ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 20a
Punk arrastoak pinturan

Etorkizuneko apurketak iraganean

  • Los Picoletos bikoteak “Quinquis, macarras y skaters. Rastros del punk en el arte contemporáneo” (“Kinkiak, makarrak eta skaterrak. Punk arrastoak arte garaikidean”) sei saiotako mintegia antolatu zuen 2021eko ekainean BilbaoArte aretoan. Astean bi orduz haien bizitzan garrantzitsuak izan diren erreferente kulturalen panteoia osatu zuten, beraien ibilbide artistikoari zentzua emateko punk kulturaren arrastoa iraganeko arte adierazpenetan bilatuz. Hiru artikuluko serie honetan, arrasto horietan barrena ibiliko gara.

Orlan artistaren 'Gerraren jatorria' lanak Gustave Courbeten 'Munduaren sorera' margolana berrinterpretatu zuen.
Orlan artistaren 'Gerraren jatorria' lanak Gustave Courbeten 'Munduaren sorera' margolana berrinterpretatu zuen.
2022ko maiatzaren 08a

Norberaren mitologia eraikitzeko emandako pausoen arrastoetan arakatu beharra dago. J. G. Ballard idazle britainiarrak bere historia pertsonalean eman diren haustura momentuak erabiltzen zituen mitologia pertsonala berridazteko, bere bizitzari zentzua emango zion kontakizuna josteko. Beste hainbat idazlek antzerako lana egin dute. Adibidez, Greil Marcusek Lipstick Traces: A Secret History of the 20th Century (Ezpain-margo arrastoak: XX. mendearen historia sekretu bat; Harvard University Press, 1989) lan klasikoan punk kulturaren mitologia eraiki zuen honen arrastoak XX. mendeko arte adierazpen ugaritan bilatuz. Antzeko zerbait egin zuen Servando Rocha idazle kanariarrak La facción canibal: una historia del vandalismo ilustrado lanean (Fakzio kanibala: bandalismo ilustratuaren historia bat; La Felguera, 2012). Saiakera horrek idazlearen obsesioetan barrena egindako bidaia aurkezten du antropofagia kulturaleko ariketa baten bitartez. Biek ala biek tradizio ezkutu bati buruz hitz egiten dute, mendeetan zehar lur azpitik eta eskuz esku bidaiatu duen suari buruz.

Bi idazle horiek egindakoa emulatu nahi izan dute Los Picoletos bikote artistikoa osatzen duten Dante Litvakek eta Fabro Tranchidak. Punkaren identitatean berezkoak diren ikur eta kodeak –probokazioa, jarrera oldarkorra, eskandalua, abangoardia kulturala, eta abar–, haien totem artistikoetan bilatu eta horiekin kontakizun bat osatu dute. Beraiek markatutako bidea jarraituko dugu hiru ataleko erreportaje-sorta honetan, bide bazterrean altxatutako mugarriek esan behar digutena entzuteko.

Olio-pintura arrastoak: punkaren aztarnak XIX. mendean

Bide orok du hasiera bat, askotan iluna izan daitekeena, mapetan agertzen diren seinaleak ez baitaude argi. Lehenengo atal honetan punkaren aztarnak bilatuko ditugu XIX. mendeko pintura garaikidean. Ibilbide honen lehen mugarria Gustave Courbet margolari frantziarraren Munduaren sorrera margolana da. Emakume* baten genitalak lehen planoan aurkezten dira oso modu errealistan eta pubisean ile ugarirekin. 1866 urtekoa bada ere, lana mende luze batez ezkutuan egon zen eta lur azpiko ibilbidea egin zuen; naziek, Armada Gorriak, baita Jacques Lacanek ere beraien eskuetan izan zuten. 1995etik aurrera Parisko Musée d'Orsay-n ikusgai dago. Margolana apurtzailea izan zen emakume baten biluzia hain modu errealistan margotzeagatik. Ordura arte hainbat trikimailu erabiliz erakusten ziren, jainkosak bezala aurkeztuz edo arrazializatuz –arte garaikidean emakumeen gorputza gauza gisa nola aurkeztu izan den erakusten du horrek–. Baziren giza biluzien bilduma pribatuak, baina gorputza bere naturaltasunean eta hain modu esplizituan erakustea ez zen ohikoa. Courbeten lan horrek hautsak harrotu zituen garaiko burgesia puritanoaren baitan eta apurketa ekarri zuen arte garaikidean ordura arte nagusi zen tradizioarekin. Baina artelan askorekin gertatu bezala, garai batean abangoardista eta apurtzailea zena, mugimendu kultural berrien kritikaren jomugan egon daiteke. Hori izan zen Orlan artista frantziarraren asmoa 1989an Courbeten koadroaren berrinterpretazioa egin zuenean. Emakume honen margolanak Gerraren jatorria du izena eta Courbeten koadroaren formatua imitatuz, zutitutako zakil bat erakusten du, heteropatriarkatuaren biolentzia jomugan jarriz.

Olio-pinturaz egindako margolanak ez ezik, grabatuak ere erabili zituzten artista askok herri kultura transmititzeko euskarri bezala. Teknika hori erabili zuten artisten artean bada kasu aipagarri bat: mundua karga esoteriko handiarekin ikusten zuen William Blake artistarena. Bere obra oso mitologikoa eta pertsonala da aldi berean. Ingelesak bere olerkiak idatzi eta ilustratzen zituen, baita Bibliaren pasarteak bere irudipenekin berrinterpretatu eta ilustratu ere. Munduari begiratzeko bere moduari, gainazaletik haratago ikusteko gaitasunari, “begirada bikoitza” deitzen zion. Blakeren esanetan, begiekin baino, begietan barna begiratu behar zitzaion munduari. Ameslaria izan zen eta irudikatu zituen munduak profetikoak izan ziren, baita inspiratzaileak ere gerora bere figura aldarrikatu duten hainbat artistarentzat. Irmoki defenditzen zituen bere sinesmenak eta gogor jo zuen arte ofizialaren eta establishment-aren aurka. Hori dela eta, Blakeren eragina ez zen momentuan nabaritu. Bere profeziak eta mundua ikusteko erabiltzen zuen begirada lur azpian mantendu ziren hurrengo mendearen bukaeran William Butler Yeats irlandar poetak haren figura aldarrikatu zuen arte. Ordutik mugimendu artistiko eta kontrakultural guztietan Blakeren figura presente egon da: surrealismoan, beat mugimenduan, psikodelian, hippyen artean, punkean, baita Alan Moore eta Grant Morrison komikigileen lanean ere. Euskal Herriko Vulk musika taldea izan da bere hitzak erabili dituenetako bat. Ground for Dogs (Meyo Records, 2018) lanean A poison Tree olerkiaren letra erabili zuten izen bereko abestian. Lan bereko hurrengo abestia ere, Behiaren begirada, guztiz blaketarra da.

Blakeren garaikidea izan zen Francisco de Goyak grabatu eta ur-bortitzez irarritako lan ugari egin zuen. Poema txikiak ziren, bere mitologia pertsonala osatzen lagundu zutenak. Baina Goyaren obran bada zirrara sortzen duen lan sorta bat, bitxitasunagatik eta izugarritasunagatik: pintura beltzak. Bere etxeko hormetan margotu zituen hamalau lan dira. Denborak ezabatu bazituen ere, berreskuratu egin dira eta gaur egun Madrilgo Prado Museoan haiei propio eskainitako areto batean ikusgai daude. Gaiei dagokienez, interpretazio ugari dago, baina oro har, Goyak zahartzaroari, heriotzari eta gizadiarekiko zuen deslilurari buruz hitz egiten du, munduaren munstrokeria agerian utziz. Lanek izugarrizko indarra dute eta darien iluntasunagatik eta ezkortasunagatik artistaren begirada bereganatu dezake ikusleak.

'Arrantzalearen emaztearen ametsa' lanak XIX. mendeko artista europar askoren interesa piztu zuen.

Europatik kanpo, Japonian, ukiyo-e grabatu estiloa sortu eta garatu zen XVII-XIX. mendeetan. Zuraren gainean egiten zen eta herri kulturaren eszenak irudikatzen zituen. Egilerik garrantzitsuenetako bat, behintzat arte garaikidean arrasto handienetakoa utzi duena, Katsuhika Hokusai izan zen. Marra soilekin lan egiten zuen artista japoniarrak, argi-itzalen errekurtsorik gabe, bere ustez argia elementu artifiziala baitzen, gauzen benetako eszentzia distortsionatzen zuena. Hokusaik ez zuen arrakasta handirik lortu bizirik egon zen bitartean, baina XIX. mendearen bigarren erdialdean bere lana Europan ezaguna izaten hasi zen eta Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrec margolariak liluratu zituen. Bere obrarik ezagunena Kanagawako olatu handia (1830-1833) bada ere, aipatu beharreko grabatu ezagun bat Arrantzalearen emaztearen ametsa (1814) da. Japoniar grabatu erotikoaren tradizioan ohikoa zen gai bat jorratzen du: gizakien eta olagarroen arteko sexu-harremanak. Hokusairen grabatu horretan olagarro batek aho-sexua praktikatzen dio emakume bati, beste batek ahoan musu ematen dion bitartean. Emakumeak begiak itxita ditu, olagarroek ez bezala, honen amets erotikoa dela adierazteko. Ilustrazioaren inguruan idatzita dagoen testua emakumearen eta olagarroen arteko elkarrizketa da. Ia bi mende geroago, 2002. urtean Larry Clark zuzendariaren (Kids) eta Harmony Korine gidoilariaren (Gummo) Ken Park filmaren afixak omenaldi txiki bat egin zion Hokusairen grabatu famatu horri.

Esan bezala, Hokusai eta beste hainbat japoniar artistaren grabatuak Pariseko giro bohemioan ezagunak egiten hasi ziren XIX. mendeko erdialdean. Horien eragina agerikoa da hainbat artistarengan, adibidez, Paul Gauguin margolari eta eskultore frantziarrarengan. Bere Sermoi ondorengo irudipena (1888) horren adibide ona da. Argazkigintza hastapenetan zegoen garaian, munduaren irudikapen guztiz errealista egiteko aukera gero eta hurbilago zegoenean, parrokia batek egin zion enkarguan, perspektiba guztiz hautsi eta kolore biziak erabili zituen Gauguinek. Lan horrengan Hokusairen Sumo gerlariak obrako aztarnak aurkitu daitezke. Bada bi lan horien aztarnak ikusten dituenik punk mugimenduak ezagun egin dituen pogo dantzaldietan ere. Izaera bortitza duen dantza mota hau ikusleen arteko bultzada eta saltoetan oinarritzen da.

XIX. mendetik XX.era pasatzean ugaritu egin ziren probokatzaileak ziren arte-adierazpenak

Mende aldaketarekin apurtzaileak eta probokatzaileak ziren arte adierazpenak ugaritu ziren. Guztien artean Egon Schiele artistaren lan oparo eta transgresorea aipatu beharra dago. Espresionismoaren izen ezagunenetakoa den margolari honek Vienan hasi zuen bere ibilbidea, baina azkar nazkatu zen hiri ilun eta puritano hartaz. Bere obran erretratuak eta gorputz biluziak nagusi izan ziren. Baina gorputz biluzi horiek ez zuten errepresentatzen ordura arte ohikoa zen edertasuna. Gordinak ziren, oso, baita marraztu zituen sexu eszenak ere. Emakumeak oso modu indartsuan eta boteretsuan irudikatu zituen. Giza gorputzaren irudikapenari dimentsio psikologikoa eman zion artista austriarrak; zorabioa eta norberaren gorputzarekiko deserritze sentsazioak sortzen zituen. Gurean, punk jarreratik urrun ez dagoen Erraiak (Elkar, 2014) liburuaren azalerako Egon Schieleren irudi bat aukeratu zuen Danele Sarriugartek. Nobelan norberaren gorputzaren gaineko kontzientzia eta horren adierazpena oso presente daude, Schieleren obran bezala.

XX. mende hasierako abangoardia artistiko eta politikoak

Andaluziako La URSS punk taldeak “Hay incendios que iluminan horizontes tras las ruinas” (Badira suteak hondakinen atzean dagoen zerumuga argitzen dutenak) abesten du Nada es sagrado abestian. Punk politizatuaren bi aurpegiak ondo deskribatzen ditu esaldiak: alde batetik punkaren pultsio suntsitzailea; bestetik utopiarekiko fedea eta suntsiketa horren izaera sortzailea. Abestia Maravillas del mundo (La Corporación, 2015) diskoan argitaratu zuten. Bada lan horretan, Manifiesto futuro abestian, antzerako esanahia duen beste esaldi bat: “Un nuevo sol se erigirá sobre el cadáver de la humanidad” (Eguzki berri bat goratuko da gizadiaren hilotzaren gainean). Abestiaren izenak keinu bat egiten dio XX. mendearen hasieran argitaratu zen testu politiko eta artistiko garrantzitsu bati: Manifestu futurista.

Valentine de Saint-Point, 'Emakume futuristaren manifestua'-ren egilea.

1909an argitaratu zuen Filippo Tommaso Marinetti artista italiarrak Manifestu futurista. Testu hartan aldarrikatu zuen “arriskuarekiko maitasuna, energia eta beldurgarritasunaren ohitura [...] Ausardia, adorea eta errebolta gure poesiaren funtsezko elementuak” zirela. Manifestu futurista-n aurrera egin ahala ideia ilunekin egingo dugu topo: “Gerra –munduko higiene bakarra–, militarismoa, abertzaletasuna [...] Edozein eratako museo, liburutegi eta akademiak hautsi nahi ditugu, eta moralismo, feminismo eta behekeria oportunista edo utilitarista guztien aurka borrokatu”. Manifestuaren izaera misoginoa agerikoa da, beraz, ez da harritzekoa futuristen artean emakume bakarra aurkitu izana: Valentine de Saint-Point, diziplina ugaritan aritutako artista. Frantziar jatorriko emakume honek Emakume futuristaren manifestua idatzi zuen 1912an, Marinettiren idazki misoginoaren aurka oso modu bitxian egiteko: “Gizakia erdipurdikoa da. Emakume gehienak ez dira gizonak baino hobeak, ezta txarragoak ere. Berdinak gara. Guztiok merezi dugu mespretxu berdina”.

Argitaratu zen garaian baino, urte batzuk geroago izan zuen arrakasta Marinettiren testuak, 1920ko hamarkadan hain zuzen, Gerra Handia eta mundu mailako gripe pandemia amaitu berriak zirenean. Gizartean, bereziki burgesiako kideen artean, bizi pultsioak gogor jo zuen eta hedonismoarekiko jarrera kamikazea hedatu zen. Kontsumo gizarte kapitalista izan zen erabili zuten erregaia eta gizarte tradizionalaren konbentzioak haien jomuga. Futurismoak diziplina ugaritan eragina izan zuen eta anarkista eta sindikalistei matxinadarako aliantza proposatzen zien. Beraien emanaldietan publikoaren aurka gogor egiten zuten eta asko borroka gogorretan bukatzen ziren. Marinettirentzat, arteak oldarkorra, biolentoa eta bidegabea izan behar zuen. Ezkerreko mugimenduetan eta abangoardiako artean ez ezik, futurismoak 1920ko hamarkadako bestelako mugimenduengan ere eragin zuen: Europa odolez eta heriotzaz bete behar zuten totalitarismoen artean.

Kanal hauetan artxibatua: Artea  |  Punk

Artea kanaletik interesatuko zaizu...
Punk arrastoak III
Anarkiatik 'rave'-etara

1960ko hamarkadaren amaieratik nonahi aurki daitezke punk kulturaren aztarnak. Hiru artikuluko serie hau bukatzeko,  agerpen horietako batzuei buruz ariko gara: AEBetako zenbait talde iraultzaile, Malcolm McLaren, Sex Pistols eta eztandaren ondorengo hamarkadetan punk... [+]


Punk arrastoak II
Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat... [+]


2022-05-15 | Ander Perez
Xabier Morras. Margolaria
“Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da”

Laster beteko dira 50 urte Iruñeko Topaketek hiriburua hartu zutenetik. Huarte enpresari familiak finantzatuta, mundu osoko arte garaikidearen erakusgarri izan zen hiria 1972ko uda hasieran, astebetez. Baina arteaz gain, garaiko tentsio politikoen isla ere izan zen... [+]


2022-05-01 | Leire Regadas
Ainhoa Resano. Argazkilaria
“Familia-historiak oinordetzen dira, baina isiltasuna ere bai”

Argazki albumak gordetzen dituzten emakumeen azken belaunaldiarekin topaketak egin ditu Ainhoa Resanok (Iruñea, 1974), Bilboko auzo garaietan. “Asko bizi baina gutxi kontatu duten” emakumeen belaunaldiarekin. Argazkietatik abiatuta, idatzi gabeko memoria... [+]


Iñaki Imazen 'Alimentación, lencería, bazar' erakusketa
Supermerkatuaren poetikaz

Bilboko erdigunean etxarte baten bila nabil. San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian kale-kantoi urdinxka bat omen dago, eta, bertan, ezohiko arte-galeria bat. Galdu samar nabil bi dendaren artean hondo urdinean El Callejon Zollo. Molcris idatzita ikusi dudan arte. Pasadizoa igaro... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 08a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude