak”; orain nahi da “beste proiektu mota batzuk” ere izan ahal izatea. Finean, oso sakonak liratekeen bi aldaketa: ateak irekitzea sustapen pribatuari, eta ingurumenarekin lotura ez duten proiektuei. Deigarria, bide batez, ingumenarekin lotuta ez dauden proiektuei bide eman nahi izatea izen hori daraman legea baliatuta.
Arrizabalagak egoki ikusten du aldaketa, eta erreminta “eraginkorra” izan daitekeela uste du. “Zergatik enpresa pribatuek sustatutakoek ere? Adibidez, Euskadin dauden hamar bat zabortegietatik bizpahiru soilik dira izaera publikokoak. Zergatik ez ingurumenarekin lotuta ez dauden gauzetarako? Ospitale bat, demagun”. Azpimarratu du, halere, “interes publikoa eta soziala” justifikatu behar dela beti: “IPGPak ezin dira apeta pertsonalaren arabera ezarri, Tapiaz esaten direnak erabat injustuak iruditzen zaizkit”.

"Pisua badu, baina sortu den errelato politikoak ikaragarri atera ditu gauzak bere onetik”
María Eugenia Arrizabalaga

Oteroren iritzian frogatuta geratu da erreportaje hasieran aipatu dituen A eta B aldeen artean “B aldeak duela pisu gehiago: nazkatuta gaude udalerrietatik Jaurlaritzaren askotariko planak gelditzeaz, eta hori ekiditeko erreminta garatuko dugu”. Interes publikoa edo premia justifikatu beharra ez dela ezeren berme dio: “Sail batetik hori justifikatzea oso erraza da, Tapia espezialista da horretan: AHTa ingurumenerako onuragarria da CO2 gutxiago askatzen delako Madrilera hegazkinez joaten baino. Corrugados [Azpeitiko altzairutegia], premiazkoa da? Enpleguak sortuko dira eta enpleguak sortzea premiazkoa da gobernuarentzako”.
Arantxa Tapiak 2021eko azaroaren 26an sinatu zuen Energia Trantsiziorako Legearen aurreproiektua. Hau da, abenduan Tapia Legearen lehenbiziko bertsioa eztabaidatu eta bozkatu zenean legebiltzarrean, mahai gainean zegoen jada IPGPak ekimen pribatuari eta ingurumenaz bestelako proiektuei zabaltzea, oraindik publikoa ez bazen ere. Eztabaida haietan, ordea, Arrizabalagak eta Tapiak hainbat aldiz azpimarratu zuten IPGPen figura ingurumen arloko proiektuentzako eta zehazki hondakinen kudeaketarekin lotuta daudenentzako erabiliko zela soilik. Ordurako Trantsizio Energetikoaren legeak IPGPen inguruan planteatzen zuena ezagutzen ote zuen, Arrizabalagak ezetz dio buruarekin: “Jaurlaritza eta legebiltzarra erakunde ezberdinak dira, eta bakoitzak bere dinamika eta bizitza propioa du”. Edonola dela, ez dio arazorik ikusten: “Ez dago inongo kontraesanik. Guk 61. zuzenketa eztabaidatzen genuen. Trantsizio Energetikoaren Legearen eztabaida heltzen denean eztabaidatuko dugu besteaz”.

Ez dago Trantsizio Energetikoaren Legea onartzeko epe finkorik. Arrizabalagak dio “ahalik eta azkarren” onartu nahi duela gobernuak, baina ez dagoela epeak zehazterik: “Espero dut urte honetan izatea, baina ez dakit”. El Diario Vasco-k argitaratu zuen urte amaieran onartzea dela Tapiaren asmoa. Oterori epe horiek “justu samarrak” iruditzen zaizkio. Edonola dela, denbora dago legebiltzarrean bozkatua izan aurretik.

Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarrean, abenduaren 9an, Tapia Legea eztabaidatu eta bozkatu zen egunean. Argazkia: legebiltzarra.eus

Zertan gauzatu daiteke Tapia Legea?

EAEko hondakinak prebenitu eta kudeatzeko 2030eko plana txostenean Arantxa Tapiak zuzentzen duen sailak, besteak beste, “Hondakin ez-arriskutsuak eta eraikuntza- eta eraispen- hondakinak” hartzen dituzten zabortegien egoera eta 2030 arteko beharrak aurreikusten ditu. “Azkenean konponbide hau azpiegitura fisikoetan oinarritzen bada, azpiegitura horiek honela hartuko dira: ‘onura publikoko eta gizarte-intereseko azpiegiturak’ eta/edo ‘interes publiko goreneko proiektuak’”, dio txostenak. Baina Tapia Legeak gehiagorako aukera ere ematen du.

IPGPen figura Nafarroan erabili da Aroztegian hirigintza turistikoko makroproiektua inposatzeko, edo Olaztiko Cementos Portland enpresa erraustegi bihurtzeko. Valentzian golf zelaiak egiteko, edo Madrilen Eurovegas eraikitzeko, besteak beste. Antzeko proiektuak IPGPak izendatzeko arriskua dago EAEn? “Bai, horren beldur gara erabat, behin atea irekita kristoren arriskua du”, dio Oterok. Uste du, halere, hautsak ez harrotzeko hasiera batean behintzat “tentuz” jokatu eta proiektu “gutxi” izendatuko dituztela IPGP. Kontrara, “sekula santan ez ditugu horrelako proiektuak lehenetsi, ez da gure asmoa izan eta esaten dizut ez dela sekula izango”, dio Arrizabalagak.

Galderak eta ziurtasunak

Gobernantza ereduaren aldaketa esanguratsua da Tapia Legea. “Jaurlaritzak ikusi du unea egokia dela esku kolpe bat emateko”, dio Oterok; “Bere pisua badu, baina sortu den errelato politikoak ikaragarri ateratzen ditu gauzak bere onetik”, Arrizabalagak. Alde edo kontra egon, boterearen zentralizazioan sakontzen du eta eztabaida publikoa urria izan da prozesuan. Legearen 2.0 bertsioak zentralizazioan sakontzea lekarke.

"Tapia Legearen 2.0 bertsioa beste bide batetik onartzea bilatuko du Jaurlaritzak, edo akordio zabalei uko egin eta guztiarekin egingo du aurrera berriz ere?"

Trantsizio Energetikoaren Legea legegintzaldiko garrantzitsuenetakoa da, eta are garrantzitsuagoa bilakatu da Ukrainako gerraren ondorioak direla eta. Pentsatzekoa da Jaurlaritzari kontsentsu argazki batek mesede egingo liokeela, berriki Hezkuntza Itunarekin lortu duenaren ildotik. Tapia Legea arazo bat izan daiteke behintzat Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu taldeak akordiora ekartzeko; argazkitik kanpo gelditzearen presioa ere senti dezakete, aitzitik. Oterok dio “oso gogorra” litzatekeela “legean adostu behar diren gauza potolo pila alde batera geratzea”, baina, gobernuak Tapia Legea kanpoan uzten ez badu, Trantsizio Energetikoaren Legeari osoko zuzenketa aurkeztuko diola EH Bilduk: “Hau guretzat casus belli da”.

Tapia Legearen 2.0 bertsioa beste bide batetik onartzea bilatuko du Jaurlaritzak, edo akordio zabalei uko egin eta guztiarekin egingo du aurrera berriz ere? Ba al dago inongo aukerarik PSEk bestelako jarrera bat hartzeko? Zer egingo dute oposizioko taldeek? Udalerriek eta Eudelek egingo al dute legea gelditzeko lan eraginkorrik? Herri mugimendua izango al da gai aipatutako horiek denak mugiarazteko? Erantzunik gabeko galdera asko, eta bi ziurtasun behintzat bai: baga, EAJ-PSEk gehiengo osoa dute edozein proiektu onartzeko, eta gaur gaurkoz ez dute gainean nahi dutena egitea oztopatuko liekeen presio esanguratsurik; biga, IPGPak ekimen pribatuari eta ingurumenaz bestelako proiektuei zabalduko liekeen 2.0 bertsioa onartu ala ez, Tapia Legea indarrean da jada, eta aplikatua izateko prest.

 

* Erreportaje hau beste hiru artikuluz osatua dago:

- Eudel Tapia Legeaz: "IPGPak udalerriei inposatzen zaizkie ia inongo parte-hartzerik gabe".

- Kezka herri mugimenduetan: "Bergaran Tapia Legea aplikatu lezakete erraustegia inposatzeko".

- Analisia: Tapia Legea: gatazkak aktibatu edota desaktibatzeko erreminta?".

 

Kanal hauetan artxibatua: Politika  |  EAJ  |  Eusko Jaurlaritza  |  EAE

Politika kanaletik interesatuko zaizu...
2022-06-27 | ARGIA
Euskal LGTBI+ Behatokiak eskatu du lege integral bat eratzeko EAEn

Eusko Legebiltzarrari eta EAEko LGTBI+ elkarteei proposatu die elkarrekin mahai bat osatu eta legea egiteko. Helburua da kolektiboko pertsonen eskubideek “estalki” bat izatea eta diskriminaziotik babestea, besteak beste.


Munillaren agurrean, Mozal legeaz zigortua

Otsailean apezpikua agurtzeko Donostian egin zen performancea ikusten izan zen Beatriz Goñi. Orain, zigortu egin dute identifikarazi zutenean ahoz adierazi zuelako bere NAN zenbakia. Identifikatzeari uko egitea egotzita, 700 euroko isuna jarri dio Ertzaintzak.


Andoni Iturrioz. Gure kulturaren mezenas
"Egiak eta euskal kulturak gidatu dute nire laguntza"

Artean iazko hazilean, Xilaba txapelketaren finala, Amets Arzalluz txapeldun. Hari txapela jartzen, berriz, Andoni Iturrioz, bertsozale eta laguntzaile fierra. Andoniren bidea, ordea, aitarenak markatua dator, Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011)... [+]


2022-06-26 | David Bou
Marc txibatoa

Hilaren hasieran, Directa-n argitara eman dugu Espainiako Poliziako kide bat bi urtez infiltratu dela etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduan eta Kataluniako ezker independentistan. Ikerketa erreportajeak eragin handia izan du iritzi publikoan eta agenda... [+]


Epelkeriarekin haustera dator Bizkaiko LGTBI harrotasuna

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta data gerturatu ahala deialdiak eta irakurketak ari dira egiten LGTBI kolektiboak. Bizkaia mailan, jarrera epelak eragoztera datoz E28 Koordinadora eta honen baitako Ozen! LGTB Liga. Posizionamendu politikoa exijitu... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 08a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude